Azken elkarrizketa

Zelai Nikolas

Zelai Nikolas

Gure Esku Dago dinamikaren sustatzailea

2013-12-19 - 11:00

Ekainean aurkeztu zuten Gure Esku Dago dinamika, erabakitzeko eskubidearen alde. 2014ko ekainaren 8rako giza kate bat antolatu dute, Durangotik Iruņera.

 Erantzundako galderak

14

G. Bi galdera: 1.- Gure Esku Dago plataformakoak ba al zaudete independentziaren alde? 2.- Ba al duzue elkar-/hauzolanik Independentista Sarekoekin Iruņeatik Durangora Giza-Katea osatzeko? Animo eta arrakasta desio dizuet! Xabierius Atxursson, Herbeheretatik Xabierius Atxursson

E. Kaixo: Lehen galderari dagokionez, Gure Esku dago herri ekimenean badira hainbat sentsibilitate duen jendea, baina dena delako proeiktu politikoaren defentsak baino demokraziak eta elkarrekiko errespetuak batzen gaituzte. Bigarren galdera: Gure Esku Dago herritarren ekimena da eta atxikimendu pertsonalez lotze gatzaizkio ekimenari. Beraz, ziur nago Independentista Sareko lagun asko gurekin egon direla, baina talde atxikimenduak ez ditugu bilatzen. Ondo ibili.

13

G. Kaixo ,Zelai ! Lehenengo eta behin ekimen honekin goitik behera bat egiten dudalako eskerrak eman. Galdera : Zergatik ez duzue zuen web orrialdean Euskal Herriko mapa orain dagoen " horren " ordez eta lekuetako euskal izenak eta ez Bayonne , Banca , etab.ekin ? Irri

E. Irri,teknikariei galdetuko diet. Ezin dizut besterik esan. Barkatu eta eskerrik asko bat egiteagatik. Laster arte.

12

G. 100.000 euro jasoko duzue Gipuzkoako aldundiaren aurrekontuetatik (Bilduk eta PNVk hitzartuta) erabakitzeko eskubidearen alde Iruņa eta Durango arteko giza katea egiteko. Esan ohi duzue ez duzuela loturarik alderdiekin (eta instituzioekin). Zertara dator laguntza hori? Egokia iruditzen zaizue diru hori hartzea? Eta PPk Arabako diputazioan beste talde bati dirua emango balio aurkakoa aldarrikatzeagatik, ondo ikusiko zenukete? Inazio Bengoa

E. Kaixo Iņazio: Gu oso pozik gaude diru laguntza hori gure erakundeetatik jasotzeagatik eta oso eskertuak gaude gainera Gipuzkoako Batzar Nagusiko talde horiekin eta Batzar Nagusiekin oro har. Talde horiek gure ordezkari demokratikoak dira eta adostasunez erabaki dute ekimen demokratiko honi laguntzea, beraz ez dugu arazorik ikusten. Erakunde publikoek askotan laguntzen dituzte eskubideen inguruko gogoetak eta ekimenak (sinposium federalistak, europarzaleak, estatutuaren edo konstituzioaren aldekoak...). Zergatik ez, beraz, demokraziari horren lotuta dagoen erabakitzeko eskubidearen ingurukoa?

11

G. Katalanek "cap a la Indendencia" leloa erabili zuten gizakatean. Zergatik ez dugu guk independentzia aldarrikatuko? iker

E. Kaixo Iker: Independentzia Euskal Herriaren egituratzeko proposamen bat da, baina badira beste proposamen batzuk (harreman federala, autonomia garatzea...). Guk uste dugu, aukera horiei guztiei bidea eman behar zaiela, tranpak egin gabe, horien guztien eztabaida demokratikoa ahalbideratuz. Katalunian ere, erabakitzeko eskubidetik abiatu ziren eta horren inguruko gehiengo itzel bat bildu ondoren eta estatuaren jarrera itxia egiaztatuta, ekin zioten independentziaren leloari -oraindik ez bideari, ordea. Kontsultaren galdera jartzerakoan ere lehenetsi dute kontsulta erabakitzeko eskubidearen ariketa izatea, lehenengo galderan federalistak sartzearen alde egin baitute. Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea euskal herritarron arteko elkargune bat dela uste dugu eta elkargunetik abiatuta hasi behar dugu bidea egiten. Ondo izan eta eskerrik asko.

10

G. Kaixo Zelai, Ni erabat bat nator ekimenaren helburuekin. Baina kritika bat egite aldera, ez al zaizu iruditzen, Gazta zati bat dokumentala bezala, folklorikoegia ez ote den? Nire uste apalean pedagogia historikoa, juridikoa... landu behar da herriz herri garatzen ari den ekimen hau ahalik eta ikuspuntu ezberdineko pertsonengana ailegatu ahal izateko. Eta, ekainaren 8aren ostean, zer? Mila esker Andoni Canales

E. Epa Andoni, Kritika guztiak oso gustura hartzen ditugu eta zurea aurretik ere heldu zaigu. Hala ere, esan diezazukedana da saiatzen ari garela ditugun baliabideekin lan pedagokiko hori egiten. Horretarako hainbat aditu prest azaldu zaizkigu hitzaldietan arlo sozio-ekonomikoa, marko juridikoa eta egoera politikoaz aritzeko. Herrietako GED taldeak ari dira horiek antolatzen. Bestalde, ekainaren 8tik aurrera elkartuko gara 2014ko udazkenean eta egindakoaren ebaluazioa egingo dugu.Azterketa horren ondorioz, denon artean erabakiko dugu nola jarraitu. Ondo izan.

9

G. Zenbat aldiz galdetu dizuete ze alderdi politikorekin zaudeten lotuta? Norekin identifikatzen zareten? Nola egingo diozue ihes antzeko asmo txarrei? Goierritarra

E. Kaixo: Nik sekulako zortea dut horretan, izan ere, nire lanak aukera ematen dit politikari desberdinentzat lan egiteko eta denekin zintzo jokatzen saiatu eta saiatzen naizenez, badakite jakin badakidala nire iritzi pertsonalen gainetik euskal interesen alde jokatzen eta politikarien esparrua behar bezala errespetatzen.

8

G. Kaixo Zelai, ez hartu gaizki baina uste duzue benetan gaitasunik badela gaur egun erabakitzeko eskubidearen aldeko ekintza batean 50.000 lagun biltzeko? Edo 100.000? Uste duzue jeltzaleak joango direla horra? Ainize

E. Aurretik erantzunda

7

G. Katalunian herritarrak politikarien aurretik. Euskal Herrian? Oihana

E. Euskal Herrian ere herritarrak aktibatu behar ditugu erabakitzeko eskubidearen alde. Angel Oiarbidek behin eta berriz dioen moduan, "gai garrantsitzuegia dek politikarien eskutan soilik uzteko".

6

G. Aupa Zelai,datorren urteari begira Catalunyaren erabakitzeko eskubidearen subjetoa Catalunya autonomia erkidegoa osatzen duten 4 herrialdeak dira, hau da, ez da Paisos Catalans osoa, hemen Euskal Herrian aldiz subjetoa 7 herrialdeak dira, nazioa gara baina dakigunez 2 estatu eta 3 zati politiko-juridikoetan dago bananduta gure herria,beraz, nire ustez, gaur egun ez da posible guztiok batera hartzea erabakia,demagun kondizio guztiak ematen direla EAEn erabakitzeko eskubidea bi urte barru hartzeko, zelan egingo genuke? Nafarroan eta Iparraldean kondizioak eman arte itxaron? Edo EAEn erabakitzen dena gauzatu? Igotz

E. Igotz, maitea,arinegi zoaz laztana. Bidea urratsez urrats egin behar da. Gure Esku Dago herritarren ekimena da eta guk gaia mahaigainean jarri nahi dugu. Herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula eta herritarrok erabakiko dugula; eta hiru ideia nagusi horien inguruan euskal herritarrok elkarlanean jarduten dakigula erakutsi nahi dugu. Baina, prozesuaren diseinua eta kudeaketa alderdi politikoei dagokie. Guk esan nahi diegu Euskal Herri bat dagoela eta bere egituratzeren inguruan herritarrok erabaki nahi dugula. Haiei dagokie zehaztea, ordea, erabakitzeko eskubidea inguruko bidea eta prozedurak . Guk ahal dugun neurrian laguntzen saiatuko gara, baina bakoitzak berea.

5

G. Kataluniako eredua jarraitu behar lukete Euskal Herriko politikariek? Akordioa bilatu eta galdeketara deitu? Arrate

E. Edozein prozesu demokratikoetan, eta are gehiago burujabetza prozesuetan, lortutako akordioak dira prozesuaren oinarri. Adostasunak sekulako indarra du, prozesua sendotu eta bere abiada neurtzen baitute. Beraz, bai. Katalunian erakusten ari diren adostasun jarrera hori (oraingoz erabakitzeko eskubidearen ingurukoa dena, baina independentziaren aukerari naturaltasunez bidea zabalduz) Euskal Herrira ekarriko bagenu euskal herritarron arteko bizikidetza sendotzeaz gain, Euskal Herriaren etorkizuna gure esku egotea lortuko genuke.

4

G. Zergatik pentsatu behar dut independiente orain baino hobeto biziko naizela Natxo

E. Erabakitzeko eskubidea ez da independentzia. Erabakitzeko eskubidea tresna bat da gizarte baten antolaketarako proiektu desberdinak daudenean, horien arteko kudeaketa demokratikoa eta arrazionala lortzeko. Modu bat da independentziaren alde daudenek bere egitasmoa azaldu eta defenda dezaten eta estatuarekin beste harreman mota bat izatea defendatzen dutenek ere bereari ekin eta defenda ahal diezaioten. Dena dela, Kataluniari eta Eskoziari begiratuta ateratzen den ondorio bat da nortasun nahikoa duen herri batek bere burua gobernatzeko gaitasuna erakusten duenean, nahiago izaten duela bere interesak berak gobernatzea mendetasun egoerarik gabe. Hala ere, zuk diozun moduan, galdera horri behar bezala erantzun beharko zaio independentzia defendatzen dutenen aldetik, herritarrak erabakitzeko eskubidearen erabilera suertatzen denean independentziaren alde demokratikoki ager daitezen. Erabakitzeko eskubidearen alde gaudenok eztabaida demokratiko hori ahalbideratu nahi dugu, hain zuzen ere.

3

G. Egunon Zelai! Errafa, Bilbotarra naiz eta egunero euskaraz Euskal Herriaren eraikuntza nazionalean dihardut. Gure Esku Dago dinamikaren interneteko orria eta aplikazioren bat balio behar dute giza katean parte hartzea antolatzeko eta jendea launaka edo bosnaka batzeko. Zerk hobetu daiteke Kataluniako Diadatik? Zorionak Zelai eta aurrera giza katea! Errafa

E. Kaixo Errafa: Kataluniako Diada oso-oso arrakastatsua izan zen eta bikain antolatuta egon zen, beraz, oraingoan apaltasunez begiratzea egokitzen zaigu. Bertatik ikasitakoa aplikatzen lortuko bagenu pozik. Gu ere ondo ari gara eta herrietan eta sektoreetan ilusioa pizten ari da, aspaldiko partez. Herritarren arteko oso elkarlan polita sortzen ari da ekimenaren inguruan. Beraz, gure txikitasunetik bada ere, gure gizakatea arrakastatsua izan dadin tinko eta gogor lan egingo dugu. Ea lortzen dugun haien pareko ekitaldi indartsua, polita eta alaia. Segi horren fin euskararen alde lan egiten. Muxu bat.

2

G. Bi galdera Zelai: 1.- Iruņea jarri duzue gizakatearen helmuga, baina ez duzu uste lehenik nafarrei galdetu beharko litzaiekela ea araba, bizkaia eta gipuzkoarekin erabaki nahi duten? 2.- Zergatik Durangotik eta ez Gernikatik? Patxi Gargantua

E. Lehena.- Erabakitzeko eskubidea eskubide inklusibo bat bezala ikusten dugu guk, euskal herritarron arteko elkargune bat bezala, eta uste dugu Euskal Herri osoan badirela pertsonak Euskal Herriaren etorkizunaz galdekatuak izatea nahi dutenak. Erabakitzeko eskubidea erabili nahi ez duenak ez du zertan parte hartu behar, baina Euskal Herri osora zabalduta aukera ematen diegu ekimenean parte hartu nahi dutenei parte hartzen. Bigarren galderari dagokionez, egia esateko ez dugu erantzun zehatzik, izan ere, zuk esaten duzunez, Gernikatik ere abia zitekeen. Hala ere, kontuan hartzeko modua da zure proposamena. Eskerrik asko.

1

G. Euskal Herriak erabakitzeko ahalmena, independentzia lortu gabe? iņaki

E. Erabakitzeko eskubidea tresna bat da Euskal Herriko proiektu politiko guztiak, independentzia barne, politikoki berdintasunez defendatu eta gauzatu ahal izateko. Horrez gain, argibidea ematen du estatus politikoen aldaketak demokratikoki nola burutu behar direnaren inguruan.