Azken elkarrizketa

Irati Sienra eta Mikel Button

Irati Sienra eta Mikel Button

Ernai gazte antolakundeko bozeramaileak

2013-03-08 - 13:00

Ernai gazte antolakundeak joan den larunbatean egin zuten kongresu eratzailea Lizarran. "Gatazkaren konponbidean" eta Euskal Herri "independente, sozialista eta feminista" lortzeko bidean lan egingo dute.

 Erantzundako galderak

10

G. Honekin, amaitutzat ematen dugu gaurko elkarrizketa. Mila esker parte hartu duzuen guztioi eta, nola ez, bi elkarrizketatuei. berria.info

E. Mila esker guztiei Ernai ezagutarazteko aukera emategatik, eta bide batez, dei egin nahi diogu gazteriari zibilizazio krisi honen aurrean antolatzeko eta borrokatzeko! Antolakuntzaz, independentzia, sozialismoa eta feminismoa!

9

G. Kaixo Irati eta Mikel! Hemendik aurrera zein da prestatuta duzuen agenda? Aurkezpen ekitaldiren bat egiteko asmoa duzue, edo ba al duzue prestatutako ekintzarik? Animo!!! Izar Larrauri

E. Kaixo Izar! Gazte Danbada izango da Gazte Antolakundearen eta gazte boterearen isla. Urduņan ospatuko dugun lau eguneko ekimen erraldoi horretan, formaziorako eta burujabetza praktikan jartzeko aukera izango dugu hitzaldi zein tailerren bitartez, baita gure aisialdi eredu propioa sortuz. hala ere, egunerokoan eraiki behar ditugu bizi ereduak eta horretarako oso data garrantzitsuak ditugu berehala. gaur bertan, Martxoak 8, badugu zer esan; datorren astean, gazteoi bereziki eragingo diguten aurrekontuak onartuko dituzte Gasteizen; Maiatzaren 1a ere aurrean dugu; eta ezin ahaztu auziperatuta dauden gazte guztiak eta horri erantzuteko mobilizazioak. Borrokarako jaio gara, eta Ernaik beti izango du agenda beteta!

8

G. Aupa gazteak! Lehenik zorionak zuen ekimenarengatik. Irudipena daukat oraingo gazteek ez dugula beste belaunaldi batzuetan egin zuten besteko lana eta aldarrikapena egiten. Aurretik eskubide batzuk lortzeko borrokatu da eta horiek lortuta, agian gehiago egin beharko litzateke. Zer uste duzue? Animo eta segi lanean! Alaia

E. Aupa Alaia! Denok goretsi izan dugu iragandako belaunaldien lana eta borrokarako tinkotasuna. Hala ere, ezin gara beti iraganari nostalgiaz begira egon, etorkizun oso bat baitugu irabazteko! Larunbateko aurkezpenean argi ikusi zen moduan, gazteok lanerako eta borrokarako prest gaude gaur egun ere, eta inoiz baino arrazoi gehiagorekin. Dena dela, helduek beti esango digute haiek gazteak zirenean borrokalariagoak zirela. Helduen boterea da... Jajaja!

7

G. kaixo! EH independente, sozialista eta feminista dela zuen xedea diozue. Lehenik eta behin, nolatan igaro da feminismoa bi zutarri orain arte nagusi horiekin batera egotera? Ez al zaizue iruditzen EH euskaldunaren aldarrikapena ere maila berean kokatu behar litzatekeela? Besterik gabe, ondo segi! aitz

E. Kaixo Aitz, Feminismoa helburu estrategiko gisa hartzea prozesua gehien ezaugarritu duen eztabaidetariko bat izan da. Azken batean, sozialismoak feminismoa barnebiltzen duela uste dugu, baina egia da bai Ezker Abertzalearen, bai ezkerreko mugimenduen praktikak erakutsi digula, bigarren plano batean utziz gero, ez dugula benetan lantzen, eta horrek gure egunerokotasunean eta funtzionamenduan ondorioak dituela. Emakume militante gutxiago eta adinez militantzia lehenago uzten dutenak, gizonez beteriko zuzendaritzak, emakumeen presentzia eskasa medioetan, genero roletan oinarritutako lan banaketak... Gainera, emakumeok soilik landutako arlo bihurtu da, eta horrek gabezia handiak ekarri dizkigu. Denok feminista ez bagara, ezin dugu feminismoan oinarrituriko sozialismorik eraiki. Gure apostua feminismoa indartu eta benetako pertsona askeak eraikitzea da. Sozialismoa ezin da pertsona askez osaturiko jendarte sistema izan balore feministetan oinarriturik ez badago, baina, era berean, ezin da genero zapalkuntzarik gabeko jendarterik eraiki sozialismoan ez bada, kapitalismoak ezinbesteko baitu patriarkatua. Euskarari dagokionean, ez dugu Euskal Herririk ulertzen euskalduna izan ezean, eta beraz, ez dugu helburu estrategikotzat hartu, ez maila berean ez dagoelako, oinarri oinarrian dagoelako baizik.

6

G. Oker ez banago Zukgua prozesuaren ondotik jarri diozue antolakundeari Ernai izena. Izenaz gain, prozesuaren hasieratik gaur egunera zer nolako aldaketak izan dira barnean? Nola baloratzen duzue prozesua? Eskerrik asko bioi. Aitor Martin

E. Aupa Aitor! Hasieran proposatutako ponentziei egindako emendakinak asko izan dira, beraz, nahiko aldatu da. Tartean, Ezker Abrtzalearen orain arteko proiektu politikoari feminismoaren helburu estrategikoa gehitu zaio, kontzeptu berriak gure egin ditugu (zaintza lanei erreferentzia egiteko "0 sektorea" esaterako)... Herri eta auzoetako ekarpenekin eraiki da antolakundea bera. Duela pare bat aste egindako agerraldian adierazi bezala, prozesua oso positiboa izan da bai kuantitatiboki parte hartu duen gazte kopuruari erreparatuta (2.500 inguru), baita kualitatiboki ere eztabaiden sakontasuna kontuan hartuta. Izugarrizko formakuntza saioa izan da denontzat!

5

G. Ia Euskal Herriko gazteriaren erdia langabezian dago,ez du aukerarik bere bizitzaren jabe izateko. Egungo sistemaren aurka borrokatzeaz gain, zer nolako aternatiba landu daiteke,oso prestatuta dugun gazteria Euskal Herritik kanpo ez jotzeko? ion

E. Kaixo Ion, Bizitzaren jabetzari dagokionez burujabetza da gure filosofiaren oinarria, eta sistemari pitzadurak sortuko dizkion proiektu lokalen bitartez posible dugu guretzat etorkizun bat eraikitzen hastean. Horren adibide ugari baditugu Euskal Herrian: gazteek sortutako kooperatibak, baratza autogestionatuak, etxe okupatuak... Gure beharrizanak asetzeko tresnak sortu behar ditugu, eta horretara joan behar gara. Gainera, horrela, sistema suntsitu eta guretzako alternatibak sortzeaz gain, sistema aske bat eraikitzen joango gara.

4

G. Zer nolako autonomia izango duzue alderdi politikoengandik? Iņigo

E. Kaixo Iņigo, Ezker Abertzalea den mugimenduaren parte gara, proiektu politiko bera garatzen dugu, baina horren barruan autonomia osoa dugu gure ildoa garatzeko. Hau da, guk diseinatzen dugu gazte estrategia.

3

G. Kaixo!!!Jakin nahiko nuke Ernaik non daukan jatorria. Lehenago zegoen beste antolakunderen baten ondorengoa da, eta guztiz berria? Dena dela onena opa dizuet!Ondo segi gazteak! Telle

E. Aupa Telle! Ernairen jatorria Gazte Zukgua prozesua da, eta beraz, hutsetik abiatutako eztabaida batean du jatorria. Ez da beste antolakunde baten ondorengoa. Hala ere, gazte eremuan Ezker Abertzaleak oso ibilbide luze eta oparoa du, guk aintzat hartzen duguna. Ernaik Independentzia, Sozialismoa eta Feminismoa helburu estrategikotzat dituen heinean, horiekin bat egiten duten gazteak batzea du helburu.

2

G. Ernaik zein jarrera izango du Gaztetxeen inguruan? Gazte asanbladetan parte hartzeari buruz zein jarrera duzue? Estaduko beste gazte antolakundeekin nolako harremana izatea espero duzue? Ekintza bateraturik? Animo! Iņi

E. Gaztetxeei dagokionez, gazteok eta gazteontzako eraikitako gune askeak dira Gazte Mugimenduari helduen boteretik kanpo antolatzeko espazio bat ematen dietenak, eta horregatik ezinbestekoak dira eta gazteok erabili eta defendatu behar ditugu. Parte hartzeari dagokionez, Gazte Mugimendua gazte boterea artikulatzeko subjektu nagusia den heinen, Ernai Gazte Mugimenduko parte da eta Ernaiko kide asko haien auzo eta herrietako Gazte Asanbladetan antolaturik daude, beste gazte asko bezala, eta horrela izaten jarraituko du. Beste antolakundeekin harremanari dagokionez, eratze prozesuan zehar eragile politiko eta sozial askorekin bildu gara prozesua bera azaldu eta etorkizunerako harremanak izan daitezkeen hazia jartzeko. Hala ere, aurrera begira batzuekin eta besteekin izango dugun harremana ezberdina izango da; batzuekin gatazkaren konponbidean urratsak eman eta inplikatu nahi ditugulako, eta besteekin, aldiz, borrokan bidelagun eta aliatu natural izango ditugulako.

1

G. Kaixo! Sortu eta Ernaik egun gutxitan egin dituzue batzar eratzaileak. Ildo berekoak zarete eta jakin nahiko nuke zuek zein esparrutan egingo duzuen lan, Sortu arituko ez den bat, adibidez. Mila esker! Kepa Torrealdai

E. Kaixo Kepa! Nahiz eta bai Sortuk, bai Ernaik proiektu politiko berari (Euskal Herri independiente, sozialista eta feminista lortzea) erantzungo diogun, guk gazte eremuan egingo dugu lan. Gazteok dugun problematika izango dugu ardatz, eta zentzu horretan, bizi ereduen lanketa izango da gure ildo nagusia. Hau da, sistema kapitalista eta patriarkarrak inposatzen digun ereduaren aurrean (kontsumora bideratua, genero-zapalkuntzan oinarritua, akritikoa eta pasiboa, etab.), gaurdanik jendarte aske batean nahi ditugun bizi ereduak eraikitzeari ekingo diogu. Horretarako bizi baldintzak eraldatu behar ditugu, arlo guztietan: sozioekonomia, hezkuntza, aisialdia... Formakuntza eta feminismoaren lanketa ezinbestekoak izango dira jardun horretan, internazionalismoa eta borrokan dauden beste hamaika herrirekin elkarlana eta elkartasuna ahaztu gabe.