Azken elkarrizketa

Mikel Labaka

Mikel Labaka

Euskal jokalariak taldeko kidea

2010-12-20 - 12:00

Euskal Selekzioak Venezuelaren aurka jokatuko du abenduaren 29an lagunarteko partida. Bi urteko etenaldiaren ostean, ofizialtasunaren aldarria zelaira eramango dute jokalariek berriro.

 Erantzundako galderak

21

G. Eskerrik asko Mikel, BERRIA.INFO-ko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta zorte on. BERRIA.INFO

E. Eskerrikasko nire partetik Berriari aukera hau eman izanagatik eta baita galderak egitera animatu zeaten guztioi ere. Ezdakit lortu dudan, baina saiatu naiz zuen galderak ahalik eta zehatzen erantzuten. Badakit, ziurrenik interesgarriagoa izango zela elkarrizketa hau, abenduaren 29an zelaian izango den jokalariren bati egitea, baina deialdia jakin aurretik hitzartua genuen elkarrizketa, eta hartutako konpromezua bete nahi izan dut. Eskerrikasko danoi!

20

G. Aupa Mikel! Aurten ez dizute jokatzeko hainbeste aukerarik ematen baina animo eta ez etsi. Galdera zuzena egingo dizut: federazioa benetan prest al dago euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko bere esku dagoen guztia egiteko? Edo Murtziako selekzioak bezala lagunartean jokatzearekin konformatzen da? Eskerrik asko eta aurrera bolie! Errealzalea eta euskalduna

E. Jokalariok atera genuen azken idatziarekin uste dut galdera hau erantzunda geratzen dela. Nik bat egiten dut idatzi horretan jartzen duen guztiarekin.

19

G. Aupa zu Bizkaian be. Zein selekziņorekin konparauko ziņuke euskal herrikoa une hontan ofizala balitz? Futbol nibelan esaten jatzut. Espaņakoakorekin larregi ala? Gora erreala, gora osasuna ta gora athletic!!! Haitz

E. Egia esan, ez dakit. Baina uste dut Euskal Herrian badirela futbol jokalari oso onak, eta selekzioak maila ona emateko aukerak izango lituzkeela.

18

G. Aupa Mikel, lagun arteko partiduk jokatzeaz gain, euskal herriko jokalarik pentsatuzue ze beste ein daikeuzen ofizialtasunan alde? Txo

E. Uste dut galdera hau aurrerago erantzunda geratu dela.

17

G. Aupa Mikel! Federazioaren aldetik ofizialtasunaren aldeko borrokan bakartuta zauden sentsazioa duzu? Zer eskatzen diozue zuek? Aupa Real ta segi gure selekzioaren aldeko borrokan! ansotegi fifa world player

E. Hartutako erabakiak talde ezberdinetako jokalari askoren artean hartutakoak dira, eta beraz, ez dut bakardade sentsaziorik. Federazioari eginiko eskaerak publiko egin ditugu orain dela gutxi. Idatzi horretan irakurri ditzakezu, jokalariok EFFri eginiko eskaerak.

16

G. Aupa!hasteko zorionak futbolaren gorenera iritzi eta pertsona gisa dauzkazun printzipioak mantentzeagatik.Nire itauna ondokoa da: azken urteotan selekzioak aurrera egin dezan jokalariek hartu duzuen konpromezua nola eskertu dezakegu euskaldunok?aupa zuek! A-29 denok San Mamesera!!(portzierto, nola doa magisteritza ba?jejej) akerran adarrak

E. Eskerrikasko! Guk eman ditugun pausuak ez ditugu inoren eskerrak jasotzeko asmoz egin. Ez dugu hori bilatzen.Batzutan ahaztu egiten bada ere, futbolariak izateaz gain, euskal herritarrak gara, gure Herriarekiko atxikimendu bat dugu, sentimendu bat, eta sentimendu horrek eraman gaitu pausuak ematera. Ez dago inori ezer eskertu beharrik. Hau guztion artean egin beharreko bidea da, eta zelaitik edo harmailetatik indarra egitea ezinbestekoa izango da aurrerantzean ere, helburua lortu ahal izateko.

15

G. Apa mikel!!! -nola da posible ZURUTUZA ez eotia Euskal Selekziyuan?? -Reala alda egun Euskal Herriko kanterarik onena?? ni baiezkoan nago. -Ze iritzi duzu Macuak esanikoaz "errealeko jokalariak ez dute egungo Atletiken jokatzeko nibelik" ZUBIAURRE gehiago egon beharko lirateke, horietakoak gustoko dituzte eta!!! Ta animo ekipo osuai, Balentzia, Almeria, Patetiko Madrid, Fatxa Madrid... ta hauen kontra galdutako puntu injustuak bueltan etorriko dia ta! GOAZEN ERREALAAA GOAZEN TXAPELDUUUU Ioritz

E. Aupa Ioritz! Zurutuzarena hautatzaileei galdetu beharko zaie. Ez dakit Realarena den Euskal Herriko arrobirik onena, baina uste dut, arlo horretan, Reala lan ona ari dela egiten, emaitzak ere hor daude, eta hori poztekoa da. Ez nekien Macuak hori esan zuenik. Ez dakit, noiz esan duen, eta zein kontestutan, baina nik dena den, ez diot horrelako kontuei garrantzi handiegirik ematen. Bere eritzia izango da, eta errespetatzen dut.

14

G. Aurrena zorionak Mikel!Ez da erraza zuen mailako profesionalak, ideien inguruko konpromisoa hain sendoarekin ikustea eta hainbatentzat benetan eredugarri izan zarete.Zuek egindako urratsak badirudi aurrerapauso batzuk ematea ahalbideratu duela. Ze beste urrats zehatz eman beharko liratete?. Nire etxea Kortabarria eta Iribarren ikurriņarekiko konpromisoa folklore hutsa da zuen borrokarekin konporatuz Bea

E. Eskerrikasko Bea! Bide luzea dago egiteko, eta uste dut euskal selekzioen ofizialtasunaren alde gauden guztiok bat egin, eta aurrera egin beharko genukeela. Guztion beharra izango da eta!

13

G. 2007an jokatu zuen Euskal Herriko Selekzioak azkenekoz. 2008an ez jokatzea erabaki zen eta Bilboko hedabide batzuek hauxe esan zuten gutxi gorabehera: "Realeko lau jokalarik esan dutelako ez da jokatuko aurten Gabonetako partidua". Neure belarriokinxe entzun nuen gaztelerazko Bilboko telebista kate baten, eta ez behin soilik.Eta behin baino gehiagotan zuei egotzi zaizue partidua ez jokatzearen arrazoia. Zer deritzozu? Irati

E. Gauza asko esan eta idatzi dira hedabideetan Euskal Selekzioaren inguruan. Uste dut batzuk gaiaren mamiari heldu ordez, nahiago izan dutela benetako eztabaida ezkutako eta bestelako kontuekin gaia nahasten saiatzea. Ez dira eroso sentitzen nonbait, selekzioaren inguruko eztabaidan. Lehen partida ez jokatzea, eta orain partida jokatzea talde ezberdinetako jokalarion erabakia izan da.Hartu diren erabaki guztiak bezalaxe.

12

G. iepa mikel, futbola utzi aurretik beste nonbaiten jokatuko al zenuke (ingalaterran, italian adibidez) ala nahiago duzu errealean amaitu?? eskerrik asko erreala_

E. Realean gustora nago eta oraingoz behintzat, ez dut aldatzeko asmorik. Nire ibilbidea Realean bukatzea polita litzateke, gustatuko litzaidake.

11

G. Zer iruditzen zaizu Xabi Alonsok euskal selekzioarekin jokatzea? Real zalea

E. Ondo iruditzen zait. Xabi, euskal herritarra izanagatik ere behartuta dago Espainiako selekzioarekin jokatzera. Joaten ez bada, zigorra jasotzeko arriskua izango luke eta hori ez zait ondo iruditzen. Ez du gaur egun zein selekziorekin jokatu nahi duen erabakitzeko aukerarik. Aukera duen egunean, berak erabaki dezala zein nahiago duen.

10

G. EGUERDION MIKEL!!!EUSKAL SELEKZIOAREN OFIZIALTASUNA LORTZEKO, ZEINTZUK DIRA EMAN BEHARREKO PAUSUAK? AKETZA

E. Eguerdion Aketza! Euskal Kirolariok, munduko beste edozein kirolari bezala, zein selekziorekin jokatu nahi dugun aukeratzeko eskubidea izatea da lortu behar duguna. Uste dut, edozeinek onartu beharreko printzipioa dela. Lan asko dago egiteko, baina behin hori onartuta, aurrera begira, bitartekoak jarri beharko dira euskal selekzioen ofizialtasuna lortzeko. Arlo askotan egin beharreko lana dela uste dut. Ez dago soilik kirolarion esku, baina garrantzitsua da kirolariok ere, bakoitzak bere kirol-esparrutik norantza horretan lan egitea.

9

G. Kaixo Mikel. Hiru egunkari irakurri ditut eta Euskal Selekzioarekin jokatuko duten jokalarien izenen artean zurea ez da agertzen. Ezin dut ulertu Euskal Selekzioaren alde eta honen ofizialtasunean horrenbeste lan egin duen eta horrenbeste inplikatu den jokalari bat deitu ez izana. Ez dut inondik inora Etxarri eta Iribarren hautaketa onartu eta partekatzen. Zerrendan ez zaudela ikusita zer sentitu duzun jakin nahi nuke; amorrua, pena? Asko gara zu 29an San Mamesen jokatzen ikusi nahi zaitugunok, baita Realarekin gehiago joka dezazun nahi dugunak ere. Animo Mikel eta besarkada estu bat! Urte berria ondo has dezazula! Irati

E. Aupa Irati! eskerrikasko! Aurten ez nahiz partidako deialdian sartu. Oso eskertuta nago, aurreko urteetan partidak jokatzeko behin baino gehiagotan deitu izan didatelako. Egia esan, pena sentitzen dut aurten partida horretan zelaian egoterik izango ez dudalako, baina ni bezalaxe beste jokalari asko eta asko sartu zitezkeen deialdian, eta kanpoan geratu dira. Deialdiak, hautatzaileek egiten dituzte, eta errespetatu egin behar dira beraien erabakiak.

8

G. aupa mikel! "euskal herriko jokalariak" izenarekin izenpetzen duzuenean, jokalari guztien izenean idazten duzue ala ba al dago zuen ildo horretatik ez doan jokalaririk? Zergaitik ez duzue espainiarekin joateari uzten? IKER TOTORICA

E. Aupa Iker! Jokalarion artean ere ikuspegi ezberdinak badaude, noski. "Euskal Herriko Jokalariak"-en izenean idatzia izenpetzea, aldagela ezberdinetan hitz egin ondoren gehiengoz hartutako erabakia izan da. Bigarren galdera, uste dut lehen erantzun dudala. Beraz, ez nahiz gehiago luzatuko.

7

G. Ba al daukazu esperantzarik noizbait partida ofizialik jokatzeko? aupa mikel oier

E. Aupa Oier! Euskal Herriko selekzioaren partida ofizial bat ikusteak asko beteko ninduke. Ez diot neu zelaian egoteari garrantzi berezirik ematen (nahiz eta gustatuko litzaidakeen, noski!). Epe motzean, zaila ikusten dut, baina ziur nago Euskal Herriak, bere selekzio ofizialak izatea lortuko duela. Guztion esku dago!

6

G. Pentsa daiteke Juan Luis Larreak, eta beste batzuk, zerbait egingo dutela ofizialtasuna lortzeko, Espainiako federazioko diruzaina izanik? Animo ta aurrera! zazpiakbat

E. Galdera hau, Juan Luis Larreak berak erantzun beharrekoa dela uste dut. Interesgarria litzateke erantzuna jakitea.

5

G. Egun on Mikel: Ez al zaizu iruditzen EAEko kirol Federazioaren jokoan sartu zaretenik? 7 probintzia garela sinesten dugunok, lekurik ez dugula jakinda, zergatik erabaki duzue aurrera egitea? Mattin

E. Nahiz eta Euskadiko Futbol Federazioa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara mugatutako federazioa izan, uste dut, Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasunaren alde lan handia egin daitekeela erakunde horretatik ere. Baina horretarako, borondatea behar da, eta gaur egun EFFn ez dago ikuspegi horretan lan egiteko asmorik. Guk, federazioa (jokalariokin elkarlanean) bide-lagun izan nahi genuen (eta dugu), baina gaur-gaurkoz ez da posible. Hala eta guztiz ere, aurrera egitea erabaki dugu. Federazioak pausurik ez emateak partidarik ez jokatzea ondorioztatuko balu urtero, partidarik gabeko egoera betikotuko litzatekeelako, eta egoera horrek Euskal Herriko selekzioari onura baino kalte egiten diola uste dugulako. Bide luzea dago egiteko, eta ezin dugu onartu EFFren jarrerak bide hori erabat blokeatuta uztea. Horregaitik erabaki dugu aurrera egitea.

4

G. Aupa Mikel!!!!! 2 urteren ostean berriro jokatuko da partidua.Naiz eta aurtengoan ere federazioak ofizialtasunaren aldeko bidea atzera pausuak eman dituen, nik uste dut garrantzizkoa dela partidu hau jokatzea. Zer iritzi duzue jokalariok? Nolatan erabaki duzue partidu hau jokatzea? animooo ta hilaren 29an ikusiko gara!!! NAZIO BAT, SELEKZIOA BAT!!!!!!!!! OFIZIALTASUNA!!

E. Guk ere beti garbi izan dugu partiduak jokatzea garrantzitsua dela. Aurten, Futboleko Munduko Kopa nola amaitu den ikusita, are garrantzitsuagoa agian. Garbi genuen hasera-haseratik, partidarik gabeko egoera betikotzea kaltegarria zela Euskal Herriko selekzioarentzat. Jokatzen ez bada, erreferentzialtasun hori ere galdu egiten delako. Azken urteotan partidarik ez jokatzearen arrazoia, federazioak bere jarrera argitu eta ofizialtasunaren bidean pausuak ematea lortzea zen. Agian, ez dugu lortu federazioak pausuak ematerik, baina bai bere jarrera argitzea. Argi eta garbi ikusi dugu federazioa ez dagoela aurrerapausuak emateko prest, eta egoera horren aurrean, guk aurrera egitea erabaki dugu. Ezin genuen onartu federazioaren itxitasunak partidarik gabeko egoera luzatzen jarraitzea, eta horregaitik hartu genuen jokatzeko erabakia. Guk, aurrera egin nahi dugulako eta horretarako borondatea dugulako.

3

G. Aupa mikel, zuek ateratako idatzia irakurri ondoren garbi ikusten da zuek zer nahi dezuen eta zer exijitzen diozuen federazioari. Ikusi da partidua zuen borondatea erakusteko jokatuko dezuela, eta datorren urterako ze jarrera hartu beharko zenuketela uste dezu federazioaren aurrean? milesker ta animo borroka honetan orain euskal herria

E. Jokalariok atera genuen idatzian esan genuen bezala, uste dut aurrera begira eman beharreko pausuak ezin direla jokalarion esku bakarrik egon. Federazioak argi du bere jarrera: Espainiako federazioaren barneko egitura bat da, 3 lurraldeetara mugatzen dena, eta hori bermatzea da beraien helburu bakarra. Zilegia da beraien jarrera, baina beraien bidetik euskal selekzioa ez da sekula ofiziala izango. Ez da hori beraien helburua. Datorren urteko gabonetarako urtebete geratzen da. Badago denbora bide berriak lantzeko.Uste dut herri honetan badela nahiko indar, bai futbol munduan eta baita futbol mundutik kanpo ere ofizialtasunaren bidean aurrera egiteko, eta hori da landu beharko dena. Partidak jokatzea garrantzitsua da, noski. Baina, nire ustez, ezin du helburu bat izan. Partiduek, ofizialtasuna lortze bidean, bitarteko bat izan behar dute.

2

G. errealzale eta euskal herritar bezala. apa mikel! kamixeta hori soinean dekela, san mames guztie ofizialtasuna eskatzen ari dekela, federaziok jarritako muga guztik gaindittuta, zein da Mikelen sentsazioa, aldarria, gogoa, partidu hortan? Harro gatxik zuetaz. Iraitz Olaetxea

E. Aupa Iraitz! ta eskerrikasko! Aurten ez naiz partidarako deialdian sartu, eta beraz ez dut zelaian egoteko aukerarik izango. Baina zorionez, aurrez izan dut giro hori bizitzeko aukera, eta niretzat behintzat, oso oso berezia da. Urteko partidarik ederrena.

1

G. Mikel, zer iritzi daukazu espainiakin jolasten duten euskaldunetaz? Zergatik zuek euskal jokalariak ez diozue espainiako selekzioari uko egiten?

E. Une honetan, euskal jokalariok ez dugu zein selekziotan jokatu nahi dugun erabakitzeko aukerarik. Legez, behartuta gaude Espainia edo Frantziako elastikoa defendatzera, bestela, gure kirol ibilbidea bertan behera geratzeko arriskua dagoelako. Hau esatearekin, ez dut ezer justifikatu nahi, baina uste dut garrantzitsua dela jendeak jakitea egoera nola dagoen. Selekzioari uko egitea askotan aipatzen den gaia da. Nik ez dut uko egiteko aukerarik, inoz deitu ez didatelako. Agian jorratu beharreko bidea litzateke, baina, uste dut kontu hau ezin dela Frantzia edo Espainiako selekzioara deitzen dituzten jokalarien bizkar utzi. Guztion artean lortu behar dugu, kirolari bakoitzak berak sentitzen duen selekzioarekin jokatzeko eskubidea izatea. Inposiziorik gabe. Eta behin hori lortuta, bakoitzak erabaki dezala, zein kolore defendatu nahi dituen.