Azken elkarrizketa

Juan Carlos Alduntzin

Juan Carlos Alduntzin

Udalbiltzako auzipetua

2010-07-13 - Irakurri elkarrizketa

Ostegun honetan hasiko da Udalbiltzaren aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. 22 auzipetu daude -Juan Carlos Alduntzin da haietako bat-, eta 10 eta 22 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte haien aurka, ETArekin lotura dutelakoan. 2003an egin zuten Euskal Herriko udalen elkartearen aurkako operazioa. Irakurleen galderak erantzuten aritu da Alduntzin Andoainen, BERRIA.INFOren egoitzan.

 Erantzundako galderak

16

G. Eskerrik asko, Juan Carlos, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Zuei eskerrak aukera hau emateagatik, eta BERRIAko kide eta lagun guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu ematen ari zareten laguntza, duzuen hurbiltasunagatik eta eskaintzen ari zareten arretagatik.

15

G. Azken epaiketen aurrean elkartasunak izan dituen jatorri oso desberdinak ikusita, espainiar Estatuko sistema judizialaren eta segurtasun indarren gehiegikeri eta politizazioaz kontzientziatze bat egon dela uste duzu? Edo taktika politikotzat hartzen dituzu? Joseba Garcia

E. Euskal Herrian bereziki baietz esango nuke. Aspalditik ezaguna genuen prozesu judizial horien atzean zegoen bultzada politikoa eta poliziala, baina azkeneko epaiketekin, eta bereziki Egunkaria kasukoarekin, uste hori asko zabaldu dela esango nuke. Ez nituzke taktika politikotzat hartuko, hainbat mugimenduk halako itxura hartzen duten arren. Egia da jasotzen ari garen elkartasun plurala eta zabala zintzoa dela, bihotz onetik egina, konbentzimenduz eginda. Hala sentitzen ditugu, behintzat. Eta, lehen esan bezala, denetik eskertzen da egoera honetan.

14

G. Estaturik gabeko beste nazioetan Udalbiltzaren antzeko proiekturik ba da? Krixtonak zeate, animo! Mikel Garcia

E. Eskerrik asko animoengatik. Jakin badakigu udal hautetsien arteko elkarlana bultzatzeko ekimenak badirela han eta hemen, baina gurea bezalako erakunderik ez dugu ezagutzen. Egia da gure esperientziak ere balio izan duela munduko beste herrietan antzeko ekimenak martxan jartzeko, eta geure esperientzia azaltzeko dei ugari jaso genuen.

13

G. 1930 inguruko udalen elkartean inspiratu al zineten Udalbiltza sortzeko? inixio

E. Bai, eta Bergarako alkateen mugimenduan eta Euskal Herrian udal mailako instituzioek eta karguek izan duten paperean ere bai.

12

G. Nik ez dizut galderarik egingo, zoritxarrez nahikoa galdera erantzun beharko dituzulako epaiketan. Besterik gabe, jakin, ez zaudetela bakarrik eta herritarren babes osoa duzuela. Animo eta jaso besarkada handi bat Juan Carlos! Iker

E. Mila esker nire eta auzipetu guztien izenean. Animoak ere beharrezkoak baititugu ankerkeria honi aurre egiteko.

11

G. Aipatu motzean Udalbiltzaren lau bat lorpen. Animo denoi! irakurle

E. Lehena: 1999ko sorrera bera, udal izaerako instituzioa sortzea. Bigarrena: nazio eraikuntzan ari ziren eta aritzen diren eragile desberdinentzako erreferente instituzionala suposatu izana. Beste bat: Euskal Herriko eskubideen karta eta estaturik gabeko nazioen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko egindako nazioarteko konferentzia. Bide horrek Espainiako Estatuaren argi gorri guztiak piztu zituen. Askotan aipatu izan dugu: Euskal Herrian Udalbiltzaren indarraz ohartu baino lehen ohartu zela estatua Udalbiltzak sortzen zizkion arriskuez, eta horrek eraman gaitu epaitegira.

10

G. PNVk eta EAk Udalbiltzan zuekin hautsi izana zer izan zen, zuek piztiaren aurrean bakarrik uztea? pasaitar bat

E. Ziurrenik Udalbiltza bera ulertzeko modu eta denboran egon zen arrazoi nagusia, ez dut uste inoren aurrean uzteko borondaterik egon zenik, zatiketa horretatik aurrera ere bi espresabide horiek lanean jarraitu zutelako, 1999an Euskaldunan onartu genituen bost printzipioak aintzat hartuta. Eta gaur da eguna printzipio horietan sakonduz Euskal Herriko etorkizuna marrazteko lanean jarraitzeko aukera erabat irekia dagoena.

9

G. Udalbiltzak iraun zuen denbora laburrean nazio ikuspegitik lortu zenetik, zer mantentzen da zutik egun, eta zer da, oztopo politiko gaitzak oztopo, mantendu eta sendotu eta garatu behar dena? Pako

E. Nire ustez, ilusioa, beharra. Lehendik ere esan dut, Euskal Herriak Udalbiltza behar duela, eta hori erabat presente dago euskal jendartean. Hori frogatzeko aukera izan dugu azken aste hauetan egindako ekimen anitzetan. Sendotzeko, berriz, elkarlana, auzolana. Udalbiltzak zerbait erakutsi bazuen, desberdinen arteko elkarlana beharrezkoa izateaz gain, posible dela da. Lotuegia egon zen agian alderdietako ika-mikei, baina udal mailako hautetsiak elkarrekin jartzeak, Zuberoako azken puntatik Enkarterrietaraino, Baionatik Tuteraraino, izugarrizko indarra du. Eta hori da sendotu, indartu eta bultzatu behar duguna.

8

G. Zelan uste duzu saiatuko dela frogatzen epaileak zuek ETAren agindupean aritzen zaretela? asier

E. Benetan diotsut ez dakidala, ezin dudala imajiinatu ere egin. Nolatan egon gaitezke ETAren agindupean guk geuk jakin gabe? Eta are gehiago, ETAren agindupean egonik nolatan egin dezakegu gure lan guztia modu publikoan? Eta are gehiago, akusazioan bertan antzematen da, ETArekin lotura egitea ia ezinezkoa duenez, trantsizio garaietara egiten du salto eta garai hartako Euskal Herriko Biltzar Nazionala ETAren proiektua izan zela adierazten du; gaizki ateratako asmoa eta Udalbiltza omen da hura birsortzeko ekimena, eta, beraz, hau ere ETArena omen da.

7

G. Neretzat Egunkaria auzia desberdina da zuenaren aldean. Zuretzat? kotx

E. Argi dago baietz. Egia da Egunkaria-ko epaiak batez ere elementu interesgarriak dituela gurearekiko justizia mailan. Baina Espainiako Estatuarentzat Udalbiltza desberdina da, Euskal Herriaren existentzia bera suposatzen duelako, euskal lurralde guztietako hautetsiak jartzen dituelako harremanetan eta elkarlanean, nazioartean Euskal Herria irudikatzen duelako.

6

G. lehenik eta behin, ANIMO! zein uste duzue izango dela Madrileko epaileen jarrera Udalbiltza bezalako kasu baten aurrean? Oier Azkarraga Grajales

E. Eskertua animo mezu hau. Ez dugu epaileen aldetik jarrera berezirik espero. Zaila litzateke esatea justizia dela espero duguna, orain zazpi urte pasatxo epaitegi berberak hasitako erokeri hau ezagutu ondoren. Garbi dugu sumario osoan ez dagoela froga izpirik ere akusazioek sostengatzen dutenari eusteko. Beraz, aurrez esan dudan moduan, absoluzioa da espero eta behar dugun epai bakarra.

5

G. Udalbiltza moduko egitura bat epe laburrean martxan jar daitekeela uste duzu? Animo guztioi! Asier

E. Ustea baino gehiago, nahia adieraziko nuke. Euskal Herriak Udalbiltza behar du. Eta testuinguru politiko honetan inoiz baino balio handiagoa luke bere jardunak. Epaiketa ere horretarako baliatu nahi dugu, Euskal Herrian bereziki, Udalbiltzaren beharra eta indarra azaldu eta ahalbideratzeko bere berrindartzea.

4

G. Benetan Juan Karlos: ze epai espero dozue? karmen gomez

E. Itxaropena ez dugu galtzen. Derrigorrezkoa eta bidezkoa dena absoluzioa da. Udabiltzan egindako lana zilegi izateaz gain, publikoa izan da, eta ezin da inoiz ere delitutzat jo. Argi dugu jada Euskal Herriak eta bertako jendarteak epaitu gaituela eta errugabetzat gaituela. Eta hori guretzat balio handiko epaia da.

3

G. Udalbiltza sortu zenean Odon Elorzak esan zuen "kolpe instituzionala" zela. Bai? miren k.

E. Ziurrenik Udalbiltzak zeukan eta duen indarrari buruz egingo zituen adierazpenok. Baina Udalbiltza ez zen inoren kontra egiteko, Euskal Herriaren alde egiteko baizik.

2

G. Zuen kontrako frogarik ez dagoela diozue. Frogatu hori, mesedez. j.j.

E. Kontua ez da horrela, justizia penalean frogatu behar dena errua da, delitua egin izanaren frogak aurkeztu behar dira. Eta ez dago, sumario osoan ez dago froga bat bera ere guk egin omen dugun delitu hori sostengatzen duenik. Are gehiago, oso argigarria da, gutako inorentzat ez dagoela eskaera zehatzik; hau da, gutako inork ez dauka zerbait egin izanaren akusaziorik. Akusazio bakarra tesi nagusian jasotzen dena da: Udalbiltza ETAk sortu zuen, eta beraz bertan lan egin dugun guztiok etakideak gara. Barrabaskeri galanta.

1

G. Kaixo. Bi egun falta dira zuen aurkako epaiketa hasteko. Nola zaudete? Animo! Mikel Iurrita

E. Urduri, zergatik ukatu. Baina, era berean, animotsu, azken aste hauetan hemen -Euskal Herrian- jaso dugun eta jasotzen ari garen elkartasun adierazpen guztiekin.