Azken elkarrizketa

Karlos Zurutuza

Karlos Zurutuza

Gerra kazetaria

2011-09-26 - irakurri elkarrizketa osoa

Libian izan berri da Karlos Zurutuza errebeldeek Tripoli hartu berritan, eta han gertatzen zenaren berri eman du BERRIAko berriemaile berezi gisara.

 Erantzundako galderak

18

G. Amaitu da elkarrizketa digitala. Eskerrik asko Karlos galderak erantzuteagatik, eta eskerrik asko irakurleei galderak egiteagatik. Bihar Abu Salimgo espetxeari buruzko erreportajea argitaratuko du Karlosek BERRIA egunkarian (1.270 presoren hobi komuni aurkitu dute), hango testigantza eta argazkiekin. BERRIA.INFO

E.

17

G. Komunikabideetan ikus daitekeneez Libiako oposizioak NATOren laguntzaz aurrera darrai herrialdearen konkistan, batez ere azken hilabeteotan, eta batzuek irabazletzat izendatu dituzte jada. Zein da errealitatean Gobernuaren aldekoen eta oposizioaren arteko borrokaren egoera? Ba al daukate Gaddafiren aldekoek oraindik oposizioari aurre egiteko nahiko indar? Potzutik

E. Tamalez, nazioarteko kazetariok apenas izan dugu gerturatzerik Gadafiren aldekoengana baina egungo egoera ikusita ez dirudi oposizio militar sendo bat aurkeztu dezaketenik. Matxinoek Tripoli hain azkar menderatu izanaren arrazoia egunotan ikusten ari gara. Matxionoek asteak daramatzate Bin Walid eta Sirte menderatu ezinik, Gadafiren tropak haietara erretiratu ziren seinale... hala ere, zenbat iraun dezakete gadafitarrek lurreko nahiz aireko setiopean?

16

G. Kaixo Karlos, Nola prestatzen dituzu "bidaiak", ze mediotara jotzen duzu aldez aurretiko informazioa eskuratzeko? Ba al da "ikastaro intentsiboa" egiteko beharrik? Bestalde, nola hartzen zaituztete herrialde horietan "kazetari independetetzat" aurkeztua? Mikel

E. Onerako edo txarrerako, bidean ikasten ari naiz ni ofizioa. Hainbatetan oso zaila da informazio fidagarria aurkitzea, informazio "sobredosia" dagoelako askotan, eta apenas deus ere besteetan. "Kazetari-independente"-aren figura hori oso arrotza egiten da askotan, Ekialdean nahiz gurean. Nire burua aurkezteko garaian nahiago izaten dut "nire" medioetako bat aipatzea, Berria kasu.

15

G. Pakturen bat dago guerra eta nazioarteko kazetari guztien artean, salbuespen oso gutxi batzuk kenduta, Korear Herri Errepublika Demokratikoaren berri guztiak ezkutatzeko eta bakarrik nazioarteko eta Koreako hegoaldeko berri agentzien kableak osorik kopiatzeko? Zergatik ez da inoiz kontutan hartzen Korear Berri Agentzia Zentrala (Korean Central News Agency)? Zergatik, gutxi batzutan, Kubari errespetu minimo bat ematen zaio edo "beneficio de la duda" delakoa, eta Korea sozialistari inoiz ez? Trever Aritz

E. Ezin dizut erantzun ez baitakit ezer Koreako gatazkari buruz.

14

G. Aupa Karlos, ze moduz zabiz? ez dut jakin Libia aldetik ere ibili zarela; "errebelde" ta "gadafistan" arteko benetako gerra bat dago? zelan ikusten diren gauzak handik? NATOren faktorea? Oso ondo ibili, zaindu Erlantz Erlantz de la Fuente

E. Tamalez, Libian egon garen kazetariok ezin izan dugu gadafisten aldea ezagutu. Ezinezkoa zen eurekin frontera joatea, ezta kazeta lan independente bat egitea ere euren artean. Honela, gerraren "lubaki" bakarra ezagutu dugu kazetariok.

13

G. Kaixo Karlos! Ez al dizu bilurrik emoten gerra batera joateak? Eta handik itzuli ostian hangoa ezin ahazteak? tiko

E. Beldurra nirekin dator beti, huraxe baita nire burua babesteko tresna nagusia. Aipatzen duzun emozio-zama ere hor dago. Txarra da arriskuarekin ohitzea, eta ezinezkoa (nire kasuan behintzat) ikusitako sufrimendua ahaztea.

12

G. Zein izan dira zure ustez Libian nazioarteko interbentzio militarra ematea eragin duten faktoreak? Mikel

E. "Populazio zibila babestea" Gadafi agintetik botatzeko aitzakia hutsa bilakatu da. Hilabeteotan denok jabetu gara NATO errebeldeen aire-indarra bilakatu dela.

11

G. Aupa Karlos, Libiatik egin duzun lana zenbait jendek gogor kritikatu zuen eta NATOren propaganda egitea ere leporatu izan dizute. Zer esango zenioke jende guzti horri? Lander

E. Bai, zaplasteko ugari jaso ditut azken hilabeteotan... Dagoeneko mila bider onartu dut matxinoekin egindako lana izan dela nirea, hortaz, nekez konta dezaket besterik. Edonola, NATOren biktimak ere topatu ditut, bai eta jazarpena jasandako beltzekin, besteak beste. Denborarekin konturatu gara iraultzak alde ilun ugari dituela eta ni, ahal dela, hauek salatzen saiatu naiz.

10

G. Ikusten al duzu Gadafirekin Bin Ladenekin gertatu zena errepikatzeko arriskua? Non uste duzu dagoela Gadafi? Edo hobeto esanda, non uste duzu hartuko dutela? amazigh

E. Oker egon naiteke baina susmoa daukat Gaddafi Libian dagoela oraindik. Edonon egonda ere, anekdota hutsa baino ez da egun, Libiako gobernu berria Tripolin baitago jada, eta nazioarteko ia onespen guztiekin.

9

G. Zure lana jarraitzen det The Diplomat, Deutsche Wellen eta oraingo hontan Berrin. Ea aukera gehio daukadan nire euskara kaxkarra pittin pat hobetzeko zurekin Berrin.Nire galdera zera da, ba al dezu projektu berririk? Yemen, Argelia, Libia, Txetxenia, Daguestan..... zerrenda luze bat badago...... aparte daude herri hauek , baina mundu global hontan oso gertu, gure "atzeko patioan" amerikarrek dioten moduan.(backyard) Joxepi

E. Oso ondo diozun bezela, gertu dira herrialdeok gure mundu global honetan. Bertan gertatzen denak zerikusi zuzena du gurean, bai eta alderantziz ere. Tamalez, era askotako oztopoak daude bidean: Yemenerako ezin bisa lortu eta berdin Siriarekin; Aljeriara joan nahi baina "kolokatzeko" zaila. Afganistan maite dut baina berarekiko medioen interesa asko apaldu da... Txetxenia aspaldiko ametsa da eta joatea espero dut datozen hilabeteotan ("kolokatzen" ez badut ere).

8

G. zaia egin al zitzaizun berbereen konfifantza lortzea zure lana egiteko? Idoia

E. Erraza oso! Libian topatutako berbere nahiz arabiar gehienak irrikitan zeuden euren istoria jakinarazteko. Pentsatu behar duzu egungo libiarrek apenas ikusi dutela atzerritarrik azken hamarkadotan (ezta lehenago ere). Kaleko jendeak pozarren hartu nau Libian eta erraza bezain gustagarria izan da bertan lan egitea.

7

G. Libian sharia ezartzea zer iruditzen zaizu? Hori eskatzen al zuen jendeak han? michelle

E. Libian lehen hauteskunde askeak izan arte, nekez jakingo dugu zein den herriaren aldarrikapena. De facto gobernu berriak islamismorako joera islatu badu ere, Turkiako islamismo moderatua omen du eredu. Egia da muturreko islamaren hainbat jarraitzaile daudela gobernu berrian. Edonola, denek ederki asko dakite ez dela hura egungo arabiar gazteen nahia.

6

G. Aupa Karlos, Iraketik eta Afganistandik ere jarraitu zaitut eta jakingurak jota nago: Iran bi herrialdeon erdian dagoenez, zenbaterainokoa da Teheranen eskuhartzea bi gatazkotan? Eskerrrik asko! Jullen

E. Zerorrek esan duzu, erdi-erdian! Imajina ezazu, halako batean, atzerriko potentzia batek Mexiko eta Kanada inbaditzen dituela. Zer pentsatuko luke Washingtonek? Hainbatetan entzun dut Iraken "estatubatuarrek borrokatu eta Iranek irabazi duela", hain da handia Teheranen presentzia Iraken. Bagdadeko hainbat gobernukidek bi pasaporte dituzte: irakiarra eta irandarra. Al Maliki lehen ministroak gero eta harreman estuagoa dauka Teheranekin eta gobernua osatzeko alderdi "bisagra" Moktada al Sadarrena da, Iranen ayatola izateko ikasten ari denarena, hain zuzen. Aldi berean, Iranek ekonomikoki ere mendean hartu du Irak, bere hornitzaile nagusia bilakatu delarik azken urteotan. Afganistango kasuan Iranen esku-hartzea ez da hain nabarmena baina ezin ukatu Teheranek ez duela denbora galdu bere ekialdeko mugetan. Xiita ere den hazara komunitatearekin harreman estua du Teheranek, eta gero eta handiagoa talibanekin. Azken hauek, suniak izan arren, AEBen kontra borrokatzen ari dira. "Etsaiaren etsaia laguna dut" leloari eutsiz, Teheranek armez hornitu ditu talibanak azkeneko urteotan. Esku-hartzea handia ote? Jakina, bai eta ulertzekoa ere!

5

G. Izar asko al daude gerra kazetari mundu horretan? Erraza al da 'tribu' horretan sartzea? mahmud corinthia

E. Toki guztietan bezala, "izarrak" eta langile fin eta zintzoak ere badira mundu honetan. Batzuen egoa erraldoia izan arren, berehala atzematen da zeinek egiten duen lan profesional bat eta zeinek suziriak besterik ez. Bestalde, ez dut nire burua ikusten tribu baten kide bezala, nahikoa lan baitaukat nire erreportaiak handik eta hemendik kolokatzeko.

4

G. Nola ikusten dute hor NATO? Jende xumeak esan nahi dut. Nora begira daude orain, Europari, Arabiar herriei? Non kokatzen dira ala orain shock batean daude? Endrike

E. Libian lanean hasi nintzenetik matxinoen artean eman dut denbora gehien. Jakina, NATO miresten dute, huraxe izan baita euren garaipenaren gakoa. NATOren bonbardaketen hainbat biktima ezagutzeko parada izan nuen eta, normala denez, beste modu batean ikusten zuten koalizio militarra. Nora begira dauden libiarrak? Bada gobernu berriak Turkia omen du eredu. Jakin beharko genuke, baina, zenbateraino ordezkatzen duen aginte horrek egun libiar herria, bere osotasunean...

3

G. Gaddafi, oraintxe arte Libiako agintari edo mandatari zena komunikabide guztientzat, bapatean diktadore bihurtu da, edo dute. Zer iruditzen zaizu komunikabideen joera hori? Xabi

E. Komunikabide zintzo asko egon arren, batzuen joera oso lotsagarria izaten da. Zergatik "askatasunaren aldeko borrokalaria" atzo eta "terrorista" gaur (Afganistango talibanak kasu)? Zergatik "al Kaedako kide" duela hilabete batzuk baino ez, eta "Transizio Kontseiluko agintari militarra" gaur (Abdulhakim Beljaj)? Horren aurrean "gobernua" eta "oposizioa"-z hitz egiten dut nik beti, Iraken, Afganistanen edo Libian egonda ere.

2

G. Ematen al du, gaur egun, zuk egiten duzun kazetaritza mota horrek bizitzeko aina? Beste lan motaren batekin osatzen al duzu soldata edo erabat kazetaritza modu honetaz bizi zara? Mila esker. Andoni Lubaki Andoni Lubaki

E. Kaixo, Andoni. Lau urte besterik ez dut eman mundu honetan eta onartu beharra daukat ez dela erraza izan tokia, txokoa, aurkitzea bertan. Argi dago norberak bere trebeziak dauzkala eta, nire ustez, hauek ustiatzean dago gakoa. Batzuk multimedia kazetari peto-petoak dira, idatzi ez ezik, ikus-entzunezkoak ere jorratzen dituztenak. Tamalez ez da hori nire kasua, beraz, nazioarteko medioetara jo dut nik, konplexurik gabe. Zaila bezain nekagarria gertatzen zait euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez idaztea baina, momentuz. hauxe da kazetari independente gisa aritzeko nire "sekretua".

1

G. afganistan, irak, kurdistan, balutxistan... mapan kokatzen lagundu diguzu medio desberdinetan agertutako kronika eta artikulurekin. Nabarmentzekoa da batipat "ekialdea" eman diguzula ezagutzera. zerk eraman zaitu lurralde horietara? eta nondik, esan badaiteke, igorriko dizkiguzu zure ondorengo artikuluak? jagon eta atseden hartu lagun! ibaizabal

E. "Zergatik ekialdea?", edo, beste batera esanda, "zergatik ez Hego Amerika, Asiako hego-ekialdea edo, besteak beste, Afrika?". Egia esan, ezingo nizuke azaldu zergatik hau eta ez besteak. Argi dago norberak bere filiak eta fobiak dauzkala eta, nire kasuan behintzat, lehenengoak oso nabarmenak dira. Galdera potoloa eta eskasa oso erantzuna... Barkatu!