Azken elkarrizketa

Igone Lamarain

Igone Lamarain

Euskal Herrian Euskaraz

2011-02-11 - irakurri elkarrizketa

Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) deituta manifestazio nazionala egingo dute larunbat honetan (otsailak 12) Donostian, Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe! lelopean. Bulebarretik aterako da martxa, 17:00etan.

 Erantzundako galderak

16

G. Amaitu da elkarrizketa digitala. Eskerrak eman nahi dizkiogu Igoneri Berriara etorri eta irakurleen galderak erantzuteagatik. Berria

E. Eskerrik asko.

15

G. Euskaldunak EITBn euskaraz egin ahal izan dezagun kanpaina hasi da. Zer iritzi duzuhorretaz. Nola baloratzen duzu euskaldun bat ETB2n erdaraz aritzea, ETB1en erdaldunak erderaz egiten duten bitartean? hitz egin al duzue ETBkoekin, eta horrela baldin bada, zer esan dizuete? Luzuriaga

E. Ez dugu EITB-rekin hitz egin. Edozeinek izan behar du bere herrian bere hizkuntzan aritzeko eskubidea. Hau hedabide guztiek bermatu beharko lukete: Euskaldunari euskaraz. Ondo dakigu zein den EITB-ren politika eta jarduna. Eta ondo dakigu Euskal Herria baino, gaztelera, espainia lehenesten dituela, azkenaldian honen alde zelan dabilen agerikoa da.

14

G. Euskal prensaren sektoreak orain dela gutxi adierazpen bateratua atera zuen. Euskal Herrian Euskarazetik nola baloratzen duzue euskarazko komunikabideen diru-laguntzan asuntoa? Lide

E. Euskal hedabideek kaleratutako editorialarekin erabat ados nago. Indarrak batzea eta elkarrekin dagokiguna aldarrikatzea oso garrantzitsua da. Diru-laguntzena, nire ustez, politika orokor baten beste adibide bat da. Euskal hedabideei eman beharko liokete lehentasuna, eta hauek bultzatzea eta indartzea izan beharko litzateke politiken helburuetako bat.

13

G. Azken urteetan dirudi, EAEn behintzat, euskaltzaletasunaren indarra eta antolaketa beheraka doala, ehe barne. Zergatik uste duzu gertatzen ari dela hau? Manex

E. Euskaldunok denbora mordoa daramagu asimilazioari aurre egiten. Administrazioen aldetik jaso izan ditugu mezu asko herria desaktibatzea izan dute helburu. Elebitasunaren inguruko diskortsoak, adibidez. Horregatik diogu orain herria berraktibatzeko garaia dela, eta euskaldunok bide egin behar dugula.

12

G. Ezabaketa egunak eta mota horretako ekintzak ez al genituzke dagoeneko gainditu behar, batez ere seinaleak elebiz dauden karteletan? Irudipena badut alde batetik aurrera begira eta bestetik 1980ko hamarkadara begira gabiltzala... Koldo

E. Ezabaketa astean, seinaleak ezabatzeaz gain, egungo egoera agerian lagatzen duten ekimenak ere egiten ditugu. Elebitasuna aipatu duzu, ezabaketa astearekin ere euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzen dugu, eta bide horretan elebitasunak lekurik ez duela.

11

G. Martxoan hauteskunde kantonalak eta maiatzean udal eta foru mailakoak. Zeintzuk dira EHEk alderdiei eskatuko dizkien hautagaien profilak eta hizkuntz politikak? Iñigo

E. Hautagaien profila argia: euskaldunak. Eta hizkuntza-politikak tokian tokiko errealitatea, egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta euskaraz bizitzea helburu izango duena. Euskarari maila guztietan lehentasuna emango diona. Eta, noski beharrekoak diren ordenantzekin osatua. Eta beti euskalgintzaren partehartzea bermatuko duen politika.

10

G. Zein izan da EHE-ren historiako garai onena? kl.arbizu

E. EHE-k hiru hamarkada baino gehiago ditu. Ezin dut garai bakar bat azpimarratu. Sorrera bera inportantea da oso, orduan sortutako ilusioa eta militantzia. 80. hamarkadan eremu euskaldunak babesteko dinamikak, ondoren UEMA-ren sorrera ekarri zuena. Eskubideen aldeko dinamikak... Beharbada garairik onena heltzear egongo da, herri osoa euskaraz bizitzea lortzen dugunean akaso? Biharko manifestazioan euskaldun mordoa ikustea ere ona izango da!

9

G. Kaixo, Igone: Zer deritozu Txillardegik 1992 urtean "Bat" aldizkarian esandakoari: "Berreskurapenerako bide aldapatsuan, dudarik ez da Txepetx-en ekarpena (eta ez Tesi mardularen ondorioz bakarrik: orain dela 20 urte ezarri zituen Sánchez Carrión-ek euskal Soziolinguistikaren zedarriak, bai teoriaren eta bai inkesten alorrean) erabakiorra izan eta izango denik: euskaltzale guztien gogoeta-liburu nagusi bihurtu da "Un futuro para nuestro pasado" famatua, eta hau gertakari pozgarria da."? Mila esker, Jazinto Jazinto Bikandi

E. Ia 10 urte ados nago beranduago Txillardegi zein Txepetxekin. Baina berreskurapenerako bide aldapatsu horretan gora egiteko oraindik ez dago herri-erabakirik. Beharrezkoa da herriak berak erabakitzea euskaraz bizi naghi duela, eta ondoren gure esku hartzea bidea egiteko eskubidea.

8

G. Euskararen normalkuntzan beharrezkoa al da herri mugiendua eta lan militantea? Ez duzu uste beste modu batera gehiago egin daitekeela? Joxe Luis

E. Nik uste dut dena dela beharrezkoa. Administrazio guztiek dagokien papera bete behar dute, eta bakoitzaren eragin-eremua euskaraz bizitzeko neurriak hartu eta planak eragin behar dituztela. Eremu pribatua euskaldundu behar dugu ere, eta euskalgintzak zein administrazioek eurek ere eragin behar dute honetan. Eskolak euskaldundu egin behar du, eta hori hezkuntza-sistemak bermatu behar du. ... Baina euskaldunok eta herriak berak ere bidea egin behar dugu. Oraindik ezinbestekoak gara herri euskaldunaren aldeko militanteak, ezinbestekoa da mugimendua.

7

G. Kaixo! Zeintzuk dira Euskal Herria euskalduntzeko beharrezkoak diren hizkuntza politikak, edo behintzat, horien oinarriak? Segi horrela! Paxku

E. Edozein hizkuntza-politikaren oinarrian, herri euskalduna helburu badu behintzat, euskara eta euskaldunak lehen mailara ekartzea egon behar da. Horretarako euskarari lehentasuna eman behar zaio, eta dagokion estatusa eta prestigioa berreskuratzeko eragin behar du politikak. Horretarako kontuan izan behar dugu hizkuntza-politika bera ere burujabe izan behar dela, ezin duela beste hizkuntzak inposatzen dituen politikarik gainetik izan. Hizkuntza-politikak kontuan izan beharko ditu tokian tokiko errealitateak ere, eta horren araberako urratsak, epeak, epe motzeko helburuak zehaztu.

6

G. Kaixo Igone: Nafar Gobernuaren hizkuntza politika nolakoa den badakigu, azken egunetan Patxi Lopezen adierazpenak euskara eta askatasunaren ingurukoak entzun ditugu, Luc Chatelet Frantziako hezkuntza ministroak "gutxiengo bati eskubide bereziak aitortzea"ren kontra azaldu da.... eta horren guztiaren aurrean EHEk bere bideari ekin dio, larunbateko manifestazioa antolatuz adibidez eta "sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe" aldarrikatuz. Baina zein iritzi duzu momentu honetan euskalgintzaren osasunari buruz??? Besterik gabe larunbatean Donostian denok Donostiara!!! Irune

E. Orain arte euskalgintzak egin duen bidea ikaragarria izan da. Euskalgintza arlo guztietara heltzen da: lana euskalduntzeko eragileak, helduen euskalduntzea, euskal hedabideak, euskara elkarteak, eskubideen aldeko mugimenduak, Kontseilua bera... Euskalgintzak egunero-egunero egiten duen ekarpena baloratzeko garaia da. Uste dut euskalgintzak bidea egin behar duela elkarrekin euskarari, herri euskaldunari dagokion zentralitatea emateko. Euskaraz bizitzeko dinamikak aurrera eramatearekin batera, noski. Eta euskalgintzak herria aktibatzen badakiela askotan erakutsi du, orain ere herria euskaraz bizitzearen alde aktibatu behar dugu. Hau guziau aktibatzeko tresna Kontseilua izan behar da.

5

G. Zergatik lotzen dituzue euskalduntasuna eta burujabetza? Koxe

E. Euskaldun eta burujabe. Bi mailatan eragin behar dugula uste dugu: Norbanakoa, euskalduna. Argi dago asimilazioak gugan eragina izan duela esaten dugunean, gutako bakoitzaren hizkuntza-ohituretan zuzenean eragin duela adierazi nahi dugula. Euskaraz bizi nahi badugu, guk ere horren alde egin behar dugu, ez da nahikoa Herri Euskaldun bat aldarrikatzea. Gutako bakoitzari badagokigu euskarari maila guztietan lehentasuna ematea. Euskaraz bizitzea erabaki behar dugu, horretarako determinazioa behar dugu. Horregatik egin behar dugu euskaldun eta burujabe izatearen alde. Beste alde batetik herria bera dugu. Gaztelera eta frantsesa hizkuntza nagusiak dira Euskal Herrian. Espainiar eta frantziar konstituzioek, bakoitzari dagokion lurraldean, gaztelera eta frantsesa dirala eremu horretako hizkuntzak jasotzen dute. Honen ondorioz ezin dugu euskarari lehentasuna emango dion hizkuntza-politikarik garatu, euskarak ezin du lehentasunezko estatusik izan. Herria berreuskalduntzeko euskarari lehentasuna ematea ezinestekoa bada, ezin ditugu menpeko hizkuntza-politikak eta legediak edo estatusak onartu. Horergatik diogu herriak burujabe behar duela izan, egin behar dugun bidea bertatik eta bertara egiteko eskubidea behar dugulako. Eta herria, Euskal Herria izango bada behintzat, euskalduna izango da. Horregatik, euskaldun eta burujabe.

4

G. Bereziki Ekologistek hala egin dute; leku batzuetan jubilatuek ere bai; gero eta gehiago ikusten dut euskaldunok, euskaraz bizi nahi dugunok, mugimendu politiko moduan hauteskundeetan aurkeztearena, gaur egungo siglak gaindituz eta euskara zuzenean agenda politikan sartzeko modurik zuzenena. Berdeak dauden moduan, Euskaldunok ere bai. Nola ikusten duzu? Estitxu

E. Euskara agenda politikoan egon behar da, zalantzarik gabe. Aurrerantzean ere, agenda politikoan eragiteko konpromisoa badugu guk, baita euskalgintzak ere. Nire ustez euskaldun guztiok bat eginda eragitea lortzea errazagoa izango da. Eta argi laga behar dugu, herri honen alde ari bazara, herri egiten gaituenari eman lehentasuna!

3

G. Pentsatu al dezue inoiz gaztetxoen artean kontzientzi lana egitea, talde berezitu bat edo sortuta? (edade klabea baita hori) lezo

E. Adin-tarte guztietan eragin behar dugu. Gaztetxoak oraina eta etorkizuna dira. Talde bereziturik sortzerik ez dugu aurreikusten. Baina euskalgintzarekin batera eremu guztietan eragiteko elkarlana beti egin izan dugu. Hizkuntza-ohiturak aldetzea beharrezkoa da euskaraz bizi nahi badugu. Gaztetxoengan eskolak berak ere (ez bakarrik, noski, inguru soziolinguiztikoak ere), eragin handia du, eta eskoletan euskararen ezagutza bermatzea ere beharrezkoa da. Horren gaztetxoak ez garenok ere eredu izatea garrantzitsua da.

2

G. Sortu-k estatutoak espainolez baino ez ditu atera. Iruinek Euskaldunan hitzaldia, espainolez. Zer diozu? Zerbait esan diezue? Martin

E. Horrelako adierazpenek eta hitzaldiek argi erakusten dute euskarari lehentasuna emateko eragin behar dugula. Eta herri honen alde dabilen edozein eragilek ere euskarari dagokion zentralitatea emateko lana egin behar dugula. Momentu honetan herri euskalduna ez dago zabalik dagoen prozesuaren erdigunean. Hizkuntza-gatazka bizitza sozialaren erdigunean dago, egunero bizi dugu. Politikoki gatazka honi ere irtenbidea eman behar zaio, ezinbestez. Baina, zoritxarrez, hizkuntzaren aurretik beste kontu batzuk lehenesten dituzte.

1

G. Kaixo Igone, zergatik ikusten duzue klabe momentu hau "Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!" lelopean nazio manifestazio bat deitzeko? Maialen

E. Herria berreuskalduntzeko lanean ari gara, EHE-k, euskalgintzarekin batera, dinamika asko eraman ditu aurrera orain arte. Baina bada garaia herri osoak, eta herri honen alde gabiltzan eragile guztiok, euskarari zein herri euskaldunari dagokion zentralitatea emateko. Euskarari maila guztietan lehentasuna emateaz gain, lehentasuna izan dezan eragin behar dugu, Euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatu, eta horretarako bidea egiteko prest gaudela adierazi behar dugu. Herri honek euskaraz bizi nahi duela erabakitzeaz gain, bide hori bertatik bertara guk geuk egin behar dugu.