Azken elkarrizketa

Gorka  Urbizu

Gorka Urbizu

Berri Txarrak-eko abeslaria eta gitarra jotzailea

2011-11-14 - irakurri elkarrizketa osoa

Berri Txarrak taldeak disko berria aurkeztuko du hilaren 21ean: Haria. Hirukoaren zazpigarren diskoa da, eta hamabi abesti izango ditu, horietako bat, Albo-Kalteak. Gorka Urbizuk irakurleen galderak erantzungo ditu.

 Erantzundako galderak

39

G. Oraindik galdera asko dauden arren, elkarrizketa amaitutzat eman behar dugu. Eskerrik asko Gorka galderak erantzuteagatik eta eskerrak galderak egin dituzuenoi ere elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik. BERRIA.INFO

E. Plazer handia zuen galdera mordoa jasotzea eta ahal izan dudan neurrian erantzutea. Eskerrik asko BERRIA.INFO-ri aukera emateagatik eta zaletuei besarkada bana. Zuzenekoetan ikusiko dugu elkar. Eppur si muove!

38

G. Egun on Gorka. Garai batean kanta dezente egin zenituzten errima askoko letrekin, ia-ia rap estiloa ziruditenak (nahiz eta musika rocka izan): Betiko leloaren betiko leloa, Biziraun, Libre ©, Soberan... Disko berrian edo etorkizunean horrelakorik berriz entzungo al dugu? Eskerrik asko eta segi horrela. beste bat

E. Momentu honetan melodian sakontzea eskatzen dit senak. Uste dut hor badagoela non sakondu eta disko berrian beharrizan hau agerikoa dela esango nuke. Hip-Hop zalea banaiz, baina egun, hiruko formatu honekin gainera, ez dakit toki handirik duen.

37

G. Aupa Gorka! Jakin nahiko nuke ze anpli eta gitarra mota erabili dituzun "Haria" diskaren grabaketan. Baita erosi dituzun pedalera berriak. Eskerrik asko! Ruben

E. Gitarra bakarra erabili dut, bertan zeukaten Yamaha bat. Anplifikadoreak: BOX bat, Peavey 5150, VHT... eta pedal piloa.

36

G. Badakizu zertan dabiltzan zure taldekide ohiak. Musika egiten jarraitzen dute? mikel (urnieta)

E. Beste kideek eszenatokietatik aldentzea aukeratu zuten eta momentuz behintzat bizitza "normala" daramate, hori esateak zentzurik badauka behintzat.

35

G. Zein da zure Nirvanaren abesti gogokoena? Iker Reiriz Akarregi

E. Uff... hainbeste esango nituzke... Breed?

34

G. Gogoan dut Ibarran inork ezagutzen ez zintuztetenean, maketa entzun eta gaztetxean jotzeko proposamena egin genizuenean, geroztik hainbat aldiz jo duzue bertan, herri kuttuna izan dela aipatu izan duzue, zerk du Ibarrako gaztetxeak berezitik? Nola oroitzen dituzu hastapeneko kontzertu haiek? Zer aldatu da ordundik hona? Inigo

E. Ibarra beti izango da berezia, hain zuzen ere horrexegatik, hasiera-hasieratik interesa izan zutelako gure musikarekiko eta aukera eman zigutelako bertan jotzeko. Horretaz gain, Azo gure gidaria bertakoa da eta gizon handia da Azo! Ordutik aldatu dira taldeak duen oihartzuna eta kideak, baina ilusioak bere horretan dirau.

33

G. "Zertarako amestu" dokumentala atera zenutenetik bidai, esperientzia, mugimendu, mugarri eta aldaketa asko izan ditu taldeak. Uste dut DVDak taldea hobeto ezagutzen lagundu zigula, ikuspegi gertuago batetik. Ikus-entzunezko berriren bat egiteko aukera kontenplatzen duzue aurre begira? Demonocrazy

E. Momentuz ez. Guk kamaratxoa beti aldean eramaten dugu eta ari gara materiala pilatzen, baina batek daki noiz eta nola ikusiko duten argia (inoiz ikusiko badute).

32

G. Aupa Gorka: Hitz batez definitu zure musika estiloa mesedez Beste kontzertu bat batu arte ( plateruenan katamolerik ziur aski) agur bero bat Lander lander diego

E. BTX rock taldea da. Rocka bizitzeko modu eta jarrera bat bezala ulertua. Hortik aurrera, estilo ezberdin askotatik edaten dugu.

31

G. kaixo Gorka! agian azkarregi noa baina tira! albo kalteak abestian, simo edo ekusimo diozun zerbait entzuten dut, diska atara eta gero letra irakurri eta zer den obeto enteratuko naiz, baina esan dezakezu zer esan nahi duen hori? eskerrik asko! unai unai

E. Uste dut "Eppur si muove" esaldiari buruz ari zarela. Galileori egozten zaizkion hitzak dira, wikipedian bila dezakezu informazio gehiago nahi izatera.

30

G. Kaixo Gorka! Orain Bartzelonan bizi naiz eta hemen diska berriaren presentazioa egingo duzuela entzun dut. Nolakoa izango da presentazio hori? Monika

E. Disko sinaketa bat egingo dugu FNAC-en eta hiruzpalau kanta joko ditugu, showcase moduan.

29

G. Aupa Gorka! Askos katamalori buruz galdetu dizute, baina Peiremans bizirik al dago? Ba al duzue intentziorik inoiz bueltatzeko? Pixko bat busti zaitez ta kontaiguzu zeri buruz solasten duten disko berriko kantak Asier

E. Peiremans-en bakteria hortxe dago, inkubatzen. Auskalo zer gertatuko den. Gauza da kideen artean oso harreman ona dagoela eta barruak eskatzen badigu eta agendek uzten badigute, nork daki? Orain, dena dela, "Haria" da nire lehentasuna.

28

G. Kaixo Gorka, Noiz hasiko da Euskal Herritik zehar zuen gira? Jasone eta Olatz

E. 2012ko Otsailean ekingo diogu bira berriari.

27

G. Zeintzuk dira Ross Robinsonen diskografiagatik gehien gustatzen zaizkizun bost diskoak?

E. At The Drive-In "Relationship Of Command"; Sepultura "Roots", Slipknot "Slipknot", Korn "Korn", Glassjaw "Everything You Wanted To Know About Silence".

26

G. Musikatik bizi nahi duen bati zer gomendatuko zenioke, ikasketa arautuak egitea ala lokalean sartu eta autodidakta gisara bere nortasuna bilatzea. aitzol aranburu

E. Bigarren aukera ezinbestekoa da, alegia lokalean sartu eta dedikazio hori. Orain, nire kasua esango dizut: solfeoa eta abarrak oso ondo etorri zaizkit eta zorretan nago izandako irakasle guztiekin. Gitarra eskolarik ez dut sekula jaso.

25

G. Kaixo Gorka! Aita-amekin, arreba/anaiekin, lagunekin, neskalagunarekin,... zein hizkuntza darabilzu? zein da zure ama hizkuntza? Eider

E. Ama eusaldunberria dut eta aita euskaldunzaharra. Etxean euskaraz egin izan dugu beti.

24

G. Aupa Gorka!! Zergatik aldatu duzue disketxez? Zer suposatzen dizue aldaketa honek? Zorte galanta opa dizuet! Ikusi arte! Jon

E. Iritsi zen momentu bat non taldeak atzerrian egiten zuen jarduna ez zetorren bat GOR-enarekin. Betidanik gure etxea izan denarekin harreman ezin hobea daukagu, baina argi ikusi genuen denok saiatu behar ginela beste zerbait probatzen. Halere, diskogintza hankaz gora dago eta alde horretatik garai nahasiak egokitu zaizkigu. Disketxea plataforma huts bat da gaur egun, kanpoan egin dugun bide guztia guhaurk egindakoa da, inongo disketxeren laguntzarik gabe. Disko berria Bartzelonako Kaiowas Records-ek aterako du. Zigiluaren atzeetik dagoen pertsona da inporta zaiguna eta alde horretatik pozik gaude.

23

G. Aupa hi! Entzunda daukat Euskal Filologia ikasten ari ziñela... bukatuta? Musikarekin erlazionaturik ez dagoen beste zerbait egiteko/ikasteko asmorik?? Mila esker eta egurra! aitor

E. Magisteritza ikasi nuen bere garaian eta orain filologian ari naiz, bai, afizioz. Ez zait gehiegi falta baina nire lehentasuna musika da eta lanak ditut unibertsitaterako denbora ateratzeko.

22

G. Euskal Herriko musika panorama nola ikusten dezu? Beti gustatu izan zaizun talde edo bakarlari bat? Azken aldian arritu zaituenen bat? Eta gustatzen ez zaizun bat? eskerrikasko. Ander

E. www.musikazuzenean.com webgunea bisitatuta ikus dezakezu aukera zabala dela, nahiz eta gero ikusi beharko litzatekeen publikorik ba ote dagoen denentzako, beharbada ez. Nire komunitatea da musika entzun, goxatu eta maite duen hori. Lisabö lehendabizikoz entzun nuena ez dut sekula berriz bizi izan. Autoan nindoan eta bide bazterrean geratu behar izan nintzen hura guztia asimilatu ahal izateko. Steandhal sindromea edo halako zerbait nozitu nuela uste dut.

21

G. Kaixo Gorka, zu lekunberritarra eta euskal hiztuna izaki: zer iruditzen zaizu Nafarroa Garaiko gobernuak euskarari dagokionean aspalditik duen jarrera? Napartheid

E. Askotan gu hiztunok gara hizkuntza zapaltzen eta baztertzen lehenak. Lekunberri bera ez da oso herri euskalduna, erabilpen aldetik arazoa errotua daukagu oso. Nafarroako Gobernuari buruz, zer esan, aurretik esan ez denik? Munduan ez da izango beste gobernurik bere ondarea halako mespretxuz tratatzen duenik. Lotsagarria da. Zer eta navarrismo ofizialaren izenean.

20

G. disko berriko zein kanta gustatzen zaizu gehien? nolatan jarri diozu izen hori? miren

E. Ezingo nuke kanta bat eta bakarra aukeratu. Diskoan gauza piloa gertatzen dira eta bakoitzak badu berea, ez dago betelanik. "Iraila", "Haria", "Makuluak"... badago kanta berezi bat baino gehiago nire ustez. "Haria" izenburu irekia da. Hitz egiten du garaiotan bizi dugun fragilidadeaz, harremanetan zein ideietan, hitz egiten du iragana eta etorkizuna lotzen dituen hari horretaz, aurrera egiteko bidea topatzeaz, hitz egiten du orekaz, hitz egiten du gurea bezalako kultura anormal batean transmisioak duen garrantziaz...

19

G. Ameriketan grabatu eta jo eta gero, zein izan da hango jendarteak, publikoak helarazitako sentsazioa? Inperio horren pean bizi diren estatubatuarrek aurreiritzirenbat lausotu al dizuete? Kun Kurani

E. Herrialde bakoitzak bere kontrobertsiak bizi ditu, baina AEB-tan askotan ematen du hori beste tokietan baino nabarmenagoa dela. Venicen sekulako etxezarrak ikusi ditugu, Porscheak eta enparauak, baina aldi berean homeless piloa zebilen kalean lotan, halako "American Dream" inposible bat osatuz. LA-ri badario plastikozko, silikonazko zera bat, eta azkenerako nekagarri egin zitzaidan. Chicago eta NY-rekin, aldiz, maiteminduta geratu nintzen.

18

G. Aupa Gorka, dauzkazun gitarra guztietatik bat aukeratu beharrekoan, zein izango litzateke eta zergatik? David López

E. Explorer Gothic beltza nire gitarra berezienetakoa da zinez. Iruditzen zait gainera, jendeak nolabait identifikatu egin duela gitarra hori BTX-en iruditeriarekin. Horretaz aparte, etxetik oso gutxitan ateratzen dudan 64ko gitarra bat daukat, Chicagon denda zahar batean lortu nuena eta kariño berezia diodana.

17

G. Aupa Gorka! Beharbada jasoko duzun galderarik leloena izango da hau, edozein abeslariri galdetu diezaiokedana... Zein da abesti baten doinua sortzeko lehen pausua? Doinu berri bat sortzen saiatzen naizen bakoitzean, iada existitzen direnak etortzen zaizkit! Eskerrik asko zuen musikagatik eta euskara mundu guztian barrena zabaltzeagatik! Kontzertu baterarte! :) Ibai

E. Ni pertsonalki, melodiatik hasi baino, akorde segida eraikitzen saiazen naiz. Riffa daukadanean hasten naiz buruko zurrunbilo hori ordenatu nahian. Akorde segida horren gainean mila melodia ezberdin egin nitzake, eta berez aukera bat baino gehiago izan ohi dut, letraren metrikak behartuta zenbaitetan. Dena den, %99tan, hasiera-hasieran etorri zitzaidan melodia hori da azkenean abestira doana. Lehenego bulkada horretan asko sinesten dut.

16

G. Hainbeste proiektu gainean eramanda (katamalo, peiremans eta berri txarrak) nondik ateratzen duzu denbora denekin konposizio lanak egiteko eta era berean entseguetan parte hartzeko??? Beñat Huizi

E. Hori bera galdetzen didate etxekoek! Gustuko bidean aldaparik ez, esaten den bezala. Iritsiko da eguna gorputzak atseden hartzea eskatuko didana, baina momentuz, sortzaile naizen aldetik, gustura nabil taula gainean eta jende ezberdinarekin jotzen.

15

G. Zein da konposatu dituzun diskoetatik zuretzat garrantzitsuena edo kuttunena?Zer diozu duela hilabete batzuk hedoi etxarte Argiako kazetariak egindako kritikari buruz?ongi segi Gorka eta jarraitu egurra ematen.Eppur si mouve!!!!! mikel

E. Bakoitza bere garairako aproposa ikusten dut, nahiz eta beti ikusten diozun akatsen bat. Bat aukeratzekotan beharbada "Jaio.Musika.Hil". Hedoirena elegantzia gutxiko testua iruditu zitzaidan. Ziurrenik Zizeki buruz asko jakingo du, baina argi utzi zuen euskal rockean ibilbide profesional bat egiteaz ez dakiela gauza handirik. Artikulo batetik lezioak ematea beti iruditu zait arriskutsu eta pedante xamarra, baina norbera aske da iritziak botatzeko, nola ez.

14

G. Aupa artista!! Kontzertuetarako "setlist"a egiterakoan, nahiago izaten duzue zeuen gustuko abestiak gehitzea ala irratian entzunenak izan direnak asko hartzen al dituzue kontutan? Zer nahiago, bestalde? Irrikitan Beñat

E. Geroz eta zailagoa egiten zaigu zerrenda osatzea. Pentsa 7. diskoa izango dela hau, eta normalean kanta berriak jo nahi izaten ditugula. Gertatzen da pixkanaka ezinbestekoak diren kantak daudela eta horiei ere lekua egin behar zaiela... oreka bilatu behar da nolabait, baina horretan apur bat gurekoiak izan ohi gara; alegia, gorputzak eskatzen diguna jotzen dugula eta kontzesio gutxi egiten ditugula. Zerrendak kontzertua hasi eta 30 minutu lehenago prestatzen ditugu.

13

G. Oraindik diska kaleratu ez baduzue ere, baten batek entzuteko aukera izan omen du. (hori esan zuen Katamaloren kontzertuan nire atzean zegoen batek). Haren kautan, Berri Txarrak zaleoi zail egingo omen zaigu diska berria ulertzea, gainontzekoetatik oso ezberdina baita eta ohituta gauden Berri Txarrakekin ez baitauka zerikusik. Elektronika sartu omen duzue eta 7.kantutik aurrerakoak oso lasaiak omen dira. Adin kontua edo aro berri baten hasiera? Bilboko Fnacen ikusiko dugu elkar! sorgintxu

E. BTX talde organikoa izan da beti eta hala jarraituko du, diskoan ez dago elektronikarik, bateria, baxua, gitarra eta ahotsa besterik ez. Hori bai, gitarra pedalak sekula baino gehiago erabili ditugu eta Payolarekin alderatuta, soinu geruza gehiago daudela aurreratu dezaket. BTX-en zaleak BTX-en disko bat entzungo du hemen, dudarik ez horretaz. Beste aurrerapausu bat eman duen BTX bat, halere.

12

G. Hariaren grabaketaren ondoren, zein emozio berri sentitzen dituzue? Iker Reiriz Akarregi

E. Disko bat amaitzean beti duzu sentsazioa nolabait distantzia behar duzula behar bezala baloratzeko. Bada, disko honekin sentipen hori are indartsuagoa da. Aldi berean, disko batzuek aurrekoei ere eragiten dietela uste dut, eta "Haria"-k jendeak "Payola"-ri buruz zuen ikusmoldeari eragingo diola uste dut. Gu kutsatuegi gaude diskoa fresko dugulako eta grabatu berri, baina bai, sentsazio onak dauzkagu, eta Rossekin bizitakoa ez dugula sekula ahaztuko ere esan dezaket.

11

G. Nola ikusten duk gure herriak orain bizi duen aro itxaropentsu hau? Lasai, etzak erantzun eh, broma duk eta. Orain serio: Oraindik estatuan kontzertuak emateko zailtasunik ba al duzue? Liztorra

E. Espainian muturreko eskuinak presio ahalmen nabarmena dauka eta hauteskunde hauetan, aurreikuspenak betetzera, oraindik ere presio handiagoa izango da. Alde horretatik ez daukat esperantza handirik, kultura demokratikoan bide luzea geratzen dela uste dudalako. Egoera berria? Diskoan bada "Lehortzen" izeneko kanta bat, The Wire telesailetik ateratako esaldi batekin: "Astiro doa lehortzen urmael sakona zena. Arrainak urduri daude". Horixe ba.

10

G. Aupa Gorka! Ez da koipea emateagatik, baina argi dago euskaraz kantuen letrak egiten ez duzula parekorik. Artista handia zara horretan. Pentsatu al duzu inoiz libururen bat idaztea? Seguru ez zenukeela batere gaizki egingo. katxalot

E. Eskerrik asko. Saiatzen naiz letrak zaintzen, nahiz eta uste dudan tarte handia dagoela oraindik hobetzeko eta batez ere, neure burua ez errepikatzeko. Poesia lehiaketa pare bat irabazi ditut, baina uste dut idazle izateko nireak ez diren beste dohai batzuk behar direla. Ur sakonegiak dira niretzako, gaur egun behintzat. Etorkizunean auskalo, momentuz nahiago irakurlearen aldean mantentzea.

9

G. Epa Gorka. Uste dut Berri Txarrakek hasieratik gaur egunera arte euskal herritar gazteok bizitzen ditugun ezin, min nagusiak adierazi dituzuela gitar eta letra kolpez. Zer dakarguzue oraingoan? Andoni

E. Eskerrik asko lehenik eta behin, hori sentitzen baduzu hala adierazteagatik, guretzako gauza handia da jakitea ez gaudela bakarrik. Disko berria ezberdina da Payolarekin konparatuta. Payola oso disko iluna zen letra aldetik, akituta eta ilusio erreserbak minimoetan zituen norbaitek idatzia zirudien eta elkarrizketetan esan izan nuen, albiste ona litzatekeela letra horiek gaurkotasuna galtzea. Disko hau nolabait pasionalagoa da, nola musikalki hala letren aldetik. Halere, gure amorru eta tristezia puntu horrek bertan dirau, ezin gure estilotik erauzi :)

8

G. Aupa, Gorka! Iruditzen al zaizu euskaldunok itxiegiak garela musika kontuetan? Badirudi bertako musikariak askotan beldur direla aurrez markatutako estilotik aldentzeko, berehala hasiko baitira batzuk purrustaka. Uste dut jarrera hedatu honek zuri eragiten dizula nabarmen. Ez al genuke lasaiago hartu behar kontu hau? Milesker! Beñat

E. Ez nuke esango euskaldunok, espainiarrak edo japoniarrak baino itxiagoak garenik. Nik behintzat, estilo aldetik askatasun osoa dudala uste dut eta momentuan nire sen musikalak agindutakoa egiteko aukera izan dut, jendeari gustatu ala ez inporta gabe. Are, eta hizkuntzari buruz ari naiz orain, uste dut egoera normalizatua duten hizkuntzen sistemetan errezelo handiagoa diotela hizkuntza gutxituetan egiten den musika entzuteari. AEBetan, esaterako, agerikoa da hori. Hemen, alde horretatik irekiagoak gara ezinbestean.

7

G. Berri Txarraken cd berriaz aparte, Katamalo taldearekin ere gira batean murgilduta zaude. Zer nolako esperientzia izan da Katamalo taldearekin eszenatokietara bueltatzea? Pozik al zaude jenderaen harrerarekin? Jon

E. Katamalorekin sentitzen dut jendea zoriontsu eta hunkituta irteten dela saioetatik, eta hori gauza handia da, barrua betetzen didan zerbait. Pentsa, poesia bezalako bazterreko gauza bat eta musika akustikoa, popak EH-n duen harrera eskasa kontuan hartuta, ez da gauza antikomertzialagorik, baina halere jendea gogoz hurbildu da gure proposamenera.

6

G. Aupa Gorka!Katamaloren zain geunden zale asko eta asko, kontzertuetako sarrera guztiak segituan amaituta eta arrakasta itzela. Proiektuarekin jarraitzeko asmorik? Guk eskertuko genuke!Zorionak Gorka eta ondo bizi! Hektor

E. Katamalo poema gutxi batzuk musikatzeko asmo soilarekin sortu genuen, tabernetan-eta jotzeko besterik gabe. Ez genuen inongo diskorik egiteko asmorik, beraz gerora etorri den gauza oro ezustekoa izan da. Kontzertu sorta honen ondoren atea itxiko dugu berriz ere. Betiko? Auskalo, poesia oso gogoko dut bere horretan, eta musikarekin nahastuta sortzen den hirugarren emaitza hori ere bai.

5

G. Kaixo gorka; Egun batean elkarrizketa batean (benito lertxundi eta Gorka Knörr- ekin uste dut) esan zenuen musikarekin mundua aldatzeko asmoa zenuela, zure letrek jendearengan eragina izan zezaten nai zenuela, gaur egun nahi hori bizirik dago? beteta sentitzen al zara abesten duzunarekin? eskerrikasko. Garikoitz

E. Beharbada hitz potoloegiak ziren horiek. Nik ez dut mundua aldatuko, baina musikak nire mundua aldatu duela badakit, eta alde horretatik nik sinesten dut musikak duen ahalmen horretan. Plazeragatik hasi nintzen musikan eta halaxe jarraitzen dut, baina aisialdi hutsa baino askoz gehiago dela uste dut. Lehendabiziko konpromisoa musikarekikoa da, hortik aurrera uste dut letretan zerbait adieraztea inportantea dela.

4

G. Ross Robinsonekin grabatu ondoren... zein dira orain zure ametsak musikari bezela? eta musika mundutik kampo? Ivan Astigarraga

E. Beti daude erronka berriak eta 17 urteren bueltan horixe da talde batean egotetik gehien erakartzen nauena. Auskalo hurrengoa non, noiz eta nola izango den, besterik egongo denik ere ezin jakin, ahituta amaitzen ditut birak eta grabaketak eta zenbaitetan nekeza egiten zait aurrera egitea.

3

G. Aupa Urbizu jauna! Mila esker joan zen igandean JimmyJazzen oparitu zeniguten kontzertuagatik, zirraragarria izan zen Katamalo berriz ikustea. Haria-ren grabaketaren blogean idatzi zenuen abesti batek 'Bin Laden' izen probisionala zuela. Kontatuko diguzu zergatik izen hori? Eta zein den? Besarkada. Trintxerpe

E. Ez egin kaso handirik gure kantuen ezizenei, askotan ez dira oso logikoak. Konkretuki kanta honek Bin Laden izena hartu zuen, lokalera eraman nuen egunean erahil zutelako.

2

G. Estatu Batuetan egon zinen bitartean izan zenuen itzultzeko gogorik? Zerk harritu zintuen gehienbat California aldetik? Gari

E. Zinez grabaketa luzea izan da. Ez da beharrezkoa 2 hilabete grabatzen egotea, alde horretatik nahiago Albiniren filosofia, baina Rossek eskatu zigun horrenbeste egun behar zituela. LA apur bat itogarria egin zitzaigun zenbaitetan, baina halere gustura izan ginen oro har. Etxea zoragarria zen eta itsasoa bertatik bertara geneukan, ezin kexatu beraz.

1

G. Zein da zure bildumako diskorik bitxiena? Eta lotsa gehien sorrarazten dizuna? Irrikitan disko berria entzuteko, zorte on guztiarekin! Jaione

E. Prince-en oso zalea izan naiz eta haren disko onez aparte, bere diskografiako disko kaxkarrak ere badauzkat.