Azken elkarrizketa

Marine Pueyo

Marine Pueyo

EAE-ANV-ren hautagaia Iruņeko Alkatetzarako

2007-05-21 - 12:00

 Erantzundako galderak

16

G. Eskerrik asko, Marine, elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik. Hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Mila esker zuei, eta espero dugu 28an lan eta lan hastea, auzolanean, jo eta ke, porlanezko Iruņea gris eta pobre jau koloreztatuko duen ortzadarra lortzeko.

15

G. Zein jarrera izango duzue udaletxean gaztetxeari buruz? Gazte

E. Ezkertiarrok eta abertzaleok betidanik defendatu ditugu gizarte lokalen eta gaztetxeen autogestioa. Uste dugu auzo guztiek izan beharko luketela gaztetxea. Gaztetxeak dira gazteek erabiltzen duten modua gizartean parte hartzeko. Bertzetik, uste dugu gazteak direla gure hiriko etorkizuneko alkateak eta zinegotziak. Eta gizartean parte hartzeko ate guztiak ixtea etorkizun ezezagun batera garamatza. Zentzu horretan, lotsagarria iruditzen zaigu, XXI. mendean, gazte batzuek gose greba egin behar izatea gizartean parte hartzeko eskatzeko eta beren ekimenak aintzat har ditzaten eskatzeko. Iruņeko Udalaren gobernu taldeak gazteekiko duen politikaren bertze zertzelada bat da.

14

G. Kaixo Marine. Sentsazioa daukat HBk (Batasuna, EH, AuB, HZ, ANV...) aurkezten den hauteskunde guztietan berdina saltzen duela: gatazka politikoa. Honakoak gure udalerrietako eta probintzietako arazoak konpontzeko hauteskundeak dira (garraio publikoa, etxebizitza...). Zergatik nere herrian ipini dituzuen kartel bakar batek ere ez ditu gure herriko arazoak aipatzen? Eta bide batez, zergatik ipintzen dituzue kartelak beste alderdien kartelen gainean edo paretetan (paneletan jarri beharrean). Eta badakit alderdien legea are grabeagoa dela (hori erantzungo zenidake, ezta?)... Baina gauza batek ez du bestea kentzen. Agirre

E. Ez gure karteletan, ez bertze alderdien karteletan ere, ez dira hauteskunde programa osoak aipatzen. Programa bertze formatu batean aurkezten dira. Bertze aldetik, oso maila garrantzitsuan jartzen dugu gatazka politikoa uste dugulako gizarteak arazo hori lehenbailehen konpontzea eskatzen digula. Gainera, uste dugu arazo hori gainditzeak errazagoa eginen lukeela eguneroko arazoak lantzea. Pertsona ezkertiar eta abertzaleok ibilbide luzea egin dugu, gure herrietan eta gure auzoetan, eguneroko arazoak konpontzeko lanean. Azkenik, erran behar da EAE-ANVk ez duela tokirik, hauteskunde kanpaina egiteko, ez hedabideetan, ez toki publikoetan ere. Errepresio handia jasaten ari gara: isunak, atxikitzeak, identifikazioak, polizia etxerako bisitak... Horren aurrean, ez dugu ikusi bertze alderdiek deus ere erran izan dutenik. Utz ditzatela beren eremuen zati bat guk erabil dezagun. Gainera, nik uste dut gutxi izan direla bertze kartel batzuen gainean jarri dituzten kartelak. Kontua da gutxi horien argazkiak ederki haizatu dituztela hedabideek.

13

G. Zuen oraingo proposamen politikoen oinarria ez al da Aralarrek proposatutako bera? Oinarrizko planteamendu politikoetan hurbilketa badago zergatik ez politika praktikoan? Arazo pertsonalek hainbeste eragiten al dute? Olatz

E. Maila politikoan, uste dugu Aralarrek egungo marko politikoaren indartzea nahi duela. Eta guk proposatzen dugu autonomia bat Hego Euskal Herriko lau probintziendako, nafarrek zein marko nahi dugun erabakitzeko aukera emanen duena. Ezberdintasuna handia da. Aralarren abiapuntua da nafarrek onartu dutela jada egungo markoa, eta hori hobetzeko proposamenak egiten dituzte. Guk erraten dugu nafarrok ez dugula erabaki zein marko juridiko nahi dugun; eta nafarrek izan beharko luketen erabakitzeko ahalmen horretan lau probintzietako autonomia proposatzen dugu. Horregatik uste dugu gure proposamena demokratikoagoa dela. Eta gizarte gaiei buruz, uste dugu Nafarroa Bain ez direla ikusten Aralarren proposamenak, EAJrenak baizik. Azkenik, nik uste dut ez direla arazo pertsonalak. Ezberdintasun politikoak baizik, ezberdintasun oso sakonak.

12

G. Herritarren aldetik kanpainan zer moduzko harrera ari zara jasotzen Iruņean? Mikel Etxaniz

E. Hedabideei dagokionez, pentsatzen dugu herritarrei kendu zaiela aukera gure programa ezagutzeko (Iruņea kolorez bete nahi duen programa, orain dugun Iruņea gris honetan). Baina hutsune informatibo horrek badu kontrako puntua, harrera oso ona izaten ari baikara auzoz auzo egiten ari garen ekitaldi guztietan. Ekitaldi jendetsuenak izaten ari den alderdia garela uste dugu.

11

G. Egun, Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarrak 0euroko subentzioa du. EAEk irabaztekotan subentziorik izanen du NEDBk? dantzaria

E. Bai, noski. UPNk azken zortzi urteetan eraman izan duen politika, herri kulturari dagokionez, erabat errepresiboa izan da. Polizia erabili izan dute, bai eta errepresio ekonomikoa ere. Ildo horretan, gure programan dago gure kulturaren sustatzea, maila guztietan (kolektibo guztien parte-hartzeari dagokionez, eta beharrezkoak diren azpiegiturak eta baliabideak emateari dagokienez).

10

G. hain zaila al da zuentzat eta-k duen jokabidea gaizki dagoela esatea, eta soberan dagoela onartzea? iņaki

E. EAE-ANVren estatutuetan argi dago bortizkeriari buruz duen iritzia. Bertze aldetik, ezker abertzaleak argi utzi du jarrera irmoa baduela prozesu demokratikoa aurrera eramateko. Zer da orain eskatzen zaiguna? Gure ustez, aitzakia gisa erabiltzen dute bertze edozein alderdiri eskatzen ez diotena, gure porrota eta gure umiliazioa lortzeko.

9

G. Goizean eman dute inkesta honen berri: UPNk 13-14 zinegotzi aterako lituzke Iruņean, NaBaik 8-9, PSNk 3-4 eta ANVk 1-2. Cies-ek egindakoa da. Sinesgarria emaitzak? Mireia Lopez

E. UPNrenak sinesgarriak dira, ez baitute gehiengo osoa lortuko. Baina ez dira hain sinesgarriak NaBairenak, PSNrenak eta IUrenak. Beraz, baieztatzen da benetan PSNk botoak galduko dituela (UPNk kenduko dizkio; kopiaren eta originalaren artean originala nahiago izaten baitu jendeak) (ezkerretik, NaBaik botoak kenduko dizkio PSNri); eta inkestak baieztatzen du ANV izanen dela gehiengoa osatzeko giltza. bertze zenbait inkestetan, adibidez, ez digute ordezkaritzarik egokitu. Argi dago gure botoak benetako aldaketa ekartzen ahal duela.

8

G. San Fermin bezperan aterako al duzu ikurrina udaletxean? Txomin

E. Gure ustez Iruņeko udaletxean ordezkaritza izan behar dute ideia guztiek, eta ideia guztien sinboloek egon behar dute hor, gure hirian dagoen aniztasunaren isla.

7

G. Ez al zaizu iruditzen EAJk esku hartze handia eta interes handiak dituela NABAI koalizioan? Antton

E. Bai, oso garbi ikusten da, aurreko galderan erran izan dudanez.

6

G. Benetan uste al duzue Nafarroa Baik EAJ-PNVri lana egiten diola, lehengo egunean Berriozarko hitzaldian aditu nuen bezala? Aralarrek hainbesteko kritika merezi dituela uste duzu? Ez al litzateke hobe izango euskaldunen kontra lan egiten dutenei aurre egitea eta abertzale eta ezkertiar direnekin elkarlana egiten saiatzea? ahaidea

E. Bai, gure ustez Nafarroa Bairen politika gidatzen ari dena EAJ dela, eta hori argi ikusten da abortua, AHT eta Itoizko urtegia bezalako gaietan. Eta marko politikoari dagokionez, EAJk argi utzi du marko horri eutsi nahi diola, eta Nafarroa Baik barneratu du hori. Nire ustez, Aralarri egiten dizkiogun kritikak politikoak dira, guztiz. Gure hauteskunde esparrua, bere ertzetan bederen, berdintsua da; eta, horregatik, saiatzen gara programa politikoak erkatzen. Eta egiten ditugun kritiketako asko egiten ditugu gure bazterketarekiko isiltasun konplizea izaten dutelako eta hauteskunde hauetako iruzurra onartu dutelako. Batzea batze soilagatik ez du zentzurik. Elkartu behar baldin badugu, proiektu komunen inguruan egin behar izanen dugu, gizarte honek benetan eskatzen duen aldaketa egiteko (eta horrek ez du erran nahi kargudunen izenak bakarrik aldatzea).

5

G. Iruņeako Udaletik UPN botatzeko, Nafarroa Bairekin akordioren bat egiteko aukera posible ikusten al duzu? Eta beste alderdiren batekin? Napar

E. Guk beti ateak zabalik utzi izan ditugu gehiengoak osatzeko Iruņeak eta Nafarroak ezkerretik benetako eraldaketa izan dezaten. Horrek erran nahi du, gehiengo hori osatzen ahal dela baldin eta Nafarroa Bai benetan jarrera ezkertiarra eta abertzalea badu. Eta ez da hori kanpaina honetan ikusten ari garena. Ikusten dugu apostua egin dutela egungo marko juridikoari eusteko, eta horrek ez du benetako aldaketarik ekarriko Nafarroaren ibilbidean. Betikoa da. Uxue Barkosi entzun izan dizkiogun adierazpenek ez dute zerikusirik ezkerreko benetako aldaketa batekin. Ezin izan ditugu, eztabaidetan, gure ideiak haien ideiekin kontrajarri, eta uste dugu haien programak ez liokeela eutsiko kontrajartze horri. Adibidez, zain gaude Barkosek iritzia ematea AHTren inguruan (kostu ekologiko eta sozial handia izanen baitu, Itoizko urtegiarena baino handiagoa, Iruņea jotzen du proiektu horrek eta Madrilen proiektu horren defendatzaile sutsua izan da). Emakume den aldetik, gustatuko litzaiguke Barkosek bere iritzia ematea abortuaren inguruan, izan ere Nafarroako emakumeoi eskubide hori urratzen zaigu. Gai gehiago: Itoitz eta Nafarroako Ubidea, Castejongo zentralak... Funtsean, Iruņea eta Nafarroa jotzen duten proiektu handiak. Gure ustez, ez dute haiendako alternatibarik. Beraz, ateak beti zabalik ditugu, baina benetako aldaketa politikoa lortzeko (nafarrei erabakitzeko ahalmena ziurtatuko liokena) eta aldaketa soziala lortzeko.

4

G. Hauteskunde hauetan zer da jokoan dagoena?EAE-ANVren aldeko bozkak zertarako balio dezake? Haritz

E. Ez dago jokoan erakundeetan egotea, baizik eta jokoan dugu herri honetako sistema demokratikoa, bai eta prozesu demokratikoa ere. Ildo horretan, EAE-ANVri botoa ematea baiezkoa ematea da erakunde demokratikoei, prozesu demokratikoari, bakeari eta gizartearen eraldaketari (ezkerraren ikuspegitik).

3

G. Udal hauteskundeetan, Hego Euskal Herriko biztanleen %70ek-edo ez du zuei bozkatzeko aukera izango eta foru hauteskundeetan ia inork ez. Merezi al dizue horrela aurkeztea?

E. Ez da gure aukera izan baldintza hauetan aurkeztea, baina pentsatzen dugu gure bozka garrantzitsua dela, eta hor egotea garrantzitsua dela, eta hauteskunde hauetan egotea inoiz baino garrantzitsuagoa dela. EAE-ANVri botoa ematea prozesu demokratikoari bultzada emateko balio izanen baitu, herriari utziko baitio bere etorkizuna erabakitzen eta bakea lortzen. Horregatik, bai, benetan inportantea da hauteskunde hauetan botoa ematea, ez erakundeetan egoteagatik, baizik eta boto horrek balio duelako baiezko biribila emateko erakunde demokratikoei.

2

G. 1.- Zure alderdiak kudeatuko duen Administrazioak noiz eskainiko ditu zerbitzu guztiak euskaraz? Eta noiz lan egingo du euskaraz? 2.- Administrazioak aurrekontuaren zer portzentaia erabiliko du euskararen normalizaziorako? 3.- Zer aldaketa egingo ditu corpus juridikoan? Udalak euskararen aldeko arautegi edo ordenantzarik ezarriko du, edo daudenak hobetuko ditu? Kontseilua

E. Guk hamaika aldiz erran dugu corpus legala aldatu nahi dugula, eta ofizialtasuna nahi dugula lurralde guztietan. Iruņeko Udaleko euskararen ordenantza goitik behera aldatu behar da; pobrea da, ez du balio gizartearen eskaera atenditzeko eta, gainera, ez dira aplikatzen ari. Gure asmoa da ordenantza berri batekin eta legearekin lortzea Iruņea euskararen hiriburua izatea. Udalaren ardura da zerbitzu guztiak euskaraz ematea, eta horrek eskatzen du erroko aldaketa egitea euskararen inguruan egiten ari diren politika guztietan. Ez da aurrekontuetan portzentaia ezartzea, baizik eta aztertzea diskriminazio positiboko zein politikak ezarri behar diren, eta horiek eskatzen duten dirua erabili beharko da. Beraz, aurrekontuetan, lehentasuna lukete euskararen aldeko politikek.

1

G. Zer deritzozu, Conde Punpidok eginiko azken deklarazioei buruz, non bertan, "damutu" egiten den edo hobekiago esateko non onartu egin duen, EAE-ANVrekin pasa egin direla? Xa2

E. Conde-Punpidoren adierazpenek baieztatu dute orain arte erran izan duguna. Benetan hauxe Guantanamo elektorala dela, ASBren eta ANVren zerrendak baliogabetzeko erabili dituzten arrazoiak politikoak direla eta ez juridikoak, eta Estatuaren Fiskaltza kargu politikoa dela, alderdi politiko batek (PSOEk) erabakitzen duena. Beraiek jakinen dute zertan ari ote diren. Lotsagarria da halako adierazpenak Fiskal Nagusia den magistratu baten ahotik entzutea.