Azken elkarrizketa

Pello Zabala

Pello Zabala

Fraide frantziskotarra

2012-04-18 - 10:00

Zaila da Pello Zabala hitz bakar batekin definitzea. Eguraldian aditua, idazlea, blogaria...BERRIAko administrazio kontseiluko kidea ere izan zen.

 Erantzundako galderak

14

G. Eskerrik asko, Pello, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko zuei gonbidatzeagatik eta irakurleei galderak bidaltzeagatik. Baten batek emandako erantzunen inguruan idatzi nahi badit blogean du horretarako aukera.

13

G. Kaixo Pello eta zorionak urteetan daramazun ibilbideagatik. Ze eguraldi egiten duen, asko eragiten dio jende askori egunerokoan. Umorean, hasarrean... zuri sortzen al dizu halakorik? zer duzu nahiago eguraldi euritsua, lainoa, eguzkia, hego haizea, mendebala. Ondo izan eta eskerrik asko Asier

E. Burua ta bihotza plegatuta zauzkeat aurrez dakidan eguraldiarekiko. Saiatzen nauk nire interesak eguraldiaren arabera koadratzen. Sanoenak pozik eta naturan gozatzeko. tristeenetan etxeko lanak egiteko. Eta beti ere, etxeko beharrek uzten didatena, etxeko terrazan bederen, irakurri ta zeozer idazteko, blogean eta... Nik gustura hartzen ditiat eguraldi guztiak: eguraldia, aldia daukagun eta bizi dezakegun artean, ondo bizi gaituk... hori falta zaigunean, malo!

12

G. Eguraldiaren atzean interesak daudela entzun izan dizut. Zergatik diozu hori? Interes horiek zenbateraino baldintzatzen dute eguraldiaren iragarpena. Aitor Arozena

E. Interesak bai, maila sakonean, munduko eguraldia kudeatu nahiean prueba gehiegi dabilelako. Baina, hori aparte utzita, martxa ttikiagoan, negozioen itzala: begira zenbat anuntzio botatzen diren, bai elurretara jendea joan dadin, baita hiriburuetako jendetzak goraipatuz ere, hotelak bete direla... Gainerakoan, betiko interes politikoak... baina hori luzeegia hukek... akordatzen orain 12 urte izan zela EHKME erakunde bat...? Noizbait historia puska bat garbitu behrako diagu, igoal...

11

G. Kaixo!Arantzazuko lanetaz aparte zertan ematen duzue eguna santutegi aldean Pello? Zer denborapasa dituzue? Ikusi dut bloga ere baduzula Berrian, agian horri eskaintzen diozu tartea beste gauzaren artean,ezta? Eskerrik asko Pello! Agus

E. Lan gordinetarako ez zaukagu sasoirik ja. 15 fraile 80 urtetik gorakoak, gaisoak mordoxka. Elkarri zerbitu eta laguntzen lan nahikoa egunero. Garbiketak eta beste, gaisoak medikutara eramateko taxista lanak... gero, datorren jendeari tratu pixka bat eskaini, bertako bisitak eta beste... eta ordu pare bat astean barru, asteburuan Elizako lanengatik ezin dugunez, paseotxo bat eman... Nik neronek, goian esandako loturatxoak uzten badidate, ahal dudana irakurri, ibilian gauza naizenez, liburua eskutan ibiliz, izerditzen banaiz hobeto.

10

G. Egunon Pello!Aste Santuak izanda,suposatzen dut ibiliko zinela prozesioren batean edo beste. Gustuko al dituzu?Zeinek hunkitzen zaitu gehien hemen inguruan?Ondo segi! Ixiar Lakunza

E. Ixiar, ez naiz prozesiozale. Liturgia ahalik eta garbiena gustatzen zait, eta lanak dauzkagu ospakizunen puru ta garbia azaleratzen... Kostako zaigu, Garizumak luze jarraitzen baitu oraindik, debozioak garbitu, penitentziak beren toki extuan ipini, penitentzi gehiegi dago bestela ere eguneroko bizitzan eta, ospatu behar dena, bere zentzu betean ospatu ahal dadin, erantsi zaizkion azal trixte guztietatik garbitzen...

9

G. Kaixo Pello!Geroz eta gazte gutxiago mezetan, eta are gutxiago apaiz. Nola ikusten duzu etorkizuna hemendik urte batzuetara?Mila esker,eta ondo izan! Joselu

E. Joselu, ba, gero eta hobeto. Krisialdi hau, hala deitzerik balego, aspaldikoa duk, mendeetan barrena datorrena... noizbait hasi behar zian sendatzen, ebanjeliora itzltzen alegia. Kontzilioak zabaldu ziguna eta hain gustura jaso genuena, horixe izango duk azkenean irabaziko duena. Gu joango gaituk, baina libratzen ari den kristau jende librea, ikasia, Nazaretekoaren laguna, hori aterako duk irabazian, eta horien elkarte txikiak. Jesusen Espiritua, haizea izaki, batean xuabe, bestean xuxurlan, hurrena indartsu... bere bideak egiten ari duk. Eliza handiegiak, lehenago ermitak bezala, hor geldituko dituk. Halere, azkenafaria ospatzeko aretoak beti egongo dituk pronto...

8

G. Egunon Pello: Zer moduzko udaberria izango dugu hemendik aurreta? Eta uda? Ondo izan. Pedro

E. Onegia esaten diogun hori, seguruasko. Oraintxu, ostiral santuko ilbeteak ekarrita, euri dezente egin duen arren, pulamentu gehiegirik ez dik ateratzen, eta beldur nauk... Udari begiratzeko, oraindik lizarra eta haritza atzera samar zabiltzak, esprinta preparatzen hasi ere ez. Erreparatu horiei...

7

G. Emaitzak ikusita, honatx ene galdera: Hiretzat zenbat oren du egunak? Txantrea

E. Sano-sanoak, ia zortzi lo ederrean. Askoz sanoagoak, beste bi edo hiru, naturari begietara begira, txoriak agurtu eta, barraskilorik hasi den edo zizareak badatozen ikusten: biak ere gorde samarretik zabiltzak oraindik, akaso lehorretik joango duk? Eta, oparitarako nire buruari eman ahal badiot, beste ordu pare bat gutxienez, irakurtzeko. Giro ona bada, ibilian, bakebakean... Esan gabe ziak, fraile naizenez, anaiekin errezo eta meza ere, hor dagoela eguneroko. Asteburua, berriz, jendearen eta erromesen mendera pronto...

6

G. Arantzazun Erletokia jartzeko leku aproposik ba al duzue Pello? kontserbazio proyektua martxan jarri beharra zeukeu. Frantxiskotarren egoitza inguruan eta todoterrenos iristeko moduan. Guk jarri eta zuok zaindu. Ondo izan Eztena

E. Toki txarra zegok orain Arantzazu. Inguru haietan 80 erletik gora ezagutu genitian. Orain 4 geurean, eta dozenerdiren bat baote baserrietan? Erabat galdu duk erlearena han. Batetik, mendi gaineko eolikoak han jartzeko, txillar zuri guztia, erleentzat hain maitea, ia dena galdu huan; gainera, erlerik ezin duk haruntza arrimatu. Bestalde, Aloņa bizkar ederrenean, txillar gorria, uda ta udazken hainbeste ematen ziena, dena kendu eta belazea erein zitean. Gero, hainbeste ibilgailuren zarata eta ziztua, ia-ia tokirik ere ez zeukatek... atarramentu trixtea.

5

G. Iepa Pello!Eguraldiaren berri telebistan egunero jasotzen dugu:mapak, tenperaturak, itsasoa...mila gauza. Baina ez dago zure iragarpena entzutea bezalakorik,niretzat behintzat. Horri uzten diozun garaian, uste duzu egongo dela zure bidea jarraituko duenik?Ba al da norbait Arantzazun edo?Ondo izan Pello! Nekane Mateos

E. Eskerrik asko, Nekane. Euskaldunak berekin darama, baserritik datorrenak behintzat, eguraldiarekiko lotura bere baitan. Eta antzematen zaio, euskaldun eguraldizaleari eta baita ere, antzematen zaio funtzionarioari. Nire zaletasuna, Arantzazuko behategian zaletuago suertatu zen. Gero, Euskadi Irratiak atera zuen nire baitan neramana: hori ere karrera gabeko ikasketa petsonala izan zen. Egia da, asko gozatzen dut eguraldi kontuekin. Eta beti izan ditut oso begiko baserritarrentzako iragarpenak. Bestalde, laguntzak itxi izan dizkidate ezer sakondu nahi izan dudanean, koarta-tenporei buruz eta... Idatzita dudana argitaratzeko laguntzarik ez dut izan, 3 bider eskatu dudan arren. Nago, lehen nion baserriko zaletasuna eta kaletar txolin batzuen arteko sestra dela... Zer egingo da, ba?

4

G. Nola kudeatu asmo duzue Arantzazu epe erdi eta luzera? Zein da elizak jokatuko duen papera eta zein gainontzeko eragileena? joseba

E. Bageneki! Gauzak garbi ikustea zaila den honetan, nahi bai, baina nahi duguna egitea nahikoa zaildua daukagu. Komentuko bizitzaz eta elizakoaz aparte, Arantzazu bere buruaren jabe izan dadin nahiko genuke: ez da krisialdia tarterik egokiena, eta ez da erraztasunik ikusten, ea urte batzutara argitzen den hori dena. Komentuko bizitzari dagokionez, ikusia dago gu bagoazela eta, gehienez ere, 20-30 urteko tartetxoa bete genezakela. Izango du Arantzazuk kapelaurik, datorren erromesari erantzuten asmatuko duenik. Elizako liturgian eta, zenbateraino ireki eta berritu? Hori, orain bertan, ez dago batere erraza: sortuko dira garai berriak, kristauak Espirituaren libertateaz, asmatuko du euskal jendeak merezi duen liturgia ezartzen...

3

G. Egunon Pello! Zer idatziko zenuke? Galdera nahi duzunera hartu. Edo euskararen bitxikeriren bat kontatu, hitz jokoak. Edo bizipen edo ikasitako zerbait, mesedez. Nahi duzuna, Pello. Zure jarraitzaile amorratua naiz. Besarkada bat. Errafa. Errafa Conde

E. Kolpetik, ez duk erraza edozertan hasi eta, prezeski huraxe ongi idatzia izatea. Gaur ametsetan bizitako kontutxua. Akordatu nauk kolpean, ametsetan noski, nolako joera izan nuen nire ikasketak egitean, ikasi bai eta titulurik ez ateratzekoa. Halaxe musika karreran ere, 18 azterketa egin eta gero, pianoko azkenengoa egin gabe utzi nian, zortzigarrena alegia, horrela tituluaren menpe ez egoteko. Armonian ere lehen kurtsoa bakarrik egin nian, Victor Zubizarreta Begoņako organujole argiarekin, oso Arantzazuzalea portzierto, oraingo organoa estrainatzeko kontzertuan ere han huan... Ba, lehen kurtsoa ongi eginda eta haren animoak jasota, nola konposaketan atrebittua ere banintzen, gehiago azterketarik ez egitea erabaki nian. Baina, hori bai, nogehiagoketera obrak bidali, eta han saririk irabazten banuen, seinale banekiela. Eta hala, Bizkaiko sariketa batean lehen saria atera nian, eta baita esan ere, armonia badakiten seinale. Ikusten?

2

G. Eliza euskaldun bat badago, baina ez da independientea eta sinismena gero eta aulagoa da. Posible izango litzateke euskal espiritualitateak eliza independiente batean sustatzea? Xabier

E. Sano bizi dena, nik uste, nahikoa independiente bizi dela. Eliza ez bezala, kristauak libre izatea baitu bere xedea. Libre ta sano bizi daitezke kristau jator asko. Bizi gindezke, bai.

1

G. Aupa Pello!ze poza zure partehartzea ikusita!Arantzazura joateko zalea naiz,ederra da han ingurutik pasierak ematea.Hala ere suposatzen dut han bizita gustora hartuko duzula hiriko mugimendua ere. Orain aukeratu ahalko bazenu,mugituko zinake herri edo hiri batera bizitzera?Plazerra,Peio!eskerrik asko Matilde

E. Ezta pentsatu ere. Hemen baino hobeto ez diat uste inon bizi naitekeenik. Bakea batetik, isiltasuna bestetik. Txoriak kantuan, ia denak lagunak ditiat. Txko beneragarria duk hau. Eta artez betea.