Azken elkarrizketa

Lander Lasa

Lander Lasa

Lagun Aro GBC-ko jokalaria

2012-02-09 - 15:30

Lagun Aro GBC Donostiako saskibaloi taldea Espainiako Kopako fasean ariko da datorren astean, bere historian lehen aldiz. Han izango da Lander Lasa eskolta (Tolosa, 1988).

 Erantzundako galderak

18

G. Eskerrik asko, Lander, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko zuen galderengatik. Espero dut erantzunak ere onak izatea. Hurrena arte.

17

G. Bi urtean apenas jokatu duzu. Ez zen zuretzat hobeto izango maila apalago batean jokatzea? Iraurgin, adibidez. Txapela

E. Maila apalago batean jokatzeko aukera izan nuen Iraurgin, baina Sito Alonsorekin hitz egin eta nigan konfiantza guztia zuela esan zidan. Orduan, Lagun Aron geratzea erabaki nuen. Iraurgin jokatzeko denbora beti egongo da.

16

G. Arratsaldeon Lander. Bartzelonan Espainiako Kopako saskibaloi festaz eta bertan dagoen giro apartaz gozatzeko aukera izango duzu. Bitartean, zure herrian Iņauteriak ospatzen egongo dira. Lehen aldiz Errege kopako fase finala jokatzeko aukera izanda, mozorroak beste urte baterako utzita izango dituzu ezta? Trasta

E. Mozorroren bat etxean badut gordeta, eta ea ateratzeko aukera dudan. Baina, oraingoz, Bartzelonan dago nire burua eta ea ahal den beranduen etortzen garen handik, Kopan aurrera egin dugun seinale izango delako.

15

G. Tolosakoa zara, eta inauterien hasieran behintzat Bartzelonan izango zara, Kopan. gero bai parrandarik? triangelu

E. Ez dakit parrandarik botako dudan, baina egunen bat gozatzeko aukera izango dudala espero dut. Ea egun hori igandea edo astelehena den.

14

G. Erosoa al da zezen plaza batean jokatzea? muu

E. Jende asko etortzen da zezen plazara gu ikustera; beraz, betiere polita da hori. Baina, egia esan, neguan hotz handia egiten du Ilunben, eta Gasca bezalako kantxa bat erosoagoa izango litzateke.

13

G. Egunon Ander! Azken asteetako bolada ikaragarria ikusita, zer moduz iusten duzue zuen burua liga amaieran play-offetarako sailkapenari begira? Tomas

E. Kanporaketak oraindik urruti daude. Astebururo partidak irabazten joan eta hortik aurrera hasiko gara pentsatzen kanporaketetan.

12

G. Koparako zer pronostiko? igeldo

E. Gure partetik, ahal den borroka gehien egin eta ahal bada partida bat irabazi. Final-laurdena Baskoniaren kontra izango dugu. Talde gogorra da, jokalari bikainak ditu, baina gure lana haiei gauzak zail jartzea izango da eta ea ustebakea emanez irabazterik dugun.

11

G. Ze moduzko esperientziye izan huan Azpeitiyen Iraurgin? Azpeititik

E. Nire bi urte garrantzitsuenetakoak izan ziren, bai kirol arloan, bai pertsonalki. Beti izango dut gogoan Iraurgi, eta berriro han jokatzeko aukerari ez diot inoiz aterik itxiko.

10

G. Zein da hire idoloa? Miel

E. Navarro.

9

G. Jokatzen ikasten omen da, eta zuk, jokatu, gutxi egiten duzu. Zer ikasten da aulkitik? Kobe Bryant

E. Ikasi aulkitik baino gehiago egunerokoan ikasten da. Aurrean ditudan jokalariak defenditzen eta beraien jokoa ikusiz ikasten da.

8

G. Aupa Lander, urte zaila pasa zenun iaz, eta aurten entrenatzaile berriak konfidantza gehiago duela zurekiko dirudi. Aldaketarik nabaritzen al duzu? Nola ikusten duzu zure etorkizuna? Larra

E. Nabarmena da aldaketa. Orain defentsan lan gehiago egin behar izaten dut; beraz, entrenatzaileak konfiantza handiagoa du nigan. Nire etorkizuna klubaren esku nago. Oraindik goiz da horretaz hitz egiteko, baina espero dut bertan geratzea.

7

G. Noizko saski txikitze bat partida batean? Beroketetan egiten dituzu batzuk! Ionut Dragusin

E. Hain minutu gutxi izanda nahiago dut nire aurkariak ez punturik sartzea, nik txikitze bat egitea baino. Posible izango banu, noizbait egingo nuke.

6

G. Zein ezberdintasun nabritu duzu Pablo Laso eta aurten zuen entrenatzaile den Sito Alonsoren artea? Unai Lopetegi

E. Pablo Lasok saskibaloi desberdina ikusten du. Alonsok defentsan du bere puntu fuertea eta horregatik nabaritzen da aldaketa handiagoa taldean. Dena dela, bi entrenatzaileak dira oso onak.

5

G. Zein jokalarik harritu zaitu gehien ACB ligan? Eta Lagun Aron? Saskiratzea

E. ACBn gehien, Navarrok. Fisikoki ez du ematen oso ona denik, baina jokoa irakurtzen eta ikuskizuna ematen beti da onena. Lagun Aron, berriz, denboraldi honetan Panko izan da gehien harritu nauena; batez ere, hiruko gehiago sartzen ari delako.

4

G. Taldean apenas entzungo da euskara ez? Horren falta sumatzen duzu? Taldekideekin edo bestelako taldeko kideekin hitz egiten duzu euskaraz? Animo!!! Txomin

E. Euskaraz hitz egitea beti botatzen da faltan. Taldean inork ez daki, baina David Doblas eta Javi Salgadorekin brometan aritzen naiz, ez dutelako ulertzen, saiatzen diren arren.

3

G. Berria-ko elkarrizketa batean irakurri nuen Jimmy Baronekin harreman ona duzula, hobetzen laguntzen dizula. Nolakoa da egunerokoan? Izar bat sentitzen al da, edo pertsona normala al da? Manute Bol

E. Lehengo denboralditik hona asko aldatu da Baron. Konfiantza eta pisu handiagoa du taldean. Baina pertsonalki berbera da eta niri laguntzen jarraitzen du egunero. Horrek egiten du den jokalaria.

2

G. Epa! Plazer egiten dit taldean leku bat egiten ari zarela ikusteak.Jakin nahi nuke nola egiten duzun konfientsa lortzeko, epe labur batez erangikorra izateko, kantxan sartzen zarenean? Iban

E. Konfiantza lortzeko astean zehar eginiko lana oso garrantzitsua da, baita entrenatzaileak ematen dizun konfiantza ere. Minutu gutxi jokatzen ditudanean, entrenatzaileak esaten didana egin eta hortik aurrera taldeari laguntzea besterik ez da pentsatu behar.

1

G. Aupa Lander. Bigarren urtea da zuretzat ACB ligan. Pasa den sasoian nahiko gutxi jokatu zenuen, eta oraingoan ere minutu asko ez. Erraza al da eustea, ez etsitzea aulkian hain minutu razio handia pasata? Rafa Talaveron

E. Minutuak edukitzea beti da zaila. Jokalariak denboraldi honetan maila handia ari dira ematen eta, ni gaztea naizenez, ikasten ari naiz. Saskibaloia asko maite dut eta etsitzea ez da ona. Nahiago dut lanean jarraitu eta, batez ere, saskibaloia ikasten jarraitu.