Azken elkarrizketa

Bixente Serrano Izko

Bixente Serrano Izko

Kongresurako Geroa Bai-ren hautagaia

2011-11-16 - galderak erantzun ditu

Bixente Serrano Izko idazle eta historialaria Kongresurako bigarren aurkezten da Geroa Bairen zerrendan. Aurreko hauteskundeetan Senaturako hautagai izan zen NaBaien. Nafar Periferiatik bloga idazten du BERRIA.INFOn

 Erantzundako galderak

15

G. Amaitu da elkarrizketa digitala. Eskerrik asko Bixenteri galderak erantzuteagatik, eta eskerrik asko modu berean galderak bidali dizkiguzuen guztioi. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko Berriari espresatzeko aukera eskaintzeagatik eta aniztasunari atea zabaltzeagatik. Betira arte

14

G. Nolako mesede egiten zaio Nafarroako abertzaleari "Geroa bai" taldea Amaiurren lehiakide aurkeztuta? Edorta Agirre

E. Lehiakide izatea ez da txarra, txarra izanen litzateke aurkari izatea. Guk erakarriko ditugun botoak, geure ustez beti ere, ez dira Amaiurruek dituenak, baizik eta, behin eta berriz diot, abertzale ez izanik ere, euskaltzaletasunaren kontra ez daudenak. Zaila du Amaiurrek horiek erakartzeko.

13

G. Zeintzuk lirateke zure hitzak Kongresuan hitz egingo bazenu? Zertaz hitz eginen zinuke? Nortaz oroit zinateke? Aupa Bixente, ez etsi. geroa bai, gurea bai

E. Unean uneko arazoei buruz eta haiei aurre egiteko hitzak izanen lirateke, ikuspegi aurrerakoi batetik eta beti zailtasun handienak dituztenez gogoratuz. Mila esker zure animoengatik.

12

G. Hainbat urte egin ditu Uxue Barkosek Espainiako kongresuan eta, han, behin ere ez du aldarrikatu Euskal Herria nazioa dela; baskismoa aipatzen du, ordea, espainiar nazionalistek begi onez ikusten duten jarrera otzana hartuta; zergatik sinetsi behar dugu orain kontrakoa egingo duela? Bestalde, gai sozialetan, sinesgarria al da politika ezkertiar ausartak defendatuko dituzuela esatea, hauteskundeetara PNVko neoliberalen eskutik joanda? Antxeta

E. Geroa Bai Geroa Bai da, eta gure programa eta konpromisoak denok sinatu ditugu, EAJk ere bai. Hori da niretzat balio duena, ez dut uste bertzalde neoliberala denik EAJ. Uxuek defendatuko duena, hemen, Geroa Bain eta Nafarroarako sinatu duguna izanen da. Hor ez daukgu dudarik.

11

G. Nafarra naiz, betidanik, Erriberakoa. Askotan iruditzen zait Nafarroaz ari garenean (denak) aritzen garela Iruņetik gora exitituko litzatekeela bezala. Nola aldarrikatu gaur egun, diskurso abertzale batetik, Nafarroa hegoaldea, idorra? Viktor Artea

E. Horixe da gure kezka, eta horregatixe, bertzeak bertze, egin dugu gure apustua, ez hainbertze abertzaleak biltzeko, baizik eta euskaltzaletasunaren kontra ez direnak eta progresistak direnak ere biltzeko.

10

G. Zer funtzio bete behar du alderdi abertzale batek Madrilgo kongresuan, baldin alderdi agintariak gehiengo osoa badu? Jontxu

E. Alde batetik hemengo gizarte anitza jakinarazi, bai Parlamentukoei, bai Gobernuei, eta baita, nolabaiteko bozgorailua denez Parlamentua, Estatuko hiritarrei. Bertzetik, horretaz baliatu Estatuko zirkulu ezberdinekin harremanetan sartzeko, elkar trukatzeko ideiak eta planteamenduak. Eta, hirugarrenik, lortu ahal dena lortzeko: Uxuek frogatu egin du 8 urte hauetan zerbait lor daitekeela.

9

G. Geroa bai ezkerrekoa dela diozue, baina zuon barne dagoen alderdia, EAJ hain zuzen, ezkerreko termino horrekin bat al dator, ala eztaibaida(sano) ren bat izan ahal duzue? zorte on igandian kukolopez

E. Bueno, inoiz ez diet entzun ez EAkoei, ez Aralarrekoei Nafarroa Bai aparkatu dutela hor EAJ dagoelako. Konpromiso batzuk hartu ziren, planteamentu berri askorekin, programa progresistak eta guzti, nik konpromiso haiekin sinetsi nuen eta jarraitzen dut sinesten.

8

G. Nafarroan euskalzaleak bagaude baztertuta, eta euskararena lotsagarria da. Zer eginen zenuke zuk giro kultural hori aldatzeko? Ez ote gaude gu ghettoetara kondenatuak? Puy

E. Hain zuzen ere, ghettotik ateratzeko, bertze bide politikoak jorratu behar ditugula uste dut, euskaldun eta abertzale ez izan arren, euskararen alde edo ez kontra, daudenak ere erakarri. Eta aginte politikoa aldatuko bagenu, askoz errazago lortuko genuke giroa aldatzea. Ez zait batere balio ghetto batean egotea, ahalik eta handien izanik ere, bertze gehiengo bat lortzen ez badugu.

7

G. Kaixo Bixente. Zer uste duzu egin beharko litzatekeela datorren urtean konkistaren 500. urteurrena dela eta? Uste duzu Madrilen (eta Iruņean, zoritxarrez) zer gertatu zen azaltzeko ezer egin daitekeenik, egia ezagutarazteko? Medrano

E. Horretan gaude plataforma desberdinetan. Historialariok, kulturaren munduko jendeok... Jakina egin daitekeela zerbait Madrilen ere, Estatu osoan. Jakin beharko lukete ahalik eta gehienen nola eratu den historikoki "espainiar nazioa", konkistekin-eta.

6

G. Barcina azken aldian jo ta su ari da "transitoria 4a" delakoa kendu behar dela esanez, zuen erantzunik ez da aditu? Hori kentzea al da zuentzat Nafarroa "subjketu" moduan ulertzea? aitziber

E. Ozen erran dugu hori izanen litzatekeela Nafarroari hitza kendu nahi izatea. Nafarroak "subjektu" izateko, hitza behar du, ezta?

5

G. Kaixo Bixente, galdera hau askotan entzungo zenuen, baina ezin geratu egin gabe: zergatik ez zarete Amaiur koalizioko kideekin elkartu? Ez al duzu uste justu UPNk nahi zuena egin duzuela? Eskerrik asko eta segi zure blogarekin. Ekialdeko nafarra

E. Ezta pentsatu ere, UPNrena. UPNk Nafarroa kolorebakarrekoa nahi du, baztertzailea, hiper-espainola, euskaltasunetik guztiz ahaztua. Guk, alderantziz, baina gehiengoa lortu behar dugu, gure ideien kontra ez daudenentzat ere erreferentzia bat eraiki nahi dugu. Ez dut uste Amaiurren diskurtsoa baliagarria den horretarako.

4

G. Zergatik kokatzen duzu zure burua Geroa Bai koalizioan eta ez Amaiurren? Eneko

E. Lehen ere erantzun dut. Nafarroan abertzale ez diren baina kontrakoak ere ez, eta asko dira horiek, erakartzeko, hemengo gehiengo soziala, kultural eta politikoa erakartzeko. Amaiurrek planteatzen duena bertze gauza bat da: abertzale guztiak biltzea, gehiengoa jada abertzale izanen balitz bezala edo gure batasunarekin nahikoa izanen balitz bezala berehala gehiengo hori gureganatzeko.

3

G. Kaixo Bixente. Geroa Bai Programa, 30. or: "Zaragoza eta euskal Y-aren artean prestazio altuko trena eraikitzeari dagokionez, haren aurrerapenaren aldekoa da, teknikoki frogatzen bada badagoela bidaiariak eta salgaiak eramateko aukera, baldin eta Estatuak zati handi bat Europako finantzaketatik hartzen badu. Bestela, Geroa Bai tren hori atzeratzearen aldekoa da (...). Ez al dira hor baldintzazko adizki gehiegixko proiektua babesten segitzeko? Uxue Barkosek AHTa Iruņetik pasa zedin eskatu zuen Madrilen. Nafarroako lehen tramoa egiteko 30 milioi euro beharko omen dira, hasteko bakarrik, eta oraindik egiatan zerbaitetarako balioko ote digun ez dakigularik... Uxue Barkosek jarrera bera edukiko al du Madrilen? Barkatu luzeegi aritzeagatik. Esker Mile Bixente! Liztorra

E. Abiadura handiko trena baino hobe, prestazio handiko trena nahi dugu, hain zuzen garraio kolektiboen alde jotzeko, garraio partikularra murrizte aldera. Baldintza asko dira, bai, eskatzen ditugunak, eskatu behar direlakoan gaudelako. Batik bat kezkatzen gaitu zer negoziatu duen UPNk Madrilen ordainketa sisteman. Ez baitago batere garbi Nafarroak aurreztuko duen dirua gero kobratuko dugun, are gehiago krisi honi amaiera ez diogunean ikusten.

2

G. Gipuzkoa, Bizkaia ta Araba Nafarroan bat egitearen alde al zaude? Erantzuna baiezkoa bada, zer egingo zenuke hori bultzatzeko? Yatsu

E. Bai, dudarik ez. Baina nafarron gehiengoak egon behar du horren alde, bertzela, jai. Hori bultzatzeko, hemengo giro sozial eta kulturala, gehiengoarena, aldatu behar dugu.

1

G. Zerk bultzatu zaitu Geroa Bai-n egotera eta ez Amaiurren? Elkarekin ikusten al dituzu eta, hala bada, noiz? koldo

E. Uste dudalako Nafarroan, abertzale guztiak bildu baino garrantzizkoagoa dela euskaltzaleak-eta, abertzaletasunaren kontra ez daudenengana ere hurbiltzea