Azken elkarrizketa

Igor Peñalva

Igor Peñalva

Fisikari nuklearra

2011-03-24 - irakurri elkarrizketa

Fukushimako ezbeharraz eta energia nuklearraren arriskuez mintzatu da.

 Erantzundako galderak

12

G. BERRIA.INO: Galdera gehiago badauden arren, bi orduren ondoren, amaitutzat eman behar dugu elkarrizketa digitala. Eskerrik asko Igor gure irakurleen galderak erantzuteagatik. Eta eskerrik asko galderak egin dituzuen guztioi. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko guztioi zuen galderengatik. Nire erantzunek zentral nuklearri buruzko zalantzaren bat argitu badute, guztiak pozik... Ondo segi!

11

G. Gudak beti egon dira. Izatekotan zentral nulearrak helburu izango ziren eta eraso militarren ondorioz hondamendia gerta liteke. Arriskua poulazioarekin lotuta dagoela iruditzen zait, istripua gertatuz gero askoz jende gehiagori eragiten diolako. baita nekazaritza interes edota ekologikoa. Ez da berdina basamortu bat eta Europa superpopulatua Imanol

E. Imanol, arrazoi duzu. Gudak beti egon dira, gizakia gizaki denetik. Horrelako kasu batean zentral nuklearrak erasoen jomuga izan daitezke. Horri buruz luzaro hitzegin zen, batez ere Manhatango dorreak hegazkinekin eraso zituztenetik. Ordutik hona egiaztatu egin dute zentral nuklearren konfinamendu-eraikinek jasan dezaketela hegazkin baten talka, harrigarria bada ere. Telebistako filmetan eta serietan ere gai horri heldu zaio nahikotxo azken boladan. Oso zaila litzateke horrelako instalazio baten kontrako erasoa egitea. Fukushiman naturak egin du erasoa; lurrikarak jo dio lehenbizi eta gero tsunamiak, eta horrek kalteak eragin dizkio, kalte larriak, baina ez du lortu zentral hori lurrera botatzea... Hala ere, arriskua hor dago. Hasieran esan dudanez, "zero arriskua" ez da existizen, eta zure galderari hortik heldu behar zaio. Prest al gaude zentral nuklearren arriskuak hartzeko eskainitako abantailen truke? Ni neu, bai.

10

G. Aupa Igor! - Aspaldi entzun nuen Hiroshiman eta Nagasakin botatakoen ondorioz, tritioz kutsatuta daudela lurreko ur-iturri guztiak sakonera handiko gutxi batzuk ezik. Zelan da hori? Zelako eragina izan dezake oraingo kutsadura honek horrelako ondorioei dagokienez? Eskerrik asko, Gotzon Elorriaga. Josu Gotzon Larrea Elorriaga

E. Aupa, Gotzon. Hiroshiman eta Nagasakin gertatutakoa eta zentral nuklearretako istripuak oso gai ezberdinak dira. 1945. urteko bonba-atomikoen erruz 220.000 pertsona inguru hil ziren. Horietatik 35.000 inguru erradiaktibitatearen erruz (1990. urtera arte egindako ikerketa epidemiologikoen arabera). Energia nuklearra gerretan erabiltzea gizakiak egin dezakeen astakerietatik agian handiena da. Beste kontu bat da energia nuklearraren erabilera baketsua. Ni horren alde nago. Hori argi utzi nahi nuen. Zure galderari erantzunez, bonba-atomikoen helburua nabarmena da: ahal den neurrian kalterik handiena egitea. Hori dela eta uhin hedakor handia garatzeaz gain, erradioaktibitatea sakabanatu nahi da. Hori dela eta, baliteke urak oraindik Hiroshima aldean kutsatuta jarraitzea bonben erruz. Egia esan, datu horrek erabat harritzen nau, baina ezin dizut kontrakoa esan daturik ez dudalako. Edozein kasutan ez ahaztu erradiaktibitatea edonon dagoela, naturaren ezaugarri bat baita, lehen aipatu dudan bezalaxe. Garrantzitsuena da zein mailatan dagoen eta zergatik igoten diren maila horiek.

9

G. Ze aldaketak egin beharko lirateke munduan energia nuklearra gehiago ez erabiltzeko? Joxe

E. Joxe, lehenago erantzun dudanez, energia nuklearra gehiago ez erabiltzeko dagoen aukera bakarra erregai fosilak erabiltzen dituzten zentralen bidez ordezkatzea da. Ez dago besterik. Nire ustez, eta hau iritzi pertsonala da, hori ez da batere aproposa. Klima-aldaketari eragingo lioke horrek bortizki eta kalteak, epe luzera, handiagoak lirateke. Pentsa, gaur egun 450 zentrale nuklear inguru daudela martxan munduan. Nire aukera berriztagarrien aldeko apustua zabaltzea da eta berriztagarrien eta nuklearraren bitartez gure beharrak asetzea, erregai fosilak pixkanaka baztertuz. Edozein kasutan, iritzi ezberdinak egon daitezkela ulertzen dut, ni ez bainaiz egi absolutuaren jabe. Ez ahaztu gainera, erregai fosilak eta uranioa ez direla betirako, agorkorrak direla. Ez da gai sinplea eta berriztagarrien aldeko apustua ezinbestekoa da, nire ustez. Hori bai, utopietatik aldendu eta errealitateari aurre egin behar zaio. Berriztagarriekin bakarrik ezin da gure sistema hornitu: lehenengo eta behin ez dutelako gaur egun nahikoa eskeintzen eta, batez ere, eguraldiaren menpeko direlako. Zer egingo dugu urte lehorra, lainotsua eta haizerik gabekoa dugunean?

8

G. Zer egiten dute Garonako zentral nuklearreko zabor erradiaktiboekin? Zegatik ez dago Gasteizko hiria, arrisku gune bezala izendatua? IBON LIZUNDIA

E. Ibon, Zentraletan produzitutako aktibitate baxuko eta ertaineko hondakinak Kordobako El Cabril-era eramaten dituzte (ENRESA-ren instalazioa da). Industrian, medikuntzan, ikerketan,... sortutko hondakinak ere bertara eramaten dira. Aktibitate altuko hondakin erradioaktiboak gordetzeko, ordea, piszina batzuk daude zentraletan. Dagoeneko erabili den erregai nuklearra bertan gordetzen da. Piszina horiek nukleotik hurbil daude eta ureztatuta dauden bitartean ez dago arazorik (hori da Fukushiman duten arazoetako bat). Nik neuk Garoñako nukleoa eta piszina hori ikusi ditut hurbiletik (Cherenkov erradiazioak eragindako kolore morea antzematen da). Piszina horietan hainbat urtez gordeko dira erabilitako erregai horiek, batez ere bero-emisioa jeisteko. Ondoren herrialde bakoitzak bere zentrale guztietako erregaiak hartu eta ATC izenez ezagutzen den instalaziora eramando ditu beste hainbat urtez. Estatu Espainolean ATC horren kokapena oraitxe erabakitzen ari da, jakingo duzunez. Azken pausua lur azpian luzarorako gordetzea da gaur egungo joera, AGP izenez ezagutzen den beste instalazio batean. Ikerketa-programak egon badaude hondakin horiek tratatzeko eta euren arriskua eta kutsagarritasuna txikitzeko. Nik neuk nahiko baikor ikusten dut bide hori etorkizunean. Zentrale bakoitzak, bestalde, badu bere plana balizko istripu baten kasurako. Fukushiman argi ikusi da hori. Garoñak ere badu bere plana baina ez dut irakurri, beraz ez dakit Gasteiz jasotzen duen ala ez.

7

G. María Teresa Domínguezek, Espainiar Foro Nuklearraren lehendakariak dio ez dela energia nuklearraren inguruan eztabaidatzeko momentua. Ez al da hau momenturik egokiena energia horren onurak eta arrizkuak ondo eta zakon aztertzeko? Albaro

E. Egun on, Albaro. Nire ustez edozein momentu da egokia edozein gairi buruz hitz egiteko. Eta energia nuklearrari buruz eztabaidatzeko momentu aproposa iruditzen zait, gaia pil-pilean baitago. Hori bai, erabakiak hartzeko momentua ez da, hori ziur. Oraindik arriskua egon badago eta lehentasuna horrek du. Istripuaren benetako eragina kuantifikatzeko hilabete batzuk itxaron beharko dira, bertatik ondorioak atera eta, ondoren, erabakiak hartu. Nire ustez, ildo horretatik interpretatu behar dira María Teresaren hitzak. Hori bai, lurrikararen eta tsunamiaren ondorioz milaka pertsona hil dira dagoeneko. Nik dakidala Fukushimako erradioaktibitateak jota, momentuz ez da inor hil, zorionez. Ea gaixotutako Fukushimako langileen osasunak hobera egiten duen hurrengo egunotan. Edozein kasutan, ez dezagun ahaztu benetako ezbeharra zein izan den: lurrikara eta ondorengo tsunamia. Ematen du gertatutakoaren errudun bakarra Fukushimako zentrala dela, eta hori ez da egia.

6

G. Dominique Leglu fisikari nuklear eta kazetariak hondamendiak Txernobilgoa gainditu duela esan du. Posible al da? Maria

E. Maria, Txernobilgoak eta Fukushimakoak ez dute zerikusirik. Erreaktoreen nukleoa urtu egin dela da parekotasun bakarra. Oraindik oso goiz da ganorazko alderaketa bat egiteko, baina egon lasai. Txernobilen fisio-erreakzioa ez zen eten, Fukushiman bai. Txernobilen istripua ezkutatu nahi izan zuten, Fukushiman ez. Txernobilekoa gizakien trebetasun-faltaren erruz gertatu zen, Fukushiman naturak jo du kolpe bortitza (berriro diot, 9.0 mailako lurrikara eta 15 m-ko olatudun tsunamia!). Txernobilen ez ziren neurri egokiak hartu istripua eta gero, Fukushiman lehen momentutik neurri egokiak hartu dira. Ez du zerikusirik, benetan. Fukushimakoa "konparagarriagoa" da, nolabait esateko 1979an Three Mile Island izeneko zentralean gertatutakoarekin. Bertan ere nukleoa urtu egin zitzaien, baina ez zuen sortu inongo kalterik zentraletik kanpo.

5

G. Kaixo Igor. Energia nuklearra, gaur egungo eta etorkizuneko energia izan daitekela ados nago, baina, Euskal Herria bezalako herri "txiki" batean, energia nuklearra erabiltzeak pena merezi du? Martin

E. Martin, Galdera polita. Hori euskal herritarrok erabaki beharreko gaia da. Gure energia kontsumoa handia da eta horrek justifikatu egiten du zentral nuklearren beharra, nahi izanez gero, jakina. Herri "txikia" gara, bai, baina gure zorionerako herri garatua eta gainera industria mailan ere goi-mailakoa. Beraz elektrizitatea kantitate handitan kontsumitzen dugu. Ni neu ordenagailu baten aurrean nago... Gure inguruan erregai fosilen aldeko apustua egin da: Boroa, Bahia de Bizkaia,... nuklearra guztiz baztertuz. Hala ere, sare elektrikoa REE-k kudeatzen du, eta bertan Estatu Espainoleko produkzioa barneratzen da. Hortaz, gaur egun gure eletrizitate-kontsumoaren %20 nuklearra dela onartu behar dugu.

4

G. Europarrok pairatu al ditzakegu Fukushimako zentralaren hondamendiaren ondorioak? Iñigo Gonzalez

E. Aupa, Iñigo. Egon lasai. Erreaktoreen egoerak txarrera egiten ez badu, Fukushiman gertatutakoak eragin zuzena izango du Fukushimako langileengan soilik. Langile horiek dosi altuak jasoko dituzte. Zentraletik urrundu ahala erradioaktibitate-maila txikitu egiten da nabarmen. Elikagaiei dagokionez, lehen aipatu dudan bezala, kontrolak egingo dira etengabe eta inguruko lurraldeetako elikagaiak ez dira gure elikadura-katean sartuko. Neurtu ahal izango dugu ziur aski Fukushimako erradioaktibitatea Europan (meteorologiaren menpe dago) baita oso maila txiki-txikian ere, neurgailuak aldaketa txikiak neurtzeko gai baitira. Baina egon lasai, erradiografia bat egin badizute inoiz, bertan dosi askoz ere altuagoa jaso duzu dagoeneko.

3

G. Zer da zentral nuklearra segurua izatea? Segurtasun parametro horiek nork erabakitzen ditu? Eneritz

E. Eneritz, Galdera mamitsua benetan. Orain arte Fukishimako zentrala (eta munduko beste guztiak, jakina) segurua zela uste genuen. Izatez lurrikarak jasateko diseinatuta zegoen eta tsunamien eragina ere kontuan hartzen zuen. Kontua da, Richter eskalan 9.0 mailako lurrikara izan dela eta jarraian 15 m-ko olatuak gainera etorri zaizkiola. Horrelakorik ez zen espero, baina gertatu da. "Guztiz segurua" kontzeptua ez da existitzen, "zero arriskua" ez baita existitzen. Beti dago arriskua, beti minimizatu daiteke, baina zero izatera ez da iritsiko. Kontua da, ea zein arrisku jasateko prest gauden zentrale nuklearrek eskeintzen duten abaintailen truke. Hor dago gakoa. Hegazkinak edo kotxeak ere erabiltzen ditugu eta istripu-arriskua egon badago, ezta? Herrialde bakoitzak bere segurtasun-parametroak finkatzen ditu. Estatu Espainolean esaterako CSN da horren arduradun. CSN-k bere lana ondo egiten duela nik ziurtatzen dizut eta zentral nuklearrak seguruak dira finkatutako parametro horietan. Horregatik ez keztatu.

2

G. AUPA IGOR! sarritan entzuten dira Nuklearren aurkako oihuak, baiana benetan posiblea ahal da Nuklearrik gabe funtzionatzea? Garoña oso urbil daukagu eta bere zahartzaroak askori urduri jartzen digu, zentral baten segurtasuna mantentzeko zemat urtetan jarriko zenuke hauen bukaera epea? Miguel Franco Goitia

E. Aupa, Miguel! Gure gizarteak gaur egun beharrezkoa du energia nuklearra. Pentsa Estatu Espainolean elektrizitatearen %20 nuklearren bidez lortzen dela. Japonian, %30. Frantzian, %80!!! Energia iturri hori baztertuz gero ordezko bat beharko genuke eta gaur egungo aukera bakarra erregai fosilak dira: gasa, petrolioa, etab. Energia iturri berriztagarrien bidez lortzen den elektrizitate GUZTIA sare elektrikoan sartzen da. Beraz berriztagarriak garatzea ondo dago, baina ez du gure energia eskaera asetzen. Beste aukera bat gure bizimodua eta bizi-kalitateari uko egitea da...

1

G. Elikagaietan eta uretan erradiazioa aurkitu dute. Zenbat denbora pasa daiteke erradiazio arrasto guztiak desagertu arte? Sami

E. Egun on, Sami! Erradioaktibitatearen arrastoa ez da inoiz desagertuko, erradioaktibitatea naturan ematen den fenomenoa delako. Zuk edaten duzun ura erradiaktiboa da, lurra erradioaktiboa den bezalaxe eta zure gorputza erradioaktiboa den bezalaxe. Kontua da erradioaktibitate maila igo egin dela elikagaietan Fukushimako istripuaren ondorioz. Uran esaterako, 210 Bq/kg neurtu zuten atzo. Helduentzako, maila hori ez da arriskutsua (300 Bq/kg onargarriak dira) baina ume txikientzako arriskutsua izan daiteke (100 Bq/kg onargarriak kasu honetan). Gaur goizerako uraren erradioaktibitate mailak behera egin du eta 100 Bq/kg baino balio txikiagoak neurtu dira dagoeneko. Kontrolak etengabe egitea eta gizartea informatuta egotea, hori da garrantzitsuena.