Azken elkarrizketa

Igarki Robles eta Ainhoa Villaverde

Igarki Robles eta Ainhoa Villaverde

Gazte auzipetuak

2014-11-06 - 16:00

28 gazte independentisten kontrako auzian epaituak izaten ari dira Igarki Robles eta Ainhoa Villaverde. Robles aske geratu berri da, Loiolako "Aske Gunean" atxilotua izan eta gero.

 Erantzundako galderak

12

G. Honenbestez, amaitutzat emango dugu elkarrizketa. Mila esker Ainhoari, Igarkiri eta parte hartu duzuen guztioi. Berria.eus

E. Milesker zuei! Esperientzia bitxia izan da ordengailuaren aurrean jendeartearen galderei erantzutea baina bitxia bezain interesgarria eta emankorra. Kaleetan ikusiko gara!

11

G. Kaixo! Nirea ez da galdera bat, besarkada haundi bat eta mila muxu goxo bidali nahi dizkizut batez ere zuri Ainhoa, baina baita beste 27ei ere. EUTSI! Oihana Lete

E. Kaixo Oihana! Milesker eta kamioikada musu iraultzaile zuretzat ere!

10

G. Argi dago abagune politiko eta sozial honetan gazteriaren ekarpena berebiziko garrantzia duela, eta izango duela. Militante politikoak zareten heinean eta bizitako guztiak zor dizuen erreferentzialtasuna kontuan hartuta, zer mezu helaraziko zeniokete herri honetako belaunaldi berriei? Kulungele

E. Arratsaldeon Kulungele! Lehengo eta behin, herri mugimenduan militatzeak pertsona bezala garatzeko egiten duen ekarpena imajina ezina da. Azken finean eskola bat da. Maila pertsonaletik haratago militatzea ezinbestekoa da helduen botereak sustengatzen duen sistema zapaltzaile hau eraldatzeko eta bidean bizi eredu berrietan oinarritutako beste sistema bat eraikitzeko. Militatzea burujabe izateko bidea da. Beraz, zer mezu helaraziko genieke? Burua altxatzea, ingurura begiratzea eta elkarrekin bultza eginez gauzak aldatzea posiblea dela ohartzea. Guk ez dugu imajinatzen militantziarik gabeko bizimodurik.

9

G. Kaixo bikote besarkada beroa Iruņetik. Adindu baten kuriositate hutsa besterik ez. Gazte mugimenduaren barruan borrokaz eta iraultzaz gain zein tresna zehatz somatzen dituzue gaur egungoari buelta emateko? Auzolana, autoantolakuntza, moneta soziala, kooperatiba integralak ata antzekoak hizpide al dituzue? Irikaitz

E. Kaixo Irikaitz! Gaur egun inoiz baino ageriago gelditu da sistema kapitalista heteropatriarkal honek gazteoi eragiten dizkigun kalteak. Beraz abagune egokia da gazte kontzientziak pizteko. Zentzu horretan formakuntza ezinbesteko elementua da gazteok gure beharrak asetzeko eta egungo sistemari aurre egiteko alternatibak eraiki nahi baditugu. Betiere nork bere errealitateari egokitutakoak.

8

G. Arrastion Ainhoa eta Igarki. Lehenik eta behin, zorterik onena opa dizuet epaiketan. Argi dago injustizia handi bat bizi duela gazte mugimendu independentistak, etengabe igarotzen ari baitira Auzitegi Nazionaletik. Baina ez dut nabaritzen gizartearentzat oro har hori lehen mailako arazoa denik. Ez al duzue gizartea bere zabalean nahiko epel ikusten halako kasuen aurrean? animo eta berriz, zorte on. Jon Z.

E. Kaixo Jon! Ados gaude irakurketa horrekin. Alde batetik massmedia-en errepresioak gatazka politikoaren ondorioak ikustezin bilakatzen ditu, epaiketa politikoak, torturak eta preso politikoen egoera kasu. Bestalde Estatuak errepresioa modu sutil batean garatzearekin batera, jendeartea bera errepresioa normalizatu du. Dena den, tokian tokiko herri harresiek eta Libre taldeek izugarrizko lana egiten ari dira eta pausoz pauso epaiketekin amaitzera goazela seguru gaude.

7

G. Kaixo gazteak. Latzak iruditu zaizkit torturen testigantzak. Ba al dago modurik horiek modu kolektiboan salatzeko? pentsatu al duzue torturengatik salaketa jartzea? ondo izan. Andone Etxaniz

E. Kaixo Andone! Gutariko askok tortura salaketak jarri genituen baina ohikoa den bezala artxibatuak izan dira. Gutariko batek epaiketan esan bezala: estatu espainoleko botereek tortura babesten dute, botere judiziala barne. Inkomunikazioak eta salaketen artxibatzeak hori agerian uzten dute. Gutariko batzuk Istanbul Protokoloa pasatu dugu, tortura testigantzak egiaztatzeko metodoa. Jendarteak egin dezakeen ekarpenetako bat protokolo hori ezagutzera ematen laguntzea da.

6

G. Kaixo Igarki eta Ainhoa! Aske Guneez galdetu nahi nizueke. Kohesiorako tresna indartsu gisa ikusten ditut, baina ez al du eraginkortasunik galdu? Donostian eta Ondarroan berritzailea izan zen, baina ez dakit Iruņean edo Loiolan hain eragin handia izan zuen. Zer diozue? mila esker! Ane O.

E. Aupa Ane! Oraindik tresna baliagarri bezala ikusten ditugu Aske Guneak. Hala ere, zalantzarik gabe tresna desobediente berritzaileak eta erangikorrak bilatzen jarraitu behar dugu, baina ez hori bakarrik esparru zabalagoetan konpromiso gehiago eta jende gehiago inplikatzea lortu behar dugu. Orain arte Aske Guneak babeserako eta bidegabeko egoerak salatzeko tresna izan dira; atxiloketak eta epaiketak gelditzeko tresnak garatu behar ditugu.

5

G. Aupa bikote! azken bi urteetan gazte mugimenduaren aurkako epaiketetan oso ebazpen ezberdinak izan ditugu. Iazkoetan batzuk aske utzi eta beste batzuk zigortu egiten zituzten, eta 40 gazteenean, denak libre. Nola bizi duzue hori? Azken epai horri heltzen zarete? Mikel Uralde

E. Kaixo Mikel! Dudarik gabe absoluzioaren epaia pozez hartu genuen, haietako askorekin espetxealdia konpartitu genuelako. Gainera epaiketak politikoki zein juridikoki zentzurik ez duela agerian utzi du. Edozelan ere beste tribunal batek epaitzen gaitu eta interes politikoak mahai gainean jarraitzen dute. Ezin gara etxean gelditu ustezko absoluzioaren zain.

4

G. Igarkirentzat galdera. Nola gogoratzen duzu Loiolako Aske Gunean bizitakoa? Sentimendu gazi-gozoa? Kepa Artola

E. Aupa Kepa! Gazia baino sentimendua gozoa dela esango nuke. Jende pila bildu ginen Loiolan hastear zegoen epaiketa kolokan jartzeko eta lortu genuen, argi erakutsiz Euskal Herriko gehiengoak gatazkaren konponbidearen alde dagoela eta epaiketa hauek konponbidea gauzatzeko oztopo direla plazaratzeko. Helburua lortu genuen.

3

G. Azken hamarkadetan epaileek eta poliziek oso bortitz jo izan dute ezker abertzaleko gazteen aurka. Horrek Euskal Herriko gazteen mobilizatzeko eta lanerako gaitasunari eragin diola uste duzue? Asier

E. Kaixo Asier! Zalantzarik gabe etengabeko errepresioak gazteriaren lana baldintzatu du baina epaiketan ikusi dugun bezala errepresio guzti horren gainetik gazteon konpromezua aurrera egin du. Horren erakusle da egun gazte andana antolatuta eta borrokatzen dagoela.

2

G. ZER ESPERO DUZUE EPAIKETATIK LUISA

E. Kaixo Luisa! Batez ere espero duguna epaiketa lehen bai lehen amaitzea. Bromak aparte utzita, epaiketa hasi aurretik esan genuen bezala ez dugu uste Auzitegi Nazionalak zilegitasuna duenik euskal gazteriaren militantzia politikoa epaitzeko (gainera interes politikoen arabera sententzia idatziko dutela uste dugu) eta beraz epaiketatik ezin dugu ezer espero. Horregatik fokoa Euskal Herrian jartzea erabaki genuen, soilik bertatik eten daitezkelako horrelako epaiketak. Loiola horren adibide da.

1

G. Nolakoak izaten dira hainbeste ordu elkarrekin egotea zuek 28ak? eneko

E. Aupa Eneko! Tamalez ezin izan gara 28ak elkarrekin egon, gutariko bost espetxetik bizi izan ditugulako lehengo asteak. Kalean geundenok ia 24 orduak pasa ditugu elkarrekin epaiketa egunak:bidaiak, epaiketa saioak, gauak, aisialdi orduak...Atxilotuak izan aurretik gutarik gehienok ez genuen ia elkar ezagutzen. Ta ordu asko elkarrekin pasatzeak zer eragin du gugan?Ba barre egitea, eztabaidatzea, elkarri laguntzea...finean lagun kuadrilla berria osatu dugula sentitzea. Espetxean egon garenak euskal preso politikoei ezartzen dizkieten salbuespen neurriak pairatu ditugu, haien artean kartzela barruko sakabanaketa, hortaz elkarrekin pasatako orduak batez ere Audientzia Nazionaleko ziegetan izan dira. Ordu hauek benetan baliagarriak izan dira espetxealdiari eta epaiketari aurre egiteko. Guk ere familiatxo bat osatu dugu.