Azken elkarrizketa

Jorge Gimenez Bech

Jorge Gimenez Bech

Euskal Editoreen Elkarteko lehendakaria

2011-12-02 - irakurleen galderak erantzun ditu

Igandean hasiko da Durangoko Azoka. Euskal Editoreen Elkarteko lehendakaria izateaz gain, itzultzailea ere bada Jorge Gimenez Bech. Euskal Herriko literaturaren inguruko galderak erantzungo ditu elkarrizketa digitalean, baita aro teknologikoak ezarri dituen erronken ingurukoak ere.

 Erantzundako galderak

12

G. Amaitu da elkarrizketa digitala. Eskerrik asko Jorge elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta eskerrik asko, modu berean, galderak bidali dituzuen guztioi. BERRIA.INFO

E. Mila esker zuei. Biziki interesgarria iruditu zait elkarrizketa modu hau.

11

G. Kaixo, Jorge. Egia al da euskal editoreak emakume idazle bila dabiltzala, gehiago saltzen dutelako? Alberdanian behintzat ez du emakume askorik publikatzen... Ulia

E. Gustura argitaratzen ditugu, denok, kalitatezko lanak, eta ez dut uste aldez aurretik jakiterik dagoenik zenbat ale salduko den liburu batetik. Zure aurreikuspenak dituzu, ezinbestez, baina gero Errealitate Errege dator, eta berak epai apelaezina emango du… Esan dezakeguna, hala ere, zera da: bataz bestean (eta ez bakarrik euskal literaturarenean) merkatuak hobeto onartzen ditu, antza denez, emakume idazleen lanak, baina hori ez da, inondik inora ere, urrezko arau bat. Alberdaniaren katalogoari dagokionez, arrazoi duzu, baina hori bezain egia da ez dugula emakumeek idatzitako liburuak gehiago errefusatzen (alderantziz esango nizuke nik…). Eta, horrekin batera, begira ezazu, mesedez, euskaratzen ditugun liburuen egileetan emakumezkoek duten presentzia, batere txikia ez dena…

10

G. Bi galdera egin nahi nizkizuke. Zenbateraino dago osasuntsu euskal literatura eta euskaraz idatzitako liburu zein testugintza oro har? Euskal itzultzaileak zein proportziotan dihardute geuretik beste hizkuntzetarako lanetan? Mikel

E. Lehenengoa: osasuntsu ikusten dut, kopuru zein kalitateari dagokienez, gure literatura, oso bereziki fikzioaren alorrean. Bestelako testugintzaz, oro har, ari bagara, berriz, ez zait iruditzen gure ekoizpena eta merkatua normaltzera iritsi garenik, eta puska handi samarra falta dugula ere bai. Bigarren galderari dagokionez, zoritxarrez ez daukat eskura ekatzeko moduko datu zehatzik, baina zera esango nizuke: euskaratik beste hizkuntzetara itzultzen dena, %90ean gaztelania du xede-hizkuntza, eta gero eta gehiago itzultzen ari dira gure idazleen lanak bide hori hartuta. Hor dute euskal itzultzaileek langintza emankorra. Hala ere, askoz oparoagoa da, jakina, euskararako bidea, eta, gure letren errepublikaren neurriak kontuan hartuta, betiko hala izan beharko duelakoan nago.

9

G. Zer iritzi daukazu aurten Euskadi sarian izan den polemikaren inguruan? Zer iruditzen zaizu Eusko Jaurlaritzaren jarrera? Sarri, sarri

E. Bi kontu azpimarratuko nituzke: batetik (garrantzitsuena iruditzan baitzait) Sarrionandiak berak, bere familiak eta Pamiela argitaletxeko arduradunek erakutsi duten jokabide zuhur duina eta, era berean, eraginkorra. Mesede ikaragarria egin diote, bide batez, Euskadi Sarien irudiari, eta duintasun zuhurraren balio zibila agerian jarri dute. Eskertzekoa, benetan. Bestetik, Jaurlaritzaren hasierako jokabidea (sariak berekin dakarren dirua atxikitzea, alegia) okerra iruditzen zait, eta, gainera, Jaurlaritzari ez dagozkion eremu batean (Justiziarenean, hain zuzen) sartuta: ezer erabaki aurretik, gerora eskatu dituzten txosten judizialak eta abar eskatzea zen bide zuzena, eta, horrela jokatu beharrean, erabaki propio (eta zigortzaile) bat hartu zuten. Oker. Nolanahi ere, estimatzekoa iruditzen zait azkenan jokabidea zuzentzeko Jaurlaritzak erakutsi duen zuhurtasuna. Aipa genezake, honetaz ari garela, hainbat hedabideren jokabide maltzur zikina ere, baina ez dut uste beharrezkoa denik, ala? Frantsesek esaten dutenez, “rien de nouveau sous le soleil”.

8

G. Eguerdi on. Liburuen irakurgailu elektroniko bat erosia dut, eta euskaldunontzat egoera etsigarria da: ebooken prezio zentzugabeak, titulu falta handia, DRM eta antzeko trabak besterik ez... Horrela piratei arrazoia ematen zaie. Martxa honetan duela urte gutxi musikarekin gertatu zena gertatuko da literaturarekin, eta orduan zer? Idazleek ez dute dirua lortzeko kontzerturik ematen... Orwell

E. Gauzak ikusteko modu bat da, niri hainbat kontutan zuzena iruditzen ez zaidana, baina luze joko luke aipatzen dituzun kontuetan banan-banan sartzea, eta gainditu egingo luke elkarrizketa honen formatuak eskaintzen duena. Kontu bakar bati helduko diot, hala ere: egia da euskal irakurlearentzako eskaintza urria dela oraindik, eta benetako erronka handia du hor sektoreak, baina inor ez dago geldirik kontu honetan, eta pixkanaka gauzak hobera doaz.

7

G. Kaixo Jorge. Ez dakit nire galdera zuzena iduriko ote zaizun, baina hona hemen. ETAk literaturan izan duen presentzia handia da, eta oraindik ere asko agertzen da; aurtengo Durangoko azokan bertan. Baina aro berrian zein uste duzu izan daitekeela literaturak bake prozesuari egin diezaiokeen ekarpena? Idazleak posible al du nolabait errelato bakarraren blokeoa haustea? Eskerrik asko erantzuteagatik. gabika

E. Nire ustez, literaturak bakeari eta bizikidetzari egin diezaiekeen ekarpenik handiena bere zeregina behar bezala betetzea da. Hau da, giza kondiziorekin eta gizarteen bilakaerarekin lotutako ideiak, gogoetak eta, azken batean, arte-lanak eskaintzea. Ikuspegi horretatik abiatuta, berez bezala dator erantzuna: zeinahi delarik ere idazle bakoitzak euskal gizartearen iragan, orain eta geroari buruz duen ikuspegia, zintzotasunez eta zorroztasunez idaztea da, nire ustez, urrezko legea. “Errelato bakarra” aipatzen duzu, bestalde, eta horretan nik zera pentsatzen dut: ez zait iruditzen posiblea izango denik, epe labur edota ertainean, euskal herritar guztion sentipen, ikuspuntu era oroimenak kontakizun bakarraren gurdi bakar harmoniatsu batean sartzea. Nire ustez, gainera, horrek ezin du izan, une honetan, helburu nagusia, zapuzketa baizik ez bailuke ekarriko, eta frustrazioa izan daiteke, akaso, begi-bistan dugun erariorik ankerrena… Nire ustez, onartu beharko dugu aldi berean kontakizun bat baino gehiago batera izatea gure herrian (bestela ere, onartu gabe ere alegia, hala gertatuko dela iruditzen zait-eta); ezinbestekoa, ordea, beste zerbait da: kontakizun guztiak errespetatzea. Honek ez du esan nahi, alabaina, kritikatu ezin direnik kontakizun horiek. Alderantziz: ez badugu aldez aurretik onartzen kritika publikorako eskubidea eta ezinbestekotasuna, nekez egingo dugu aurrera.

6

G. Zer iruditzen zaizu liburu digitalak bi euro eta erdian saltzea, eta gainera saretik hartzeko giltzarraporik gabe? Xabi

E. Ez ongi, ez gaizki. Editore bakoitzak idazleekin adostuta kudeatu beharrekoak dira kontu horiek.

5

G. Arrastion Jorge! Errafa Kontea naiz, Euskal Nortasuna Alkartea (ENA)ko kidea eta idazle amateurra. Nire galdera hau da: bizkaiera olatu ona hartu du? Bizitza ona aurreikusten diozu? Denon artean merezi duen lekuan jarriko dugu euskal literaturan? Eskerrik asko aldez aurretik erantzuteagatik. Zorionak Durangoko Azoka beste behin ere, enegarren aldiz egiteagatik eta moxu bat. Adio! Errafa Conde

E. Hasteko, mila esker, Errafa, zure zorionengatik. Bizkaierari dagokionez, ez dakit ongi interpretatzen dudan zure galdera. Bizkaierazko literatur moderno bati buruz ari baldin bazara, zera esango nizuke: euskalkietan peto-peto literatura egitea ez zait, gaur egungo kopuruak eta errealitateak ikusita, apusturik eraginkorrena iruditzen. Nahikoa lan du, bestela ere, euskal literaturak zentzuzko merkatu bat bilatzen, merkatu txiki horren neurriak txikiagotzeko… Ez dut, jakina, bizkaieraren edo beste edozein euskalkiren hainbat ezaugarri lexiko eta formal txertatzen dituen idazkeraren kontra deus ere, baina ez dezagun ahaztu euskaldunon komunitatea trinkotzeko osatutako literatur hizkuntza gisa abiarazi zela euskara batua. Beste kontu bat da euskalkien biziraupena bermatzeko eta sendotzeko bideak urratzea, eta horretarako propio egiten den literatura bat egon beharko du, noski, baina beste ezpal bateko kontua iruditzen zait hori.

4

G. Kaixo Jorge. Zer behar da Euskal Herrian itzultzaile gisa lan egin ahal izateko? kontxo

E. Galdera zabala egin duzu, Kontxo, eta literatur itzulpengintzaren eremura mugatuko natzaizu, ongi iruditzen bazaizu: horretara dedikatu nahi duenak garbi izan behar du, lehenik eta behin, ofizio edo lanbide bat dela, eta ofizio guztietarako bezala, honetarako ere aldez aurretiko prestakuntza ezinbestekoa da. Aldez aurretiko prestakuntza hori nahikotzat jotzen den unetik aurrera, bi bide ikusten ditut nik, euskal literatur itzulpengintzaren arrastoan sartzeko: batetik, itzulpenik argitaratzen duten argitaletxeekin (ugari dira) harremanetan jarrita norberaren burua eskaintzea (primeran legoke, kasu honetan, lagin batzuk, edota itzulpen-proposamen zehatzen bat, aurkeztu ahal izatea); bestetik, EIZIEk, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, bideratzen duen Literatura Unibertsalerako proiektuak (eta dagozkion laginak) aurkeztea, deialdia irekitzen den unean. Bigarren honetaz gehiago jakiteko, EIZIEra jotzea da biderik laburrena.

3

G. Zer dinozu Tusquets saria jasotzerakoan "El Pais"-en agertutako euskal idazleei buruzko Fernando Arambururen hitzei buruz? mamerto

E. Arduragabekeria galanta, hasteko, ez baita inondik inora ere bidezkoa gezurretan aritzea. Ez da egia euskal idazleak subentzionatuta daudenik, eta are gezurragoa da, nire ustez, askatasunik ez dutenik gaiak eta ikuspuntuak aukeratzeko unean. Errealitateak etengabe agerian uzten du, bestalde, Aramburuk esandakoak noraino diren gezur. Beste kontu bat litzateke berak kritikatzea halakoaren edo bestearen obra, gaia eta ikuspuntua: hori kritikarako eskubidearen baitan sartzen da, bete-betean. Egin duena, ordea, ez da hori izan, eta errotik jartzen ditu auzitan Arambururen zehaztasuna eta zorroztasuna, eta bi-biak dira kulturgintzan (beste edozein eremutan bezala) ezinbestekoak.

2

G. Zeintzuk dira, zure ustez, gainerako literaturekin alderaturik, euskal literaturak jorratu gabe, edo behar adina landu gabe, dituen gaiak, alorrak, estiloak? uxue

E. Badira, bai, horrelakoak. Adibide moduan, eta zerrenda agortzeko asmorik gabe, hona jenero edo ildo batzuk: eleberri beltza, jenero fantastikoa, erromantikoa, historikoa, oroimenarekin lotuak… Nolanahi ere, beste zerbait erantsi beharra dago, geure literatur sistemarekin zintzo jokatze aldera: gure literatur komunitatearen gaur egungo neurriak, akaso, ez du denerako sarbiderik ematen… Gogoetarako gai interesgarria iruditzen zait.

1

G. Kaixo Jorge. Gaur egun erraztasun asko daude medio digitaletan idazteko, esate baterako, webgune propioetan, blogetan, edota sare sozialetan. Film laburrak egiteko ere nahiko da sakelako telefono bat edo argazki kamera bat saioren bat edo beste egiteko. Ez al duzu uste gazteentzat zailegia zaigula argitaletxeengana iristea? Askok autofinantzatzera jotzen dute. Zer aholkatuko zenioke idazle nobel bati bere lana ezagutarazteko? Zer egin beharko luke argitaletxe batek argitaratu diezaion? Eskerrik asko eta ondo izan. Esteban C.

E. Egia esanda, ez zait iruditzen zailegia denik euskal argitaletxeetara iristea, eta, are gehiago, ez dut uste euskal argitaletxeok nagi gabiltzanik idazle berriak katalogoan sartzeko unean… Beraz, bide zuzenenak aholkatuko nizkioke idazle berriari: telefonoa eta korreo elektronikoa. Horiez gain, bestalde, Durangoko Azoka bera ere ez da bide txarra argitaletxeetako arduradunengana zuzenean iristeko, bertan izaten baitira, salbuespenik batere gabe…