G. Kaixo Aitor:
Lehenengoz eta behin, zorionak txapelarengatik.
Idazten dizut harrituta irakurri nuelako Berriak finalaren biharamunean eginiko elkarrizketan, bertsolariaren profesionalizazioari buruz esan zenuena. Bere horretan, oso motza egin zitzaidan zure argudiaketa, era horretan, zuk irakasle roletik bakarrik abestu ahal izango zenukeelako, eta ez etxeko-andra bat edo tailer-zuloan hamar ordu egunero pasatzen dituenaren lekutik, adibidez.
Bestalde, zure hitzetatik okerreko interpretazio bat eman daiteke eliteko bertsolariari buruz edo profesionalari buruz, kirolean edo sukaldaritzan, esate baterako,elitean dagoen nibelarekin parekatzera eraman dezakeelako zuen errealitatea ezagutzen ez duena. Kasu honetan, zure lan-baldintzak hobeak dira ,agian, bertsolari profesional batenak baino.
imanol
E. Kaixo Imanol. Mila esker hasteko. Oker ez banago titularra "Bertsolaritza ez profesionala ona litzateke" edo horrelako zerbait zen. Kazetariak ea bertsotatik bizitzea pentsatzen nuen galdetu zidan, eta nik nire kasurako zer nahi nukeen erantzun nion. Erreferentzien kontuari dagokionez, ez nintzen lan konkretuen ezaugarri jakinez ari. Ni ere jabetzen naiz noski langintza guztiak ez direla berdinak. Nominapekoak garenon gehiengoak dituen zenbait ezaugarriri buruz ari nintzen, esaterako, eguerdiko saio baterako dei baten aurrean, edo txapelketako saio batek lanarekin koinziditzen badu. Agian ez nion behar bezala transmititu kazetariari atzean egon daitekeen guztia, eta berak ere ez zuen toki askorik azalpen guztiak sartzeko.
Nik izugarrizko meritua ematen diet beraien sormenetik bizitzeko erabaki ausarta hartu duten bertsolari eta sortzaileei. Nere burua ez dut gai ikusten horrelako apustu bat egiteko, ziurrenez askoz segurolagoa naizelako. Eta "ez-profesional" izatea hobea dela uste dudala diodanean nire buruari buruz ari naiz.
Ez litzateke lehen aldia eta gustura hitz egingo nuke honetaz zurekin, hau gune motzegia da ertz guztiak adierazi ahal izateko. Ez dakit erantzun dizudan, baina nire asmoa ez zen inondik inora bertsolari-eredu bat hobestea langile bezala, nire burua non kokatzen dudan adieraztea baizik.