Azken elkarrizketa

Xabier Amuriza

Xabier Amuriza

Bertsolaria eta idazlea

2012-12-13 - 13:30

Euskara batuari buruzko liburu bat idatzi berri du, eta Durangon independentziaren aldeko martxan izan zen. Larunbatean adi jarraituko du Bizkaiko Bertso Txapelketako finala.

 Erantzundako galderak

7

G. Bukatutzat emango dugu Xabier Amurizarekin eginiko solasaldi digitala. Mila esker Xabierri eta parte hartu duzuen guztiei. berria.info

E. Neuk ere mila esker galdetzaile guztiei. Noizbait aurrez aurre elkar ikusteko modurik sortuko balitz, ez izan inork lotsarik hurbiltzeko. Idatziz "hitz egitea" zail eta nekoso egiten da, baina hizketan oso ondo elkar ulertuko dugu. Eta Berriari ere eskerrik asko, lagun "ezkutu" berrien misterioan murgildu nauelako. Izan denok ondo-ondo, eta hobeto ahal bada, ez utzi biharko, etorkizuna, batzuetan, albotik pasatzen baita.

6

G. Iepa Xabier! Zein bertso plaza duzu kuttunen? zergatik? Elaia

E. Ni, orain, bertsolaritzako trote gorretik apur bat aparteago nabil. Adina ere ez daukat troterakoa. Baina nire bizitza soziala, gehienbat, bertsolaritzan inguruan garatu da, eta berak eman dit jendearekiko harremanbide nagusia. Eta buruak damaidan bitartean, nahi nuke martxan jarraitu, baina neurriz. Ni orain (eta aspalditxotik), librean ibiltzen naiz gusturen. Libreko saioak, bertso-afari, bertso-bazkari eta horrelakoak. Jendearekin harreman hurbilean, eta dena neure airera eramanez. Hala ere, nire jardun nagusia (hau ere aspalditxotik)idaztea da. Ez dut arrakasta handirik lortu, baina lortu arte, ez hiltzeko asmoa daukat. Hil ondoko aitormenen zain bizitzeko gogorik ez daukat.

5

G. Kaixo Xabier. Naiz Kataluniako euskaldunberria, bizi dena Bilbon. Independentziaren aldeko manifestazioa izan zinen Durangon. Kataluniako egoera nola ikusten duzu? Noiz Euskal Herrian erreferenduma? Roge

E. Kataluniak, Euskal Herritik begiraturik, ezuste ikaragarria eta pozgarria eman digu. Baita itxaropen handi bat ere. Katalunian gauza bat daukazue, Euskal Herrian ez daukaguna: zuek, kulturalki, independenteak zarete. Independentzia politikoa eta ekonomikoa ere, neuk uste, Euskal Herriak baino hurbilago duzue. Guretzat oso garrantzitsua da Katalunian formulatu den erronka nola aterako den. Euskal Herrian erreferenduma noiz? Katalunian jarrita dagoen epean, zaila. Baina badirudi olatu orokor honek ez daukala atzerarik.

4

G. Arrasti on Xabier, datorren urtian bertsozale elkarteak 30 urte beteko dau. Zer balorazino egin geinke? Topatx

E. Balorazino itzela! Nik hasiera ha eta aurrekoa eta aurreragoak ezagutu nituen, eta ia ezelako antolakuntzarik ez egotetik oraingo egoerara, salto ´mortala´ dago. Beharbada, halako faltatxoa hartzen dot, sasoi batean bertso-eskolen artean zegoen hartu-emon eta berotasunarena. Bizkaiari buruz dinot. Osterantzean, oro har, orain berrogei urte hiru-lau katu zirena, orain ia masa bat bihurtu da. Hori beste arlo batzuetan jazoko balitz, euskal kultura osoa beste sentoasun batean legoke.

3

G. Aupa Xabier, Durangon zure liburua erosi nuen, eta gustora irakurriko dut. Kezkatuta nago, ordea, euskararen egoerarekin. Inkesta soziolinguistikoak ez dira itxaropena izateko modukoak, eta euskarazko hedabideak kinkan daude. Hortxe daukagu Berriaren ziztadaren kanpaina. Zergatik ikusten ditugu oraindik horrenbeste euskaldun Correo eta horiek irakurtzen? Euskara batzuek puntu batera arte soilik behar dutela iruditzen zaizu? Saioa L.

E. Zuk planteatzen duzun kontua ez da gaurkoa bakarrik. Bizi guztia daramat ezin esplikatuz zergatik euskaldunok (eta sarritan euskaldun ideologiadunok)ez dugun euskara gehiago "kontsumitzen". Inkesta soziolinguistikoek, zoritxarrez, zuk diozuna salatzen dute, baina asteon bertan, izugarri pozik itzuli nintzen Hernanitik, hango erabilera datuak eman zituztenean. Norabidea nabarmenki goranzkoa. Hori da balio duena: norabidea. "Euskara batzuek puntu batera arte soilik?". Galdera bestea da: Euskaldunek (eta oro har, euskal herritarrek)noraino eraman nahi dute euskara? Argiago esanda, noraino nahi dute euskaldun koherenteak izan? Hortxe sortzen zaizkik zalantzak. Eta sarritan ez daukat beste erantzunik, geure buruen kontrako amorrua sentitzea bain o.

2

G. Kaixo Xabier, zer iritzi duzu gaur egungo politikariei, politikari eta etorkizun politikoari buruz? Pauso

E. Politikariek, nire baloreen rankinean, ez daude, egia esan, oso altuegi. Orain, une honetan, Euskal Herrian irekitzen ari den egoera berrian , neuk ere galderak gehiago ditut erantzunak baino. Oraingoan asmatzen ez badugu (eta "dugu" diodanean, alderdi abertzaleez ari naiz batez ere),ez daukagu aitzakirik historiaren aurrean. Eta "asmatu" diot, zeren ustez zuzen eta zintzo eta sutsu eta nahi duzun guztiak ez du balio, asmatzen ez bada. Etorkizun politiko hurbila tentso eta tirabiratsu ageri zait. Etorkizun ez hain urruna baikorrago ikusten dut.

1

G. Kaixo Xabier! Zein iritzi duzu oraingo apaizei eta Munillari buruz? Pantxika

E. Kaixo, Pantxika. Ni aspaldi izan nintzen apaiz. Orduko lagunak baditut, batzuk (gutxi) apaiz darraitenak, baina "oraingo apaizak" diozunei buruz iritzia emateko, giro horretatik urrunegi bizi naiz. Munillaz, Izetaz eta abar, komunikabideetan irakurtzen ditudan euren adierazpenak besterik ez du ezagutzen. Eta jende askok esaten didana, noski. Uste dut gotzain "kristauak" eta, zenbait arlotan, "euskaldunak" izatetik urrun samar daudela, nik ikasi eta predikatu ohi nuen Ebangelioaren arabera behintzat.