Azken elkarrizketa

Ane Irazabal

Ane Irazabal

Kazetaria

2014-11-27 - 11:00

Batez ere ekialde hurbileko herrialde ugariren egoeraren berri ematen dihardu Ane Irazabal kazetariak.

 Erantzundako galderak

13

G. Honenbestez, amaitutzat emango dugu elkarrizketa. Mila esker Aneri eta parte hartu duzuen guztioi, izandako solasaldi interesgarriarengatik. Berria.eus

E. Eskerrik asko denoi zuen galderengatik. Hurrengora arte!

12

G. Aupa Ane! Zeintzuk dira zure asmoak etorkizunerako? Ekialde Hurbila lantzen jarraitu? Norabide aldaketarik? zorionak eta eskerrik asko egiten duzun lan puskagatik! Lorea

E. Eskerrik asko Lorea! Nire intentzioa da Ekialde Hurbilean eta Mediterraneoaren inguruan dauden herrialdeetan lan egiten jarraitzea, eta beraz, leku batetik bestera mugitzea. Orain arte bezala jarraitzen badut ezin naiz kexatu! Baina etorkizunean gustatuko litzaidake toki berrietan lan egitea.

11

G. Nolakoa da Palestinako haurren eguneroko bizimodua? Joseba

E. Kaixo, Joseba. Oso zaila da orokortzea, zian ere, ez da berdina Gazako haur baten egoera edo Zisjordania okupatuan bizi den beste batena. Lurralde berean desberdintasun handiak daude. Baina, oro har, haurrek indarkeria normalizatu egin dute, jaio zirenekin horrekin bizi izan baitira. Ikusi beharko dugu hemendik 30 urtera orain haur direnen egoera psikologikoa nolakoa den. Gazan, adibidez, ume askok dagoeneko hiru gerra bizi izan dituzte.

10

G. Egun on Ane. Zein komunitatetan nabaritzen da beldur gehiago lur santu delakoan, komunitate judutar ala arabiarrean? Asier Perez

E. Kaixo, Asier. Ez dakit beldurra diozunean zer esan nahi duzun, baina nolanahi ere, bi beldur mota desberdin izango lirateke. Palestinarrak gero eta isolatuago daude, eta okupazioari beldur diote, noski. Israelek, berriz, haren esistentzia arriskuan dagoela aldarrikatzen du palestinarren aurka hartutako neurri asko justifikatzeko.

9

G. Zein da Tunezen hauteskunde osteko panorama? Zeintzuk dira iraultzaren ildoan jarraitzen dabezen erakundeak? Ze komunikabide frantzesez edo gazteleraz hango egunerokoak ikuspegi kritiko batekin jarraitzeko? Milesker ta eutsi informatzen Jonber

E. Kaixo, Jonber. Kuriosoa da Tunisiakoa. Alde batetik, udaberri arabiarraren garaipen bakartzat jotzen da, baina beste alde batetik, badirudi Ben Aliren azeri zaharrak berriz itzultzeko prest daudela. Bestalde, islamismo erradikalak gero eta jarraitzaile gehiago ditu bertan. Askotan ekintzaileen Facebook eta Twitter profilak jarraitzen ditut beste ikuspuntu bat izateko.

8

G. Egun on Ane. Lan kontuengatik Kairo askotan bisitatu izan dut ta izugarri gustatzen zaidan hiria da, baina bertan bizitzea gehiegitxo litzateke neretzat. Zer moduz moldatzen zara halako hiri kaotikoan bizitzen? Aitor Uribe

E. Egun on Aitor. Kairoko muturreko hiri bat da: Erraldoia, zikina, kutsadura handikoa... baina izugarrizko energia dauka. Kairon bizitza arnasten da. Niri asko gustatzen zait, baina egia da askok gorroto dutela.

7

G. Kaiso Ane. Zer esaten dizute etxean, edo hurkoek, kanpora joaten zarenean? Maitxu

E. Kaixo, Maitxu. Etxean susto galantak hartzen dituzte askotan! Baina onartu behar dut gurasoak eta lagunak sostengu emozional handia direla. Beti animatu didate nire bide egitera.

6

G. Kaixo Ane. Zorionak lehenik eta behin egiten duzun lanagatik. BERRIA egunero irakurtzen dut eta zain egoten naiz ea noiz datorren zure hurrengo artikulua. Ekialde Hurbileko egoera arretaz jarraitzen dut, eta Turkiak pizten dit jakinmina. Demokrazia islamiko modura irudikatu zuten hedabideek orain urte batzuk, zonalde horretako ikur bihurtzeko esperantzarekin. Nola ikusten da handik, ordea? Iker

E. Aupa, Iker. Beno, Turkiak Ekialde Hurbileko potentzia izan nahi du, eta hala ari da jokatzen. Kontua da azken urtetan biziki aldatu direla Ekialde Hurbileko aliantzak eta etsaitasunak. Ankara, Anaia Musulmanen “laguna” da, beraz, Al-Sisiren Egiptorekin ez du harreman onik. Israelekin, berriz, mokoka aritzen da, baina harreman politiko eta ekonomikoak ez dituzte eten. Islamismo moderatuari buruzko hausnarketa bat egitea zailagoa da, nik uste dut belaunaldi batean ikusiko ditugula ondorioak. Eskerrik asko!

5

G. Egun on Ane, zorionak eta eskerrik asko egiten duzun lanagatik, luxua da euskal herritarrok munduko txokoetako berri izatea zure kategoriako kazetarien bidez. Bi galdera motz: ikusi eta bizi izan dituzun esperientzietatik, zein da latzena? eta gozoena? Arantxa L.

E. Eskerrik asko Arantxa! Latzena, zalantzarik gabe, Gazaren kontrako azken erasoaldia izan da. Ez ditut inoiz ahaztuko bonbardaketen izurrikeriak. Gozoena, berriz, Alaa izeneko neska siriar bat ezagutu nuen eguna. Kairon topo egin genuen eta Europara ontzi batean ihes egin nahi zuen. Azkenean Mediterraneoa eta Europa zeharkatu zituen eta orain Suedian bizi da. Esperantza islatzen du bere istorioak

4

G. Aupa Ane. Kazetaritza ikasle bat naiz, eta gustatuko litzaidake gerra korrespontsala izatea etorkizunean. Zer aholkatuko zenida? Eta nola bideratu beharko nituzke ikasketak? Eskerrik asko. Manu

E. Aupa, Manu. Ez dakit gomendioak emateko kazetaririk egokiena naizen, ofizio honetan hasiberria bainaiz! Baina nik uste dut oso garrantzitsua dela irakurtzea, joan nahi duzun tokiari buruz ondo informatzea. Nazioarteko politika gustatzen bazaizu, prestatu zaitez ondo ondo. Gero, prest egon behar duzu edozein testuingutara moldatzeko eta noski, ikus-entzunezko euskarriak ondo kontrolatu behar dira. Animo!

3

G. Netanyahuk eta bere lagunek Israel "estatu judu" bat izan dadin lege proposamena aurrera atera nahi dute. Ze giro somatzen da kaleetan? Nola bizi dute proposamen hau palestinarrek eta israledarrek? I.Etxeberria Iskander Etxeberria

E. Kaixo Iskander. Tentsioa sumatzen da, izan ere, palestinarrek probokaziotzat jo dute. Oso une delikatua da, batez ere, Jerusalemen. Azken astetako erasoek eta Al-Aqsa meskitako auziak tentsioa areagotu dute. Israeldarrei dagokienez, iritzi bezain herritar daude. Askok, batez ere, sionismo erlijiosoaren orbitan daudenek, ekimena babestu dute. Beste batzuek uste dute kaltegarria dela, izan ere, Israelen izaera judua demokraziaren gainetik jartzen duela.

2

G. Egun on Ane, Atzo Azaroak 25 izan zela kontutan hartuta, nolakoa da emakume kazetari baten bizitza Ekialde Hurbileko lurraldeetan? Ze puntutaraino du eragina emakume izateak zure eguneroko lanean, Egipto edo Palestina bezalako lurraldeetan? Besarkada bat. Oihan Larrañaga

E. Egun on Oihan. Beno, duela gutxira arte, Ekialde Hurbileko berriemaile gehienak gizonezkoak ziren, izan ere, “gizonen ofiziotzat” jotzen zen gerren edo gatazken berri ematen zuen kazetaritza. Azken urtetan, ordea, gero eta emakume-kazetari gehiago gaude eskualde honetan. Batzuetan, eta, testuinguru jakinetan, emakumeok denbora gehiago behar dugu errespetatuak izateko. Eta noski, kasu askotan tentuz ibili behar gara, batez ere, emakumeon kontrako erasoak edo jazarpenak ekiditeko. Baina funtsean, ez dut onartzen emakumea naizelako nire lanari mugak jartzea.

1

G. Epe luzeko historiaren bilakaerari kasu eginez, nola ikusten duzu Palestina-Israel gatazkaren etorkizuna? Ba al dago konponbide itxaropenik, epe laburrera? Zorionak zure lanagatik, eta animo. Iban

E. Aupa Iban. Lurralde okupatuetako egoera ekonomiko eta sozialak okerrera egin du azken urtetan. Zisjordanian kolonizazioa gogortzen ari da. Jerusalem ekialdeko judaizazio prozesua inoiz baino azkarrago doa, Israelgo palestinarrak baztertuta daude... eta Gaza oso gaizki dago, Israelen erasoaldiak lur jota utzi ditu gazatarrak. Beraz, epe laburrera ez dut argirik ikusten.