Azken elkarrizketa

Amaia Esnal

Amaia Esnal

Egin Dezagun Bidea-ko kidea

2012-01-05 - galderak erantzun ditu

Egin Dezagun Bidea mugimenduak euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazio orokorra deitua du larunbaterako. Bilbon izango da, 17:30ean.

 Erantzundako galderak

25

G. Amaitu da elkarrizketa digitala. Eskerrak eman nahi dizkiogu Amaiari galderak erantzuteko bere prestutasunagatik, eta eskerrak, modu berean, galderak bidali dizkiozuen guztioi, parte hartzeagatik. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko denoi. Larunbatean Bilbon elkartuko garelakoan, agur bero bat! AMAIA

24

G. Kaixo berriz ere; 6.na naiz.Oskar. Ea ez didazu nire galderei erantzun. AMNISTIAREN inguruan hau esan duzu; "Amnistiaren esanahia ez dugu soilik preso eta iheslarien etxeratzeari lotzen, egoera horretara eraman dituzten arrazoiak gainditzearekin baizik, hau da, preso eta iheslari gehiago egongo ez den egoera berria. Baina pentsatzen dugu ez dela egoera horretara iritsi behar gatazka konpondu eta ondorioz preso eta iheslariak etxera ekartzeko." Ez dut oso ondo ulertu.Orduan noiz hasiko zarete berriz ere AMNISTIA eskatzen? Ze "gauzak" aldatu behar dira…berriz ere amnistia aldarrikatzeko? Zeri itxoin behar diogu? oskar

E. Kaixo Oskar, esan nahi dudana zera da, Amnistiaren esanahia aintzat hartzen badugu, gatazka politikoa eragin duten arrazoiak gainditzeari atxikitzen zaio preso eta iheslarien etxeratzea. Gure ustez, orain zabaldu beharreko epealdian preso eta iheslariak etxera ekarri behar ditugu, gatazkari konponbidea ematearekin batera. Hau da, lehen bait lehen ekarri nahi ditugu etxera, gure artean izan ditzagun, eta horrek Amnistia ipar gisa ezartzen digu, hau da, gatazkaren konponbide osoa, baina berehalako eginkizun gisa preso eta iheslariak etxera ekartzea hartzen dugu gure gain, eskubideak errespetatzea lehen urratsa izanik. Horregatik, gure aldarrikapen nagusiak presoen eskubideak dira, eta "euskal preso eta iheslariak etxera".

23

G. kaixo amaia, besarkada bat gasteizetik eta zorionak egindako lanagatik, ziur islatuta egongo dala zapatuen. Zer lortuko dogu manifestazio hau historikoa izan eta gero? pasadan urtien baino jende gixau batukogu ta itzela izango da baina Espaniak emongo dauz pausuak horren arabera?ez dakit ba... gasteiztar

E. Espainiako gobernuak pausuak emango baditu, Euskal Herriak eta nazioarteko komunitateak horretara eramango duelako izango da. Larunbatekoa urrats garrantzitsua izango da alde horretatik, baina aurrerantzean lan handia izango dugu egiteko.

22

G. PSE-ko batzuk hasi dira presoen hurbilpenaren iguruan solasten ere, denak dira presoak hurbiltzearen aldekoak PP izna ezik. Posible ikusten duzu PSE-ko ordezkariren batzuk edo aldarrikapen horrekin bate giten dutenak epe ertainean horrelako manifestazioekin bat egitea? hau da, frantzian PS-k zenbait ekimenetan parte hartu duen moduan? zuek nola ikusten duzue? galdera

E. PSF eta PSE -ko jende batekin hitz egiteko aukera izan dugu, nahiz eta ez diren kargudunak. Batzuk dagoeneko bat egin dute manifestazio honekin, eta etorkizunean era honetako mobilizazioekin alderdi gisa bat egitea zabalik dagoen aukera bat dela pentsatzen dut.

21

G. Kaixo Amaia: Larunbateko autobusen antolakuntza dela eta herrialde bakoitzak leku konkretu bat izango duela entzun dut. Hori horrela al da?gipuzkoarroi etxeberria parkean utzio al gaitu eta bertatik joan beharko al dugu maniaren hasierara? atzerapenak ekarriko dituela uste dut nahiz eta arrazoia ulertu.Mila esker. Lore lore

E. Autobusak ohikoa baino lehenago ateratzea ere gomendatzen dugu, atzerapenak saihesteko.

20

G. Aurrenik eta behin, zorionik beroenak Euskal Herriko presoen alde egiten ari zareten lan eta antolaketa bikainarengatik. Nire galdera honakoa:Estatuaren nahiz Eusko Jaurlaritzako barne Ministeritzaren mehatxu horien aurrean ere, uste duzu ezker abertzaleko eremutik kanpoko beste zenbait eragile, talde eta alderdik oraingoan gehiago ari direla inplikatzen? Etorkizun hurbilean presoen aldeko mugimendu egiazkoak egin ditzaten, zer gehiago egin dezakegu? Epe motzean Estatuak egingo al du mugimendurik? lurdes

E. Euskal preso politikoen eskubideen aldeko adostasun zabala dago euskal jendartean eta gero eta eragile gehiago dira konpromisoak hartzen ari direnak. Aurrerantzean elkarlan aukerak jorratzen jarraituko dugu. Etorkizunean gobernuak presoen eskubideen errespeturantz urratsak ematera behartzeko presio sozial handia sortu beharko dela pentsatzen dugu, eta horretarako herritarren inplikazioa areagotzea beharrezkoa dela uste dugu, bai eta eragileen konpromisoak ekimen eraginkorretan taxutzen asmatzea ere. Gobernuak epe motzean urratsak emango dituzte ala ez, presio hori sortzeko daukagun gaitasunaren arabera. Horretan gabiltza eta gero eta zailagoa izango da kartzela politika honi eustea.

19

G. Gaur Gipuzkoako Egunkari batek ETAk presoei barkamena eskatzen ez diela utziko esaten du eta kartzelatik horren errez ez direla aterako ondoriozta dezakegu. Ez al da hobea, ezker abertzaleak beste kasu batzutan egin izan duen moduan "por imperativo legal" barkamena esaktzea eta presoak etxeratzea? Jon Mikel

E. Nire ustez hoberena da lehenik eta behin presoen kolektiboari baldintzak eskaintzea bere gogoetak egin ditzan konponbide prozesuan egingo duen ekarpenaz eta emango dituen urratsez. Komunikabide askok preso politikoen inguruan hitz egiten dute, baina preso politikoen kolektiboari ez zaio ahotsik ematen, ez zaio aukerarik ematen eragileekin biltzeko, beraien artean komunikatzeko, etab. Aukera hori irekitzea inportantea iruditzen zaigu. Irlandako prozesuan, esate baterako, preso politikoak elkartzeak garrantzia handia izan zuen bake prozesuan.

18

G. Aupa Amaia! 3/4 bete duten presoek, kaleratzeko zein da jarraitu behar duten bidea? Eta gaur egun zergatik ez daude kalean? Jon

E. Presoek 3/4 beteta askatasun kondizionala eskuratzeko eskubide osoa dute eta horretarako eskaera formal bat burutzen da. Euskal Preso politikoei ukatu egiten zaie askatasun kondizionala, kolektibo honi aplikatzen zaion salbuespeneko politika dela eta, mendekuan eta errepresioan oinarritzen baita.

17

G. Kaixo Amaia: Jakinik EPPKz beste badirela prozesuan esku hartu nahi duten zenbait euskal preso politiko, horiekiko zer jarrera du zuen ekimenak, zer leku izango dute larunbateko deialdian eta eurei zer bide edo esku-hartze emateko zaudete prest? Gartxot

E. Une honetan espainiako eta frantziako gobernuek salbuespenekoa den kartzela politika bat indarrean mantentzen dute EPPK osatzen duten presoen aurka, beste presoen aurka aplikatzen ez den bezala, ez sozialak, ez eta politikoak kontsideratzen diren beste batzuk ere. Guk errespetu osoz begiratzen ditugu pertsona eta eragile guztiak, baita aipatzen dituzunak ere. Gure aldetik, gogor lan egingo dugu salbuespeneko kartzela politika hau aldatu dadin, konponbide klabeetan kokatu dadin. Bide horretan, mota guztietako eragileekin bilerak egiten ari gara, eta beti agertu gara irekiak jendearekin eta eragileekin bildu eta hitz egiteko.

16

G. Kaixo Amaia. Espainiar eta Frantziar gobernuek Egin Dezagun Bideak eskatzen dituen aldaketak beteko balituzte, zenbat euskal preso politiko geratuko lirateke aske eta zenbat kartzelan? Eta bestetik,nola baloratzen duzu larunbateko mobilizazioan "preso politiko" kontzeptuaren erabilera debekatzea, eta zeri eragin diezaioke azken honek mobilizazioaren izatean? Besterik ez, mila esker erantzuteagatik eta ea larunbatean Bilbok gainezka egitea lortzen dugun!! Mikel

E. 665 preso politiko daude gaur egun. Horien artean 175 dira zigorraren 2/3 edo 3/4 beterik kalean behar luketenak. Horrez gain, Frantzian ez da askatasun kondizionala aplikatzen, kondenen errebisioa baizik, eta preso politikoei ez diete askatasun kondizionalik ematen. Bide hau irekiko balitz preso batzuk kalean leudeke. Bestalde, badira gaixorik direnak, edo 70 urte baino gehiago dituzten batzuk, eta legearen arabera, askatasuna eman beharko litzateke egoera horietan. Horrez gain, 170 inguru espetxeratze prebentiboan daude, eta neurri honen inguruko gehiegikeria edo abuso bat ematen da preso politikoen aurka. Gutxi gora behera, 300 preso inguru lirateke egungo legea aplikatuta. Euskal preso politikoak gatazkaren parte eta ondorio dira. Errealitate hau ukatzearekin, gatazka politiko baten errealitatea ezkutatu nahi dela uste dut. Edonola ere, preso afera agenda politikoen erdigunean kokatu da, eta Bilboko kaleak gainezka izango dira larunbatean. Beraz, saihestezina izango da errealitate hau aintzat hartzea eta irtenbide bat ematea.

15

G. Egunon emakumea eta eskerrik asko aldez aurretik! Galderarik ez. Hausnarketa bat: Partea hartu eta artea hartu. Gero eta arte gehiago behar dugu. Parte hartzea artearen bitartez etor daiteke eta euskararen bitartez ere. Egunon! Errafa Conde

E. Egin Dezagun Bidea ekimenak presoen eskubideen alde ekarpen bat egin nahi duen orori ateak zabali dizkio. Euskaraz eta artearen bidez presoen eskubideak aldarrikatu daitezke, ondo aldarrikatu ere.

14

G. Kaixo Amaia! Lehenik eta behin ZORIONAK egiten ari zareten lan haundiagatik. Hau da nere galdera: Nola ulertzen duzu EAJ-ren jarrera? Zure ustez zergatik ez dute bat egin manifestazioarekin? Lizarra Garaziren garaian joan ziren Bilboko manifestaziora eta orain ETAk borroka armatua utzita ere ez datoz. Nola baloratzen duzue jarrera hau? mikel

E. EAJ -ek mobilizazio honen aldarrikapenekin adostasuna erakutsi arren ez du parte hartuko. Dena den, jakin dugunez, EAJ -eko oinarri sozialean kokatzen den jende asko joango da larunbatean BIlbora. Pentsatzen horrek ere aurrerantzean EAJ-ek euskal presoen eskubideen inguruan konpromiso handiagoak hartzeko balio beharko lukeela.

13

G. Zeintzuk izango dira gizartea mugiarazteko hurrengo urratsak, Estatuek (PPk batez ere) bere hortan jarraitzen badute, edota Euskal Presoen eskubideak errespetatzeko ematen dituzten pausoak ttikiak eta selektiboak baldin badira? Asier Miron

E. Garrantzitsua iruditzen zaigu Euskal Herria izatea Estatuek urratsak eman ditzaten presioa eta lana burutzen duena, bide orri bat markatuz Estatuen aurrean. Hau da, kartzela politika erabilpenerako erabili ohi da, xantaia eta mehatxua ohikoak dira preso politikoengan, beti ere prozesu demokratikoa baldintzatuz. Horren aurrean, pausu gardenak, oso argiak eta gehiengo indarrak antolatzeko modukoak eskatu behar ditugula uste dugu. Momentu honetan muturrekoak diren egoerak altxatuz, eta ondoren, preso eta iheslarien etxeratzeari bidea zabalduz, presoen parte hartzea barne bilduz prozesu horretan, Irlandan eta Hego Afrikan arrakastaz egin den bezala. Prozesu horiek mimetikoki kopiatzea ez da egokia, baina erreferentzia gisa har daitezke eta irakaspen handiak atera.

12

G. Kaixo Amaia, zorionak antolatu duzuen manifestazioagatik. Egin Dezagun Bidea bezalako ekimenak garrantzia aunitz dute bizi dugun garaian, hedabideetatik atera eta gizarteratzeko gatazka. Egokia iduritzen zait horregatik manifestazio isila izatea larunbatekoa. Nahikoa izango da, ordea, parte batek bizi izan dugun gatazka beste parteari sentiarazteko? Etorkizun ertain eta luzeari begira zer bilakaera izan dute Egin Dezagun Bidea, Eleak eta azken aldian sortu diren mugimendu zibilek? Puy Abarra

E. Larunbatean hito bat markatuko dugu denon artean, baina dudarik gabe lanean jarraitu beharko da. Mobilizazio honek argudioz eta indarrez beteko gaitu lanean jarraitzeko. Egin Dezagun Bideak proposamen eta ekimen berriak aurkeztuko ditu, eta azken hilabeteetan herri bilgune asko sortzen ari dira herri, auzo eta hirietan. Hortik egingo dugu bidea. Eleakek egingo duenari buruz haiek erantzun behar lukete.

11

G. Kaixo Amaia, somatzen al duzu gertutasunik, interes informatibo handiagorik, urteetan urrun eduki dituzuen komunikabide batzuen aldetik? Bego

E. Zertxobait bai agian, baina gehiegi ere ez. Egia esan preso politikoen afera agendaren erdigunean dago eta komunikabideek horri erantzun behar diote. Hala ere, gaiari buruz asko hitz egiten da, baina Egin Dezagun Bidea ekimena presoen eskubideen aldeko mugimendua izanik, ez tamainako trataera edo espaziorik ematen.

10

G. Iepa; Gaur entzun dut "Azpimarra"n saioan manifestazioa ISILA izango dela! Zergatik? Zeren beldur gara? Argi dago oihuak; "euskal presoak euskal herrira", " euskal presoak etxera" edota " "presoak kalera amnistia osoa" , "amnistiarik gabe bakerik ez" izango zirela...Hau da, AMNISTIA oihukatzearen "beldur" gara? NOIZ ARTE egon behar dugu horrela?NOIZ ARTE gure presoen ARGAZKIAK atera barik? Hau dena ere "ONARTU" egin behar dugu? pello

E. Gure ustez mobilizazioa historikoa eta dimentsio izugarrikoa izango da. Horren aurrean, mobilizazioaren helburuak eta eragina desitxuratzeko saiakera bat dagoela uste dugu, eta ez diogu asmo horri aukerarik eman nahi. Aski jakina da zer den Bilboko kaleetan aldarrikatuko dena, eta garrantzitsuena Bilboko kaleak jendez gainezka jartzea da, jendartearen gehiengoak Bilboko kaleak betez hitz egingo du egun horretan. Ez diogu inori aitzakiarik eman nahi mobilizazio honen eragina zapuzteko. Mobilizazio honek izango duen eragin itzelaren beldur direlako gertatzen da hau. Beldurra ez da gurea, gurea urrats erraldoia izango da larunbatean.

9

G. Hasteko eskerrak eman nahi dizkizut!Zorionak, bigarrenik, atxikimendu oldeagatik! Suposatzen dut EAJrekin eta EBrekin kontaktatuko zenutela beren parte hartzerako, zein da ezezkoaren arrazoia? Ez al dute, gutxienez, espainiaren legea betetzea nahi? Pena da! Besarkada bat bahituta daudenei! kontatu nirekin!

E. EAJ eta IU ados daude presoen eskubideen inguruan egiten ditugun aldarrikapenekin. Guri esan digutenaren arabera, EAJ -k lan egingo du presoen eskubideak bete daitezen, baina beste modu batzuetan, bere kabuz. Dena den, pentsatzen dut hauteskunde autonomikoak gertu egonik,kalkulu politikoak egongo dira parte ez hartzeko arrazoien artean.

8

G. Nola sentitzen duzue herriaren babesa eta politikari eta instituzioena? Xabier

E. Euskal preso politikoen eskubideen aldeko jarrera nabarmen handitu da azken hilabeteetan. Horrez gain, eragile batzuen aldetik konpromisoa ere areagotu egin da, ekimenetan inplikatuz eta iniziatiba propioak garatuz ikusten baita hori. Herritarren artean, mobilizazio orokorraren inguruan burutu den kanpainak erakusten du gorakada hau: 7 asteetan 15.000 atxikimendu inguru, horien artean 600 elkarte edo eragile, 300 autobus inguru beteta, etab. Badira hainbat alderdi politiko eta instituzio, aldarrikapen hauekin bat egin arren, gure ekimenetan parte hartzen ez dutenak. Hori ere landuko dugu aurrerantzean, elkarlan bide berriak saiatzeko.

7

G. Kaixo Amaia; Larunbateko lema ikusita "eskubide guztiekin euskal presoak euskal herrira", galdera batzuk ditut; - jada ez duzue "politiko" hitza erabili behar?Ez al dira? - Zergatik orain "bakarrik"; gaixo eta 3/4 bete dituzten presoak askatzea eta beste guztiak euskal herrira hurbiltzea eskatzen da? Hori "besterik"? Eta beste guztiak? Eta AMNISTIA? - Noiz hasiko zarete AMNISTIA eskatzen? Noiz hasiko zarete iheslari, deportatu eta errefuxiatuak ere buelta daitezen eskatzen? Ez da orain momentua,ala? Zergatik?Noiz arte itxaron behar dugu? Nola lortuko dugu amnistia jada ez badugu eskatzen? Mila esker. Oskar

E. Larunbateko mobilizazioa manifestu baten inguruan antolatu da, zeinak preso politikoez hitz egiten duen. Guk preso politikoak maiz erabiltzen dugun kontzeptua da, bai eta Gernikako Akordioak eta beste eragile askok ere. Hain justu kolektibo honen aurka salbuespeneko kartzela politika bat ezarri da, eta horren adierazlerik gordinenak muturreko egoerak dira: dispertsioa, bizi arteko zigorra, gaixorik direnak preso mantentzea eta isolamendu egoerak. Muturreko egoerak gainditzea lehen urratsa dela uste dugu, bai giza eskubideak larriki urratzen direlako, bai eta konponbide prozesua blokeatzeko erabiltzen delako ere. Amnistiaren esanahia ez dugu soilik preso eta iheslarien etxeratzeari lotzen, egoera horretara eraman dituzten arrazoiak gainditzearekin baizik, hau da, preso eta iheslari gehiago egongo ez den egoera berria. Baina pentsatzen dugu ez dela egoera horretara iritsi behar gatazka konpondu eta ondorioz preso eta iheslariak etxera ekartzeko.

6

G. PPren gobernuaren blokeo hipotetiko baten aurrean, zein da jorratu beharreko bidea? Bilbora!

E. Nire ustez martxan dagoen prozesu politikoa sendotzea, Euskal Herrian elkarrizketa politikoari bide ematea, nazioarteko inplikazioa areagotzea, herritarren parte hartzea eta inplikazioa areagotzea, besteak beste.

5

G. Noiz izango ditugu preso politikoen argazkiak berriz ere, eta amnistia eskatzeko aukera? Hau diot ze aspaldi ez dela desobedientzi zibila herri eskaeren barruan zegoen(zibila baina eta indarkeri gabekoa: Demoak, Giraldillak, solidarioak…), eta orain amnistia eskatzea eta preso politikoen argazkiekin manifa egitea debekatu, eta guk onartu egin behar!! Garai berrietan borroka mota berriak!, indarkeri gabe, baina borrokan beti azken preso eta iheslaria etxeratu arte!!! Eutsi goiari! Amnistia osoa

E. Manifestazio eskubidea eta adierazpen askatasunaren murrizketek jarraitzen dute eta horiek gainditzeko modu asko daude. Espazio batzuk irabaziz joan badira ere, lanean jarraitu beharko da eskubide zibil eta politikoak berreskuratzeko. Askotan eraso hauek gure aldarrikapenak eta ekimenak desitxuratzeko erabiltzen dira. Esate baterako, larunbat honetako mobilizazioaren dimentsioa eta helburuak desitxuratzeko intentzioa dute Marlaskak kaleratutako ebazpena eta komunikabide batzuk zabaldutako mezuak. Mobilizazioaren helburuei tinko eusten diegu, eta bere eragina indargabetzeko aitzakiarik edo aukerarik ez dugu emango. Bilboko kaleetan gehiengo zabal baten borondatea islatuko da eta horrek eragin itzela izango du dudarik gabe. Desobedientzia zibilak emaitza onak eman ditu munduko hainbat tokitan: India, Hego Afrika, AEB... Euskal Herrirako molde egokiak izan daitezkeela pentsatzen dut nik ere, Preso eta iheslariak etxera ekartzeko bidean. Animo!

4

G. Manifestazio jendetsua izango da Urtarrilak 7koa, herriak aldaketak beharrezkoak direla aldarrikatuko duen ekintza oparotsu bat. Zein izan behar da hurrengo pausoa? Jon

E. Egin Dezagun Bidea ekimenak urtarrilaren 7ko mobilizazioaren ostean proposamen berriak aurkeztuko ditu. Edonola ere, larunbatekoa bide baten mugarria izango da, aurrera egiteko inpultsoa eta indarra emango diguna, baina bidea egiten jarraitu beharko da lorpenak izan ditzagun.

3

G. Euskal jendartearen gehiengoak presoen hurbilpena eskatzen du, PSE-ko hautesleriaren %77,9a barne. Zer gehigao egin daiteke Euskal Herritik hori edo beste aldarrikapen batzuk Madriletik betetzeko? Zer egin dezakegu gu, herritarrok? Amaia

E. Azken hilabeteetan egoera politikoan eman diren aldaketa handiak herritarren bultzadarik gabe ezinezkoak lirateke. Aurrerantzean, mobilizazio handietan ez ezik, herritarron parte hartzea eta inplikazioa giltzarriak izango dira. Euskal preso politikoen eskubideen aldeko lanak garrantzia izugarria hartzen du eta herri bilguneetan antolatzea, dinamika sendoak martxan jartzea da gure ustez aurrerantzean egin behar den bidea.

2

G. apa amaia! espainiar estatuari europatik ez al dago presio handiagoa egiterik? harrigarria deritzot Estatu espainiarrak euskal herritarron aurka burutzen duen eskubide urraketa burutzea inork , euskaldunok saldu, txintik esan gabe. besterik gabe, segi gogor lanean! etxera!

E. Baiezkoan nago. Nazioarteko inplikazioa gero eta handiagoa izaten ari da Euskal Herriko gatazka konpontzeko prozesuan eta gobernuak urratsak eman ditzaten ekarpen gero eta handiagoa egingo dutela pentsatzen dut, aldagai erabakigarriak Euskal Herriko herritar eta eragileen eskuetan daudela pentsatzen dudan arren.

1

G. Kaixo Amaia: Kolosala izango da larunbateko manifestazioa, seguru.Zuek egindako lanari eta aldebakartasunaren eragin politikoari esker, batik bat. Aldebikotasuna, bistan da, presoen eskubideen alorrean hasi daitekeelakoan nago. Nola egin lehenbailehen eta konponbide integralaren klabean eman dadin? Joxean

E. Lehenik larunbat honetan Bilboko kaleak kolapsatuz, bigarrenik, aldarrikapen zehatzen inguruan dinamikak sortuz eta horien inguruan konpromiso zabala eta inplikazio sendoa bilduz, gobernuarengan presio sozial handia eraginez. Azken batean konponbide prozesuak aurrera egin dezan oztopoak jartzen dituzten indarrak politikoki eta sozialki isolatu eta heldulekurik gabe uzteko bide bat egin beharko da, gehiengo indarrak antolatuz. Pazientzia eta ikuspegi luzea osagai garrantzitsuak izango direla uste dute.