Azken elkarrizketa

Maribi Ugarteburu

Maribi Ugarteburu

EH Bilduko hautagaia

2012-10-18 - 16:00:00

Eusko Legebiltzarrerako hautagaia da Bizkaian. Berriketan.info-n kanpainaz aritu da Ugarteburu.

 Erantzundako galderak

10

G. Azken galdera honekin, amaitu dugu elkarrizketa. Mila esker Maribi Ugartebururi eta parte hartu duzuen guztioi. berria.info

E. Mila esker BERRIAri leiho hau irekitzeagatik, eta kanpainan gaudenez, aprobetxatuko dut independentista guztiei eta garapen humano justuaren aldeko emakume eta gizon guztiei esateko domekan ekipo sendo-sendoa osotu behar dugula elkarrekin. Asko dugu egiteko eta asko izan behar dugu!

9

G. Ni betidanik ezker abertzalekoa kidea izan naiz, eta aurrerakoia izanik zezenketen aurka nago. Faltan botatzen dut izaera animalista hori gure ideologian. Zezenketak debekatzearen alde zaudete, ezta? Vegan

E. Zezenketarik eta oro har animaliekiko tratu txarrik gabeko Euskal Herri baten alde gaude. Egun batetik besterako eta goitik beherako debekuekin kontrako eragina lortzen da sarriegitan. Zezenketen eta animaliekiko tratu txarren kontzientziazio lanean sakontzen jarraitu behar dela uste dugu, batetik. Eta, bestetik, noski, erakunde publikoek ez dutela euro bakar bat ere ezta azpiegitura publiko bat ere bideratu behar animaliekiko tratu txarrak tartean dituzten jardueretara, izan zezenketak edo bestelakoak.

8

G. Zergatik ez zaio galdetu militantziari EH Bilduren hautagaiak aukeratzerako orduan? Iņaki

E. Zeri deitzen diozu galdetu militantziari? EH Bildu osatzen dugun lau indarrok, bakoitzak bere etxean, nazional zein herrialde mailan militantziarekin hitz eginez eta kontrastatuz osatu ditugu zerrendak. Zerrenda horiek, Ezker Abertzalearen kasuan bederen, herri batzarretara eroan ziren baiesteko ala ezesteko.

7

G. Kaixo Maribi, Madril eta Bartzelona artean bizi naiz, eta oraindik eztut ulertzen zergatik den txarra AHTren bat izatea... Eskerrik asko! Unaitxo

E. Madril eta Bartzelona artean bizi den pertsona batentzako ona izan daiteke horrelako azpiegitura bat, hori ez dut zalantzan jartzen. Nahiz, benetan denbora aurrezpena oso-oso txikia izan trenbide sare konbentzional baina berrituak diren kasuekin... Kontua da ez daukala justifikazio sozialik ez ekonomikorik gaur egun bizi dugun krisi sakonean milaka milioi euro xahutzea erlatiboki oso jende gutxik erabiltzen duen garraio azpiegituran. Soilik EAEren kasuan urtean 500 milioi euro bideratzen ari dira trenbidea eraikitzeko, eta txarrena da gerora ere aurreikusita dagoela bere burua ordaindu ezingo duen mantenu gastu handia izango duela. Gainera, gaur egun ez dago bat ere argi ez Hegoaldetik ez Iparraldetik EAE eta Nafarroa Garaiko trenbide lasterra inorantz lotuta geratuko ote litzatekeen. Beraz, uharte moduko bat izango litzateke. Zertarako tren lasterra? Bilbo-Donostia zatian hamar minutu aurrezteko? Benetan uste duzu konpentsatua dagoela gastua eta etekin soziala?

6

G. Kaixo Nafarroatik. Nafarroatik noski, interews biziz ari gara jarraitzen zuenean, geurean izanen diren hauteskundeak, jakinki zuenean gertatzen denak zeresan argia izanen duela gurean. Baina bada galdera bat, gatazkaren mataza argitzen ari garen honetan, nola irudikatutzen du EHbilduk lurraldetasunaren gauzatzea? Nola eratu benetan Euskal Herria? Zein benetako neurri martxan jarri? Milesker eta bejondeizula! Aitziber

E. Argi dago hortxe dugula gure gatazka politikoaren korapilo konplexuenetako bat. Eta ez da egongo mirakuluzko egun bat, zeinetan bat batean eratua geratzen den Euskal Herriko Legebiltzarra, zuzenean egun daukagun egoeratik jauzi kosmikoa eginda egoera ideal horretara... Beraz, kontua da transito hori nola egin. Argi dago erabakitzeko eskubidearen subjektua euskal herritarrak direla, hau da, Euskal Herrian (lurralde osoan) bizi garen herritarrok. Baina egun hiru egoera politiko, soziologiko, kultural eta administratibo oso desberdinetan banatuak gaude. Beraz, hiru bide daude, aldi berean egin beharrekoak gure ustez: batetik, lurralde zatiketa hori gaurdanik gainditzeko marko instituzionalak berrabiatu (Udalbiltza berrosatuko da 2013an); bestetik, egun daukagun entramatu instituzional honetan (Jaurlaritza, Foru Komunitatea, Lurralde Elkargoaren aldeko herri interlokuzioa) dauzkagun tresnak ere lurraldeen arteko kohesiorantz bideratu. Esate baterako, EAEko Gobernu Programan EH Bilduk arlo guztietan proposatu ditu Nafarroa Garaiarekiko eta Ipar Euskal Herriarekiko lankidetza eremuen garapenerako neurriak. Eta, azkenik, Elkarrizketa Nazionala aktibatu beharra dago lurralde osoan. Seguruena hiru mahaitan izan beharko da, eta seguru egun berean abiatzerik ere ez dela, baina lurralde osoan hitzegin eta adostu behar da erabakitzeko eskubidea praktikan jartzearen inguruko akordioa. Eta hori, eragile politikoek ez ezik, sindikatuek, eragile sozialek, kulturalek eta herritarrek parte hartuta egin beharko da, noski.

5

G. Kaixo Maribi, badakit EH Bildu koalizioan alderdi ezberdinak daudela, baina bideo honetan esaten direnak ez zaizkit batere gustatzen. Inposatutako banderak jarri behar al ditugu udaletxeetan? DESOBEDIENTZIA ZIBILA noizbait martxan jarri beharko da ba? http://www.youtube.com/watch?feature=player_embedded&v=_Oo3QhhBowg piperpotorik ez!

E. Desobedientzia zibila herri honetan martxan egon da eta dago aspalditik era desberdinetan. Jarduera politikoan aritzea bera ere askoren aldetik eguneroko desobedientzia ekintza da, jazarpen polizialak eta auzibideak aintzat hartu barik egiten jarraitzen dena... Baina tira, egia da desobedientzia zibila estrategia bezala zabaldu, adostu eta antolatu beharra dagoela, premia hori gero eta argiago ageri da. Kontua da bi ezaugarri izan behar dituela nire ustez desobedientzia estrategiak bideragarria eta batez ere eraginkorra izan dadin: zabala izatea eta herritarra izatea. Hau da, askotariko herritarrek euren burua desobedientzia bide horrekin identifikatua ikustea, aktiboki edo eta babesa emanez. Baina banderen auzia baino askoz ere harantzago joan behar den desobedientzia estrategia behar dugu: erabakitzeko eskubidearen inguruko desobedientzia (herritarra eta instituzionala, biak), eta justizia sozialaren aldarrikapenerako eta gauzapenerako desobedientzia (instituzionala eta herritarra). Izan ere, bandera espainiarraren auzia zergatik eta zertarako piztu du Espainiak duela urtebetetik hona indar bereziz? Argi dago: agindu hori bete ezean argurio juridiko erraza edukitzeko Bildu dozenaka udaletatik kentzeko. Trapua astindu dute, ia zezenak bezala sartzen garen, estokada erosoa emateko. Eta zer egin? Tripak eskatzen digun bezala, trapura sartu? Ala, Santi Brouarden esaten zuenari jarraitu: "Zer nahi du kontrarioak egin dezagun? Ba, egin dezagun kontrakoa!". Desobedientzia behar dugu, zabala eta eraginkorra.

4

G. Arrasti on Maribi: Azken lau urteotan, hizkuntza-politika noraezean ibili dela pentsatzen dut. Guztiz premiazkoa iruditzen zait norabide berri bat ematea hizkuntza-politikari. Ze neurri proposatzen duzue zentzu horretan? Proposamen zehatzak dauzkazuen jakin nahiko nuke. Eskerrik asko Neu

E. Euskarari, berezko hizkuntza bezala, dagokion lehentasun estatusa emango dion hizkuntza politika egitea proposatzen dugu. Euskara jakitea eta erabiltzea ekarriko duten neurri juridiko eta politikoak hartuko dira hizkuntza politika berrian. Esate baterako, irakaskuntzari dagokionez, gaur egungo ereduen sistema gainditu eta hiru hizkuntza (euskara, gaztelera eta ingelesa) ondo ezagutzea bermatuko duen inmersio eredu bakarraren aldeko apustua egiten dugu. Helduen euskalduntze eta alfabetatzea doakotasunera bidean ezartzea proposatzen dugu, arlo horretako eragileen arteko osagarritasuna landuz eta hitzarmengintzan oinarrituz haiekiko harremana. Euskarazko hedabideen kasuan, hedabide publikoek euren jatorrizko funtzioa berreskuratu behar dute, euskararen normalizaziorako tresna bihurtuta; hau da, euskaraz presentzia izan behar du haietan guztietan. Euskarazko hedabide ez publikoak ere guztiz estrategikoak dira hizkuntzaren normalizaziorako, eta haiekiko ere hitzarmengintzan oinarritutako elkarlan iraunkorra proposatzen dugu bide bezala.

3

G. Bizkaian eta Gipuzkoan asko eraiki da azken urteetan (etxeak, errepideak...) eta lur asko estali da. Gainera industrializatuta gaude (garatuta?) eta kalekume gehienok ez dakigu baratzean aritzen. EAEn erosten ditugun elikagaien %90 kanpotik datorrela entzun izan dut. Beharbada puztuta dago datua, baina zer gertatuko litzateke gasolioaren iturria agortuko balitz? Badakit elkarte asko ari dela gai honen inguruan lanean eta EHBilduk ere garrantzia ematen diola. Hala ere, Elikadurara Burujabetzarako planak gaur bertan, sendo, martxan jartzeko asmoa dago? Edo oraindik lotsa pixka bat ematen digu paranoiko gisa azaltzeak? Eskerrik asko Mikel Gartzia Santamaria

E. Pentsa, kanibalismoa proposatzen genuela esan ziguten Elikadura Burujabetza Saila agertu genuenean gure gobernu programaren barruan... Uste oker gehiegi zabaltzen da, nahita, honelako kontzeptuen inguruan. EH Bilduk nekazaritza, arrantza, komertzioa eta kontsumoa bere baitan hartuko dituen Elikadura Burujabetza Saila proposatzen du, arrazoi argi batengatik: ez da inolaz ere bideragarria gaur egun daukagun elikagai dependentzia. Ez da bideragarria ez osasun aldetik, ez ingurumen kalteen aldetik, ezta ekonomiaren ikuspegitik ere. Bidenabar, herri burujabetzaren ikuspegitik ere ezin da sostengatu dependentzia horrenbesterainokoa izatea. Beraz. besteak beste honako neurri nagusiak dira proposatzen ditugunak, beti ere sektore horietako eragileekin batera diseinatuta eta erabakita ezartzeko(nekazari, arrantzale, merkatari, kontsumitzaile elkarte): Lurrari eta herriei lotutako eta ustiapen txikietan egituratutako nekazaritza eredua; arrantza selektiborako 12 itsas milien ezarpena; zirkuitu laburreko komertzializazio sarea indartu eta berritu, eta kontsumitzaile arduratsuak bilakatzeko etengabeko heziketa eta komunikazio lana lehenetsi.

2

G. Kaixo Maribi, Ibarretxe planarekin egin zuenaren antzeko zerbait egingo balu EAJk, zer jarrera hartuko zenukete? Orduko horretan boto batzuk alde eta besteak kontra eman zenituzten. Ez al dago lurralde egituraketa beste edozein lehia politikoen gainetik? Lopatx

E. Lehenengo eta bat esan beharra daukat egungo EBB urruti samar somatzen dela Ibarretxe Planak zioenetik. Baina tira, galderaren hipotesian kokatuta, EH Bilduk prest dago, (eta ez hauteskunde kontestuan, baizik eta askoz haratago), EAJrekin ez ezik, Geroa Bai, PSN eta PSErekin erabakitzeko eskubidea praktikara eramateko oinarrizko akordioa eraikitzeko. Eta lehenbailehen hasi beharko ginateke gainera lan horretan, ondo esan duzun bezala ez soilik EAEren baitan, baita Nafarroa Garaian ere. Kontua da, akordio horretan, eskubidedun subjektua Euskal Herria dela defendatuko dugula guk (nahiz egungo hiru eremu administratiboetan bakoitzaren errealitate eta erritmoen araberako plangintza adostu beharko litzatekeen). Eta kontua da, batez ere, Ibarretxe Planaren azken portua Madrilgo Kongresua izan zela; Espainiari baimena eta aitortza eskatzea. Baina bidaia hori egina dago, eta guztiok gogoratzen dugu nola bukatu zen. Argi dago estatuaren ateak itxita daudela eta egongo direla. Beraz, akordioaren baitan landu behar dugu baita hurrengo kapitulua ere: estatuak ate-ixte hori berretsiz gero, zer? Eta gure erantzuna argia da: herriari kontsultatu egin behar zaio, eta erabakitzen dena praktikara eraman behar da, nazioarteko komunitatearen onespenarekin. EAJ prest egongo da horretara? Ez dirudi momentuz horretan dagoenik.

1

G. Kaixo Maribi: EHBilduk kalitatezko hezkuntza, publiko eta doanekoa aldarrikatzen du. Kontestu honetan politika aldaketarik proposatzen duzue eskola kontzertatuekiko, esaterako ikastolak? Mila esker erantzuteagatik Soro

E. Gaur egun existitzen diren hezkuntza ereduen arteko komunikaziotik eta elkarlanetik abiatuta, euskal hezkuntza sistema propio eta publikoranzko bidea elkarrekin eraikitzea da gakoa EH Bilduren ustez. Ikasguneen autonomia ere kontzeptu axiala da gure programan, herri bateko ikasgune bezala hartuta ikas komunitate osoa: irakaskuntza arautu eta ez-arautuan herri horretan dauden zentroak, lanbide heziketakoak, helduen irakaskuntzakoak... Eskola Mapa berria ere, zentzu horretan, berritu eta eguneratu beharra ikusten dugu, herriak eta eskualdeak aintzat hartuta garapen humano integralerako gune bezala. Berritzeguneek paper berria hartu behar dute, Hezkuntza Sailaren eta ikas komunitate bakoitzaren arteko benetako zubi eta interlokuzio lana eginez.