Azken elkarrizketa

Ainhoa Moiua

Ainhoa Moiua

Keinu hizkuntz itzultzailea

2011-05-04 - 12:00

Zea Mays musika taldearen Negua joan da ta kantuaren itzulpena egin du, eta Korrikaren mezua irakurri zuen amaiera ekitaldian.

 Erantzundako galderak

21

G. Galdera gehiago baditugun arren, bukatutzat eman behar dugu elkarrizketa. Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi, eta eskerrik asko Ainhoari galderak erantzuteagatik. BERRIA.INFO

E. Miloika esker guztiagatik!! Muxu handi bat guztiei! Bitartean eta luzaroan...pozik bizi.

20

G. Galdera laburra, zergaitik musika itzultzaile lana? Tronk

E. Epa Tronk! Labur: Zea Maysen musika gogoko dudalako eta zeinu hizkuntzako itzultzailea naizelako. Ondo ondo segi!

19

G. Bideokliparen bitartez gorren bizimodu ikusezina edo ezkutatua azaleratzea lortu duzu, baina zenbat denbora iraungo duela uste duzu? Aparraldia pasatakoan ez al da jendea ahaztuko, gauza askorekin gertatzen den bezala? kizkitza

E. Kaixo, Kizkitza!! Zure galderaren erantzuna ez dakit! Noski, batzuk ahaztu egingo dutela baina beste batzuk ez. Ondo ondo segi! Muxu bat!

18

G. Aupa Ainhoa eta zorionak Korrika 17ari eskainitako guztiagatik. Galdera: Zeinu hizkuntzek badute banderarik, ba al da euskarazko zeinu hizkuntza bideratzeko aukerarik? Aek-k ezertan lagun dezake? Muxu bat Matu

E. Kaixo, Matu! Mila esker! Zure galderaren erantzuna ez da erraza. Gaia hori eztabaidagai izan dela ez dizut ukatuko baina komunitate gorraren gain dago erabaki hori! Bitartean eta luzaroan... pozik bizi!

17

G. Zenbat denbora behar izan zenuen keinu bidezko hizkuntza ikasteko? Zaila al da? Nolakoa da ikasketa prozesua? jakinmina

E. Epa, jakinmina! Ba... zeinu hizkuntzako itzultzaile izateko Bilbon dagoen goi mailako zikloa egin nuen (bi urte). Beste hizkuntzen ikaste- prozesuarekin aldera daiteke. Egia da, hizkuntza espaziala dela eta aldiberekotasuna dira bere ezaugarrietako batzuk baina sakonean beste hizkuntzekin aldera daiteke zailtasunari begira eta ikaste-prozesura begira. Ez dago hizkuntza zailik ikasteko, gure gogoa da eragilea! Animo asko asko jakinmina! Pozik bizi!

16

G. Zer da bideoaren amaieran "esaten" duzuna, letra bukatu denean? Trintxerpe

E. Kaixo, Trintxerpe!! karkarkar! Batek baino gehiago egin dit galdera hori! Kitarraren soinua entzuten da eta zeinu hizkuntzan soinuak adierazteko erabiltzen den zeinua hori da! Bitartean eta luzaroan...pozik bizi Trintxerpe!

15

G. Asteburu honetan taberna batean Zea Maysen kanta jarrita, gazte koadrila handi bat ikusi dut kantuan eta zuk bideoan egiten dituzun keinuak zehatz errepikatzen. Zer gogoeta eragiten dizu horrek? Asier

E. Kaixo, Asier! Ba... egia esan emozionatu egiten naiz! Egindako lanak izan duen arrera eta gainera espontaneoak horretan ikustea ba... izugarri pozten naiz! Muxu bat, Asier, ondo ondo segi!

14

G. Aupa Ainhoa!!! Oso ona klipa! Itzela egin duzun lana!!! Zorionak!!!! Korrikako azken egunerako ere, zuk proposatu zenuen zure lana!? Edo norbaitek deitu zizun???? Segi horrela!!!! nere

E. Kaixo, Nere!! Miloika esker, bihotz bihotzez asko eskertzen dizut! Korrikako arduradunek deitu zidaten bideoklipa ikusi ondoren eta horixe izan zen beraien proposamena hasieran eta bukaeran itzulpena egitea. Aupa zu, Nere! Muxu bat!

13

G. Kaixo Ainhoa! Zorionak zure lanagatik, gizarte integrazioko ikasleak gara eta zure lana ikustean zeinu hizkuntzaren garrantziaz ohartu gara. Bideoa ikaragarria iruditu zaigu!!!! jakin nahiko genuke jendeak edo gizarteak zer nolako erantzuna izan duen bideoagatik. Eta zuregan? Mila esker aurrerapauso honegatik. Muxu bat Tolosako Inmakulada Ikastetxetik. Izaskun, Esti eta Idoia izaskun

E. Kaixo, Izaskun, Esti eta Idoia!!! Miloika esker, benetan! Izugarria izan da jendeak izan duen harrera bideokliparekiko baita nirekiko ere. Nik ez nuen horrelakorik espero eta jendeak izan duen harrera eta jarrerak bihotz bihotzez hunkitu nautela esan behar dut. Animo hiruroi ikasketekin eh! Muxu handi bana.

12

G. Azken ikusentzuneko bideoklip eta lib dud-etan keinu hizkuntzak presentzia irabazi du, eta hori ondo dago. Baina gor komunitatea hauetan benetan ordezkatua dagoela uste duzu?Edo moda kontuagatik integratzaile irudia emateko entzuleok eginiko antzerki hutsa dira? Hitz eta pitz

E. Kaixo, HItz eta Pitz! Ez dut uste inor ordezkatzen ari garenik, komunitateen arteko zubiak eraiki behar dira, alde batetik zein bestetik. Entzuleok urrats asko eman behar ditugu oraindik, beti ere komunitate gorra errespetatuz. Nik hori guztia keinu gisa ikusten dut, hots, onarpena eta prestutasuna erakusten duten keinuak. Mila esker eta ondo ondo segi!

11

G. Nahiko gatazka, edo behintzat nere inguruan hori komentatu egin da, sortu egin du zure kantuak gor-mutuen munduan, esanda entzuten duten pertsonentzat eindako kantua dala, zer deritzozu?? Dabid

E. Kaixo, Dabid! Gorrak kontuan izan dira zeinu hizkuntza erabiliz baina muntaian kontuan hartu dira entzuleak, guk kameren mugimenduak behar ditugu bideoa ikusten jarraitzeko baina horrek ez du zeinu hizkuntzan eragiten. Kasualitatea Madrileko lagun gor batek horixe azpimarratu zuen kameraren mugimendua, gustuko izan zuelako. Aniztasuna!! Ondo ondo segi, Dabid! Muxu bat!

10

G. Kaixo Ainhoa, lehenik eta behin zure lan zoragarriagatik zoriondu nahi nizuke, bai Zea Mays-en bideoklipean egindako itzultzaile lanarekin, bai eta gorrak diren pertsonen bizia hobetzeko zauden saio gogor horretan. Nire galdera ondorengoa da: Zer sentitu zenuen klip-a ikusi zenuen lehenengo aldian? Zorionak eta animo!!! muaaa Idoia

E. Kaixo, Idoia! Lehenik eta behin mila esker! Gogoratzen dut lehen aldiz ikusi nuenean, bai! Barru barruko sentimendu deskriba-ezin horietako bat izan zen! Muntaia ikaragarria iruditu zitzaidan eta bai, orduan izan nuen aukera kanpotik ikusteko eta bizitzeko! Mila esker, Idoia, animo asko zuri ere! Muxu handi bat.

9

G. Kaixo Ainhoa: Bideoko zure interpretazioa hunkigarria iruditzen zait. Gor komunitateko jendeak zer esan dizu lan honetaz? Zeinu-hizkuntzan sorkuntza-lan askorik egiten al da euskal herrian? Poesia, teatroa,... Amonamantangorri

E. Kaixo, Amonamantangorri! Lagun gor batzuk izan baditut eta gustuko izan dutela aipatu didate. Euskal Herrian urtero izaten da jaialdi bat zeinu hizkuntza eta antzerkia batzen duena, Tolosan izaten da urri partean. Orokorrean pertsona gorren elkarteek edota Euskal Gorrak federazioak antolatzen dituzte. Muxu handi bat, amonamantangorri!

8

G. Kaixo Ainhoa, zeinuen hizkuntzako lehenengo maila ikasten ari naizen honetan, gaiak sortzen didan zirraran, Zea Mayzen kantuarekin zeinuen hizkuntzari aurpegia jarri diozu eta honekin, nere ustez, euskal gizartearen parte baten interesa piztu. Galdera da, nola ikusten duzu zeinuen hizkuntzaren osasuna bideoaren ostean? Aldatu egin dela uste al duzu? olatz

E. Kaixo, Olatz! Hori ondorioztatzeko garaiz dela uste dut. Poliki-poliki ikusi beharko da, momentuz zeinu hizkuntzari erreparatzeko tartea izan dugu, orain itxaron egin behar dugu! Animo zeinu hizkuntzarekin, Olatz! Mila esker.

7

G. Korrikako furgonetara igo zinen, Seguratik Zerainera bidean, keinuekin abestia gorpuzteko. Zer moduzko esperientzia izan zen? euskalakaria

E. Kaixo, euskalakari!! Beno... esan daiteke bideokliparen ondoren bizi ahal izan dudan beste momentu zirraragarri bat izan dela. Mila esker!

6

G. Keinu hizkuntza interesgarria iruditzen zait. Non ikasi zenuen? Gaur egun nora jo daiteke ikasteko? interesatua

E. Kaixo!!! Zeinu hizkuntzako itzultzaile ikasketak (goi mailako zikloa) egin nituen Bilboko Botikazar institutoan. Baina egon badira zeinu hizkuntzako ikastaroak pertsona gorren elkarteetan (Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruņean, Tolosan) eta Euskal Gorrak Federazioan (Bilbon). Animo!!!

5

G. Nolatan grabatu zenuen bideoa etxeko ordenagailuko kamerarekin eta Zea Mays taldekoei eman? Bideoklipa egiteko ideia zenuen buruan? maitane

E. Kaixo, Maitane!! Zea Maysi opari bat egiteko asmotan grabatu nuen etxeko kamerarekin bideoa, baina inolaz ere ez nuen bideoklipa egiteko ideia izan buruan. Nire ametsik onenean ere ez nuen horrelakorik. Opari bat zen soilik! Urteak dira Zea Mays entzuten dudala eta kotxean behin eta berriz itzuli ditut beraien abestiak eta nik, kotxean, bakardadean, Zea Maysen musikarekin egiten nuen hori oparitu nahi nien, beraiek opari dizkidaten momentu zoragarri horien truk! Muxu bat Maitane!

4

G. Bideokliparen arrakastak eragindako arretak, komunikabideen aldetik batez ere, gogaitu edo nazkatu al zaitu pixka bat? beasaindarra

E. Kaixo, beasaindarra! Ni ez nago ohituta horrelakoetara eta egia da arraro sentitu naizela, baina besterik ez. Ondo izan!

3

G. Kaixo, Keinu hizkuntza dela-eta askotan eztabaida nahikotxo izan dugu gure artean. Keinu hizkuntza bat omen dago hitzezko hizkuntza bakoitzeko ezta? Baita Euskaraz ere? Orain arte entzundakoaren arabera bazirudien ezetz, baina ez dakigu. Bideoklipean eta Korrika hasiera eta amaieran egindakoa, zein keinu hizkuntzan egin zenuen? Eskerrik asko! Maider Irurozki Artajo

E. Kaixo, Maider! Zeinu hizkunzta ez da unibertsala eta munduan zeinu hizkuntza ugari ditugu. Ez dute ahozko hizkuntzarekin zerikusirik, hau da, ez dira ahozko hizkuntzatan oinarritzen, izaera propioa dute. Nik erabiltzen dudan zeinu hizkuntza espainiarra da, nahiz eta guk geure dialekto propioa izan. Katalunian beren zeinu hizkuntza propioa dute Euskal Herrian ez bezala. Eskerrik asko zuri, ondo segi!

2

G. Kaixo Ainhoa. Oihartzun handia izan du Zea Maysen itzulpenak, baina uste duzu bitxikeriatik haratago jendea gormutuen egoeraz konzientziatzeko balioko duela. Eskerrik asko!!! Migel

E. Kaixo, Migel! Zeinu hizkuntzan halako gauzak egitea daudela erakutsi dugula uste dut eta momentu batez zeinu hizkuntzaren gaia jarri dugu gure ahotan. Momentu hori garantzitsua da, kontzientziatzeko ez bada ere, gai honetan erreparatzeko astia eman digu. Eskerrik asko zuri!

1

G. Aupa Ainhoa! Lehenik eta behin zorionak!, proiektu zoragarria baita! Espero zenuen horrelako arrakasta izango zuela zure proiektu berri honek? maddi

E. Kaixo, Maddi! Ba... lehenik eta behin mila esker! Ez, egia esan nik, pertsonalki ez nuen horrelakorik espero. Mila esker.