Azken elkarrizketa

Joxerra Senar

Joxerra Senar

BERRIAko kazetaria

2015-05-14 - 12:30

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeen atarian, irakurleen galderei erantzungo die Joxerra Senar BERRIAko kazetariak.

 Erantzundako galderak

12

G. Eskerrik asko Joxerra, galdera erantzuteagatik. BERRIA

E. Eskerrik asko zuei.

11

G. Zer aurreikusten duzu Iruñean? Zer aukera ditu aldaketak? Iker

E. Hemen ere aukera handiak egon daitezke Enrique Maia ez den alkate bat izendatzeko. EH Bildurentzat garrantzi handia luke Joseba Asiron alkate izatea. Iruñeko Udalen Podemos-ik ez dago, baina Aranzadi udal taldeak izan dezakeen babesa inkognita bat da. Geroa Baik erakutsi du batez ere bere indarra hiri eta herri handietan oinarritzen dela. Aukerak egon badaude, baina Parlamentuan gertatu bezala, 25etik aurrera alderdiek jokatuko duten jarrera garrantzitsuagoa izango da, eta ezin da oharkabean pasa ziurrenik Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua elkarlotuta egon daitezkeela negoziazioan.

10

G. Aupa Joxerra. Irakurri berri dut zure liburua eta baita El Corralito Foral ere. Ikusirik erregimenak zer indar izan duen eta duen, uste duzu onartuko dituztela hauteskundeetako emaitzak euren kontrakoak badira? Ez dute azpikeriarik egingo? Nolako agintaldia aurreikusten duzu aldaketaren gobernu batentzat? Eskerrik asko eta segi lanean orain arte bezala. Iker Jaurrieta

E. Asaldura eta zalaparta handia eragingo luketela ziur. Diario de Navarra-k hartuko lukeen jarrera ikusgarria litzateke, baina emaitzak direna direla onartu beharko dituzte. Azpikeriak? Onarpen eza, hortik etorriko da. Erregimenaren bitarteko bakarra ez da Nafarroako Gobernua, bestelakoak baditu eta hariak mugituko dituzte bai ala bai. Liburua irakurri baduzu, 1996ko eta 2007ko gertaerek argi islatzen dute eginahalak eta bi egingo dituztela euren interesak defenditzeko eta betikotzeko. Aldaketaren gobernua osatzen bada, sendoa izan beharko du, biharamunetik etorriko den oldarraldiari aurre egiteko indarrez eta prestu. Ezinbestean, lehen kolpean eroriko den gobernu bat ez du izan behar.

9

G. ALderdi euskaltzaleek badirudi aurrekoetan baino indar handiagoa izango dutela oraingo hauteskundeetan Nafarroan. Herri Berritik beherako lurraldea, ordea, ez al da, alderdi hauentzat, irabazi ezinekoa; alegia, hango jendeak ez al ditu guztiz arrotz ikusten alderdi euskaltzaleen planteamenduak? Mikel

E. Bai, aspalditik hori dute erronka nagusia. Beste errealitate politiko bat du Erriberak eta hor tartea handitzea zaila da. Distantzia geografikoaz gain, bestelako urruntasuna badago Iruñea-Tutera artean.

8

G. Barkatu nire euskara, ikasten ari naiz. Aldaketa da gaia egunkarietan, baina PSN beti baino eskuinago dago. Nire galdera da ¿ez dago indartuta regimena? Esker aunitz. Euskaldunberri

E. Bai eta ez. Bai: Krisiak eragin badio ere jakina da hamarkadatan Nafarroan agindu duen botere-sare handi horrek boteretsua izaten jarraitzen duela. Hori, gainera, ez da egun batetik bestera desagertuko eta eraitsiko. EZ: Boteretsu izanagatik arrakalak agertu dira erregimenean, eta jada ez da hain indartsu. Krisiaren beraren ondorioz, jada ez dago hainbeste diru banatzeko. Politikoki, berriz, erregimenaren bi zutarriek, UPN-PSN, jada ez dute gehiengorik batzen (edo hala dirudi) eta horretarako oraingoan PP eta Ciudadanos batu beharko liratekeela dirudi. Eta hala eta guztiz ere, ez dute gehiengorik ziurtatuta. Atzera begiratuz gero, hori jada sekulako aldaketa da, duela lau urte inork nekez aurreikusiko ez lukeen egoera. Orain falta da, azken pauso handi eta zail hori ematea. Erregimen guztia, PSN barne, politikoki garaitzea. Nire ustez, gakoetako bat da PSNk ahalik eta boto/eserleku gehien galtzea.

7

G. Kaixo Joxerra. Eh Bildu eta Geroa Bai oso hotz ikusten ditut elkarrekiko kanpaina honetan. Estrategia da ahalik eta esparru zabaleneko botoak eskuratzeko gero akordioa egiteko edo benetan euren jarrerak horiek dira? Ez duzu ikusten arriskurik alderdikeriek zapuzteko batzuek horrenbeste urtez espero izan duguna? Bi galdera dira, baina eskertuko nizuke erantzutea. Mila esker Ainara Garces

E. Kaixo. Bai, jakina, arrisku hori badago. Hala ere, nire irudipena da, bakoktzak bere ikuspuntutik badakitela euren boto-emaileek benetan zer nahi duten. PSN erabakigarri izanez gero, orduan bai, zailtasunak areagotu daitezkeela bere betiko nahasmendura jokatuko duelako, marra gorriak aipatuz eta EH Bilduren ukazioa bilatuz, eta horren aurrean zer jarrera duten erakutsi beharko dute Geroa Baik eta Ezkerrak. Podemosek argi esan du PSNrekin ez duela ezer jakin nahi.

6

G. Eguerdion Joxerra, zorionak eta eskerrik asko Nafarroako kontuak hain ondo kontatzeagatik. Galdera: Esparzak eta Araizek egin zuten debateak eztabaida sortu zuen, ea horrek ez al lukeen UPN indartuko, ea alderdikeriaz jokatu duen EH Bilduk eta horrek ondoren akordioak ez al dituen zailduko... nola ikusi zenuen zuk? Paul

E. Eguerdion eta milesker. Zalantzarik gabe, UPNri interesatzen zaio bere gainbehera geratu eta eskuina mobilizatzea eta horretarako EH Bilduren mehatxua du kartik onena. Hartara, eztabaidak mesede egin ziezaiokeen baina, era berean, Esparzak azaleragailua gehiegi sakatu zuelakoan nago. Oldarkorregi agertu zen, eta Araizek tono lasaia erakutsi zuen. EH Bilduren jarrera ez zen gustoko izan beste alderdien artean, baina EH Bildun ere ez dute oso gustoko izan Geroa Baik, partida jokatu gabe Uxue Barkos presidente izango dela iragartzea. Lehen esan bezala, hauteskunde aurreko tentsio horiek normaltasun bat badute, azken finean bakoitzak ahalik eta indartsuen ateratzeko eginahala egin behar duelako. Apika, kanpotik askok nahiagoko lukete beste modu batzuk, baina ezer hitzartzeko oinarria da norberaren aukera indartsu izatea, eta horretarako aukera guztiak erabiltzen dituzte. Hemen garrantzitsuena da, aurretik elkar jipoitu gabe, 25etik aurrera zer jarrera izango duen bakoitzak.

5

G. Zure ustez, hauteskundeen ostean oso parlamentu zatitu bat izateko aukera dago? Tomasa Navarlaz

E. Kaixo. Bai, hori ziurtzat jo daiteke. Zazpi edo zortzi indar sartuko dira Parlamentuan eta gehiengoak osatzea zailduko du. Dena den, ikusi behar da nondik gatozen. Azken bi legealditan UPNk eta PSNk gehiengo osoa zuten, eta ziurrenik hori jada ez da posible izango. Biek jasango duten gainbeherak emango du aldaketaren benetako neurria.

4

G. Kaixo, Joserra. Azken urtetako gertakizunei erreparatuz ( CAN auzia, Osasunaren afera, etab.), nola uler daiteke inkesten arabera ( CISena kasu, jakinik nora joerako duen) UPN lehen indarra izatea?. Era berean, Podemos bigarren indarra izanik eta horretarako aukerarik izango balitz,zure ustez, Bildurekin elkartzeko prestutasunik izango luke gobernua osatzeko,kontuan hartuta urte bukaeran Espainiako Hauteskundeak direla? Igor

E. Kaixo. Ba bai, zaila da lehen galderari erantzutea. Batetik kultura demokratiko falta bat egon daiteke. Maiz, politika lubakietatik egiten da, eta UPNrekin haserre egonagatik, askotan badirudi boto-emaileek nahiago dutela direnak eta ez direnak irentsi, Nafarroaren ustezko mehatxu bat ahalbidetu baino. Horregatik dabil UPN bere mezuarekin eta Navarrisimo dela aldarrikatuz. Jakina, lurraldeko lehen egunkariak tantaka-tantaka egunero Nafarroari buruz ematen duen ikusmoldeak ere zeresan handia du jendearen kontzientzietan. Ez dut uste komunikabideok orokorrean hain ahalmen handia dugula, baina batzuren kasuan, hori ere ezin da alboratu. Nafarroako Podemosekoek behin eta berriz diote ez dutela arazorik EH Bildurekin hitzartzeko eta Laura Perezek berak zehaztu zuen Podemoseko Herritarren Estatu Biltzarrak hemengo erabakia atzera botatzeko aukerak oso eskasak direla. Pablo Iglesiasek berriki ere akordioaren bide hori irekita utzi du terrorismoaren gaitzezpena egonez gero. Perezek esan zuen Berria-n Iglesiasek eta gainontzekoek ondotxo dakitela laster jasan dezaketen presioa, eta iradoki zuen hori ez dela arazo izango. Ikusi beharko dugu hori hala den.

3

G. Opsozioa gai izango al da 26 bilduta ere gobernua osatu eta iraunkortasunez gobernatzeko elkarren arteko hausturarik izan gabe, kontuan izanik talka eta antagonismo daudela haien arteko planteamenduetan? Ander

E. Kaixo. Partida nagusia hor dago, nork lortuko 26: erregimenaren aldekoek (UPN, PP, PSN eta Ciudadanos) edo kontrakoek (EH Bildu, Gbai, Ezkerra, Podemos). Maiatzaren 24 ondoren indar bakoitzak ahalik eta indartsu agertu nahi duenez, talkak eta antagonismoak ezinbestekoak dira, baina 25etik aurrera erronka nagusia izango dute denek, interes alderdikoien gainetik, hainbeste aldarrikatutako aldaketaren alde egitea. Zaila izango da, denek amore eman beharko baitute, baina politikak aldatu nahi badituzte ezinbestean lortu beharko dituzte akordioak. Bidea luzea egin behar izan da oraingo aukera honetara iristeko, eta orain erantzukizunaren ordua da. Horretarako, hori bai, 26 lortu behar dira eta ez da erraza izango.

2

G. Kaixo, eskuin unionistak inoiz baino eskaintza gehiago ditu; UPN, PPN, C's, (UPyD)... iduri lezake hala UPNren babesa murriztea eragingo duela horrek, baina ene ustez UPNrengandik desmobilizatutako botoa beste alderdi unionistek jaso lezakete, eta finean betikoek gehiengoa lortu. Nola ikusten duzu segmentu hori? Joxan Andonegi

E. Kaixo. Logikoena da orain arte foru hauteskundeetan UPNri botoa eman diotenek UPN berari edo eskuineko beste alderdiren bati ematea botoa. Dena den, UPNk bere higadura izango du eta hemen gakoa da ikustea zenbat parlamentari galduko dituen. PPri dagokionez, Espainiako Gobernuaren gestioak eta batik bat ustelkeria kasuek ere bere higadura eragin diote eta inkesta gehienez eustea edo jaistea iragartzen diote. Cs, berriz, eskuin esparruko inkognita da. Duela sei hilabete UPDk joka zezakeen hutsunea bete dezake, eta Nafarroan bere hautagaiak aski ezagunak ez badira ere, Albert Rivera etengabe komunikabideetan agertzeak Nafarroan ere mesede egin diezaioke -nahiz eta foru erregimenarekiko jarrera anbiguoa izan. Hala, UPNrekin haserre direnek abstentziora jo dezake, eta, hain politizatuta ez dagoen gizarteko sektorean, boto-trasbaseak egon daitezke eskuin-konstituzionalistatzat jo daitekeeen esparrutik kanpo. Dena den, nekez lortuko du eskuin eremuak gehiengo osoa, ezta PSNren botoak gehituta ere. Hori da gako nagusia, eta aldaketarako oinarri nagusia.

1

G. Arratsalde on Joxerra, zein iruditzen zaizu izango dela bigarren indarra, edo alternatiba nagusia, UPNren aitzina? milesker! Iratxe

E. Eguerdi on. Argi dago, ustekabe handirik ezean UPN izango dela garaile, baina aurreko legealdiarekin alderatuta jaitsiera handia izatea espero da. Bere atzetik zer indar egongo den uneotan zaila da antzematea. Inkestek denetarik esaten dute: Geroa Bai, Podemos edo EH Bildu. Baten alde egitekotan, EH Bildu ikusten dut bigarren indar gisa, baina lehia estua izango da. Edo hori dirudi une honetan.