Azken elkarrizketa

Bakartxo Ruiz

Bakartxo Ruiz

Hamaika Bil Gaitezen-eko bozeramailea

2010-04-14 - irakurri elkarrizketa

Nafarroako esparru politikoan mugimenduak daude. Hamaika Bil Gaitezen-ek, kasu, Nafarroako abertzale eta ezkertiarrak biltzeko beharra ikusten du. Bakartxo Ruiz da bertako bozeramaileetakoa. Lehengo astean, berriz, Jose Miguel Ganboa NaBaizalea izan genuen BERRIA.INFOn.

 Erantzundako galderak

12

G. Eskerrik asko, Bakartxo, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte BERRIA.INFO

E. Mila esker zuei ere, bai eta parte hartu duten irakurle guztioi ere. Espero dut aurrerantzean ere herritarrekin beste nolabaiteko hartu-emanik izateko aukera izanen dugula.

11

G. Sorpresa hartu omen zenuten manifestazioan jende "desberdina" ikustean. Zer eratako jendea joan zen ba? m-k-

E. Bost mila pertsonaren artean banan-banako azterketa egin izan bagenu, ez dakit zer aterako litzatekeen. Hori esan izan dugunean ez gara jende ezagunaz edo politikoki markatutako jendeaz ari izan. Aitzitik, eta Iruņea horren txikia izanik, gutako bakoitzak ezagutzen duen herriko, auzoko edo lan eremuko jendeaz ari gara. Gure sentsazioa, argi eta garbi, horren maiz mobilizatzen ez den jende asko zegoela da, bai eta aspaldian elkarren ondoan ateratzen ez zen beste jende andana ere. Han geunden askok antzeman genuen zerbait izan zela uste dut. Eta bildutako kopuruaz haratago, horrek duen balioa eta adierazten duen jendearen ilusioa, biltzeko sentitzen duen beharra, azpimarratu nahiko nuke.

10

G. 11 Bil hau zer da, ezker abertzaleako jendearen mugimendu bat? Lui

E. Argi dago herri ekimen honetan sentsibilidade ezberdinetako herritarrok parte hartzen dugula, ezker abertzaleko zaleak tartean. Hala ere, ez dugu loturarik alderdi politikoekin, eta ez gara ezker abertzalearen plataforma bat. Norbanakoz osatutako herri ekimena da gurea, eta ez dago alderdi batean kokatua. Hain zuzen, gure asmoa ez da alderdi baten planteamenduaz aritzea, sentsibilidade ezberdineko jendearen arteko elkarlana sustatzea baizik. Eta, horretarako, herritarron artean aliantza berriak eraikitzea ezinbestekoa dela deritzogu: eduki abertzale eta ezkertiarretan oinarritutako aliantzak.

9

G. Egon zarete NaBairekin? Edo NaBai zaleekin? gaizka gomez

E. Aurreko elkarrizketaren batean ere adierazi dugu ez dugula alderdiekin harremanik izan, orain arte behintzat. Bai, ordea, hainbat alderditako zale eta oinarri sozialarekin, gure planteamenduak azaldu asmoz. Norbanako gisa, hala ere.

8

G. Lehia al dago NaBairen eta 11 Bil Gaitezenen artean? mm

E. Aurrekoan ere erantzun dut ez gaudela inolaz ere maila politiko berean, ez baikara alderdi bat, hortaz, lehiaz hitz egiteak ez dauka zentzurik. Ziur gaude, hala ere, NaBairen oinarri sozialaren gehiengoa guk egindako planteamenduarekin bat etorriko dela.

7

G. Uste duzu posible dela bilgune bakar batean elkartzea indarkeria politikoki erabiltzearen aldekoak eta indarkeriarik gabeko politikaren aldekoak? Juantxo

E. Asko dira eta izan dira urteetan bilguneak osatzeko izan diren oztopoak edo desadostasunak. Horrek ez du eragotzi, hala ere, une askotan izan den herritarren arteko edo alderdien arteko elkarlana. Eta oraingoan, zinez uste dugu une politiko hau ezin hobea dela oztopo horiek guztiak gaindituz, gure herriaren alde egitea, batzen gaituena lehenetsiz.

6

G. Kaixo, Bakartxo: Batzen gatuenari( ezkerreko politika, euskara...) lehentasuna ematen badiogu, eta ez noski gure arteko deiferentziei (alderdi desberdinak helburu antzekoekin eta abar)zenbaiteraino engaiatu ditzakegu hautesle nafarrak? xeles

E. Hauteskundeen kontuan gehiegi sartu gabe, planteatzen ditugun oinarriekin bat egiten duten nafarrak asko eta anitzak direla uste dugu. Horren isla garbia ikusi genuen martxoaren 6an deitutako manifestaldi jendetsuan. Ziur gaude batzen gaituena lehenesteko gai izango bagina, Nafarroako jendartean aldaketa sakonak izanen liratekeela.

5

G. uko egiten al diozuen inoiz EAJ-rekin koalizioa osatzeari? ximaur

E. Aurreko erantzunaren ildotik, gu ez gara alderdien arteko aliantzaz ari, herritarren arteko bateratzeari buruz baizik. Gure ustez, herritarrok izan behar dugu protagonismoa. Bestalde, aurrekoetan ere esan dugun bezalaxe, gure planteamendua abertzalea eta aurrerakoia da. Bere burua hor kokatzen duten herritar guztiengan eragitea izango litzateke gure helburua, independienteak edo ezein alderditakoak izan. Gure ekimenak, hortaz, ez du alderdiekin koalizioak egiteko inongo asmorik.

4

G. Hamaika bil gaitezen eta NABAI oesteko pelikuletan dioten bezala, herri hau ez da biontzako nahiko handia. zer du zuen plataformak NABAI ez duena eta zer falta zaio NABAIri zuek duzutena? Oier Azkarraga Grajales

E. Hasteko, gu ez gara ez plataforma, ez alderdi politiko bat. Alde horretatik, ez gaude maila berean, are gutxiago lehian. Aitzitik, gure asmoa nafar euskaldun, abertzale eta aurrerakoiak bateratzea da, eta indar horien arteko espazio komunak sustatzea. Gure dinamika estrategia politiko eta hauteskunde lehiatik haratago doa, baina eztabaida politiko eta ideologikoan nolabait eragin nahiko genukeela ez dugu ukatuko.

3

G. Oso ongi iruditzen zait ekimena. Zergatik uste duzue beharrezko honelako zerbait une honetan? Alfonso

E. Une politiko jakin honetan, jendartean ilusioa pizten ari dela uste dugulako. Guk ere, ilusio horri jarraiki, geure ekarpena egin nahi dugu. Bestelako Nafarroa baten aldeko sentsibilitatea oso zabaldua dago gure herrian, eta asko gara Euskal Herriaren subiranotasunaren eta eskubideen alde egiten dugun nafarrak. Jendartean maiz sakabanatuta izaten garen arren, guk eremu abertzale eta ezkertiar osoa bateratzeko beharra aldarrikatu nahi dugu.

2

G. Manifestazioan eta bere deialdian, Batasuna, Eusko Alkartasuna eta Aralar-eko oinarriei parte hartzera deitu zitzaien. Etorkizun hurbil batean nola ikusten da kontua? Adibidez, hurrengo hauteskundeei begira, hiru alderdi hauen batze edo aliantza bat osatzeari begira aukerarik al dago? Amaia

E. Gure asmoa ez da aliantza politikoak sortzea, hori alderdiei dagokie, gure ustez. Aitzitik, alderdien estrategiak direnak direla, eta hauteskundeak hortxe daudela ahaztu gabe ere, herritarren arteko aliantzak dira guk lehenesten ditugunak. Manifestazioaren deialdiari dagokionez, alderdi horietako oinarri sozialei dei egin genien bereziki, geure planteamenduaren oinarri ideologikoekin bat etor zitekeelakoan gaudelako: oinarri abertzalea, batetik, eta ezkerrekoa, bestetik.

1

G. Zertarako sortu dozue Hamaika Gil Gaitezen? joxe luis

E. Aurrekoetan esan dugun bezala, gure asmoa Nafarroako euskaldunak, abertzaleak eta ezkertiarrak bateratzea da. Helburu nagusia herritarrengan eragitea da, bereizten gaituenari baino batzen gaituenari garrantzia eman diezaiogun.