Azken elkarrizketa

Paul Bilbao

Paul Bilbao

Kontseiluko idazkari nagusia

2015-04-30 - 11:00

Larunbatean Anaitasunan euskaldunei eskerrak emateko jaia egin du Kontseiluak. Donostia 2016ean Europako hizkuntz aniztasunari buruzko goi bilera Kontseiluak antolatzeak polemika sortu du. Horrez gain, euskararen gaia aurrekanpainan sartu da bete-betean.

 Erantzundako galderak

15

G. Honenbestez, bukatutzat emango dugu elkarrizketa. Mila esker Pauli eta parte hartu duzuen guztioi. Berria.eus

E. Eskerrik asko BERRIAri eta elkarrizketa hau ahalbidetu duzuenoi. Aukerarik izan ez duzuenok ere badakizue non aurkitu, eta beti erantzuteko prest!!! Segi bizkor!!!

14

G. Azkenaldian ETBren hizkuntza erabilerari buruzko eztabaidak ugaritzen ari dira, euskaldunek erderaz egin behar dutela, ETB2k euskarazko edukiak behar dituela... zer deritzozu? Andone Etxaniz

E. Iepa Andone. EITB osoa euskararen sustapenaren aldeko tresna izan beharko litzateke, eta halaxe du jasota bere helburuetan. Hortaz, sustapen hori ezin zaie mugatu euskarazko kateei eta hori gertatu izan da azken hamarkadotan. Hartara, onartezina da gaztelaniazko kateetan hizkuntza hori eginaraztea euskaldunei, eta bai, ETB2, Radio Euskadi eta Radio Vitoria euskararen normalizaziorako tresna gisa hartu beharko lirateke eta zein ekarpen egin dezaketen aztertu.

13

G. Udalen hizkuntza politika neurketaren datu osoak (Euskal Herrikoak, herrialdeka, herri konkretuak) noiz izanen ditugun eskuragarri online? Alfredo Dufur

E. Alfredo. "Primizia" moduan esango dizut asteartean ondorio nagusiak aurkeztuko ditugula hedabideen aurrean. Zenbait arazo tekniko izan dugu datuak online jartzearekin. Ahalik eta lasterren konpontzea espero dugu. Hortaz, aurki!

12

G. Kaixo Paul. Zer nolako etorkizuna ikusten diozu euskarari Abiltas edo Zarrakaztelu bezalako herrrietan? Ane

E. Iepa Ane Zalantzarik ez hainbeste urtez indarrean egon den, eta dagoen, Vascuencearen Legeak bere ondorioak utzi dituela, bai hizkuntzaren garapenean, nola herritarren autorpertzepzioan ere. Berriki aukera berri bat ireki da hezkuntzaren eremuan eta orain lan handia egin beharko dugu aukera hori baliatu eta lan egiteko.

11

G. Egun on, Idoia Mendiak esan zuen erdaldunek eskuzabal jokatu izan dutela, irakasleek euskaraz ikasi behar izan zutela... zein argudiorekin erantzun beharko genioke diskurtso horri? Eskerrik asko Txema

E. Egunon Txema Ez dakit zeri deritzon eskuzabaltasuna. Gero eta guraso gehiagok seme-alabak euskarazko ereduan matrikulatzen badituzte, administrazioak nahi hori ase behar du, eta beraz, irakasleak eusaldundu behar izan dira. Oso bitxia da nola aldatzen dituzten diskurtsoak konbenientzen arabera. Instituzioen oinarrizko betekizuna da herritarren eskubideak bermatzea, horretarako beharrezkoak diren aldaketa guztiak eginez.

10

G. Kaixo! De Andres Arabako ahaldun nagusiak jomugan jarri berri ditu euskara sustatzearen aldeko politikak, "inposizio politikak" alde batera uzteko eskatu du. Zer iritzi duzu adierazpen horien inguruan? Eneko

E. Iepa Eneko Akaso berak Araban sustatu behar duen politika zuritzeko esan ditu halakoak, ezta? Azken urteotan Foru Aldundiko aurrekontua %18 jaitsi da, baina euskarari esleitutakoa %51. Hori justifikatzeko edozein txorakeria esateko prest daude. Zorionez Araban ere euskarak gora egin du, eta berari badagokio arabarren eskubideak bermatzea.

9

G. Egun on Paul, Ariketa bat proposatzen dizut: Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren alde on eta txar bana nabarmentzeko. Mila esker! Miren

E. Kaixo Miren Ariketa interesgarria!!! Are gehiago askotan mezu desegokia hauspotzen delako. Alegia, badirudi elkarren kontra gauden bi eragile garela, eta hori ez da horrela. Zeinek bere eremua ordezkatzen du eta normalizazio prozesuan bere funtzioak bete behar ditu. Halere, eta galderari erantzunez. Hizkuntza politikaren alde onari dagokionez, EHko beste instituzietan ez bezala, EAEn corpusari, plangintzei eta baliabideei lotutako neurriak hartzen dira, eta hori nahitaezkoa da hiz. politika egokia bideratzeko. Zuzendu beharrekoa litzatekeena zera da, hiru zutabe horietan ausardia handiagao beharko litzatekeela.

8

G. Kaixo! Zer iritzi du Kontseiluak EHko alderdi politikoen hizkuntza politikez euren egueneroko jardunean? Mila esker. Irati

E. Askotan izan dugu, eta gaur ere hori berretsi behar dugu, euskararen gaia ez dagoela lehentasunez jasota EHko alderdi politikoen agendetan. Adibide interesgarria gertatu zen orain dela bi aste Donostian alkatetzarako hautagaien eztabaidan. Ia denak euskaldunak izanik, eta bertan zeuden entzule gehienak euskaldunak izanik gaztelania izan zen nagusi. Tamalez, praxiak horrelakoak erakusten dizkigu

7

G. Egun on, Paul. Zein da Donostia 2016ren baitan antolatu nahi duzuen Goi-Bileraren asmoa? Ze ekarpen egingo du? Xabier Olazar

E. Kontuan hartuta Donostiak Europako Kultur hiriburutzaren "titulua" izango duela, iruditzen zaigu badagokila Europako benetako hizkuntza aniztasuna bermatzeko tresna eragingarria abian jartzea. Izan ere, bizikidetzari edota gizarte kohesioari begirako tresna bat prestatu nahi dugu, eta horren babesle Europako hizkuntza gutxiagotuen berreskurapenean lanean dauden gizarte eragileak izango dira.

6

G. Zergatik lerratu da Jaurlaritza Espainiako Kultura Ministeritzarekin batera Donostia 2016ko Goi-Bileraren kasuan? Marangoiti

E. Iepa. Galdera horri beste batek erantzun beharko liokeela uste dut.

5

G. Kaixo Paul: Hasteko, zorionak egiten duzuen lanagatik. Bilbon gero eta ohikoagoak dira ingelesez eskatuz gero arreta egingo dizuten dendak, baina euskaraz ezin dizute arretarik egin, nahiz eta euskal hiztun gehiago egon Bilbon ingeles hiztunak baino. Edo iragarkiak ingelesez eta beste hizkuntz "arrotzetan" daukatenak, baina ez euskaraz. Eta nago hori turismora begira eraiki den hiri ereduarekin lotuta dagoela. Euskalgintzatik turistifikazioak euskarari zer nolako kaltea egin diezaiokeen hausnartu egin da? Iņigo

E. Eskerrik asko Iņigo. Nire ustez lehenengo galdera beste bat litzateke: Zergatik ez dira kontsumitzaile euskaldunon eskubideak bermatzeko tresna eragingarriak abian jartzen? Turismoari erantzun nahi izatea ez da kontu desegokia, halere lehenik eta behin herritarren eskubideak behar bezala bermatu behark lirateke.

4

G. Kaixo Paul! Garitanorenak oihartzun handia izan du, baina kontua da horrelakoak egunero ikusten digutula Euskal Herrian bertan. Zergatik ez dira horiek azaleratzen? Mila esker eta animo lanean. Joxean

E. Bai. Behatokira joz gero, milaka "Garitano" daudela ohartu gaitezke eta saiatu egiten dira horiek guztiak azaleratzen. Halere, Garitanok duen proiekzio mediatikoa kontuan hartuta, errezagoa da horrelako kasu bat zabaltzea. Halere, oso interesgarria izan da Garitanok une horretan zuen "botere-gunea" euskaraz bizitzeko nahiari determinazioz eusteko baliatzea. Horixe da "euskahalduntzea"

3

G. Gaztelaniak eta frantsak ofizial izan beharko lukete Euskal Herrian? Eskerrik asko Asier

E. Iepa Asier Galdera hori bolo-bolo dabil Katalunian, eta hemen ez dugu horri buruzok hausnarketa sakonik egin. Gure lehen helburua Euskal Herria euskaraz bizitzeko gure hizkuntzak zein estatus juridiko egokia beharko lukeen zehaztu eta jaso (Kontseiluak, honez gero, definitua du) eta, ondoren, beste herritarren zein taldeen eskubideak definitu eta horien arabera marko juridikoan jaso. Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsalak horren inguruan egiten dituen sailkapenak aski baliagarriak direla uste dugu.

2

G. Anaitasunakoa pasa da,orain? Maialen

E. Batetik, euskalgintzak eta herri gogoak bere lanari ohiko determinazioz eutsiko dio. Orain arte bezalaxe. Bestalde, hainbat alderdi politikori Nafarroan hizkuntza-politika aldatzeko norabidea zehazten duen proposamena helarazi diogu, eta hauteskundeen ostean balizko negoziazioak egin beharko balituzte, hizkuntzaren gaia dokumentu horren arabera hitz egin dezatela eskatu zaie, beti ere ALDAKETA erdiesteko nahia badute.

1

G. Kaixo Paul. Azkenaldian asko hitz egiten da Euskal Herrira etorritako atzerritarren inguruan. Zeintzuk dira EH mailan atzerritarren eta euren seme-alaben euskalduntze datuak? Gehiengoa euskalduntzen al da? Horrela ez bada, zein ehunekotan? Egia esan, interneten bilatu dut baina ez dut topatu. Zuk datu fidagarriak izango dituzu. Mila esker zure arretagatik eta ongi izan. Nafarroatik.

E. Egunon. Egia esan datu fidagarririk ez dugu. Gure herriaren banaketaren ondorioz, zaila izaten da datu zuzenak eta egokiak izatea. Hortaz, orain ezin lagun zaitzaket. Halere, gauza bat azpimarratu nahiko nue, zalantzarik ez EHra datozenekin lanketa berezitua egin behar dela euskalduntzeko, baina euskal herritar ez euskaldunekin ere lan franko dugu oraindik.