Azken elkarrizketa

Aimar Olaizola

Aimar Olaizola

Lau eta erdiko pilota txapelduna

2011-12-21 - galderak erantzun ditu

Lau eta erdiko txapelketa irabazi berri du, eta inork baino txapela gehiago ditu lau eta erdikoak: bost. Goizuetarra inoizko pilotari handienetako bat da.

 Erantzundako galderak

23

G. Iepa Aimar! Zer izan da urte honetan pasa zaizun onena eta zer eskatzen diozu urte berriari? Aupa xapo! Aner

E. Onena aita izatea izan da, eta horren ondoren hiru finaletan sartu izana eta bi irabazi horrelako lesio bat pasa ondoren. Firmatuko nuke hurrengo urtea aurtengoa bezalakoa izatea, edo gutxienez final bat jokatzea.

22

G. Kaixo Aimar eta zorionak. Nerbioen kontrolatzea aipatzen zenuen oraintxe. Zer diozu Gonzalezek erran duenaz txapelketatik kanpo geratu ondoan, ta orain egin barkamenetaz? Segi aitzina! Panpi (ez pilotari ohia!) Panpi (ez pilotari ohia!)

E. Ez zait ondo iruditu, bizitza honetan gauzik inportateneetako bat errespetua baita.

21

G. Binakako txapelketan, Asegarceko atzelariren bat lesionatzen bada, nork jokatuko du: Mendizabalek? Ruizek edo Izak? Mila esker eta horrela segi Aimar. Aimartxo

E. Ez dakit. Nire ustez atzelariren batek mina hartzen badu hiru ordezko hauetako edozeinek ere bere tokia ondo beteko du, hiru atzelariak garantia handikoak direlako.

20

G. Finalen erakustaldi earra eman zenun,argi gerau zan,baņa ematen zuen bezain lasai atera ziņen?Zorionak(joxemari ibarratik) Joxe mari ibarratik

E. Lasai ez, nik ere barrutik baneukan nire tentsioa eta urduritasuna, baina txapelak irabazi nahi baldin badituzu jakin behar duzu horrelako momentuetan burua hotz eta zentratuta egoten zure dena emateko.

19

G. Egunon Aimar! zer iritzi duzu beste pilotari batzuk,'malaostian' daudenean, frontoiko gauzak txikitzen dituztenean? Ez al zaizu gehiegizkoa iruditzen? Zorionak lortutako txapelagatik ta segi horrela! arantxa

E. Ez zait oso ondo iruditzen, nire ustez malaostia hori barrutik eraman behar da eta frontoian jendearekiko errespetua behar da.

18

G. Zertan ari da Gonzalez? Ez al zaizu errespetu falta ikaragarria iruditzen egin duena? Kontrakantxatik

E. Ez da nire gauza baina nire ustez gaur eguneko bizitzan gauzik inportanteenetakoa jendeari eta lankideei errespetua edukitzea da.

17

G. egunon Aimar eta Zorionak! bizkaian badauzkagu profesionaletan dabiltzan pelotariak, hor daude adibidez apraiz,pablito, urruti... eta badaukagu gainera frontoi eder bat, miribillakoa hain zuzen, baina pelotari guxti iristen dira proesionaletara, zure ustez zein da arazoa? bizkaixe

E. Nire ustez arazoa baino gehiago bolada kontua da, azkeneko urte hauetan ez dakit zergatik Nafarrotik pilotari gehiago atera dira, baina baleike hemendik aurrera Bizkaitik ere gehiago ateratzea.

16

G. Zorionak Aimar. Paregabeko pilotaria izanik, kantxan zein handik kanpo gizon jokatzen duenik bada zeu zara. Pilotaren historian zeure txokoa hartuta, esango al diguzu zeure jargoi horretatik... Zer duzu bi paretaren kontra, zer egin dizu jokaldi gaixo horrek horrela baztertuta uzteko? Eutsi horri Aimar. Mikel

E. Arrazoi duzu, gutxien erabiltzen dudan jokaldia izango da, eta ea hemendik aurrera gehiagotan erabiltzen dudan.

15

G. dakidanez, ehiza gustatzen zaizu. batzuetan agian, nahiago duzu ehizan ibili, frontoian ibili beharrean? Iņigo Etxebarria

E. Biak asko gustatzen zaizkit eta bietako denbora badago, nahiz eta nik lehentasuna beti pilotari eman, eta momentu libreetan ehizean ibili.

14

G. ba al daukazu areriorik 4terdiaren barruan? badirudi distantzia honetan geldiezina zarela. Leire Garaikoetxea

E. Bai, eta asko. Garbi dagoena da maila honetan edozeinek irabaztea badaukala niri, ze gaur egunean pilotari asko daude onak.

13

G. Kaixo Aimar! Zorionak txapelagatik! Nire galdera frontoien ingurukoa da. Sartzen den jende kopuruagatik final guztiak Bilbon jokatuko direla ematen du, baina, zein da zure frontoirik gogokoena final baterako? Eskerrik asko! oier

E. Garbi dagoena da normala den bezala enpresari komeni zaiela jende gehien sartzen den tokian jartzea, lehen Donostian eta Gasteizen jokatzen ziren, eta aukeran jarrita hiru frontoiak ere oso onak dira.

12

G. Aimar, egunon: zure aitaren heriotz lazgarriak, zure ustez, motibazio extra bat eman zizun finala jokatzerakoan? Iņigo Etxebarria

E. Bai, nik uste final hau berexia izan dela, final aurreko egunetan gertatutako gauzengatik, eta bereziki aitarenagatik, ze oso pilotazalea zen eta gurekin asko sufritzen zuen, eta berari eskaini nahi nion.

11

G. Egunon Haimar, zorionak txapelagatik. Hiru galdera ditut zuretzako: nola definituko zenuke zuk zure burua pilotan? noiz arte ikusiko zaitugu kantxetan? Mugarik ikusten diozu zure buruari? Eskerrik asko eta eguberrion. Igor Lazkoz

E. Ez zait gustatzen nik nire burua definitzea, baina nik nire burua azalduz gero nahiko pilotari konpletoa naizela esango nuke. Kontratoa 39 urterekin amaitzen dut, eta gustatuko litzaidake ondo egon ezkero beste urte batzuk segitzea. Hemendik aurrera ez dut uste mejoratzeko adinik daukatenik, nahiz eta gauza batzuk beti mejoratu daitezken.

10

G. Erretzen al da oraindino frontoietan? Falta botatzen dut nik puruaren kea pilotalekuan. Zer mesede egin dizue zueri? Eskerrik asko eta aupa Aimar! Joxe Mari Galtza

E. Normalean frontoi gehienetan ez da erretzen, nahiz eta batzuetan pertsonaren batek edo beste erretzen duen, jokatzeko orduan frontoia betetan dagoenean nabaritzen da ezberdintasuna.

9

G. Irujo eta zu aurkari naturalak zeate, hala tokatu delako, biņo zein pillotariren kontra jokatzeko gustatuko litzaizuke historiako edozein elejitu ahal bazenu? Martinenekoa

E. Nik txikitan idoloak bezala ikusten nituenen gehienen aurka edo beraiekin jokatzeko aukera izan dut. Lehengo pilotarietatik bat aukeratu beharko banu figura izan dena eta jokatzen ikusteko aukerik izan ez dudana Ogeta izango litzateke.

8

G. Aupa Aimar. Uste duzu zu eta Irujoren arteko partiduak Galarza-Retegi eta Eugi-Belokirenak izan zirena izateko bidean direla? Edo dagoeneko maila horretara irisi direla esango zenuke? Paki

E. Ez dakit. Nik uste Irujo eta nire artekoak jendearen artean zer edo zer berezia sortzen duela, nahiz eta guretzako ez halakorik izan, frontoiak normalean bete egiten dira.

7

G. Ez ote da azken boladan zure kontrako halako iritzi korronte bat sortu? Zure lesioei buruzkoak zalantzan jarriz, ezkutuan jokatzen duzula esanez, moxorro bat zarela... Ni ez nazi iritzi horretakoa, baina azkena Asegarce zure enpresak izan duen jarrerak —informaziorik eman gabe, dena ezkutuan eginda— horrelako iritziak elikatzen dituelakoan nago. Ze uste duzu zuk? Kontrakantxatik

E. Ez dut uste hala denik, iritziak beti izaten dira alde batekoak eta bestekoak, ez dut uste nire enpresak informaziorik gorde duenik zeren nire azken lesio honen kasuan lehenengo momentutik adierazi dugu zer nuen, nahiz eta hasieran denbora gutxiagoko lesioa zela uste medikuek.

6

G. Kaixo Aimar! Zorionak egidako urte bikainagatik. Zer aldatuko zenuke gaur egun indarrean dagoen txapelketen arautegian? Zein da zure proposamena aurtengoa berriro ez gertatzeko? xabier

E. Eskerrik asko Xabier. Nere ustez gaur egunean arautegia dagoen bezala eta azkeneko urte hauetan gertatu diren gauzekin ez da erraza asmatzea. Nire ustez atzerapenen limitea ez lukete jarri behar data zehatz batean, limite hori hurrengo txapelketaren hasierak markatu behar luke.

5

G. eutsi,sapito...emaitz nauk,aranoko kontsejuko gipuzkoarra...poztutzenauk ta jakintzakela,kataluņatik jende mordobatek jarraitzen dikela...por tzierto bakeira etorri nai baek...bakik emaitz

E. Egunon artista! Pozten nauk hire berri edukitzeaz. Hire platerak faltan botatzen dizkiat. Poza hartzen diat Kataluniatik ere jendeak pilota segitzen baldin badik. Ikusi arte.

4

G. Kaixo Aimar! Oso jatorra zarela uste dut. Badaukazu partiduak jokatu baino lehen maniarik? Beste galdera bat: zure anaiak jolasten/entrenatzen jarraitzen du? Carol eta Estefa

E. Maniak gero eta gehiago. Partidaren azken aurreko egunean eta partida egunean gauza berdina jan behar dut, eta txapelketako partidu egunetan eramaten duten arropa irabazitako beste partiduren batean suerte ona emandakoa izaten da. Anaiak lehen bezala jarraitzen du entrenatzen eta jolasten, nahiz eta azken aldi honetan txapelketetatik kanpoan utzi duten, pilotari gazteei aukera eman dietelako.

3

G. Hogeitabana. Etxeko sofan imaginatzen ditxut Olaizolatarrak, Julian haundiaren lau t'erdiko azken txapela mirestear. Hilabete gutxira Lekunberrin egin zendun debuta zuk, emozionauta seguru. Zirrara horrek bidelagun izaten jarraitu izan al dau egun arteko zure pilota ibilbidean? Lesioez gain, pilotaren munduak desengainatu egin zaitxu noizbait? Julianen 4 txapelak atzean utzi zenduzan hilaren 11an erdietsitako garaipenaz. Ezin dau inork zalantzan jarri kaiolako erregea zarala. Noiz edo noiz imaginatu al zendun honaino heltzea? Eta orain, zein da zure amets edo jomuga? Eskerrik asko aldez aurretik, ta zorixonak, bihotz-bihotzez. Itxaso

E. Galderak banaka erantzungo ditut. Bai, normala den bezala, debutaren eguna beti gogoan edukitzen da, oso berexia delako. Pilotaren munduak ez nau desengainatu, imaginatzen nuen bezalakoa da. Nik ez nuen inoiz imajinatu honaino iristea. Neretzako helburua ahal dudan urte gehien profesionaletan egitea da eta debutatu nuen egunean txapelaren bat irabaziko nuela esan baldin bazidaten berehala firmatu izango nuen. Nire ametsak bete ditut, hiru modalidadetan txapela irabazita, baina berdin segiko dut lanean beste txapelaren bat irabazteko.

2

G. Aurrekoa bezalako final baten ondoren, aldageletara joandakoan ze giro egoten da bion artean, egiten al diozue elkarri hitzik edo zer komentatzen diozue elkarri? oier

E. Bai, inongo problemarik gabe. Normala den bezala, beti irabazi duena galtzailea baino kontentuago, baina elkarren artean giro ona izaten da, eta ez da arazorik izaten. Kantxa barrukoa, kantxan gelditzen da.

1

G. Kaixo, Joxe Mari eta Pili gara (Euskara ikasten ari gara). Asko gustatzen zaigu nola jokatzen duzun, zure jokoa oso dotore delako eta zu umila zarelako. Nola egiten duzu kontrolatzeko eta beti lasai egoteko? Eskerrik asko. Jose Mari eta Pili (Bilbo)

E. Egunon. Nahiz eta kanpotik itxura eman beti lasai egoten naizela, nik ere barrutik batzutan eramaten ditut nire nerbioak. Hor goian egon nahi baduzu, ordea, jakin behar duzu tentsio une horietan urduritasuna kontrolatzen.