Azken elkarrizketa

Patxi Zabaleta

Patxi Zabaleta

NaBai 2011-ko lehendakarigaia

2011-06-16 - irakurri elkarrizketa

NaBai 2011ko hautagaia da Nafarroako presidentetzarako, eta maiatzaren 22ko hauteskundeen ondorengo egoera aztertu du Iruñean, BERRIAren egoitzan.

 Erantzundako galderak

24

G. Amaitu da elkarrizketa digitala. Eskarrak eman nahi dizkiogu Patxiri irakurleen galderak erantzuteagatik, eta eskerrak, modu berean, irakurleei parte hartzeagatik. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko zuei eta nahi duzuen arte, aurtengo Sanferminetan BERRIA astelehenetan eta guzti irakurri ahal izanen dugulakoan.

23

G. Kaixo Patxi. Ez al zaizu iruditzen ezker abertzaleko arduradunak orohar, istituzionalismo espainiarrean murgildu zaretela eta "independentzia" hitza ia aipatu ere ez duzuela egiten? jon

E. Ez; nik ez daukat behintzat uste hori. Guk beti argi eta garbi defendatu dugu independentziaren eskubidea, betiere gizarteko gehiengoaren borondatez eta gainera aniztasuna oinarri bezala onartuz, babestuz eta baikorki baloratuz. Are gehiago, maiz aitortzen dugu egunen batean independentzia lortzen denean, independentista ez direnek eskubide oso-osoak bermaturik izanen dituztela. Izan ere, balizko independentzia hori ez baita soilik independintestzat izanen. Betiere irakurtzen baduzu nire azken nobela -ENEKO ARITZAREN HILOBIA- ikasiko duzu bere lehen esaldia hauxe dela: "Ez nuke hil nahi Euskal Herriaren independentzia ezagutu gabe".

22

G. Egunon Patxi. Aralarrek orain 10 urte ETAren biolentziarekiko eman zuen pausoa eta orain SORTUk eman duena berdinak ez badira oso antzekoak direla iruditzen zaizkit (gainera esango nuke Aralarrek bere hastapenetan ez zituela orain SORTUK esaten ditunenak esaten). Beraz nola uler daitezke beste alderdi "demokratikoek" aRalarrekiko beti izan dituzten laudorio jarrerak, eta justu kontrakoak Sorturekiko? Eskerrik asko. Jon. Jon

E. SORTU alderdiak eman dituen urratsak gizarteak aintzat hartu ditu edo hartzen ari da. ARALAR alderdiak ere jasan izan ditu eraso, irain eta mehatxu pila bat. Bakoitzak bere historia du, baina garrantzia daukana da orain -10 urterren burura- askoz ere antza gehiago daukatela esaten eta aldarrikatzen ditugunak; hori da garrantzitsua.

21

G. 2012ko Madrileko hauteskundetara Nafarroa Garaiko abertzaleok zerrenda bera bozkatzeko ahaleginik eginen al du oraigo honetan NABAI-k? Eta horretarako NABAI eta BILDU koalizio izenak izan beharrean hirugarren izen bat izan behar bada prest egonen al da NABAI? Nabar

E. NABAI berez batuketaren ahalegina da. Abertzaleok Nafarroa garaian soilik LAU aldiz atera dugu Madrilerako diputatua 1.931 ezkeroztik!!!! Hain aspaldiko urte hartan Jose Antonio Agirre (gero lehendakaria izanen zena) atera zen karlistekin koalizioan, 1987 Herri Batasunatik Iñaki aldekoa atera zen eta ondoren bi aldiz NABAIk atera du. Ez al zen lorpen hori balioan gehiago jarri behar? Ez al du, beste lorpen batzuez gainera, NABAIren historiak berak bidea erakusten?

20

G. PSN-k eta NABAI-k Nafarroa Garaian gehiengoa izateko boto nahiko lortu izan balitu (hots, Bilduk jasotako bozka kopurua jaso izan ez balitu) eta ikusita PSN gaur zertan ari den, uste duzu gobernu aldaketarako adospenik sinatuko zuela PSN-k? José Ramón

E. Galdetzen zaidana "futurible" bat da, gertatu ez denari buruzko galdera. Baina erantzutekotan badago aurrekari bat eta da orain dela lau urtekoa. Orduan ez zegoen Bilduren aitzakirik. Ara gehiago; Iruñeko udalean ANV bazegoen eta hura erabili zuten PSNkoek aitzaki bezala, baina parlamentuan ez zegoen eta halere ez ziren "ausartu"... Zergatik pentsatu orain bestelakorik eginen luketenik? Halere gero eta garbiago da jokatu beharreko bidea eta orain dela lau urte egindakoa bezalakoa da aurten eta izanen da etorkizunean. Ez da alboratu behar ere inoiz hauteskundeak aurreratu behar izatearen posibilitatea.

19

G. Aralar ezker abertzale "tradizionaletik" banandu zenetik ez duzue irain, mespretxu edo are mehatxuak besterik jaso talde honengandik. Argi dago abertzaleon gehiengoa indarrak batzearen alde dagoela, eta badirurdi bide hori daramazuela, baina zuentzat gogorra ere izan behar du horrek, ezta? Eskerrik asko! Beñat

E. Politika ez da inoiz eta inorentzat bide erraza izaten. Batzuetan zoritxarrez garratza izaten da gainera. Eskatu eta aldarrikatu beharrekoa errespetua da, albokoa eta arerioa ere aintzat hartzea eta bide hori ere egiten ari dela ez dago ukatzerik.

18

G. Nire pronostikoa (eta desioa) da Bildu koalizioak lau hanka izango dituela Eusko Legebiltzarreko hurrengo hauteskundeetan: Sortu, EA, Alternatiba eta Aralar. Zein da zure pronostikoa eta zure desioa? Imanol

E. Lau hanka dituenak agian bi izen ere eduki ditzake, baina edonola delarik ere, beste erantzun batzuetan esan bezala, politika bere bideak egiten ari dela nabaria eta agerikoa da.

17

G. Kaixo Patxi: Hauteskundeen aurretik esan zenuen Aralar Batasunatik banandu zenean egin zuen maleta oraindik eskuan duela eta ez duela desegin. Ezker abertzalearen elkarketa hurbil egon daiteke? Katxarroman

E. Ezker abertzalearen batuketa gertatzeko baldintza gehienak betetzen ari direla dirudi. Eta horregatik, gainditu egin behar dira sortutako beste oztopo eta zailtasunak. ARALAR mendi baten izena da eta jakinaren gainean hartu genuen izen hori. Zalantzarik gabe erkide edo militanteak, batzarre edo kongresuak eta politikaren bide soilak erabiliko dituen indar politiko zibil, zabal eta abertzale batetik gero eta gertuago gaude.

16

G. Zer gertatuko da ETB-ren auzian? Agian, PSN gobernuan egon da konpondu daiteke arazoa? Hau izan daiteke PSN-ek egiten duen oparia nafarroako euskaldunei? A.Miranda

E. Ez dakit. Guk eskatuko dugu behin eta berriro. Baina zoritxarrez Sanz eta Lopez lehendakariek sinatu zuten protokoloak laister beteko ditu bi urte eta ez du ezer askorako balio izan. UPN da aginduko duena arlo gehienetan eta horretan, dudarik gabe.

15

G. Zein izango da zuen jarrera PPk udaletan aurkeztuko dituen mozioak direla eta? Ni beti izan naiz indarkeria guztien aurka, baina kondenatu behar dira frankismopean egindako atentatuak ere (Melitón Manzanasen edo Carreroren hilketak ere)? Gillermo

E. Indarkeria ororen gaitzespenetak ezin da salbuespenik jarri, baina PP-ren ekimenek beti uzten dute alde batera Frankismoari dagokiona. Ez zaie garrantzi gehiegik eman behar eta lehen esan bezala, komunikabideetan ez badute oihartzunik lortzen, bertan behera utziko dituzte.

14

G. Zenbat eta zer falta da Pernando Barrena eta Patxi Zabaleta hauteskunde-zerrenda berean joateko? Asier

E. Duela gutxi sinatu genuen beste batek eta hirurok -Uriz, Barrena eta Zabaleta- idatzitxo bat, Enrique Curiel zenaren omenez. Ni ezker abertzaleko sentsibilitate ezberdineko jenderik gehienarekin ez bada, askorekin behitzat zerrenda berdinetan azaldutakoa naiz. Arazoa zerrendan baino sakonagoan egoten da eta zorionez konpontzen ari da neurri batean.

13

G. Bere garaian, ez aadostasun bategatik HBtik banandu zineten, arrazoia danok dakigu zein izan zen, errespetagarria guztiz jakina, baina eta orain arrazoi hori falta danez, hau da bake bideak indarra hartu duen honetan, ez da ba izango berriz anai danok elkartzeko garaia? Mikel Arrasate

E. Elkartzeko beti garai onak dira. Bake bidaiak indar hartzea bategiteko aukera edo aukeraren oinarria dela ez dago dudarik. Etorkizunak erakutsiko du hori horrela dela. Ezker abertzale esparru bat, esparru zabal bat, baina ez bakarra.... Ez da polo, bloke edo bestelako proposamenetaz, baizik etorkizuneko ezker abertzaleaz pentsatu eta sakondu beharko.

12

G. NABAI 2011, koalizio independentista al da? jon

E. Ez Nabai eta ez besterik, programari dagokionez. Nola izan gintezke independentistak Nafarroan soilik aurkezten den koalizio batean? Baina erabaki eskubidearen alde gaude, baita Nafarroako esparruan ere, eta hori da abertzaleok, hain anitza den gizarte honetan.

11

G. Patxi, egun on! Nolakoak dira Bildurekiko harremanak? Nolakoak Ezker Abertzale ofizialarekiko harremanak? Nolakoak dira EAJrekiko harremanak? Eskerrik asko Lizarratik

E. Pertsonalki oso onak. Politikoki eraikitzen ari gara. Hor daude adibideak Gipuzkoan eta Nafarroan esaterako, baita ere maila xumeago batean Bizkaian eta abar. Zalantzarik gabe, bakoitzak daukan ordezkaritza eta indar ezberdina ahaztu gabe, denok dauka zer ekarria eta zer esana eta zer emana etorkizuneko Euskal Herriari eta etorkizuneko ezker abertzaleari so.

10

G. Egia al da zu orain Bildun dauden hoiekin egotearen alde zeundela hauteskundeen aurretik? mik

E. Ez zehazki. Nire jarrera izan zen eta da NABAIn sartzeko aukera eman behar zitzaiola abertzale orori. Abertzaleok ez ginen inoiz Nafarroa osoa bigarren indarra gertatu Nafarroan 2007 urtea arte eta hori izan zen beti ARALARren eskaintza. Are gehiago, uste dut etorkizunean ere abertzale guztion arteko adostasunak lortzen saiatu beharko dugu, esate baterako EUSKAL HERRIA BAI bezalako ikurrekin. Etorkizunak esanen du.

9

G. aralarren etorkizuna hauteskundeei dagokionez Bildurekin edo Eajerekin hautatzea dela dirudi,horrela uste ahal duzu aralarzale

E. Ez. Alderdi edo mugimendu baten etorkizuna eta izatea ez da soilik hauteskunde mailan neurritzen. Are gehiago, hori baino sakonagoa eta eraginkorragoa da borroka ideologikoa. Telesforo Monzonek esaten zuen hauteskunde mailako lehia bigarrena baizik ez dela. ARALAR ezker abertzaleko sentsibilitate bezala azaldu eta aitortu da beti, bere IV kongresusan etorkizuneko ezker abertzale zibil eta zabalaren erronka dago, bere ezaugarri guztiekin mugatuta. Hori da gure helburua eta xedea. Beraz garbi dago.

8

G. kaixo patxi! gatazkaren konponbidea gehienok gertu ikusten dugun honetan, jakina da zure alderdian Egin dezagun Bidea dinamikan murgilduta dagoela, baina ezin ulertu Antton Troitiñori buruz egin zenituen adierazpenak. Oraindik uste al duzu euskal preso politiko ohiak bere burua Audientzia Nazionalaren esku utzi beharko lukeela? nineu

E. Badakit nik esandakoa askori gogorra iduritu zaiola eta horretaz gainera, bere hurbileko batekin mintzatu nintzen bere garaian. Baina nik uste dudanez, neurri gogorrak -eta oso gogorrak- askotan jasn eta nozitu beharra dago eta jakina, askotan ez da erraza hori argudiatzea. Baina edonola ere, presorik eta "iheslaririk" gabeko izanen dugun etorkizun horri begira aurrez aurre jokatu beharra dago. Gai honek luzeago azaltzea eskatzen du, baina errespetu osoz, ez nuke orain ere bestelakorik adieraziko.

7

G. Egunon Patxi. Zer eragin uste duzu izan dezakeela PP-k udaletan ETA kondenatzeko egindako mozioak bizitza politikoan? Zein jarrera hartuko dute Aralar eta NaBaik eta zein jokabide espero duzu Bildurengandik horren aurrean? Hodei

E. PP-ren ekimen eta mozio horiek zaharkituak gelditzen ari dira eta egoerak -su-etenak alegia- dagoen honetan irauten badu, ez dute laister inolako oihartzunik izanen. Hori da bidea, ez zaie utzi behar komunkabideetako oihartzunik izaten eta bertan agortuko dira.

6

G. Egunon Patxi. Hauteskundeak alde batera utzi, eta bi galdera nahi dizkizut egin. 1) Zer moduz dago alaba? 2) Politikariz gain, abokatua ere bazaren aldetik, nola ikusten duzu hilaren amaieran hasiko den Bateragune auzia, absolbituko dituzte? Eskerrik asko, eta animo asko bai bozei dagozkion kontuetan baita bozei ez dagozkienetan ere. Urra

E. Miren Zabaleta kezkatuta dago, besteak beste auzia espetxe barrutik prestatzea oso nekezua izaten delako; oso zaila. Ni Bateragunekol auziari dagokionez legelari eta politiko bezala ez naiteke baikorra baizik izan... gauetan ordea, lo ezin eginik nagoenean beldurra izaten dut, ezin uka.

5

G. Kaixo PAtxi. Lehenik eta behin ZORIONAK, Nafarroan abertzaleoi azkerneko urte hauetan itxaropena eta ilusioa piztuzeagatik. Baina azkeneko hauteskundeen emaitzak ikusita,PSNeren jarrera eta GOBERNUA eskuinak eskuratzea,Ez ahal duzu etsipena eta itxaropen eza somantzen etorkizunari begira euskaltzale eta ezkertiarren artean? Milla esker. MIKEL

E. Ez dut inolaz ere etsipenik sumatzen. Aitzitik, abertzaleok, oro har, aurrera goaz pixkanaka pixkanaka eta politikan ez da ezer oparitzen, ezta bakea ere. Orain garbi dagoena da alderdi sozialista eskuinaren atzaparretan harrapaturik gelditu dela eta horrek aukerak emanen dizkigu. Ez da erraza, baina ez da inoiz erraza izan.

4

G. zein herritan ez zenuten espero lortu duzuen emaitzak eta zeintzuk espero zenuten? nire lagun batek dio euskalduna izanda nahi duguna egin ahal dugula. Oparitzen dizut erreflexioa, zuk denoi oparitu diguzun askoren jarraipena. Barkatu atrebentzia. Maisu bat zara eta neu ikaslea. Tinko jarraitu, mesedez. Errafa Conde

E. NaBai bezala aurkeztea ez da erraza izan, hausturak eta gora-beherak medio. Halere, oro har, ez da inoiz Nafarroan horrelako indar abertzele eta aurrekoien ordezkaritza egon. Atzera begiratuz gero, ikusten da aurrerapena eta etorkizunean noruntza joan beharra.

3

G. Kaixo Patxi, eta zorionak egiten duzun lanarengatik. Ni naiz Zona Mediakoa eta galdetu nahi dizut gauza bat: batzuetan badut irudipena alderdi abertzaleak Nafarroan oso iparraldekoak zaretela, hau da, Iruñetik gorakoak. Ez duzu uste berreskuratu beharko litzatekeela Tafalla, Erriberri, Lizarra eta hortik hegoaldera daukagun euskal nortasunaren sentimendua? Mila esker. Esteban

E. Esaten duzunarekin guztiz ados nago. Gehiago oraindik, ziur nago abertzaleok Nafarroan jokatu dugula eta jokatzen dugula Euskal Herriaren izatea eta zalantzarik gabe Nafarroako lehia erdiko zonaldean eta Erriberan jokatzen da, lehen Iruñerrian jokatu den bezala. Hor zeregin asko daukagu zentzu eta zertzelada askorekin begiratu beharrekoa gainera.

2

G. Egunon Patxi, Nola egin 2015 hauteskundeak irabazteko? Ezin dezakezue plataforma progressista antolatu Izquierda-Ezquerra eta Bildurekin? Agur ArranoBeltzaLehendakari

E. 2015 ez dago gertu. Lehenago izanen ditugu erronka asko, baita hauteskunde mailako eta izaerakoak ere. Bitarte horretan Euskal Herriak oro har eta Nafarroak bereziki aldaketa sakonak ezagutuko dituela ez dut zalantzarik.

1

G. Aupa Patxi! Hauteskunde orokorrak asko jota 9 hilabete barru izango dira. Aralarrek zaila du EAEn bakarrik aurkeztea, zein litzateke zure hautua? Mikeltxo

E. Hauteskunde orokorretan zaila denok izanen dugu. ARALARrek nola jokatu datorren larunbateko asanbladatik aurrera aztertuko du. Hauteskunde horiek ere esanahi handia izanen dute zalantzarik gabe eta arduraz jokatu beharko dugu.