Azken elkarrizketa

Paul Bilbao

Paul Bilbao

Kontseiluko idazkari nagusia

2012-11-29 - 12:30

Larunbatean izango da "Euskaraz bizi nahi dut" manifestazioa, Donostian, 17:00etan hasita.

 Erantzundako galderak

20

G. Azken erantzun honekin amaitu da elkarrizketa. Eskerrik asko Paul irakurleen galderei erantzuteagatik eta baita parte hartu duzuen guztioi ere. berria.info

E. Eskerrrik asko parte hartu duzuen guztioi, eta gogoratu larunbatean arratsaldeko bostetan Anoeta estadiotik abiatuta, euskaraz bizitzeko nahia harrotasunez agertzeko hitzordua izango dugula.

19

G. Kaixo Paul, Hollande presidenteak agindu zuen hizkuntza gutxituen karta sinatuko zuela. Zain gaude. Itxaropenik ba al duzu? Jone

E. Iepa Jone. Bai, halaxe da. Hauteskunde-kanpainan horixe iragarri zuen eta Eliseora sartuta ere pare bat aldiz adierazi du Euroituna berretsiko duela. Euskal esaerak dioen moduan "aginduari zor". Ituna berrestea lehen urratsa litzateke norabide egokian; halere, euskarak eta gurea bezalako hizkuntza gutxiagotuek estatus egokia behar dute, Euroitunak jasotzen dituen konpromisoetatik haratago joan beharko lukeen estatusa.

18

G. Eguerdi on Paul! Euskararen Legeak urteurrena bete berri du. Zer lorpen eta hutsune nabarmenduko zenituzke? mila esker eta animo lanean! Aitor

E. Eguerdion, Aitor. EAEko Euskararen Legeak oinarri batzuk ezarri zituen, herritarrei eskubide batzuk aitortu etab. Hortaz, EAEko herritarrei lehen aldiz lege batek euskara erabiltzeko eskubidea aitortu zien. Halere, urteek aurrera egin ahala, lege horrek hainbat gabezia duela ondorioztatu dugu. Herritarrei eskubideak aitortu arren, urraketen aurrean ez du ezer aurreikusten. Kontua da xehapenik gabeko legea "homilia" bihur daitekeela. Horrexegatik, legea berrikusteko garaia dela iruditzen zait. Ondo segi, Aitor

17

G. Zer moduz karguan Paul? mikel martin

E. Iepa Mikel. Karguan gustura. Bi urte luze igaro dira ardura hartu nuenetik eta askotan arnasa hartzeko denborarik ez. Ardura hartu nuen adierazi bezala, ohore handia da Kontseilua bezalako erakunde batean jardutea eta halaxe pentsatzen jarraitzen dut. Eskerik asko

16

G. Ez duzue hizkuntza hotza erabiltzen? Normalizazioa, unibertsalizazioa... miel

E. Iepa Miel. Bada, arrazoi osoa duzu. Horrexegatik, herritarrak gure eskaera hobeki ulertzeko "euskaraz bizi nahi dut" erabiltzen ari gara. Marka horren barruan zuk aipatutako hitzak jasotzen dira, baina herritarrentzat hurbilagokoa da, errazkiago ulertzen du; finean, bizitzeko molde batez ari gara.

15

G. Kaixo Paul, galdera agian filosofikoegia botako dizut horrelako formatu batean erantzuteko. Euskara politizatuta dago? politizatuta egon behar du? Milesker eta zorionak. Eneko

E. Iepa Eneko. Ez da galdera filosofikoegia. Euskara ere politika da, zentzu zurrunean. Euskararekin politika egiten da, hizkuntza-politika hain zuzen ere, eta politika horretan guzti-guztiak kokatzen dira. Adibidez, hizkuntza-politikarik ez garatzea ere politika egitea da. Beste kontu bat litzateke ea euskarari erabilera partidista edo alderdikoia eman nahi dioten.

14

G. Aupa Paul, jakin nahiko nuke zer nolako harremana duen Kontseiluak bai EAJrekin eta baita EH Bildu osatzen dutenekin ere. Jario handikoa den, entzungor egiten dizueten,... Juanjo

E. Iepa Juanjo. Kontseiluak harreman normalizatuak ditu aipatu dituzun alderdiekin. Hauteskundeak baino lehen alderdi guztiei igorri zitzaien hurrengo urteei begira proposatzen zuen hizkuntza-politikaren ardatz nagusiak. Etorkizunean ere norabide horretan jarraituko dugu. Eragile politikoen eta euskalgintzaren arteko konplizitate erreala balego, epe laburrean urrats eraginkorrak eman litezke.

13

G. Nafarroan UPN kenduz aldaketa politiko-instituzionala emateko ezinbestekoa al litzateke Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea? Hori exijituko al zeniekete Bilduri eta? zuk uste posible dela? agoitz

E. Bilduri ez ezik, beste alderdi eta koalizio guztiei ere eskatuko nieke. Egungo egoerak ez du parekorik Europan, alegia, herritarrei lurralde berean eskubideak bizi diren tokiaren arabera aitortzea. Aldaketa politiko-instituzionala benetakoa izango bada, euskararen marra gorriak bertan kokatu beharko dira; bestela, ez da benetako aldaketarik izago.

12

G. PSNk UPNren erranak jarraitu ditu euskararen alorrean, eta aldaketa politikoa gertatu eta euskarak aitzina egiteko beharrezkoa da PSN. Nola ikusten duzu egoera? eskerrik asko! Irati

E. Iepa Irati. PSNk behin baino gehiagotan agertu du horrelako jarrera. Alegia, aho handitik UPNren hizkuntza-politika kritikatu, baina aho txikitik inolako urratsik eman ez. Duela gutxi euskarazko hedabideekin egindakoa, esaterako. PSNtik ohartuko beharko dute euskaraz bizi nahi duen herriari ezin zaiola muzin egin, eta horretarako baldintza sozial egokiak sortu behar ditugu.

11

G. Kaixo Paul!!Zer iruditzen zaizu Euskal Herriko komunikabideen artean euskarak duen presentzia? Eta sare sozialetan? Mila esker! Kepa Larraona

E. Hedabideetan zorionak eman behar zaizkie herri-ekimenetik sortu diren hedabide guztiei. Uste dut apustu itzelak egin direla eta euskaraz bizi nahi dugunontzat ezinbesteko tresnak dira. HEKIMENen sorrera ere kontuan hartu beharrekoa dela uste dut. Beste kontu bat da euskara hutsezkoak ez diren hedabideetan euskarari ematen zaion trataera, eta horrek izugarri kezkatzen nahi. Sare sozialetan ere ari da pixkanaka-pixkanaka. Eskerrik asko Kepa

10

G. Kontseilua, bere sorreran baino egoera hobean ala okerragoan dago? ana mari iturria

E. Kontseilua indartsuago dagoela iruditzen zait; azken finean, 14 urteko ibilbidea du eta hainbat proiektu garatu ditu eta bere lana findu egin du urteetan zehar. Euskalgintzaren bilgune nagusiena izaten jarraitzen du. Eskerrik asko Ana Mari

9

G. Eguerdi on Paul. Iparraldean euskararen egoerari dagokionez, baikor ala ezkor al zaude? eskerrik asko Ainhoa

E. Ezkorrak baldin bagara, jai dugu (ka-kar-kar). Ezin gara inoiz ere ezkorrak izan. Ipar Euskal Herrian ere euskalgintzari esker egin diren aurrerapausoei erreparatu behar diegu. Egia da, lege-gerizarik ez izateak gure hizkuntzaren berreskurapena asko baldintzatzen duela; hortaz, hori erdiesteari begira ere lan egin behar dugu.

8

G. Zenbat lagun espero dituzue? Zenbat mila lagunen partehartzearekin legoke Kontseilua gustora? Azkoititik

E. Egia esan behar badizut, ez dugu buruan kopururik. Gure helburua euskaraz bizitzeko nahia adierazten duten herritarrei asmo hori harrotasunez agertzeko plaza eskaintzea da eta beraz guztiei egingo diegu ongi etorria.

7

G. Arratsalde on, Paul: Behin eta berriro ari gara entzuten euskararen normalizaziorako erabilera dela gakoa. Zire iritziz, zer proposamen zehatz egin beharko luke Ajuria Enera sartuko den gobernu berriak euskararen erabilera bultzatzeko? Eskerrik asko Aitora

E. Iepa Aitor. Bai, hori esaten digute behin eta berriro. Gure herria euskalduntzeko bi zutabe dira oinarrizko; batetik norbanakoak euskalduntzea eta bestetik, espazioak euskalduntzea. Biak ala biak dira behar-beharrezkoak. Espazioak euskalduntzeari begira, eremu sozioekonomikoan eta aisialdian zentratu beharko liratekeelakoan nago, eta horretarako corpus juridiko egokia (egun ez duguna), plangitza zehatzak eta baliabide egokiak eta zuzen kudeatuak.

6

G. Euskaldunok jabetzen al gara nazioartean lan egiteak duen garrantziaz? Duela hamarkada bat baino hebo al gaude? xabier

E. Iepa Xabier. Argi dago gure hizkuntzaren berreskurapena Euskal Herrian jokatzen dugula. Halere, nazioarteak eskaintzen dizkigun foroak baliatu behar direla uste dut. Horrelakoetan ohartzen gara gurea bezalako hamaika hizkuntza-komunitate gutxiagotu dagoela eta denok dugu elkarrengandik ikasteko gauza asko,

5

G. Kaixo Paul! egiten dozuen beharragatik zorionak emon gura deutzut. Zapatuko manifestazioaz, uste dozu halako mobilizaziņoak eraginkorrak direzela politikan presioa egiteko edo euskaldunon kontzientzia pizteko? zer lortu gura dau Kontseiluak zapatuan? etsita egoeragaz... Animo! Izaro

E. Eskerrik asko, Izaro. Ez dogu zertan etsi. Azken urteotan egindako lanari erreparatzen badotsagu, ohartuko gara aurrerapauso itzelak eman doguzela. Zapatua harrotasunerako eguna izango da, euskaraz bizi gura dabien herritarrak bagarela erakutsiko dogu, bai eta gure nahiari erantzun behar jakola ere.

4

G. Aupa Paul, ezagutza oinarrizkoa bada ere, badirudi euskararen erabilerak ez duela gora egiten beharrezkoa izan ezean. Nola orokortu erabilera eremu nagusiki erdaldunetan? Mila esker eta animo! Jon

E. Berriz ere lehen esandakoari eutsi nahi diot; egungo ezagutza-tasek erabileraren maila goian jo dute. Eremu erdaldunetan ere euskaraz bizitzeko guneak sortu behar ditugu, arnasgune soziofuntzionalak eratu behar ditugu. Espazioak Euskal Herri osoan euskaldundu behar dira.

3

G. Uste duzu Gasteiz, Bilbo eta Barakaldon euskararen erabilerak behera egin duela azken 10 urteotako immigrazioaren eraginez? (Espainiatik kanpo etorritakoaren eraginez hain zuzen). Uste duzu beharrezkoa dela immigrazio hori murriztea edo ez handitzea behintzat? Kezkatua

E. Lehenik eta behin ezagutzaren/erabileraren arteko mataza hori askatu behar delakoan nago. Ezin diogu une oro euskaldunari egoeraren erantzukizuna leporatu. Immigrazioaren gaiarekin ez gara inor herri batetik bestera lekualdatu nahi duen herritarrari mugak ixteko. Beste kontu bat litzateke ea zein immigrazio-politika dagoen, eta hor jarri behar dugu azpimarra.

2

G. Euskaraz bizi nahi dut proiektuaren barruan norbanakook, Euskal Herri mailan, modu antolatuan, egunerokoan, ekintza praktikoren bat eramateko garaia dela uste dut. Kontseilutik halako ekimenen bat planteatuko al da? Zein ekimen proposatuko zenuke zuk? Estitxu

E. Orain arte, neurri handi batean, dinamika ikusgarri egiten saiatuko gara. Ondo diozun moduan, urrats praktikoetarako unea iritsi zaigu. Herritar bakoitzak bere eguneroko bizitzan euskaraz bizitzeari ekin behar dio, harrotasunetik eta naturaltasunetik.

1

G. Kaixo Paul Inposizio hitza modan dago azken hilabeteotan. PNV_EAJ gobernatzen hasiko delarik, zein itxaropen duzu Euskara Normalizatzeko Politika berri eta eraginkor bat sortzeko? Urko

E. Nire ustez, egun eratu den Legebiltzar berriak aukera interesgarriak sortzen ditu hizkuntza-politikari buruzko erabaki ausartak hartzeko. Politika eragingarrirako neurriek babes politikoa izan dezaketelakoan nago, edo hala beharko luke.