Azken elkarrizketa

Rafa Diez

Rafa Diez

LAB-eko idazkari nagusia

2007-04-26 - 11:30

 Erantzundako galderak

15

G. Gaur ere irakurleen galdera asko geratu zaizkigu zakuan. Nolanahi ere, mila esker gurekin izategatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrak BERRIA.INFOn izandako galderengatik, Euskal Herriko egoeraz kezka eta tentsionamendua adierazten dutelako. Segitu zintzo eta konfiantzaz gure herriaren etorkizunaz.

14

G. Egun, nola ikusten duzu Euskal Herriko ekonomia? Nolako garapen eredura jo beharko litzateke? Aintzane

E. Euskal Herriko ekonomian aurpegi ezberdinak daude. Hazkunde ekonomikoa eta datu makro-ekonomikoak onak izan arren, horren atzetik ematen ari diren desoreka sozialak eta aberastasun banaketa kezkatzeko modukoak dira. Eredu ekonomiko neoliberala finkatzen ari da eta hazkunde ekonomiko hori gaizki banatzen ari da. Sektore batzuk irabaziak eta bizitza maila handiak lortzen ari dira, baina beste sektore zabal batek ez ditu nabaritzen egoera ekonomiko horren onurak; prekarietatean dauden 300.000 langileek edo mileuristak deitzen direnek ez dute nabaritzen sistemak aurkezten digun joera positibo hori. Gauza bera esango nuke orokorki zerbitzu sozialetan sumatzen ari garen atzerapausoaz. Bigarren galderaz, argi daukat Euskal Herrian badagoela aukerarik beste eredu sozial bat eraikitzen joateko, sozialismo propio bat eraikitzen joateko. Horregatik, esparru askotatik aldaketa politiko eta soziala bultzatu behar da. Bukatu behar da UPN eta EAJren garaiekin.

13

G. Pozik Emakunderen sariarekin? Merezi duzue? Aitor

E. Pozik gaude emandako aitortzarekin, urte askotako lana atzean dagoelako. Aukera berdintasun plan estrategikoa sindikatu barruan garatzen ari gara, eta ondorio eraginkorrak ematen ari dira. Adibide bezala edo erreferentzia enblematiko bezala, hor dago exekutiboaren osaketa paritarioa. Ez dago beste alderdirik, sindikaturik edo erakunderik urrats hori egin duenik.

12

G. Langileen etengabeko pretakuntza, Hobetuz, bukatu da? jarraituko du? jarriko da ordezkorik? igor torrontegi

E. Une honetan krisi sakonean dago CCOO, UGT eta Confebask-ek egin duten sabotaia lanarekin. Eragile horiek nahiago nahi izan dute Forcem ereduarekin eta jasotzen duten dirutzarekin jarraitzea, hemen egindako akordioa garatu baino. Lotsagarria izan da jokaera hori eta lotsagarria da Gasteizko Gobernuak honen aurrean izandako jarrera txepela.

11

G. Bake prozesua bultzatzeko, euskal alderdi politikoak oraindik ez direz mahai baten inguruan bildu. Zer dela eta?? Zein da arduragabetasun honen benetako arrazoia?? Iker Franku

E. Arrazoia duzu. Urtebete baino gehiago pasatu da ETAk su-etena martxan jarri zuenetik, eta oraindik elkarrizketa negoziazioa sustatu behar duen alderdien arteko mahaia sortu gabe dago. Hemen eragile politiko batzuek despolitizatu egin nahi izan dute bake prozesua eta beldurra daukate edukietan sartzeko. Nik esango nuke beldurra diotela Euskal Herriko gizartearen hitzari.

10

G. PSE eta EAJ.k definitiboki ezetz esan badiote negoziazio prozesuari... berriro ETA "ekintza"tara pasako bada... nola sinistu, nola altxatu bake prozesua? r.xalba garez

E. Nire ustez, prozesuak ez dauka alternatibarik. Euskal gizarteak gatazka gainditu nahi du, herriaren borondatea errespetatuko lukeen marko demokratikoa finkatuz. Ez dago beste biderik normaltasun politikoa lortu nahi badugu.

9

G. Orain dela aste bat amaitu da EHUko irakaslek soldata osagarriak eskatzeko epea. Berriro ere curriculumak bidali behar izan dira merituak ebaluatzeko, ez da nahikoa izan urtetan lana era egokian burutzea. Ez da stress gutxi nere inguruan ikusi dudana. Zergatik sinatu zuen LAB-ek akordio hori? Zein estrategia barruan sartzen du LAB-ek akordio hori? Juan Mari Alberdi

E. Lortu dena da kolektibo osorako eskubideak berdinak izatea eta soldata horiek denok izatea, nahiz eta egia den atzetik datozen eusko tramoak mantentzen direla. Horren aurka gaude eta jarraituko dugu hori bideratu nahian.

8

G. Langileriari borroka izpiritua agortu zaiola eta hilaren bukaeran ahalik eta soldata onena jasotzea soilik axola zaiola pentsatzen duenari zer esango zenioek? Ane

E. Nik esango nioke borrokarako arrazoi asko daudela, klase moduan gauza eta errealitate askori erantzuteko beharra dagoela, eta eskema indibidualista batean erortzea eredu ekonomiko neoliberal honek sustatzen duen joera dela. Alegia, suntsitzea erantzun kolektiboa eta beste eredu alternatiboetarako indarrak ahultzea. Bizitza askoz gehiago da, gure konpromisoa ez da bukatzen bakoitzaren egoeran.

7

G. MAIATZAK BAT LANGILEAREN EGUNA.SINDIKATU ABERTZALEOK NOIZ OSPATUKO DUZUE BATERA? GORKA

E. Behin baino gehiagotan batera ospatu dugu, baina azken urte hauetan ez gara gai izan beharrezkoa izan litekeen elkarlana sendotzeko. Nire ustez, irekitzen ari den ziklo politiko berri bati begira sindikalgintza abertzaleak elkarlan estrategikoa garatu beharko luke plano politiko, ekonomiko eta sozialean. Geuk apustua egiten dugu estrategia nazionala, subiranista eta aldaketa sozialerako. Gu prest gaude indarrak batzeko, eta eraginkortasun soziala eta politikoa biderkatzeko. Hori egiteko proposamena eta praxisa behar da, hitz gutxiago eta urratsak egiteko praxisa.

6

G. Ez al duzu uste sindikatuak gehiago egin dezaketela langileak laneal hil ez daitezen? ez al dugu asumitu langileak beharrean hiltzea gauza normaltzat? imanol

E. Enpresetan sindikatuok jarraipen estua egin behar dugu segurtasun eta lan osasuneko gaiez, baina ezin da hortik bideratu lan istripuen inguruan benetan dauden ardurak. Nire ustez, faktore estrukturalak dira lan istripuak sortzen dituztenak. Ekoizpen sistemak eta kontratazio ereduak dira lan istripuetarako iturri nagusiak. Horregatik esaten dugu prekarietateak hiltzen duela, azpi-kontratazioak hiltzen duela eta lan baldintzek hiltzen dutela. Bigarren galderari dagokionez, egia da normaltasun handiz hartzen direla lan munduan hildakoak, berehala pasatzen dira estatistiketara, ez daude erantzuleak, eta enpresariek eta instituzioek berehala ahazten dute langile horrek bere familia eta bere ingurua dauzkala. Nik argi daukat sistema ekonomiko honek hiltzen dituela, biktima dira, ardurak daude, baina instituzioek eta alderdi politikoek bere agendatik kanpo daukate. Ordua da sindikatuok borroka eskeman erantzuteko.

5

G. ETAren azken agirian, langileen prekarietateaz, eta beste hainbat kontu ere aipatu zituen erakundeak, bere diskurtsoa gizartearen sektore ezberdinetara "zabalduz". Niri txokante iruditu zitzadan. Ta zuri? Eutsi goiari! martin

E. Erreferentzia horietan badirudi ETAk Euskal Herriko argazki politiko-ekonomikoa egin nahi zuela, eta tartean aldagai batzuk ukitu zituen, prekarietatea barne. Ez gaude ohituta ETAk horrelako gauza zehatzei buruz-eta hitz egitera, baina printzipioz eragile moduan Euskal Herriko gauza guztien inguruan bere iritzia emateko eskubidea dauka. Hori esanda, egin zuen argazki ekonomiko eta sozio-laborala oso motza izan zen, eta aldagai gehiago sartu behar dira langileok jasaten dugun egoera aztertzeko.

4

G. EZKER ABERTZALEAK AUTOSKUDEETAN EGOTEN EZ BADA, ZE GERTATU DA PROZESUAREKIN,ZE EA PAUSOAK BAKARRIK EMATEN BADITU EZ GOAZ INORA, BADAUDE KONTAKTUAK ORAINDIK PARTIDUEN ARTEAN EDO BESTE ERAKUNDEEN ARTEAN MIKEL

E. Hauteskunde demokratikoak ematen ez badira, ezker abertzalea esparru instituzional horretatik kanpo uzten badute, oso zaila izango da deitzen den prozesua garatzea. Nire ustez, une honetan PSOEk eta Zapaterok PPk erabilitako neurriak mantentzen badituzte, nola uler daitezke behin baino gehiagotan Zapaterok izandako hitzak ("prest nago bake bidea jorratzeko")? Erabat bateraezinak dira elkarrizketa negoziazio prozesu bat sustatzeko balizko asmoa, eta interlokutore politikoa izan beharrekoa ilegal bezala jarraitzea. Nire ustez, egoera honen erantzule nagusia PSOE izan arren, une honetan beste eragile batzuek hori baliatu nahi dute interes elektoral propioetarako. Ezker abertzalea hauteskundeetan egotea ez da ezker abertzalearen arazoa, baizik eta denon arazoa. Gatazka politikoa eta beste eskenatoki demokratikoa nahi dugunon arazoa. Horregatik, onartezina da honen denaren "ardura" ezker abertzalearen teilatuan kokatzea, eta are gutxiago esatea ezker abertzalea biktimismoz jokatzen ari dela. Ordua da alderdi politiko guztiak baldintza berberetan aritzeko, behar den alderdien arteko elkarrizketa eta negoziazio prozesua garatzeko. Hori da ezinbesteko bermea prozesua eraikitzeko. Norbaitek pentsa zezakeen Sinn Fein ilegala izan balitz Irlandako prozesua aurrera aterako zitekeela? Beraz, ordua da oinarrizko baldintza jartzeko eragile guztiek gatazka gainditzeko dinamiketan sartzeko.

3

G. Zertan da SOCekin egin duzuen lankidetza hitzarmena? Leire Perez

E. Hurrengo egunetan hasiko dira Nafarroara ailegatzen Andaluziatik urtero etortzen diren langileak zainzuri eta beste kanpainetarako. Beraiekin hitzartutako konpromisoetan gure egoitzak eta aholkularitza juridikoa izango dute langile horiek guztiak, LABeko afiliatuak izango balira bezala. Batik bat, horretarako Tutera, Tafalla, Lizarra eta Vianako egoitzak erabiliko dira. Dena den, neurtu gabe dago oraindik azken uholdeek aurtengo kanpainan izan dezaketen eragina langile hauentzako ere.

2

G. LABeko ardura utzi eta gero, politikara dedikatuko zarela zabaldu da. Horrela al da? Mikel Larrea

E. Urtebete barru idazkari nagusiaren ardura utziko dudala argi daukat. Hortik aurrera ez dut erabakita nola jarraitu nire militantzia politiko eta soziala. Dena den, orain bezala nire bizitza ezker abertzaleko proiektuaren baitan kokatuta dago eta nire militantziarekin jarraitzeko borondatea daukat.

1

G. Emakume bat jarriko dute LABen zure ordez? Aingeru Ruiz

E. Une honetan sindikatuaren planak direla-eta, hurrengo idazkari nagusia izateko orain idazkari nagusiordea den Ainhoa Etxaideren aukera kudeatzen ari gara, eta, beraz, LABen hurrengo idazkari nagusia emakume bat izan liteke. Hori klase sindikatuetan lehen aldiz litzateke. Guretzako oso garrantzitsua izaten ari da sindikatuaren barruan aukera berdintasun plan estrategikoa eta emakumeak edozein aukera izateko posibilitatea sustatzea. Gogoratu behar da une honetan exekutiboan bost gizon eta bost emakumezko garela.