Azken elkarrizketa

Maider Hegi

Maider Hegi

Ipar Euskal Herriko AEK-ko lehendakaria

2013-02-22 - 11:00

Martxoaren 14tik 24ra izango da 18. Korrika, AEK-k antolatuta. Andoainen hasi eta Baionan amaituko da.

 Erantzundako galderak

11

G. Milesker anitz Maider Hegi elkarrizketa digitala honetan parte hartzeagatik, eta arazo teknikoei aurre egin izanagatik. Azken galdera bat, zerbait berezi espero duzue Korrika Ipar Euskal Herrian bukatzearekin? BERRIA.INFO

E. Espero dugu ekimen garrantzitsu horrek euskarari merezi duen tokia ematea eta ahal bezain bat jende etortzea. Korrikak besta bat izan behar du, besta berezia. Jai parte hartzailea da, oso, jendeak bi urrats eginez ere parte har dezake. Horrek dinamika handi bat sortzen du. Espero dut dinamika hori ederra eta iraunkorra izanen dela. Milesker zuei ere, eta oroitu: martxoaren 24ean denak Baionara!

10

G. Zer nolako egitura du AEKk Ipar Euskal Herrian ? (Ikasleak, irakasleaků Llul

E. Orotara 1000 ikasle dira Ipar Euskal Herriko gau eskoletan, 17 gau eskoletan banaturik. Bertzalde AEKk 30 langile eta 80 irakasle bolondres ditu. Baionakoa da, dudarik gabe, euskaltegirik garrantzitsuena. Bertzalde, nahiko berria den gauza batek ere merezi du aipatzea: xede taldeak. Horiek dira hainbat erakundetan ematen ditugun klaseak (herri elkargoetan, kontseilu nagusian, eta abar. Horietan 200 ikasle eta 28 irakasle ditugu. Azken urteetan anitz garatu den zerbait da.

9

G. Egun on Maider! Askota iruditzen zait Iparraldeko euskara eta hegoaldekoa bereizten ari direla? Zuk zer deritzozu? Milesker erantzuteagatik! Besarkada bat! Joseba

E. Ez zait iduritzen. Euskal komunikabideek elkarren arteko ulertzea sustatzen dute hizkuntza amankomun bat erabiliz. Nahiz eta kostatzen zaigun elkar ulertzea batzuetan, indarrak eginez errexki gainditzen da.

8

G. Egun on Maider. Ipar Euskal Herrian eskuara ez da ofiziala, beraz erdaldunek ez dukete arrazoin profesional edo interesaturik gure mintzaira ikasteko. Nor dire Ipar Euskal Herrian eskuara ikasten dutenak? Zein dire hekin motibazioak? Peio

E. Motibazioak : integratzeko nahia, gure ikasleetako heren bat baino gehiago kanpoan sortua da eta hemen bizi. Harreman soziala egiteko aukera da beste batzuentzat. Beste batzuek haurrei transmititzeko ikasi nahi dute. Gero, gero eta jende gehiago euskara ikasten ari da lana atzemateko. Egia da momentuz gutxi dela, baina beti eta gehiago da aitzakia horrekin euskara ikasten ari den jendea.

7

G. Uste al duzu Ipar Euskal Herrian euskarak etorkizunik ba duela ikusita gero eta hiztun guttiago daudela batez ere BAB barrutian 16 urtetatik behera %1ta eskuaraz dakiela. joxemari

E. Ez banu uste, ez nintzateke hemen izango. Inkestek erakusten dute gazte belaunaldietan, euskara berriz gora doala. Baionako karriketan, duela hamabost urte baino gehiago entzuten da gaur egun. Bereziki gazte eta familiek erabiltzen dute. Egia da, ausartago izan behar dugu, baina, posible da aurre egitea.

6

G. Egunon berriro ere. Beste galdera bat daukat: Nola baloratzen dituzu emandako pausuak azken urteetan, bereziki hizkuntz politika bat gauzatzen denetik ipar Euskal Herrian? Benat Xilo

E. Gauza frango aldatu da. Xantier anitz ireki dira erakaskuntza arloan, baina, hizkuntz politika minimoen azpitik ari da mementuko. Diru gehiago behar litzateke, eta bai eta ere lege kuadro bat. Politikoen aldetik, berriz, borondate gehiago.

5

G. Korrika " berezi" bat bizitzeko non hartuko zenuke lekukoa, Arrangoitzen ala Otxarkoagan? Jon Khoreano

E. Otxarkoagan gogotik egingo nuke komitatzen banauzu. Baina, dudarik gabe Baionan elkar ikusiko dugu martxoaren 24an 18. Korrikaren bukaeran. Denak komit zarete Baionara egun horretan.

4

G. Ipar Euskal Herrian hiru lurralde dira. Zein dira Lapurdi, Nafarroa behera eta Zuberoako ezberdintasun nagusiak AEKren egitura mailan, ikasleen profilari dagokionez? Bego

E. Ez da desberdintasun nabarmenik, salbu Xiberuan xiberutarrez erakasten dutela.

3

G. Batzuetan iruditzen zait Bidasoa muga zabalegia ote den Euskal Herri osoan aritzen diren erakundeentzat, eta baita AEKrentzat ere. Zuk zer iritzi duzu? Ari al zarete zubiak eraikitzen AEKn? Santi Zubia

E. AEK 7 herrialdetako herri mugimendua da bere funtzionamendua urteetan zehar egokitu duena. Euskal Herriko dibertsitate guzietan sustraitua da. Zubiak aspaldidanik eginak diraeta honen irudi hoberena Korrika da.

2

G. Egunon. Zure ustez, zein dira Helduen euskalduntzearen arloak, iparraldeko gizartea euskalduntzeko, behar dituen aldaketak, barnekoak nahiz egoerari lotuak? Zein dira bultzatu behar diren aldaketak euskalduntzearen eraginkortzeko? Benat Xilo

E. Egunon! EEPrekin ari gira helduen erakaskuntza arautzeko eta dirustatzeko urratsak egiten eta dudarik gabe lege babesa eta instituzioen engaiamendua lortu behar dugula aurrera egiteko!

1

G. apa maider! 18. korrika izango dugu martxoan ospatuko dena. Zer nolako ezberdintasuna ikusten duzu euskararekiko jarreran duela 18 urtetik hona? Aurrera egin al dugu? besterik gabe, ondo segii!!! bizi

E. Aupa! Gauza frango aldatu da, AEK k lortu du podere publikoen aldetik ezagupen ofizial bat 2000.en urtean. Geroztik baditugu podere publiko guziek emandako diru laguntza iraunkorra, 2005tik EEPrekin segitzen duena. Aldaketa nabarmena XEDE taldeen sortzea izan da, AEK serbitsu emaile gisa agertzen da Herriko etxe, Herri elkargo eta Kontseilu orokorrarentzat