Azken elkarrizketa

Manu Gomez

Manu Gomez

A13 ekimeneko kidea

2014-04-02 - 16:00

Apirilaren 13rako Euskal Herriko independentziari buruzko galdeketara deitu du Etxarri Aranatzen A13 ekimenak. Taldeko kide Manu Gomezek BERRIAko irakurleen galderei erantzungo die.

 Erantzundako galderak

17

G. Bukatu da elkarrizketa. Eskerrik asko elkarrizketa digitalean parte hartu duzuen irakurle guztiei, eta nola ez, Manu Gomezi. BERRIA

E. Mila esker denei, ni ere oso gustora izan naiz. Entrenamendu gogorra izan da Apirilaren 13ko prentsaurrekoetarako. Ongi izan eta ongi etorri Etxarrira etoriko zareten guztiak.

16

G. Aupa Manu. Bozketa egunerako, zerbait berezia prestatu duzue? Herrikoendako eguna da soilik? Ander

E. Kaixo Ander: Apirilaren 13a iritzi guztien topaleku eta festa izatea nahi dugu. Herritarrek horretaz gain bozka emateko aukera izango dute baina Euskal Herritar oro gonbidatu nahi dugu festan parte hartzera. Izan ere herri baten nahia modu askotan azaldu daiteke, bazkari herrikoian parte hartuaz, antolaketan, herri kiroletan, edo kontzertuan dantzan. Etxarri Aranazkoek bakarrik izango dute botoa emateko aukera baino gainontzeko gauzetarako mundu guztiak. Guk egitarau erakargarri bat prestatu dugu bertara etorri nahi duten guztientzat. Ikusi nahi izanez gero, gure blog orrian duzue http://a13etxarri.wordpress.com/

15

G. Kaixo Manu! Badakizu gutxi gorabehera zenbat jende dagoen galdeketan parte hartzera deituta? Eskerrik asko! Lide M.

E. Aupa Lide: Gutxi gora behera bai, zehatza ez. Izan ere galdeketa prestatzeko garaian ezin dugu errolda erabili. Hala izanik Etxarri Aranatzen erroldaturik dauden pertsonak zenbat diren ez dakigu. Zenbaki bat izateko azkeneko bozketak hartu ditugu kontuan, beraz, bi mila pertsona inguru dira parte hartzera deituak.

14

G. Arenys de Munteko jendearekin bildu zaretela diozu. Zer kontatu dizuete haien esperientziaz? Bai prestatze lanez bai ondorenaz? Mila esker! Luis

E. Aupa Luis: oso bilera aberasgarriak izan dira denak. Esperientzia, bizi esperientzi bezala dute. Beraien historia pertsonalean mugarri txiki bat. "Antolaketan parte hartu dut" harrotasunez esaten dute. Beraien herriko oinarri eta mugarri demokratikoen parte sentitzen dira. Prestatze lanez, handiak direla esan digute, baina eramangarriak direla baita ere. Eta ondorenaz, lan baten amaiera baino hasiera dela diote. Eskuratu dugun esperientzia guretzat ezin dugula gorde. Elkarbanatu beharreko ezagutza eskuratu dugula esan digute behin eta berriz.

13

G. Aupa Manu. Nafar gobernuak trabarik jarri al du galdeketa egunerako? Nineu

E. Epa Nineu: Guk egun, ez dugu trabarik jaso.

12

G. Arratsaldeon! Asko pozten naiz etxarriarrek A13an bozkatu ahal izango duzuelako, eta E.H.ko horrelako galdeketa bat egiten duen lehen herria nafarra izateagatik. Galdera: Ze parte-hartze espero duzue? Beņat

E. Aupa Beņat: ez dakigu. Aurreko galdera baten inguruan boto bakarrak ahalegina merezi duela esan dugu. Garrantzitsuena ariketa da. Ahalik eta parte hartze handiena izatea nahiko genuke, baina ni ez naiz ausartzen zifra bat ematera.

11

G. Lehenik eta behin eskerrak eman manu, zuen ekarpenagatik. Galdera: Etxarrikoa egindakoan, Euskal Herriko beste heri batzuetan herri-galdeketa egieko aukera erreztendela uste duzu? praixku

E. Epa Praixku: zalantzarik gabe bai. Gurea egiteko Katalunian egin izanak erreztu egin duen moduan, gainontzekoak egin ahal izateko erraztu egiten da. Izan ere galdeketa arautegia, mahai eraketa, aurretiko boto ematea eta abar, sortu eta idatzi behar izan ditugu. Egitura teknikoa eta antolaketa prestatu ditugu. Orain, hori dena egina dago nahi duenaren esku. Hala ere garrantzitsuena, herri borondatea eta herrietan egon daitekeen nahia da. Herria prest dagoenean prestatu behar da galdeketa, eta ez galdeketa prest dagoenean prestatu herria.

10

G. Arratsaldeon Manu! Independentziara bidean, Katalunian herritarrek egindako lanak emaitzak eman dituela ikusten ari gara. Euskal Herrian hori posible dela uste duzu? Zein ezberdintasun ikusten dituzu bi nazioen artean, ikusten baduzu, behintzat? Eskerrik asko! Laida A.

E. Aupa Laida: Beste bi galdera, lehenengoaren inguruan erantzuna garbia da. Gazta zati baten filmeko esaldi batekin hasiko dut erantzuna. Bertan hala esaten dute: "erabakitzeko eskubidea gai inportanteegia da politikoen esku bakarrik uzteko". Nik ere hala uste dut; herritarron garaia da, gure garaia. Ez dut inolako zalantzarik herritarrok pausoak ematen baditugu lehenago edo beranduago gure etorkizuna erabaki ahal izango dugula. Bigarren galderari dagokionez, ni ez naiz analista politikoa, baina antzekotasunak begibistakoak dira (lurralde egitura, gaia...). Baina bakoitzak bere bidea egin behar du bestearena ezagutuz, osatuz eta errespetatuz.

9

G. Kaixo Manu! Oraindik falta dira egun batzuk galdeketarako. Zer moduzko giroa antzematen duzu herrian? Eskerrik asko! Eider R.

E. Aupa Eider: Herrian giro polita somatzen dugu, egun on bat pasatzeko gogoa dagoela uste dut. Gaiak espektatiba sortu du eta lantalde batean ez bada bestean jende piloa ari da bere burua eskaintzen. Hala ere ez dut uste ni pertsona objetiboena naizenik hau erantzuteko. Nire inguruan, egun hauetan gai hau besterik ez dugu.

8

G. Apa Manu. Zorionak zuen ekimena eta adoreagatik. Izango al du ondorio praktikorik galdeketak? Hau da, independentziaren aldeko jarrera nagusitzen bada, zein izango da hurrengo pausoa? Animo!!! Patxi

E. Aupa Patxi: bi galdera egin dizkidazu. Lehenengoari dagokionez, sinboloek ba al dute ondorio praktikorik? gure ustez bai. Egoera berri baten abiapuntu izan daiteke eta hala izatea nahiko genuke. Bigarrenari dagokionez galdeketaren ustezko emaitza bati buruz ari zara, baiezkoa gailenduko denaren inguruan. Guk, antolatzaile bezala, herritarren artean konpromiso bat hartu genuen, ez genuela publikoki inolako posizionamendurik hartuko. Baiezkoa edo ezezkoa gailenduz gero herriko politikariek zer egingo duten edo ez, ez dakit.

7

G. Ez al zaizu iruditzen Nafarroan une onetan badirela bertze lehentasun batzuk independentziari buruz galdetzea biņo? Ez al litzateke lehenik bertze galdera bat egin behar? Adibidez: nahi zinuke Nafarroa EAEri lotzea? Eta Iparraldeari? Balen

E. Aupa Balen: beste gai eta kezka batzuk badira bai. Herritarroi galdetzea egokia dela iruditzen zait baita ere. Baina Etxarri Aranatzen gai honi buruz galdera egiteko une egokia dela pentsatu dugu. Izan ere, herri galdeketak ezberdinen arteko topaleku modura planteatua dago. Herritarron arteko harremanak hobetuko dituela uste dugu, iritzi guztiak berdintasunean errespetatuz. Galdera honen aurretik besteren bat egin behar ote den edo ez, ez da hain erraza erantzuten. Batzuk galdera dexente nahi izaten dituzte aurretik, eredu sozio politikoa, ekonomikoa, europarekiko harremanak eta abar. Gu ariketa sinboliko bat egitera goaz. Galderak bere garrantzian izan arren, batez ere ariketa demokratikoak du garrantzia. Bestetik galdera hau herri batzar batean erabaki genuen. Herritarrek modu demokratiko batean aukeratu zuten beste seiren artean urtarrilaren 4ean egin genuen herri batzarrean.

6

G. ANC ilegalizatzeko frogak ikertzeko eskatu du fiskalak. Ez al zarete ondorioen beldur? Leku

E. Aupa Leku: egia esan ez gaude ondorioen beldur. Zergatik egon behar dute bestelako ondoriorik? Gisa honetako galdeketak egin izan direnean ez da inolako ondoriorik izan gaurdaino, oraingoan zergatik bai?

5

G. Aupa Manu: hurrengo egunean zer? Ongi izan Aitor

E. Kaixo Aitor: Gaur eguneroko lana bukatu eta gero, Berriara etorri naiz zuen galderak eratzutera. Beraz, hurrengo egunean lanera itzuliko naiz egunero bezala. Lana txukun burutu izanaren poza eraman nahiko nuke soinean. Eta galdeketari dakoionez, hilabete hauetan bildu dugun ezagutza guztia besteen zerbitzura jartzeko prest.

4

G. Kaixo Manu! Bide luzea egin duzue galdeketa iristerako. Sinadura bilketa, udalari eskaera... zer moduz joan da prozesu osoa? baikor zara galdeketarako? Antton

E. Kaixo Antton: gai beraren inguruko bi prozesutaz ari zara hitz eginten. Joan zen urtean herritar talde batek udalean eskaera bat egin zuten, antzeko galdera baten inguruan herri galdeketa eskatuaz. Prozesu munizipal hori Nafar Gobernuak helegite baten bidez eten egin zuen. Orain prozesu berri baten aurrean gaude, herritarra. Prozesuan parte hartu dugunontzat oso aberasgarria izan da. Hau guztia egin dugunok, boto bakar bat jasota ere merezi duela pentsatzen dugu. Eta hala izanik, nola ez gara ba baikor izango?

3

G. Arrasti on, zorionak zeuen ekimenagatik, ea dana ondo urtetan dan. Esan izan dabe Etxarriko galdeketa "euskal Arenys de Munt" moduko bat dala. Jarri zarie harremanetan herri horregaz edo halako galdeketak antolatu daben herriegaz? Ondo izan. Iker Agirre

E. Aupa Iker: bai, harremanetan jarri gara Arenys de Munteko jendearekin. Besteak beste bertako alkate izan zen Josep Manel Ximenis ikuskatzaileetako kideetako bat izango da.

2

G. Arratsalde on! lehenengo herria zarete herri mailan Euskal Herriko independentziaz galdeketa egingo duzuela. Uste duzu herri gehiagok zuen urratsak jarraituko dituztela. Animo! Ainara O.

E. Aupa Ainara: une hontararte (apirilaren 2an, 16:10)ez da inongon herri zehatzik harremanetan jarri, gure bidea jarraituko duela esan digunik. Baina gu ziur gaude bide honek jarraipena izango duela. Euskal Herrian gai honi buruz iritzia eman nahi duen jende asko dago eta hau geldi ezina da. Guk ez dugu zalantzarik, lehenago edo beranduago izango direla herri gehiago.

1

G. Kaixo Manu, Pentsatu duzue galdeketa nola burutu debekatua izanez gero? txomin

E. Aupa Txomin, une honetan ez dugu inondik inora debekuarena aurre ikusten. Nola debekatu daiteke galdetu nahi eta erantzun nahi izana? legez kanpo dagoen ezer ez goaz egitera. Herritarrek beraien sentimentua azalduko dute, nahi badute, eta hori apirilaren 13an burutuko dugu.