Azken elkarrizketa

Mila Elorza

Mila Elorza

AHT gelditu! Elkarlana taldeko kidea

2007-04-18 - 11:30

 Erantzundako galderak

20

G. Mila, eskerrik asko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta BERRIA.INFOko irakurleen galderei zuzen-zuzenean erantzuteagatik. Hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko BERRIA.infori eta irakurleei. Denon esku dago AHT gelditzea. Hilaren 28an denok Bilbora manifestaziora!

19

G. Herrian ikusi dut zuen kartel bat jartzen duena desjabetze asko gerta daitezkeela gure inguruan, Goierrin. Egia al da? Zenbat dira afektatuak? Goierritar bat

E. Kaltetuak, denok gara. Batzuek lurrak galduko dituzte, baina denok galduko dugu bizi kalitatea, etorkizunerako aukera hobeak, denoi lapurtuko digute dirua... Proiektu honetara bideratzen dena ez da joango osasun arlora, hezkuntzara, kulturara eta eguneroko beste hainbat beharretara.

18

G. Tren honek positiboki eragingo duela diote bere bultzatzaileek, baina argitaratu al dira ekarriko dituen ondorio guztiak? Hau da, alderdi positiboez gain trenak gure lurretan sortuko dituen txikizioak iritsi al dira jendartera?

E. Jaurlaritzak ez du txikizioen berri eman. Ingurumenari buruzko txostenean, Jaurlaritzak aitortzen du inpakto "kritikoa" eragingo duela AHTk, baina ez du aipatzen ez zer, ez non, ez zelan, ez zer konponbide ipiniko dituzten, zer neurri... Guk plazaratu dugu txosten bat, eta ahalegindu gara azaltzen ondorio horiek guztiak. Orain txostena kalera ateratzen ari gara eta jendearen esku ipintzen.

17

G. Gaizki bidali dut aurreko galdera. Esan nahi nuen Jaurlaritza ez dela joaten eztabaidetara, eta ea gainerakoan kontutan hartzen zaituzteten. Antton (berriz)

E. Une honetan Jaurlaritzatik jasotzen dugun erantzuna da ez dela eztabaidarako unea, lanak hastekoa baizik. Bestetik, lurjabe zuzenek oraindik ez dute inongo albisterik Jaurlaritzatik; daukaten bakarra, oposizio mugimendutik dator.

16

G. Gizarte eztabaida aipatu duzu behin baino gehiagotan. Nola egitea proposatzen duzue? Hauteskundeak ez dira nahikoa gizartearen iritzia neurtzeko? Haritz

E. Hauteskunde kanpainan ez da eztabaidatzen honelako gai garrantzitsuez. Ezkutuan pasatzen ahalegintzen dira. Proiektu hau, sekula Euskal Herrian planteatu den handiena da, eta lau urterako dauden politikariek ez dute, gure ustez, eskumenik halako erabakiak hartzeko. Beste gai batzuekin egin izan dira hemen erreferendumak, eta gai honekin ere egin beharko litzateke, Euskal Herria zeharo aldatu egingo duelako.

15

G. Nolako harremanak dituzue Ipar Euskal Herriko AHTren kontrako mugimenduarekin? Zirikatzen

E. Onak, une honetan berriro hasita gaude elkarlanean. Lehenago ere izan genituen harremanak, baina orain Cadeekin eta hango LABekin koordinatuta gaude, aurrera begira batera lan egiteko. Nafarrokoekin ere bai.

14

G. Zure ustez, nolako garraio sarea beharko genuke Euskal Herrian? Aintzane

E. Gizarteari lotutakoa. Hasteko, gaurko garraio sistema da ez dagoena beharrei begira. Gaur egun mugikortasuna bultzatzen da eta jarrera horrekin ez dago une hauetan ezer egiterik. Berez, une honetan Euskal Herrian airez, lurrez eta itsasoz dagoen komunikazio sistema, Europako handiena da, baina ez dago horien artean elkarren arteko koordinaziorik.

13

G. AHT proiektua azken finean zamagarraio eta pertsona garraiorako trenbide azpiegitura da. Suposatzen dut AHT gelditu-tik trena defendatzen dela errepidearen aurretik garraio mugimenduak jasateko. Orduan, Euskal-Ya eraiki ezean zein motako eta zein ezaugarriko trenbide azpiegitura alternatiboa proposatzen du zure taldeak? Mikel Arrenabeitia

E. Gizarte eztabaida proposatzen dugu, eta hortik atera beharko luke alternatibak. Jaurlaritza, joan deneko 20 urtean dauzkan baliabide guztiekin ari da proiektu hau lantzen, eta guk inongo formazio eta diru iturrik gabe planteatu behar ditugu alternatibak?

12

G. Biharko partez ELAk manifestaziora deitu du Durangon AHTaren aurka. Zergatik ez dago ELA AHT Gelditu! Elkarlanean? Tren soziala, Elkarlana, AHTaren aurkako asanblada... herritarrengan konfusioa baino ez da sortzen ta proiektu honen aurka gauden herritarrok mezu eta irizpide argiak behar ditugu, aurrean dugun erronkak behartzen gaitu. xa2, www.blogak.com/xa2er

E. Euskal gizartea horrelakoa da. Zergatik ez dagoen ELA? Haiei galdetu beharko. Elkarlana zer den? Talde politiko, sozial, sindikal, norbanako, asanblada eta abarren arteko elkarren arteko lana da. Asanblada, AHTren aurkako herritar multzoa da; honen bereizgarria da desarroilismoaren kontra daudela, bere eredu guztietan. Tren soziala? AHTren aurka dauden ia eragile denek osatzen dute, eta euren berezitasuna da betiko trenaren aldeko apustua egitea.

11

G. Lortuko al dugu AHT gelditzea? Eutsi goiari eta besarkada bat! AHT.-rik ez! Beņat

E. Bai, gure esku dago, eta uste dut, gainera, jende gazteak zeresan handia daukala. Izan ere, etorkizuneko Euskal Herria momentu honetan eztabaidan dago eta gazteok heldu beharko diogu apustu honi. Badugu indarra.

10

G. Nola uste duzu erantzungo lukeela euskal gizarteak greba orokor batera deiutko balute AHTren kontra dauden indar politiko eta sozialek? Mikel Gomez

E. Herrietan jendea oso kezkatuta dago, ez bakarrik ibilbideko herrietan; azkenaldian kostaldetik ere dei asko jaso ditugu informazio eske. Greba orokorraz ez nintzateke ausartuko ezer esaten.

9

G. Benetan uste ahal duzue AHT trena gelditu daitekenik? Zer iritzi dauka Elkarlanak sabotaeien inguruan? Zergatik ez da lortzen jendea kalera ateratzea? PNVri egurra noizko? gogor eutsi

E. Bai, geldi daiteke. Hor dugu Balsusako adibidea, Italiakoa. Han, trena gelditzea lortu dute, proiektua gauzatzeko euren zatia soilik falta zenean. Sabotaien inguruan, ez dugu horren berririk. Hedabide batzuk oposizio mugimendu guztia kriminalizatzen saiatzen dira, eta horrek jendea gugana gerturatzea oztopatu egiten du. Hedabide horiek eta EAJ bera ari dira saiatzen kriminalizazio kanpaina bultzatzen, jendea uxatzeko.

8

G. badakit zuen lantaldeak AHT-aren gelditzea soilik planteatzen duela.NI guztiz ados nago monstruo hau gelditzearen beharrarekin eta gainera mirestekoa iruditzen zait aurrera daroazuen borroka, baina uste dut euskal gizarteari alternatiba bat plazaratu behar zaiola , zer iritzi daukazue adibidez tren sozialaren inguruan?honen inguruan eh-ko eragile, sindikatu.partidu politikoren batekin elkarlanik aurreikusten duzue? leioa

E. Elkarlan bezala, 'AHTrik ez' eta 'Hau gelditu behar da' besterik ez da aldarrikatzen. Angiozarko alkate naizen heinean, tren sozialaren aldeko plataforman sartuta gaude eta argi ikusten dugu zerbaiten beharra dagoela. Horretarako baliabideak behar dira, eta horrek azkenean dirua suposatzen du, eta hori azkenean erakundeen esku dago. Benetan alternatiba planteatzeko orduan, lan handia egin beharra dago eta hori denon artean egin behar da.

7

G. Hauteskunde garaia ez al da momentu egokia talde politikoei presioa egiteko?? Gorka

E. Bai, eta horretan ari gara, jakiten bakoitzak bere programan zer iritzi duen AHTren inguruan. Gero publiko egiteko asmoa dugu, jendea jakitun izan dadin zer garrantzi daukan hauteskundeetako bere boto horrek ondorengo proiektuekin. Bakoitzak bere botoaren arduradun izan behar du.

6

G. Zenbat denbora behar da Bilbotik Donostira edo Gasteiza trenez joateko azken 50 urtetan? Urbinaga

E. Orain 50 urte behar zena ia-ia astoarekin egiteko. Baina hori ez da irteera. Argia dagoena da trenbide hori orain dela 50 urteko teknologiaz dagoela, ez delako inolako inbertsiorik edo hobekuntzarik. Orduan, tranpa bat da orain tren hori aipatzea erreferentzia bezala.

5

G. Egia al da Jaurlaritzakoek ez dutela eztaibetara joan nahi izan? Agurtzane Arregi

E. Bai, egia da. Gonbidatu izan dituzte mahainguru, hitzaldi eta abarretara, eta ez dira agertu. Hitzordua guk eskatu dugunean, oraindik zain gaude.

4

G. Zein da aurka egoteko arrazoia? Arrazoi ekologikoak? Xahutuko den dirutza? Arrazoi sozialak? Erramun Agirre

E. Milaka dira arrazoiak. Bakoitzak bere ikuspuntutik topatzen du berea. Niretzat pertsonalki garrantzitsuena, herrien eskubideak urratzen direla da, ez dutelako ezer esateko aukerarik.

3

G. Aurreko mende hasieran Madril-Irun lerroa egin zutenean hainbat herritar aurka agertu zen, baina tren horrek sekulako mesedea egin du. Elena Ortiz

E. Bai, baina trena zen, eta gaur planteatzen ari direna hegazkin bat lur gainean da. Ez du honek geldiunerik zerbitzu hori eskaintzeko. Beraz, ez da ferrokarrila.

2

G. Oso kritiko izan zarete "tren soziala" proposatu dutenekin, alegia ELA, LAB, Batasuna, Ezker Batua, Aralar... eta konpainiarekin. Zergatik? Aingeru Ruiz

E. Guk ez gara kritiko azaldu. Elkarlana talde, norbanako... eragile askorekin osatuta dago, eta denon artean lortu dugun akordio minimoa, AHTrik ez izan da, betiere gizartean bultzaturik eztabaida eta argi utzita talde bakoitzak aukera duela gero jorratzeko tren soziala edo ikusten duen irtenbidea.

1

G. todoterreno handi baten etorri zait laguna aht-ren aurkako erretolikarekin. ze puntutaraino dugu infraestruktura handien alde sinbolikoa bakarrik oposatzeko premia? ulertaraziko didazu niri, kotxerik inoiz erabili ez dudanari, trenaren alternatiba hobeago baten bila zabiltzatela, eta ez proiektu konkretua ukatzen bakarrik? kepote

E. Azkenean ez dago beste aukerarik ere, ez dagoelako garraio publikorik. Zehazki, leku txiki batzuetan bizi bazara edo ibilbidetik aparte, orduan bai derrigorrezkoa duzula todoterrenoa erabiltzea. Alternatiba? Guk ez dugu sekula planteatu ez trena, ez kotxea. Eztabaida gizartean egin behar da zer etorkizun nahi dugun. Guk argi duguna da murriztera joan behar garela ibilaldiak.