Azken elkarrizketa

Hartzea Lopez

Hartzea Lopez

Plantouneko okupatzaileetako bat

2014-02-27 - 10:00

Ostegunean, goizeko 10:00etatik goiti, Plantouneko okupatzaileetako batekin solasteko aukera izanen da. Bide beretik, Ipar Euskal Herrian etxebizitza bat aurkitzeko zailtasunei aterabideak aurkitzeko asmoaz, sortuko den Kolektiboaren inguruan galdera pausatzeko aukera izanen da.

 Erantzundako galderak

13

G. Honenbestez amaitutzat emango dugu elkarrizketa. Mila esker Hartzeari eta parte hartu duzuen guztioi. berria.info

E. Milesker Berria-ri ere, eta mundu osoan etxeak idekitzen, erabiltzen, partekatzen eta maitatzen dituzten guzieri. Okupazioa da bidea !

12

G. Bilbon okupazio bulegoa bada, Donostian sortu berria dago, Gasteizen ere abian da. Iparraldean aholkularitzarako antzeko zerbait sortuko bada EH mailan okupazioari indarra emango dion erakunde bat sortzea aurreikusten duzu? Okupa ezazu

E. Noski baietz. Asko dugu ikasteko eta beste hainbeste ekiteko. Animo zuei eta segi aintzina !

11

G. Plantouneko okupazioak oihartzun handia izan du. Baina horrelako desmartxa batek nolako harrera izan du Ipar Euskal Herriko gizartearengandik? Amaia

E. Arlo horretan, jendearen kezka nagusiak alokairuen eta lurrazalen garestitasuna, urbanizazioak laborantxari lapurtzen dizkion eremuak, bigarren etxebizitzak eta bizitegi duin eskaintza eskasa dira. Diagnostikoek gero eta gehiago bat egiten dute, erabakitzaileen ahotan ere. Tendentzia aldatzeko samina azkarra dago. Tresnak egiteke. Okupazioa haietariko bat da eta egia errateko, jende askok animoak eman dizkigu.

10

G. Kolektibo berri bat sortzera zoazte. Eragile desberdinekin harremanetan jarri zirete? Elkarlan batean oinarrituko da? Nola funtzionatuko du kolektibo berri horrek? Zein izan da bere helburu nagusia? Elorri

E. Kolektibo honen premia langile sozialen eskaeratik abiatu zen. Badituzte ehundaka familia aterpe zain, eta okupazioa irtenbide mota erreala dela uste dute. Hasieran baizik ez gaude, datuak biltzen, helburuak finkatzen. Frantziar estatuan mugitzen diren beste talde batzuekin harremanetan sartu gara (CREA, Jeudi Noir), eta Ipar Euskal Herriari dagokionez, dudarik gabe elkarlana ezinbestekoa zaigu, etorkizunean etxeak okupatzen badira oinarri sendo eta zabalekin burutzeko. Plantoun-ek lehen mugarri bat ezarri zigun : lorpena posible da. Abiapundu horrekin segi nahi dugu, beti ere beste kolektiboekin eskuz esku.

9

G. Otsaila hasieran "abandonatu" zenuten Plantoun auzoko etxea, beharretan zen familia bati uzteko. Zertan da afera? Familiarekin egon zarete? Jon

E. Jabeak eta erakunde sozial batek izenpetu hitzarmenarekin atera gara hortik. Bertan, etxe hori beharretan dagoen familia bati utziko zaiola hitzemanik dago, "epe aski arinean" omen. Gaur egun etxea hutsik dago. Agian batzuk eta besteek ez dugu "epe arinaren" kontzeptu berdina. Etxe okupatutik jalgi kolektiboak du orain proiektuaren gauzatze erreala eskutan hartu, erabaki honekin : martxoaren 31rako etxe horretan ez badago inor, berriz ekingo diogu okupazioari.

8

G. Kaixo Hartzea, uste duzu zuen ekimenak kontzientziak piztu dituela etxebizitzaren arazoaren inguruan? edo kontrako jarrerak nabaritu dituzue? ongi segi! Elu

E. Kaixo Elu. Bi aldeak egon dira, okupazio honi oihartzuna emateak kolore guzietako aburuak piztu baititu. Batzuek gure erabakia bisibilitatea emateko eta aurrekaria sortzeko baliabide gisa ikusi dute. Besteek kaka nahasle, parasito edo frankotiradore batzuk ginela erran digute. Transgesio txikia izan da, sinbolikoki bederen hautsak harrotu dituena, jabegoa, bizitegi sozialen kudeaketa, etxe hutsen arazoa azalera eraman dituena. Transgesio guziekin bezala, gauzek denbora behar dute onartuak eta ulertuak izateko. Gehiago egon eta azkarrago izanen gara !

7

G. Zerk bultzatu dizue okupazio mugimendu bat martxan jartzeko? Lehen aldia da holako zerbait egiten dela Ipar Euskal Herrian? Maider

E. 80. hamarkadan Patxa kolektiboak, Kataluniako okupa mugimenduek, Lurra eta Etxebizitza taldeak eta berrikiago Donaixtin Bethi Aintzina elkarteak utzi aztarnek jorratu ziguten bidea. Baita Lapurdi kostaldean dauden langile sozialek : etxeak okupatuetan bizi diren jendeekin harremanetan daude, nahiz azken hauek gehienetan ez duten euren ibilera publiko egiten, beldurrez edo ez daudelako gu bezalako perspektiba politiko batean. Arazoa da Iparraldean ez dagoela inungo zifrarik datu hauei buruz.

6

G. Nola erabaki zenuten okupazioari ekitea? Nola antolatu zarete Plantounen? Josebe

E. Bagenekien auzo horretan etxebizitza sozial batzuk abandonaturik zeudela, eta buruari mila itzuli eman gabe bertan paratu ginen. Etxea borroka tresna bilakatu zen jabeak berehala kanporatu nahi izan gintuelako. Etxean hiru lagun bizi izan gara eta herritar eta talde dexentek proiektuari onginahia erakutsi zioten. Paretan "Ongi etorri" jarri panelak gure egitasmoa laburbildu du : Plantoun ekimen herritarra izan da, piskanaka gorpuztua eta iritzi eta proposamenei idekia.

5

G. Hauteskunde garaia baliatu duzue okupazioa egiteko eta garaile izan zarete. Okupazio estrategia ziklo politikoari lotu behar da? Okupazio garaia

E. Hutsik zegoen etxera lehen aldiz sartu ginelarik, ez genuen hauteskunde sasoi hori batere kondutan hartu. Segurki giro horrek nolazbait gure alde jo du, baina auzotarren eta elkarteen sustenguak digu indarra eman. Kemen hori Baionako hautetsiak eta etxearen jabea tinkatzeko erabili dugu, eta salaketarekin batera, proposamena luzatzeak (gure ordez familia bat bizitegian sartu) dio historia honi "happy end" delakoa eman.

4

G. Kolektibo berri bat sortuko duzuela erran duzue. Ez dira aski daudenak? Zein litzateke zuen berezitasuna? Galdera

E. Kolektiboak eta ekimenak tamalez guttiegi daude, ez gehiegi. Herri bakoitzean bada lurra eta etxebizitzaren alde iharduteko aukera frango, sensibilizazio arloan, legedia benetan bete dadin galdetzeko, edonolako ekintzak bultzatzeko... Gure berezitasuna okupazioa legitimizatzean datza, Iparraldean baldintza kaskarretan "ezkuturik" dauden jende prekario eta pobreen errealitateak jakinarazteko gogoarekin batera. Dinamika honek gogoeta eta iniziatiba zabalagoan txertatu nahi du, geroan benetako mugimendu sozial eraginkor eta batua abiarazteko xedearekin.

3

G. Kaixo Hartzea, uste duzu krisiak eta etxebizitzaren burbuilak indarra ematen diola mugimendu okupari? ongi izan Aitor

E. Egunon Aitor, galderari zuk zeuk eman diozu erantzuna. Sanduzelaien adibidez hipoteken kaltetuen plataformek antolatu dituzten ekimenak egoera horren kontrako erantzun zehatza dira : etxebizitza ez da luxua, premia baizik.

2

G. Ze ausnarketatik abiarazi duzue zuen okupazio mugimendua? Interesatua

E. Etxebizitza duinaren beharretik, elkarrekin bizimolde eta dinamika batzuen sortzeko gogotik. Etxe hutsen erabilpena aldarrikapen eta irtenbide zuzenak dira horretarako. Okupazio mugimendu biziak badira lurralde askotan, Ipar Euskal Herrian oraindik ainitz dago egiteko, beti ere hemengo egoera eta gaiaren inguruan lanean ari diren beste elkarteak kontutan hartuz.

1

G. Okupazioa ez al da lan egin gabe besteen bizkar bizitzeko maniobra bat ? Langilea

E. Asko daukatenek botatzen edo erabiltzen ez dutena birziklatzea bizkarroi izatea dela pentsatzen baduzu, jomugaz okertu zara. Nagusi, politikari eta etxe saltzaileengana jo ezazu agian, momentuz arrangura gutxirekin lortzen baitute gure bizkar bizitzen, gure arteko tirabiretan gauden bitartean.