Azken elkarrizketa

Maite Etxaniz

Maite Etxaniz

EA-ren hautagaia Gipuzkoako Batzar Nagusietarako eta Zarauzko Alkatetzarako

2007-05-17 - 10:00

 Erantzundako galderak

17

G. Joan zaigu ordubete, eta irakurleek bidalitako galdera asko erantzun gabe geratu diren arren amaitu egin behar dugu. Mila esker gure elkarrizketa digitaletan parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Mila esker parte hartu duzuen guztioi. Zuen kezkak, galderak eta zalantzak argituta gelditu direlakoan, mila esker eta nahi duzuen arte.

16

G. 28 urteko zarauztar bat naiz, bikoterik gabe, nire soldata 1200€ tara allatzen ez dena eta gurasoen etxean bizi dena, izango al dut iñoiz zarautzen etxe duin bat erosteko aukera?? eskerrik asko joseba garin

E. Laster Kortazarren egingo ditugu 150 etxebizitza eta horietatik erdiak alokairuan izango dira zu bezalako gazteentzat. Arkitektuak proiektua egiten ari dira. Beraz, epe laburrerako kontua da. Erantzuna osatu nahi baduzu, zoaz nire gaurko lehen erantzunera, etxebizitzei buruz luze aritu bainaiz. Mila esker.

15

G. Uste al duzu hautesleek zigortuko dutela EA erakustsi duen zatiketa giro txarragatik? Asier Arraiza

E. Zatiketak alde onak eta txarrak ditu. Irudi txarra eman daiteke alde batetik, baina bestetik nolabaiteko aniztasuna adierazten du, eztabaidarako zaletasuna izatea ona da eta alderdi batean horretarako aukera izatea are eta hobea. Gaur egun alderdi guztiek dituzte zatiketak, eztabaidak... guk ere bai, baina gure herri proiektua da lehendabizikoa, eta horretarako gure lan eta ilusio guztia jarriko dugu. Ni ziur nago Zarautzen gure lanerako gogoa eta egiteko modua baloratzen jakingo dutela.

14

G. Zertan dago hobeto orain Zarautz, zeu alkate izan eta gero? Lourdes Burgos

E. Uste dut azken urteotan ekipamenduei bultzada handi bat eman diegula: Orokieta berria, Osasun zentroa, kiroldegia, haurtzaindegia, hastera goazen udaletxe berria eta merkatua, eguneko zentro berriaren proiektua... Administrazio aldetik udal harrera zerbitzua eta web orrialdeak herritarrenganako hurbiltasuna eta informazioa bideratzen dute. Ingurugiro aldetik Biotopoaren plan espeziala, Agenda 21, gaikako zabor bilketa... luza naiteke, baina honekin bukatuko dut: Zarautzen etorkizunerako Hiria Antolatzeko Plan Orokorra. Azken legealdi honetan beste horien artean planifikatzeko lan iluna tokatu zaigu. Hurrengo legealdian Plana egikaritzea tokatuko da, eta hor egon nahiko nuke nire taldearekin batera, uste dudalako gure lan egiteko modua dela hoberena. Horrelaxe erakusten da Plan honetan, ia aho batez onartuko dugu eta adostasun horrek berebiziko garrantzia dauka etorkizunean Plana egia bihurtzeko orduan.

13

G. Egunon Maite. Zarauzko Polikulturalaren inguruan duzuen asmoa argitzea nahiko nuke. Ze ezaugarri izango dituen, ze aurrekontu izango duen, ze erabilera eman nahi zaion eta batez ere, behin eraikuntza egina dagoenean, bertan ze ekitaldi egin nahi diren eta zer sustatzen saiatuko den azpiegitura onen bidez. Aitor Arruti

E. Kaixo, Aitor. Polikulturalarekin aspalditik gabiltza lanean. Legealdi hasieran herritarren artean ikerketa bat egin genuen zer behar ikusten zituzten jakiteko. Azterketa horren arabera, 600 eserlekuko auditorio bat eta musika eskola bat behar beharrezkoak zirela erabaki zen. Hori da egin nahi dena. Baina espazio horiek beste batzuek ere eskatzen dituzte eta eraikina handi samarra izango da. Bere aurrekontua 21 milioi €koa da. Handi samarra dirudi baina horrelako eraikin batek behar du hainbeste. Edukiari buruz, nire nahia euskarazko kultur produkzioen erreferentea izatea litzateke. Ondo izan.

12

G. Itauna baino gehiago eskerrak emoteko da. Zararuzko udalak eta herriak, zu alkate izanik, Ekuadorreko Palenque herriagaz izandako alkartasun eskuzabala eskertu gura neuke. Eskertu eta holan jarraitzera animatu! Palenqueko lagunak

E. Eskerrik asko zuri. Horrelakoetan beti esaten dut gure lana erraza dela, zuena gabe ezinezkoa litzateke horrelako ekimenak aurrera eramatea. Zarautzarrok harro egon gaitezke kooperaziorako erabiltzen dugun diruarekin (aurten aurrekontuaren %0,83); batez ere, Zarauzko Gobernuz Kanpoko Erakundeon lan serioarekin.

11

G. Ustelkeriari aurre egiteko modu onena, agintarientzat, Irungo Ogasunari buruzko kasuetan bezala, ikerketa amaieraraino eraman eta ardurak erabat zehaztea da. Udal Kiroldegian "desagertu" ziren milioiengatik kanporatu zenuten bertako zuzendaria, baina inolako ardura penalik gabe, bost milioi itzultzeko eskatu eta akordioa lortuta, gainerako alderdiei jakinarazi zenien moduan. Sinesgarritasunaren mesedetan, ez al zen hobe auzia epaitegien esku uztea?

E. Kiroldegiko 'auziak' eta Irungoak ez dute zerikusirik. Hemen gestio ekonomiko txar bat egin zen, eta hori konpontzeko modurik egokiena gestio txarra egin zuena aldatzea zen, eta horixe egin genuen. Ez dago besterik.

10

G. Kaixo. Azken boladan agerian geratzen ari da euskal politikarien artean, eta bereziki azken urte luzeetan aginte postu garrantzitsuetan egon direnen artean (Jon Jauregi, Victor Bravo,...) ustelkeria zantzuak. Prest zeundeke, hilean 2000 euro baino gutxiago kobratzeko? Ezezko kasuan, zenbat kobratu behar luke, zure ustetan, Zarauzko alkateak hilean, eta zergatik? Eskerrik asko. juhda

E. Alkateon soldata EUDELen erabakitzen da, eta alderdi guztiok errespetatzen dugu erabaki hori. Zuek esan beharko duzue asko ala gutxi den, nik 3.000 € inguru kobratzen ditut. Uste dut soldata ona dela, baina lana ere handia da eta erantzukizuna zeresanik ez. Enpresa pribatuarekin alderatuko bagenu, beharbada ez litzateke hainbestekoa... Nondik begiratzen den da gakoa. Nik uste egokia dela, niretzat edo nire lekua betetzen duen edonorentzat.

9

G. konbentzi nazazu politika gauzatzeko moduetan ea eta eaj-pnv desberdinak direla. eskerrik asko ahaleginagatik. mikel

E. Uste dut gaur egun egunkariak ireki besterik ez dela egin behar gauzak beste modu batera egiten ditugula ikusteko. Aurrekoari erantzun diot gure zintzotasuna eta herritarrekiko leialtasuna erakutsi dugula, hori da gure egiteko modua.

8

G. Osasuntsu aterako al da EA hauteskunde hauetarik? Zer nolako kokapena ikusten al diozu zure alderdiari biharko panorama politikoan? Elorripe

E. Eta zergatik ez? Nik uste dut Eusko Alkartasunak zeresan handia duela gure herrian. Egia da ez dugula gure sorreran izan genuen indarra, baina Gipuzkoan bereziki erreferente bat gara. Gaur egun esango nuke abertzaletasun demokratikoaren erreferentea garela, gauzak ondo, zintzo eta leial egiten ditugula erakutsi dugu. Gure etorkizuna ondo ikusten dut.

7

G. EAk PFEZen azken erreformari emandako baietza dela eta, nola uztartu honek dakarren sarrera fiskal apalagoa sozialdemokraziak eskatzen duen zerbitzu sozialen hobekuntzarekin? Jor Gurrutxaga

E. Herritarrei zerbitzuak eskaitzea da administrazioaren egitekoa, eta gutxien duenari behar duena eskaintzea da gure apustua, baina guztiak oreka bat eskatzen du, eta ekonomia indartsu bat izateak ere laguntzen du adiminstrazioaaren zeregin horretan. Gure lana etekin horiek behar bezala banatzea da, justizia soziala irizpide hartuz.

6

G. Zein iritzi duzu Urola Kostako garraio publikoaren inguruan? Zergatik da hain urria? eta publikoa izanik hain garestia? Zein neurri bultza dituzue azken urteetan? Zuk erabiltzen al duzu? Ibilgailurik ez duen gazteetako bat...

E. Urola Kostako garraio publikoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura da. Hala ere Zarauzko Udaletik behintzat, elkarlanean aritu gara legealdi honetan zerbitzu hori hobetzeko. Nire ustez, Gipuzkoak duen gabezi handienetako bat da. Gure aldetik, Zarautzen garraio publikoa erabat aldatu eta hobetu dugu, autobus berria jarri dugu, eta hilero-hilero 10.000 bidaiaritik gora ditu; maiatzean, adibidez, 10.076 izan ziren eta hortik aurrera gorantz joan da. Bigarren linea ere jarri dugu eta beste autobus bat ekartzekotan gaude. Guk egin dugun apustua egin beharko luke Foru Aldundiak ere.

5

G. 1.- Zure alderdiak kudeatuko duen Administrazioak noiz eskainiko ditu zerbitzu guztiak euskaraz? Eta noiz lan egingo du euskaraz? 2.-  Administrazioak aurrekontuaren zer portzentaia erabiliko du euskararen normalizaziorako? 3.- Zer aldaketa egingo ditu corpus juridikoan? Udalak euskararen aldeko arautegi edo ordenantzarik ezarriko du, edo daudenak hobetuko ditu? Kontseilua

E. 1.- Hizkuntza Biziberritzeko Plana onartua daukagu, eta hor ondo dakizuen bezala administrazio barrura begirako erabaki eta neurriak proposatzen dira. Plana betetzen ari gara. Hizkuntza Eskakizunen betetze mailari dagokionez, derrigortasun indizetik gora gaude. Hala ere, badakit oraindik euskara langile guztion lan hizkuntza izatea ez dugula lortu (batez ere, txosten teknikoak...), denbora behar da horretarako. Dena den, euskaraz mintzatzeko gai ez den udal langilerik ez dugu, eta horrek esan nahi du herritarrek euskaraz izan dezaketela harremana edozein udal sailekin. 2.- Aurrekontuaren portzentaia: Euskara sailak euskaltegiarekin batera badu bere aurrekontua, noski, baina euskararen erabilera sustatzeko lana ez da sail horietara mugatzen. Zarauzko Udalak antolatu eta babesten dituen kultur ekimenak, auzoetako festak, kirol ekintzak... euskaraz dira, Zarautz herri euskalduna da eta ezin da beste modu batera izan; beraz, udal guztiak hartu behar du parte horretan. 3.- Zarauzko Udalak badu bere ordenantza, eta hori betetzea da gure lana. Uste dugu ordenantza egokia dela, baina prest gaude zuekin berrikusi eta behar bada hobekuntzak egiteko. Mila esker.

4

G. Zein mailara arte izango dira aske EAko udal-hautetsiak, EAko zuzendaritzarekiko, hauteskunde-ostean EAJ ez beste alderdiekin akordio bidez agintzeko? Joerarik aurreikusten duzu? juakin

E. Ni beti oso libre sentitu izan naiz nire alderdiaren barruan. Badira gai batzuk maila nazionalean erabakitzen direnak, baina guztiok dugu behar dugun marjena eguneroko lanean jarduteko. Nire nahia, eta horrelaxe erakutsi dut kanpaina aurretik ere, EAJrekin gobernu ituna egitea litzateke, eta ez dut uste alderdiak horretarako oztoporik jarriko didanik, alderantziz baizik, gaur egun Eusko Jaurlaritzan lan ona egiten ari baikara elkarrekin.

3

G. Duela urte batzu soilik EAk defendatzen zituen hainbat ideia (autodeterminazio eskubidea, bortizkeriak gabeko bideak, elkarrizketa...) beste alderdi askok defendatzen ditu gaur egun. EAk bere ideiak zabaltzea lortu du beraz. Zergatik hedabideek ez dute hori onartzen? Independentzia goxoki

E. Hori hedabideek erantzun beharko luketa, ezta? Egia da Eusko Alkartasunak abertzaletasun demokratikoari haize berria ekarri ziola, eta beste alderdiengan -batengan, bereziki- eragin duela gure tinkotasun horrek. Hori horrela da, bat nator zurekin, eta tinkotasun hori mantenduko dugula agintzen dizut.

2

G. EAk behin banino gehiagotan erran du alderdien legeharen aurka dagoela. Esan desakegu autoskunde antidemokratiko batzuk burutu behar direla alderdi guztiak ez bait daude. Ze jarrera edo pauso eman behar ditu zure alderdia ori gerta ez dadin? eta gertatzekotan ze jarreara mantenduko duzue? zuen karguak artuko dituzue autoskunde demokratiko batzuk izango baziren bezala edo herri osoaren borondatea errespetatuko duzue? mikel

E. Horixe Alderdien Legearen aurka gaudela, behin eta berriz esan dugu, eta esaten jarraituko dugu. Dena den, zure galderak erantzunik ba al du? Zer egin dezakegu Alderdien Legea deuseztatzeko behin eta berriz eskatzea baino? Erantzuna ez daukagu guk, beste norbaitek baizik.

1

G. Etxebizitzarena da urte luzeetan zehar Zarauzko gazteoi gehien kezkatzen digun arazoa. Haustenkunde garaietan beti hitz politak eta konponbide garbiak eskeintzen dira baina gauzak berdin edo okerrago jarraitzen dute ondoren eta gero eta zarauztar gazte gehio dira beste herrietara bizitzera joatera behartuak sentitzen direnak etxebizitzaren batean sartu ahal izateko. Babes ofizialeko etxeak gutxi batzuentzat izaten dira eta gehienak prezio galaktikoekin daude eta ia urte osuan etxe asko hutsik gutxi batzuk udan egun batzutan bakarrik okupatzeko. Zer dela eta gaude egoera honetan? Zer egin da udaletik arazo honi aurre egiteko? Eta zer ideia dituzue, baldin badituzue behinik behin, aurrerantzerako? Badakit 3 galdera elkar lotuak direla baina ez nekien nola bakarrean sartu. Eskerrik asko. josu de la hoz

E. Arrazoi duzu, etxebizitzarena arazo bat da Zarautzen eta beste herri askotan ere bai. Arazo hau konpontzeko, ordea, behar-beharrezkoa da lur sailak kalifikatzea eta hori ez da egun batetik bestera egiten. Horretarako lehen Arau Subsidiarioak egin behar ziren eta orain Lurzoruaren lege berria indarrean sartu denetik Hiria Antolatzeko Plan Orokorrak. Gure kasuan legealdi honetan Arau Subsidiarioak egiten hasi ginen eta lege berriak ia prozesuaren bukaeran harrapatu gaitu. Aho batez erabaki genuen lege berrira egokitzea, eta horrek atzerapen bat eragin du, noski. Horretarako arrazoi nagusia lege berriak etxebizitza tasatuak egiteko aukera zabaltzen duela da. Hau esanda, Planean aurreikusten diren neurriak aipatuko dizkizut: lehenik eta behin Kortazarreko lursaila eraikiko da, dagoeneko proiektua idazten ari gara. Bertan 150en bat etxebizitza babestu egingo dira, horietatik erdiak gazteentzako izango dira eta alokairuan, beste erdia tasatua. Ondoren Santa Anan 60en bat egingo dira babes mota desberdinetakoak (horrekin batera Vista Alegre auzorako irisgarritasuna konpontzeko igogailua ere bai). Salberdin izango da beste guneetako bat. Badakizu hor hainbat enpresa dagoela eta horiek lekuz aldatu behar direla, gestio zaila eta gogorra izan da, beina azkenean adostasun batera iritsi gara, 955 etxebizitza egingo dira, %53a babestua eta gainontzekoa librea. Horien dira Planean lehen lau urterako planifikatutakoak; hau da, datorren legealdirako. Espero dut honekin erantzutea; dena den, argi izan legealdi batzuk planifikatzeko izaten direla, eta horrelakoa izan da orain amaitzera doana, hurrengoa planifikatutakoa egikaritzeko izango da.