Azken elkarrizketa

Joxean Agirre

Joxean Agirre

Eleak-eko kide eta Euskal Memoriaren koordinatzailea

2011-11-07 - irakurri elkarrizketa osoa

Eskubideen arloan lan egiten du Joxean Agirrek. Azken aldian Eleak eskubide zibil eta politikoen mugimenduan eta Euskal Memoriaren Fundazioan nabarmendu da.

 Erantzundako galderak

11

G. Elkarrizketa digitala amaitu da. Eskerrik asko Joxean Agirreri galderak erantzuteagatik, eta eskerrak galderak egin dituzuenoi ere. Hurrena arte. BERRIAK.INFO

E. Eskerrik asko Berriari, argia egiten laguntzagatik. Eta bereziki galdera luzatu duten pertsona guztiei.

10

G. Zer paper jokatu beharko lukete biktimek, guztiak, zure ustez Euskadiren etorkizunean? Estimatzekoa da zuen lana, baina biktima guztien kopurua emateko balio izateaz gain, zertarako balio du gero? Mila

E. Kaixo eta esker mila, Mila. Etorkizunari begira biktimen papera soziala izango da bereziki, eta ez politikoa. Izan ere, egi osoaren aitortza eta pairatu dutena berriro beste inork sufritu ez dezan ahaleginduko dira gehienak, mendeku gose edo interes politiko jakinen atzean ez dabiltzanak (gehienak, nire ustez) behinik behin. Etorkizunari dagokionez, klabe politikoetan saretuko da, eta Herriak libreki erabaki beharko du, eta beste tutoretzarik ez da onargarria izango, azken finean, senide bat galdu izanak, izugarri sufritu izanak ez dio norberaren uste, proiektu eta jarrera politikoari balio erantsirik ematen. Gu ez gara, gure aldetik, gatazkaren ondorioz sortutako inolako biktimaren izenean aritzen. Ezta arituko ere. Hasieran esan bezala, gure lana herri memoria, memoria bizia, astindu, bildu eta argitara ateratzea da. Beste protagonista mota dira errepresioaren ondorioz hil edo kalteturiko pertsonen senideak edo hurkoak. Haiek ere hartuko dute hitza. Ziur naiz.

9

G. Kaixo. Argentinan militar eta polizia asko kartzelan daude diktadura garaian giza eskubideen urraketa larriak egiteagatik. Ikusiko al dugu hori hemen estatuen biolentziaren arduradun zuzenekin? usurbilgoa

E. Aupa usurbildarra. Bestelako justizia eta indar korrelazioa behako genituzke, baina auskalo. Edozein modutan, oraingo honetan egi osoa, gertatutako eskubide guztien bortxaketa aitortu eta arindu, eta halakoak berriro gerta ez daitezen BERMEAK lortzearekin nahiko lan. Irlandan eta Hegoafrikan bezala, guztiontzako demokratikoa den egoera eta eszenatoki berri batean aritzea dugu premiazko heburu, eta hortik aurrera: Herriari hitza eta erabakia, bai ardura horiek argitze eta garbitze kontuetan ere.

8

G. Elekziņuak PPk irabaziko dituela emoten dau. Horrekin gatzagoa ikusten al dozu etorkizune? Luzio Aldekoa

E. Egunon Luzio. Nork daki! Etorkizuna, dena den, ez da Rajoiren esku egongo, orain artekoa bere aurrekarien meritoa edo emaitza izan ez den bezala. Euskal Herriak dauzka aukera eta erronka bide berri honi ekiteko, eta PP edo PSOErekin izan, erakusten ari garen indarra, irudimen eta grinarekin bide luzea eta oparo honek fruituak emango ditu. Gure indarra da gakoa, eta horretan sinestea, bidea.

7

G. Egunon. Uste duzu ezker abertzaleak, erakunde armatuak eta politikoek, onartu egin beharko luketela eragindako mina? joxe

E. Egunon Joxe. Eragindako minaren erreparazioa gauzatzeko, denek eta bakoitzak egin dutenaren aitortza ezinbestekoa da. Indarkeriaren eta bere ondorioen erantzukizunak askotarikoak dira, baina alde bakar batek aitortu du egindako guztia: ETAk agiri bidez hartu du bere gain bere jardun armatuaren ondorioa, akatsak eta nahi gabekoak barne. Honek ez du mina baretzen ezta ardura gutxiagotzen ere, baina aitorpena bada. Estatuek, alderdi gehienek, indar polizialek, ordea, ostrukarena egiten jarraitzen dute, Basagoitik egindako adierazpenak lekuko: "ETAk 850 pertsona hil ditu; Espainiaren aldekoek inortxo ere ez". Egondako biolentzia guztiaren ezagutza eta aitortza eraiki behar den elkarbizitzarako eta demokraziareko marko berriaren ardatzak izango dira. Bakoitzak hel diezaiola bere ardurari.

6

G. Espainiarentzat mugimendu deserosoa bihurtukoa al zarete? Batez ere Euskal Memoria mirari l.

E. Kaixo Mirari. Ez dakit deserosotasun puntturen bat eragin ote diogun inori. Norbaiti eragitekotan, estatuei. Nolanahi ere, dela egi osoaren mapa osatu eta ezagutaraztea, dela marko demokratiko bat lortu arte eskubide urraketa salatzea, bi osagai dute amankomunean: herritarren ekimena izatea, eta parte hartzea eta elkarlana sustatzea. Biak dira Herri honi hainbeste ate zabaldu dion Herri Mugimenduaren dohaiak. Hori da gure ibilbide-orria.

5

G. Joxean, ez duzu uste beharrezkoa dela, tortura esta beste espainiko sarrazkiak eta razziak, nazioarteko auzitegi batera eraman behar dugula? (barkatu nire e.berriko idazkera...) Kemen

E. Kaixo Kemen. Agian bai, baina erabaki horiek hemengo eragile zein instituzioek baloratu eta egikaritu beharko dituzte, hala erabakiz gero. Gure aldetik, Nazioarteko Harreman Taldea delakoaren esku jarri berri ditugu jasotako datu eta informazio guztiak, errealitate jakin baten ondorio hauek (estatuen ardurapeko edo estatuak isilarazi nahi dituenak) argitara eramateko. Horrez gainera, gure etxeko ateak zabalik daude, bai herritarrentzat bai, elkarlanetik jardun nahi izanez gero, instituzio guztientzat.

4

G. Eipa. Zergatik dira estatuaren biktimak lehergailua prestatzen ari ziren bitartean hildako ETAko militanteak? Eskarrik asko. Ixabel

E. Kaixo Ixabel. Aurreko erantzun batekin gure irizpidea garbi geratu dela uste dut, hala ere, sakonduko dut argibideetan. Gatazkaren ondorio diren heriotza guztiak eta hilketa guztiak dira egin beharreko ikerketa lanaren osagaiak, ezeren biktima diren ala ez ezbaian jarri gabe. Horren ezean, kasuistika eta balizko argudioak ugari eta nahasgarriak izan zitezkeen. Adibidez, zer dela eta da terrorismoaren biktima ikurriņa kentzera joan eta elektrokutatu zen guardia zibila? Adibide asko jar daitezke, gisa berekoak. Garrantzitsuena da EGI OSOA ezagutzen lagunduko gaituen zintzotasun eta doitasun dokumentala erabiliz, gatazkaren zurrunbiloan gertatu den guztia eta sorturiko giza kalte eta sufrimendu osoa ikusi eta ezagutaraztea.

3

G. Kaixo Agirre jauna. Zorionak egiten ari zareten lanagatik. Zer diferentzia daude Euskal Memoria eta Argituz taldeen artean? Biak esparru berean ari zarete lanean. Lander

E. Eskerrik asko, Lander. Esparru berean jardutea ez du esan nahi gauza bera egiten dugunik. Euskal Memoriak dokumentazio eta dibulgazio arloetan egiten du lan, guk geure memoria kolektiboaren fruituak hartu, landu eta jakitera emateko helburuarekin. Horrez gain, herriz herriko sarea josten ari gara, informazioa, testingantzak, datuak eta abar herri ikuspegitik (auzolanean) jasotzeko, memoria kolektiboaren mapa soilik hemeroteka, liburutegi eta adituen irizpideetan ez oinarritzeko. Argituzen ekarpena, zinez garrantzitsua, beste parametrotan gauzatzen ari da.

2

G. Aitor Zabaleta sartu dezue estatuen biktimen zerrendan. Badakigu zer pasa zen eta zer inpunidade dagoen horrelakoetan, baina estatuaren biktima izendatzea ez al da kalterako, ez al du desbirtuatzen zerrenda? Zalantza bera sortzen zait niri bonba bat jartzen ari zirela esku artean lehertu zaielako ETAko kideak estatuaren biktimen zerrendan sartuta. Lander

E. Kaixo Lander. Sarri gertatzen zaigu estatuaren biktima eta gatazkaren ondorio diren pertsonen eta kategorizazioen arteko nahasmena agertzea; guk ekidin nahi dugun nahasketa, alegia. Aitor Zabaletaren heriotzak testuinguru politiko jakina eta garbia dauka, ez da futbol zaleren arteko liskar baten ondorio hutsa. Euskaldunen kontra bolo-bolo zabaldutako gorrotoaren eta faxisten inpunitatearen ondorioa da guretzat, eta horrek arduradunak ditu. Bonba jartzen ari ziren ETAko kideen heriotzak aintzat hartzerakoan gatazkaren ondorioak direla azpimarratu nahi dugu bakarrik, Herri honetan egon den (eta baden) sufrimenduaren erakusleak direla, finean. Gauza bat da biolentziaren ondorioen erradiografia osoa egin nahi izatea eta beste bat, oso bestelakoa, biktima gisa hartzea. Dena den, ETAk hildakoen artean (edo ez, denetarik baitago zerrenda ofizialetan) biktimazio mailako kontsiderazioak egingo balira? Gu ez gara joko horretan sartuko, inolaz ere.

1

G. Aupa Biktimen zenbaketa egiterakoan, indar espaņolistek 1958 urtera arte egiten dute atzera beraien biktimak zenbatzeko,frankismo garaietara hain zuzen ere. Euskal Memoriak ateratako biktimen zerrendan 1960 urtetik aurrera egin duzue zenbaketa, zergatik ez zarete hasi zenbatzen 1939 urtetik edo 1936 urtetik aurrera,gutxienez dauden datuekin behintzat baina data hori azpimarratuz, hau da,frankismo garaietako hastapenetatik edo Espainia defendatzen dutenak hiltzen hasten direnetik eta ez espaņolistei interesatzen zaien datatik? Baduzue asmorik halako zenbaketa egiteko? Eskerrik asko Ibai

E. Kaixo Ibai. Arrazoi duzu, ugari ziren dokumentazio lana egiten hasteko epealdi historikoak eta guk hautu bat egin genuen, azken 50 urteetako erradiografia egitearena, hain zuzen. Biktimen elkarte gehienek 1968. urtea hartzen dute abiapuntu, ordea. Gu atzerago joan ginen independentismo garaikidearen sorreraren erreferente nagusia hamar urte lehenagokoa zelako, eta orduz gerotzik errepresioak egundoko eragina izan zuelako. Dena den, hura izan zen gure lehen ikerketaren emaitza (1960-2010) eta hurrengoetan beste garai eta epealdi ezberdinei errparatuko diegu: frankismo amaigabea, torturaren errealitate transbertsala, etabar... Urtero urtero gai bati helduko diogu, memoria kolektiboaren mosaikoa osatze aldera.