Azken elkarrizketa

Igor Eguren

Igor Eguren

Udalbiltzako talde sustatzaileko kidea

2013-02-28 - 09:30

Martxoaren 2an egingo dute Udalbiltza berrantolatzeko batzarra, Donostian. Euskal Herri osoko 1.200 udal hautetsi pasak eta 150 alkatek bat egin dute Udalbiltza berriro osatzeko prozesuarekin. Batzarrean, hurrengo urteetako lehentasunak onartuko dituzte, eta Udalbiltza zuzenduko duen talde eragilea izendatuko dute.

 Erantzundako galderak

11

G. Azken galderarekin, amaitu da elkarrizketa. Mila esker Igor Egureni eta parte hartu duzuen guztiei. berria.info

E. Eskerrik asko interesa azaldu duzuen guztiei. Abiatzen dugun erronka guztion erronka da, gure esku dago aurrera egitea. Eskerrik asko Berriari aukera hau emateagatik eta goizero helarazten digun haize freskoagatik. 10 urte... ta segi aurrera!

10

G. Kaixo Igor! Jaurlaritzak murrizketak iragarri ditu Kultura eta Hizkuntz Politikan. Aurreikusten al duzue Udalbiltza moduan euskalgintza eta kulturgintza laguntzea. Maddalen. Maddalen

E. Aupa Maddalen: Euskal Herriaren izaerak ez du zentzurik gure hizkuntza eta kulturarari muzin eginez gero, Udalbiltzaren agendan lehentasunezkoa izango da, noski.

9

G. Aupa Igor. Lehenik eta behin, zorionak Ordizian egiten ari zareten lanagatik, urtetan herritarrak bazterrean egon gara, eta behingoz aintzat hartzen zaigu. Nire galdera honakoa da: ze onura ekarriko dizkio udalerri bati, Ordiziari adibidez, Udalbiltzan egoteak? Adibideren bat? Axier

E. Eskerrik asko Axier: aldez aurretik argitu nahi dut une honetan atxikitu garenak hautetsiak garela, hots, Udalbiltza Udal eta udal hautetsien biltzarra da baina oraingo atxikimendua hautetsiek soilik eman dugu, norbanako gisa. Helduko da, baina, udalak atxikitzeko proposamena. Dena den, Ordiziako hautetsiak Udalbiltzan egoteak onurak baino ez dizkio ekarriko herriari. Gogoan izan, nazio ikuspegia aintzat hartuta, printzipioetako bat herrialdeetako udalen arteko harremana sendotzea dela. Egun, zeintzuk dira herrien artean ditugun harremanak? Zein senidetze mota ditugu? Erakunde nazionalak ahalbidetuko du esperientziak trukatzeko bideak irekitzea, errealitate partekatuak ditugun herrien arteko senidetzak egitea, gure berezitasunak ezagutu eta ezagutarazteko aukerak gauzatzea, finean, herrion arteko artikulazioa sendotzea eta gure arteko ezagutza areagotzea. Gure txikitasunetik, muga administratiboak gainditu eta Euskal Herria handia egituratzen laguntzea da helburua.

8

G. Zenbat bilera egin dituzue EAJrekin (edota Udalbiderekin) Udalbiltza berriarekin bat egin dezaten proposatzeko? Zer argudiorekin erantzun dizue ezetz? Mirari Velez

E. Kaixo Mirari: talde sustatzaileak eragile askorekin izan du harremana azken urte honetan, baita EAJ eta Udalbiderekin ere, eta esan ahal dizut inork ez diola ezezko borobilik eman Udalbiltzan egoteari. Bizi dugun une politikoan norberak bere lehentasunak ditu eta horren arabera hartuko ditu erabakiak. Dena den, talde honen helburua izan da eta izango da printzipioekin bat egiten duten guztien atxikimendua lortzea, 1999an bezalaxe.

7

G. Kaixo Igor, Udalbiltzaren jarduna izango denaz eta egin dezakeenaz, erreparatu diozue Kataluniari? gauza ezberdinak badira ere, han herrietatik abiatu zuten galdeketa independentisten ekimena, han badute Kataluniako Biltzar Nazionala...haiekin harremanetan zaudete? Mila esker eta animo. Iker

E. Kaixo Iker: bai noski, inguratzen gaituen errealitate sozio-politikoaren irakurketa ere egiten ari gara. Nazio ikuspegiaren aitortzatik abiatzen diren mugimendu interesgarriak daude Kataluinian, Eskozian eta Flandrian adibidez. Baina gure oraingo lana Euskal Herriaren egituratzean datza eta horretarako ekarpen guztiak izango dira onak. Oraindik orain ez dugu beste herrialdeekin harreman ofizialik izan, lehenik eta behin, erakundea eratu behar delako.

6

G. Zer egin dezakegu herritar gisa ? Mikel

E. Aupa Mikel: Egin? Dena. Gogoan izan Udalbiltza udal hautetsien biltzarra dela eta hautetsi horiek herritarrok aukeratzen ditugula. Egunerokotasunean, Udalbiltzak abian jarriko dituen ekimenak erakundeei zein herritarrei zuzenduak izango dira eta hor guztiok izango dugu zer esan, eta zer egin.

5

G. Zein ekarpen egin diezaioke Udalbiltzak euskararen normalizazioari? Estitxu

E. Iepa Estitxu: aitortza larunbatean egingo badu ere, aurreratu genezake Udalbiltzaren estatutuek jasoko dutela erakundearen euskalduntasuna: Euskal Herriko nazio erakundearen hizkuntza ofiziala, noski, euskara izango da. Gobernu planean eta lehentasunetan dago euskarari dagokion tokia ematea eta bultzatzea.

4

G. Independentziaren aldarrikapena sustatuko du Udalbiltzak? Edo nazio eraikuntza izango du ardatz? barakaldotik

E. Kaixo Bizkaia! Euskal Herriaren izaera aitortzen duen hautetsi orok du eskubidea Udalbilzan lan egiteko. Hori da oinarri behinena. Eta hortik abiatuta, Euskal Herriaren egituraketa politikoan laguntzea eta nazio eraikuntza bultzatzea. Unean unean hartuko dituen erabaki eta aldarrikapenen berri, hautetsiek hala eskatuta, zuzendaritzak eman behar beharko du. Baina ez dut huts egingo esaten badut, herritarren erabakitze eskubidearen aldeko jarrera izango duela.

3

G. Aurreko etapan ez al zuen Udalbiltzak gatazka gehiegi aipatzen? Segura

E. Egun on Segura: aipatu eta sufritu ere gogotik sufritu zuen, Eukal Herrian beste hainbat erakunde konprometituk sufritu eta sufritzen duen bezala. Ekidin ezin den gaia izan da, eta da. Normalizazio bidean pauso guztiak (gehienak?) emateko daude, baina etorkizunik bada, etorkizunean pentsatzen dugulako izango da. Udalbiltza aro itxaropentsu batean berregituratuko da eta Euskal Herriaren nazio izaera eta garapena bultzatzen laguntzera dator. Normalizazio politikoa lortzeko beste pauso bat da.

2

G. Kaixo, Igor: Udalbiltzak sorreran kutsu politiko nabarmena zuen (sortze helburuak: EH nazioa dela aldarrikatzea, EHren egituratze politikoan laguntzea eta nazio eraikuntza bultzatzea, nazioartean EH nazio berezkoa eta desberdindua dela adieraztea...), eta pauso handiak eman zituen (EHNA, Eskubideen karta...). Prentsan oraingo lehentasunak irakurri ditudanean, kutsu politiko hori ez diot usaindu. Burujabetzarako tresna izango da ala udalen kudeaketa bateratura mugatuko da? Mila esker eta aurrera, ea duela hamar urteko ilusioa berpizten duzuen! Eneko

E. Aupa Eneko: Udalbiltzaren sorrera, dakizun bezala, bost printzipioetan oinarritu zen, aipatu dituzunetan eta herrialdeetako udalen arteko harreman estutzean. Printzipio horien gainean oinarritu dugu orain ere berregituraketa. Udalbiltza Euskal Herriaren zatiketa administratibo-politikoa gaindituko duen erakunde nazionala da, Euskal Herriaren egituraketa politikoan lagundu nahi duena baina oinarrian udalak dituena, uste baitugu herritarrek gertuen sentitzen dituzten erakundeek duten pisuagatik Euskal Herriaren izaera nazionalaren artikulazioa tokiko erakunde horietan lan egiten duten gizon eta emakumeen lan eta konpromisotik hasten dela.

1

G. Aupa Igor. Udalbiltzak susta al dezake edo sustatuko al du hautetsien eta udalen politika desobedientea Madrilekiko, emanzipazio nazional baterako bidean? Zein erantzun eman dakioke Udalbiltzatik Espainiako bandera udaletxeetan inposatzeari eta halako neurriei? Bide batez, zorionak egindako lanagatik eta izan ongi. Arantza

E. Kaixo Arantza: Eskerrik asko egun Udalak estutzen dituen neurriengatik galdezka hasteagatik, honek erakusten du herritarrek udalekiko duten atxikimenduagatik Udalbiltzaren sorrerak duen inportantzia. Udalbiltzaren gobernu planaren aurkepena larunbatean egingo dugu eta hautetsiek adierazi dizkiguten lehentasunen azalpena ere orduan emango ditugu. Pazientzia ere eskatu nahi dugu Udalbiltza artikulazioa gauzatzen den arte. Baina garbi izan, 1999an bezala, erakundearen helburu behinetako bat nazio eraikuntzan lan egitea dela eta horri dagozkion irakurketa eta neurriei ez diela muzin egingo.