Azken elkarrizketa

Iratxe Esnaola

Iratxe Esnaola

PuntuEus Fundazioko kidea

2014-04-29 - 12:00

Euskal kultura sustatzeko jaio da .eus domeinua, eta gutxi barru izango da erabilgarri sarean. Iratxe Esnaola talde sustatzaileko kidea BERRIAn izango da, irakurleen galderei erantzuten.

 Erantzundako galderak

13

G. Hemen bukatu da Iratxe Esnaolaren elkarrizketa digitala. Eskerrik asko berari eta irakurleei, galderak bidaltzearren. BERRIA

E. Mila esker zuei!

12

G. 90 domeinu izenetara mugatua izateaz gain, .eus domeinu pean egon nahi duenak 500 euroko kostua izanen du eta enpresa bada, domeinu horretako izen batek 5000 euroko kostua izanen du. Zerk justifikatzen du prezio hori? (Domeinu izen arrunt batek (.info, .org, .net, ...) kostu erridikuloa duenean honen aldean? Zergatik horren garesti? Horrek ez ote ditu erabiltzaile potentzialak haizatuko? Amaia

E. Lehen aipatu dudan bezala, Aitzindarien fasea promoziorako eta bultzada ekonomikorako da. Prezioak hortik datoz. Baina hau Aitzindarien faserako da, eta udazkenean Abiarazte-aldia hasiko da, 50-60 euroko prezioan. Aitzindarien fasea fase esklusiboa da ta prezio esklusiboa du. Abiarazte-alditik aurrera, beste galdera batean erantzun dudan moduan, proiektua bideragarria izateko prezioa jarri dugu. .EUS domeinuak bere helburuak beteko baditu, euskarazko edukiak areagotu eta komunitatea kohesionatuko badu, hori denboran iraungo duelako da. Bideragarria bilakatu behar da eta horretan oinarritzen dira hartutako zenbait erabaki.

11

G. Iratxe! Neuk ere zorionak! Irakurri dizudanetik hizkuntza irizpidearen gaineko zalantza: euskarara erakarri nahi dituzue agerkariak (oso ondo), baina nola lortu ez bada derigorrezkoa euskaraz ERE egotea? mikel irizar

E. Derrigorrezkoa da euskarazko eduki minimo esanguratsuak izatea eta gero konpromiso bat adosten da, epe jakin batean euskarazko edukien kopurua areagotzeko. PuntuEus Fundazioak hitzartutakoa bete den edo ez begiratuko du. Bete ez bada, jakinarazi egingo zaio eta aldaketarik ez badago, domeinu-izena desaktibatu egingo da. Denboran aldaketarik ez bada, domeinu-izena liberatu egingo da.

10

G. Behin holako bide luzea egin ondoan eta gizartearen inplikazioa/ parte hartzea eskatu ondoan .eus domeinua eskatzeko eta lortzeko bidean, zergatik .eus izen baten ukaiteak hain selektiboa, ilitista izan behar du? Denek sustengatu dugunean, gaur zergatik gutarik edozeinek ez lezake izen hori erabil komisio baten aurrean justifikatu gabe? Perttoli

E. Batetik, argi utzi nahi nuke PuntuEus Fundazioak bermatu behar duela webgune batek .EUS domeinu bat izateko irizpideak betetzen dituen edo ez. Hortaz, .EUS domeinu-izen baten eskaera beti izango da azertua. Hori da helburua bermatzeko bide bakarra. Bestetik, aurrez aipatu dudan moduan, Aitzindarien fasea ICANNekin adostua izan da baina bi helburu ditu: 1) .EUS domeinuaren promozioa bera eta 2) bultzada ekonomikoa. Guretzat ez da plateamentu elitista bat. 90 aitzindari dira, 90 soilik, promozioan eta egoera ekonomikoan laguntzeko prest daudenentzat. Ezinbestekoa da proiektuarentzat. Jarraian Abiarazte-aldia irekiko da eta hori da .EUS domeinuen eskarien aldetik, termino kuantitatiboetan, faserik garrantzitsuena.

9

G. Edozein enpresa pribatuak(haundi zein txiki) eskatu ahalko du .eus dominioa? joseba

E. Edozein enpresak eskatu ahal izango du, baina euskarazko eduki esanguratsuak izan beharko ditu.

8

G. Zergatik artera behar da Koldo Tellitu argazkian? Ez al dago gurean eragile gehiago hezkuntza esparrruan ikastolaz aparte ? Euskara betikoek patrimonializatua egongo al da .eus-n ere? Labela dutenentzat bakarrik? Gogoan izan pertsona anitz frankok sinatu genuela .eus domeinua lortzeko. Irakaslea

E. PuntuEus Fundazioaren egungo patronatuak eman zuen prentsaurrekoa larunbatean Bilbon. Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen lehendakaria da eta erakunde horren ordezkaria egungo patronatuan. Egun patronatuan daudenak proiektua sortu zutenak dira. Estatutuetan ezarritakoaren arabera aldatuko da patronatua eta PuntuEus Fundazioko beste 47 kideek ere parte hartuko dute etorkizunean.

7

G. Iratxe: informatika adituek komentatu didate 80/urtean balio duela .EUS domeinuak. .COM edo .NET, ordea, 11/urtean. Horrela al da? Eta horrela bada, nora bideratua da dirua? Eskerrik asko eta segi aurrera! webgune sortzaile bat.

E. Orain Aitzindarien Programan gaude eta hor ekarpen ekonomikpak beste zenbateko bat eta beste helburu bat dute, gure webgunean azaltzen dugun moduan. Hurrengo faseetan 50-60 euro balioko ditu urteko. Zergatik? Azken prezioa enpresa erregistradoreak jartzen du, PuntuEus Fundazioari ez baitzaio zuzenean ordainduko. Guk enpresa erregistradoreekin prezio minimoa adostu behar dugu eta prezio minimo hori .EUS proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatuko duen prezio minimoa da. Guk domeinu-izen bakoitzeko 40 euro jaso behar ditugu proiektua mantentzeko (.EUS domeinu kantitatea eta .COM domeinu kantitatea ezin dira parekatu). Hortik gora, enpresa erregistradore bakoitzak bere marjina jarriko dio. .CAT-en kasuan ere horrela izan zen eta denborarekin prezioa beherantz joan da. Hasieran ezinbestekoa da horrela abiatzea.

6

G. Iepa Iratxe! Zergatik da hain garrantzitsua domeinu bat? Zein onura ekar diezaguke euskaldunoi? Mila esker! Ane

E. Batetik, Interneten gure hizkuntza eta kultura ikusgarri bilakatzeko bidea delako. Bestetik, ikusgarritasun horrek eta erabilpenerako irizpideek hizkuntza eta kulturaren presentziaren areagotzea dakartelako. Eta azkenik, kalean gure nortasunarekin identifikatzeko ikurrak erabiltzen ditugun moduan, Interneten ere Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea biltzeko gaitasuna duen ikur bat dugulako. Komunitatea indartu eta batzeko balio du.

5

G. Gure herriak pairatzen duen egoera soziolinguistikoa aintzat harturik, asko dira elebitan argitaratzen diren web lekuak: Eusko Jaurlaritza, Udalak, Naiz.info, DEIA, Kirol talde gehienak... Lekua izango dute ere .eus domeinuan, edo euskara hutsez idatzitakoak bakarrik sartu ahal izango dira? Jon

E. .EUS proiektuan, euskara sustatzeko hizkuntza-aniztasuna sustatu behar dugula sinesten dugu. Hortaz, euskaraz gain beste hizkuntza guztiak ongietorriak izango dira. .EUS domeinuaren helburuetako bat orain arte euskaraz ez dauden webguneak euskaraz ere egotea da. Hau da, ez da jada euskaraz dagoena izendatzeko domeinu bat soilik, euskarara orain arte gutxi edo hurbildu ez direnak erakartzeko modu bat ere bai baita. Hori da edukiak areagotu eta komunitatea batzeko bidea.

4

G. Zein irizpide erabiliko duzue .eus emateko orduan? 8apellidos vascos izatea? Ikastolan ikasia izatea ? Zergatik patrimonializatu euskara betikoek ? Euskara Anitza

E. Irizpideak argi egon dira hasieratik. .EUS Euskara ta Euskal Kulturaren Komunitatearen domeinua da eta, hortaz, bi irizpide daude, aurrez esan bezala: 1) euskarazko eduki minimo esanguratsuak edo 2) euskal kulturaren gaineko edukiak.

3

G. Kaixo Iratxe. Lehenik eta behin aipatzekoa eta eskertzekoa egiten ari zareten lan guztia. Galderari dagokionez, zure ustez zer nolako eragina izango du ekimen honek euskal gizartean? Sarean euskarazko eduki gehiago izateko bultzada izan daitekela uste al duzu? Eskerrik asko! Asier

E. .EUS domeinuaren proiektuak .CAT proiektuan islatua ikusten du bere burua. Komunitateak ez dira konparagarriak, ez tamaina aldetik ezta izaera aldetik ere. Baina tresna gisa helburu eta eragin bera izango dutela aurreikusi daiteke. .EUS domeinuak teknologien eremuan Interneteko edukien areagotzeari erantzun nahi dio, euskarazko edukiek dimentsio esanguratsu bat izatea ezinbestekoa baita euskara sarean baliagarri izateko. .EUS domeinua eskuratzeko euskarazko edukiak izan eta areagotzeko konpromisoa eskatuko da eta horrek ekarriko du edukien areagotzea. Bestalde, nortasunaren ikuspuntutik, .EUS domeinua komunitate oso baten domeinua da eta ikur gisa komunitatea batu eta kohesionatzeko potentzialitatea duen tresna dela uste dugu eta horrek eragin zuzena du euskal jendartean.

2

G. sentzurik al du 6 hilabetez 90 helbideri mugatzeak eus domeinua? Horren beste kosta den domeinuaren zabaltzea atzeratzea iruditzen zait hori. Bizi dugun garai bizkor honetan denbora alferrik galtzea kaltegarria izan daitekela iruditzen zait. Ion

E. Hiru fase definitu ditugu eta ICANNen eskutik egin dugu. Hau da, faseen definizioa adostua da eta, faktore eta gai ezberdinak tarteko, horrela egitea erabaki eta adostu da. Edozein kasutan, aitzindarien fasearen existentziak ez du domeinuaren zabaltzea sei hilabetez atzeratzen. .EUS domeinuak, abenduaren 3tik aurrera, eskatu eta egun bat edo biren buruan aktibatuko dira, baina aurreko faseetan eskatu eta aktibatu bitarte denbora gehiago pasa behar du, irizpideak betetzen dituen edo ez ziurtatu behar dugulako, jasotzen dugun eskari bakoitzeko, banan-banan. Hori da .EUS-ek bere helburuak beteko dituela bermatzeko bide bakarra. 7 urteren ondoren, 3-4 hilabete itxarotea ez da ezer ;-)

1

G. Kaixo Iratxe! Hasteko mila esker euskara eta euskal kulturak sarean presentzia izateko egin duzuen lan eskergagatik! Nire zalantza zera da: blog bat daukat, eta ez naiz oso aditua kontu hauetan, baina nik ere izan naiteke .eus? Aitzol

E. Noski. Edozein webgune egon daiteke .EUS domeinuaren azpian, izan blog bat, informazio-atari bat, udal bat edota dena delakoa. Beti ere .EUS domeinuaren irizpideak betetzen baditu, hau da, euskarazko eduki minimo esanguratsu batzuk izatea edota euskal kulturaz aritzea.