Azken elkarrizketa

Aitor Esteban

Aitor Esteban

Kongresurako EAJ-ren hautagaia

2011-11-15 - galderak erantzun ditu

Bizkaian Espainiako Kongresurako EAJren hautagai-zerrendan bigarren da Aitor Esteban. 2004tik da diputatu Espainiako Parlamentuan. Zuzenbidean doktore da.

 Erantzundako galderak

19

G. Elkarrizketa digitala amaitutzat eman behar dugu, denbora faltagatik, galdera gehiago badauden arren. Eskerrik asko Aitor galderak erantzuteagatik, eta eskerrik asko BERRIA.INFOko erabiltzaileei galderak egiteagatik. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko benetan, irakurle guztiei eta BERRIAri. Ta domekan gehien lan egin dauanak irabazi begi.

18

G. PNV-k uko egin dio beti Ezker Abertzalearekin akordioak lortzeari ETA-k biolentzia erabiltzen zuen bitartean.Zergatik ez duzue erakutsi jarrera berdina PSOE edo PP-rekin, OTANek milaka pertsona hiltzen zuen/duen bitartean? Luther king

E. Ze demagogikoa, Luther. ETAk eta Ezker Abertzaleak egindako biolentzia justifikatzen ari zara ?

17

G. Espainia eta Euskadiren arteko harremanetan bakoitzaren izaera argi uzten lan eskerga egin zuen Ibarretxe lehendakariak eta zuek Madrilgo legebiltzarrean duzuen taldeak. 2015erako jarri duzuen mugarri horretarako bidean eman beharreko urrats nagusienak aipatuko al zenizkiguke? Mikel

E. Euskadin alderdi politikoen arteko akordio zabala, itun instituzionala (Euskadi-Espainia), eta euskal gizartearen berrespena. Gure aldetik ez da ahaleginik faltako. Erronka polita da.

16

G. Apa! Zuek Espainian zer defendatuko duzue, Euskadi ala Euskal Herria? Bestalde, independentistak al zarete? Eta azkenik, zer diozu Papandreuk herriari galdetzeko hasiera batetan hartu zuen erabakiari buruz? Zuek AHT-rekin zergaitik ez zenuten halakorik egin? iep!

E. Betiko moduan Euskadi, 6 lurraldeaz osotuta. Francoren denborean Euskadi hitza debekatuta egoan, abertzaleek bakarrik erabiltzen zutelako. Euskal Herria aipatu zeinke arazo barik, karlistak eta frankistak erabiltzen zuten eta. Gero ETAk, karlisten (hau da frankisten) tradizioari jarraituz Euskal Herria esaten hasi zan, EAJren kontra egiteko eta lurraldetasunaz arduratuko ez bagina lez jendea engainatzeko Zuk zergaitk uste dozu ETA "Euskadi ta Askatasuna" dala? Gahiago irakurri beharko, gizona. Anima zaitez, ezagutu zure aberriaren historia eta ez zaitez fidatu bakarrik Otegik kontatzen dautsunaz. Guk gure aberria defendatzen dogu eta zuk deitu eiozu nahi dozun moduan.

15

G. Kaixo Aitor. Botu eskubidea duen %30 abstentzioa burutzen duenenan, beste %10 inguru txuri edo balio gabe bozkatzen duenean eta beste %5aren inguruan bere botuaren ordezkaritza lortzen ez duenean.. honela bada, nola berma daiteke demokrazia bat? Xabier Aparicio

E. Zuria eta abstentzioa aukera bat da. Eta %5k ez dau ordezkaritza lortuko, egia da, baina guzti-guztien ordezkaritza ziurtatzen duen sistemarik ez dago. Sistema bat hurbildu zan horretara, bai, Weimarreko errepublika eta badakizu zelan amaitu zan, gehiengorik lortu ezinean urtez urte eta gobernu piloa erortzen naziak heldu ziren arte. Sistema politiko batek ordezkaritza plurala segurtatu behar du baina aldi berean jaurlaritza sendoa egongo dala be bai. Honekin ez dot esan nahi gaurko hauteskunde legedia euki geinken onena denik.

14

G. Lan handia egin duzue Espainia eta Euskadiren arteko harremanak ezartzerakoan bi izate direnaren egitatea nabarmen uzten. Estatu mailako politikatan aitzindaritza eraman izan duzue azken urte luzeetan. Hala ere, herri eta udal mugimenduetan ekimena beste talde batzuen esku uzten ari zeratela iruditzen zait. Gazteen eta gizartea inarrosi, moldatu nahiz aldatu nahi dutenen babesa galdu duzuela. Madrilgo legebiltzarrean baliagarri den eskarmentua ez ote da oztopo bilakatzen ari tokian tokiko eguneroko bizitzan zeresanik izaterako garaian? Mikel

E. Galdu dogun ala ez, ikusteke dago. Ezker abertzaleak aurretik larrosabidea baino ez duela uste dau. Hainbat jende daukagu toki mailan lan egiten. Egia esan, hainbeste bazkide eta lagun anonimoengaitik ez balitz ez ginateke egongo gauden tokian. Ez zaitez itsutu olatu bategaitik, olatuak bitsa bihurtzen dira ta. Eta 100 urte baino gehiago egon dan atxa egun baten ondar bihurtzea ez da erreza :-)

13

G. Biztanleriaren erdia emakumezkoak dira, beraz zerrendetan erdia emakumezkoak egotearen alde zaudete, kontuan hartzen badugu biztanleriaren egoera ekonomikoa,halako portzentai bat jartzearen alde zaudete biztanleriaren egoera ekonomiko hori zerrendetan isla izan dezan? Botin

E. Ibarretxe lehendakariak bultzatutako lege bat izan zan lehenengoa zerrenda paritarioak bultzatzen (Espinikoa baino lehenago) eta gaur egun be Espainikoa baino proportzionalagoa da.

12

G. Inkestak zer garrantzia dute zuretzako? Oso ezberdinak dira Deiaren emaitzak eta Gararenak. Zer iritzi duzu horretaz? Eta beste galdera bat zuretzat Aitor: nor izango da Hego Euskal Herrian lehen indar politiko abertzalea? Eskerrik asko!!! Gotzon H.

E. Batek daki! Ez da erreza igartzea. Azken hauteskundeetan oso emoitza kontrajarriak gertatu dira. EAJ, hoba ez ! Eta beste gauza bat, Uxue Barkos oso hautagai bikaina dala. Itzel egin dau urteotan Nafarroa eta euskal Herriaren alde. Geroa Baigaz itxaropentsu nago.

11

G. Nola bizi duzu kanpainaren azken astea? Mari Karmen

E. Badakizu, orain da normalean zalantzetan daudenek botoa erabakitzen duten unea. Horregaitik garrantzitsuak dira azkeneko egun hauek. Dana dala, nire iritziz, hamar eguneko kanpainarekin nahikoa izango litzake.

10

G. Pasillo artean zer esan izan dizuete Espainiako legebiltzarrean beste diputatuek euskal herriko egoeraz? Urtzi Larraza

E. Madrilen, hango politikariei gitxi arduratzen jake Euskal Herria. Hemen gure eztabaidata handitan sartuta euskaldunok pentsatzen dogu Madrilen eztabaidagaiak berberak izango direla eta hemen gertatu daitekenarekin kezkatuta egongo direla. Ez da holan. Normalean ez jake ardura, eta gainera hemengo errealitateaz oso gitxi ezagutzen dabe. Herri txikia gara. Zuhurtasunez jokatu behar dogu.

9

G. Ez al da kontraesan bat, "nacionalista" izatea eta aldi berean nazio horren biztanleak ezberdintzea klase sozialetan, kapitalismoak ezartzen duen klasismoa onartuz? Argala

E. Nik neuk, Euskadiko herritarrak legearen aurrean bardinak izan behar dirala uste dot. Aldi berean gure aberrian justizi soziala egon behar da, eta bide horretan jokatu behar da.

8

G. Emoten dau Amaiurrek emaitza onak izango dabezela elekziņotan. Baia Amaiurren bere berrenien marxista-leninistak eta opus deiko batenbat izanda, euregaz akordiorik zertan lortuko dau PNVk? Nora joan geinke euregaz? Animo Aitor. Joxe Mari Galtza

E. Ez dakigu Amaiurrek zer egin nahi dauan. Ez dago programarik, eta normala da barruan oso jatorri ezberdineko jendea dagoelako (Matutesek esan eban aberririk onena existitzen ez dana dala e.b.). Ez dakigu be, egunero lana egingo duten ala lau oihu bota eta gero alde egingo daben. Beraz, itxaron beharko da. Guk badaukagu gure aberrirako proiektu bat. Eurek, ez dakit proiekturik daukien. Gai batzuetan alkarlana egon daiteke, beste batzuetan ez.

7

G. PP eta PSOEk behar dutenean batzen dira.Nahiz eta Amaiurrekin ez aukeztu nola ikusten dituzu beraiekin batzea gutxiengo batean (bakoitzak bera taldean)Euskal Herriari behar eta merezi duen Nazio aitortza eman diezaioten? Sugar

E. Seguru nago elkarlanerako aukerak egongo direna. Arazorik ez. Gai batzuetan ez gara egongo ados, jakina, baina beste batzuetan bai.

6

G. Badiridu politikariek hauteskundeak hurbil daudenean baino ez zaretela herritarrei dagokizkigun gauzetaz arduratzen, eta zuen burbuian bizi zaretela eguneroko arazoetaz aparte. Zer uste duzu honi buruz? Juan

E. Ez dala gure kasua izan. Azken lau urteetan 1.265 milioi euro lortu doguz inbertsioetan (milioi bat euro egunero), 18 transferentzi eskuratu doguz, kontzertu ekonomikoaren blindajea lortu dogu, Indikoko euskal arrantzaleentzako segurtasuna jartzea lortu dogu eta hainbat eta hainbat. Horrek hemengo ekonomian dauka eragina: lanpostuetan, etorkizun ekonomikoan. Eta programa irakurtzen badozu, esan genduan % 95a lortu dogu. Ez al da programa betetzea herritarrek itxaroten dabena euren ordezkariengandik? Horretan guk lana ondo egin dogula erakutsi ahal dogu.

5

G. 2005an Espainiako kongresuak ezetz esan ondoren erabakitze eskubideari Ibarretxek ez zuen alternatibarik eskaini eskakizun demokratiko hori lortzeko.Noraino heltzeko prest dago orain PNV autodeterminazio eskubidearen aitorpena lortzeko? Ibai

E. Behar diran pauso egoki guztiak. Ibarretxe izan da orain arte kongresuan aldarrikapen hori egin zuena. Beste batzuk ez zela Madrilera joan behar esaten zuten bitartean.

4

G. Kaixo, Aitor Esteban. Zehatz zenezake zertan datzan 2015erako estatus berri hori, gutxi gorabehera bada ere? Eskerrik asko eta zorte on! Beņat

E. Hurrengo legealdian, autonomien mapa guztiz aldatuko da. Herri honek autogobernu inguruan aurrerapausoa eman behar du. Horretarako, orain, ETA barik, pausoak errezago eman daitekez, aitzaki hori desagertzen dalako. Baina pausoa ezin dugu eman gure herria apurtuz, eta euskal herria danok gara. Horregaitik akordio zabal bat bilatu behar dugu lehenengo gure herrian. Helburua, euskal nazio baten existentziaren aldarrikapena eta Europa mailan gure parte hartze zuzena. Noraino lortu daiteken ikusiko da. Nire itxaropena da, euskaldunak ez garela ibiliko elkarri "trasteak botatzen" Madrilen katalanek egin zuten bezela, eta behintzat oinarrizko gauzetan ados egon gaitezkeela.

3

G. Euskararen aldeko proposamen bat aurkeztuko dozue parlamentuan?? Peio

E. Hainbat eta hainbat aurkeztu dugu urtero. Galdetu bestela UEMAkoei nik neuk iaz egindako gestinoaz. Begiratu kongresuko egunkarietan eta bertan aurkitu zeinez ekintza asko. Jarraituko dugu, hoba ez.

2

G. Zein izan daiteke Amaiurren eta EAJren topalekua Espainiako Kongresuan? Zertan etor daitezke bat? Saray

E. Ziur asko, euskal nazioaren defentsaren inguruko gaietan adostasuna lortzeko aukerak egongo dira.

1

G. Zein izango autodeterminazio eskubidearen ikuspuntutik EAJ-ren lan edo estrategia kongresu eta parlamentuan? Hauteskunde hauek zentralak direla eta, Amaiurrekin lan bateratua egiteko prest zaudete? Zein puntutan esaterako? Joseba

E. Autodeterminazio gaia planteatuko dugu legealdi guztietan egin dugun lez baina egunero horregaz ibiliz gero bere balioa galtzen du. Lan bateratua egiteko aukerak egongo dira arlo batzuetan seguru asko, baina oraindik ez dakigu Amaiurrek noraino hartuko duen parte, eta presentzia puntuala izango ote duen bakarrik. Gauza batzuetan ados egongo gara, beste batzuetan ez.