Azken elkarrizketa

Markel Olano

Markel Olano

EAJ-ren Gipuzkoako Batzar Nagusietarako zerrendaburua

2007-05-24 - 12:00

 Erantzundako galderak

17

G. Eskerrik asko, Markel, BERRIA.INFOko elkarrizketa digitaletan parte hartzeagatik. Hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Mila esker guztiei izan duzuen harreragatik. Gaizki esandakoa barkatu eta, badakizue, hauteskunde kanpainan gaudela, zuen botoa eskatzea tokatzen zait. Izan ongi.

16

G. Azken urteotan Gipuzkoako Foru Alduniak diru laguntza ugari eskeini dizkio errealari. Errealeko agintarien kudeaketa kaxkarra etengabe diru publikoz konpontzea onartezin deritzogu batzuek. Ez al duzu uste kirol askok diru laguntza premia handia dutela, instalakuntza aldetik batez ere? Tartalo

E. Zorionez, Gipuzkoan oso aberatsak gara kirolaren ikuspegitik. Kirol desberdinetan hainbat talde dugu goi-mailan. Datorren legealdiari begira, guztiei babes egokia eskaintzea da gure konpromisoa. Eta arlo honetan emakumeen taldeei babesa gehitzea ezinbestekoa iruditzen zait. Realaren egoera zein den ikusita, une honetan salbazioa beste konturik ez daukat buruan. Eta onartu beharrean gaude Realak gipuzkoarron ordezkaritza oso era txukunean egin duela orain arte munduan, eta paper hori onartu egin behar zaio.

15

G. Gure bailara gaur egun Donostialdera edo debagoienara joateko ondo dago, baina noizko Goierri alderako (N-1)erako bide egokia? urolatarra

E. Gure lurraldeak errepideen inguruan egin duen ahalegina ikaragarria izan da. Jarraitu egin beharko dugu ahalegin horrekin, baina gero eta pisu handiagoa izan beharko du garraio publikoaren aldeko apustuak gurean. Goierri eta Urolaren arteko loturak hobetu egin beharko dira, baina auto partikularraren erabilpena murrizten joan beharra daukagu pixkanaka.

14

G. Zer egiteko prest dago PNV ilegalizazioaren inguruan gutxiago hitzegin eta gehiago egiteko,hau da, udaletxeetan herritarren hitza errespetatua izateko? ESKERRIK ASKO Jon

E. Lehenago esan dudan bezala, bakearen eta normalizazio politikoaren aldeko jarrera irmoa daukagu. Alderdien Legea normalizazio politikoaren kontrako erasoa da. Baina ez da bakarra. Askotan batzuek arazoaren atal bakar bati eusten diote, eta guk arazo osoa konpondu nahi dugu. Hori da gure konpromisoa.

13

G. Eguerdi on Markel, Zure burua independetistatzat jotzen al duzu? Mila esker bai ala ez erantzuteagatik. Sergio Monedero

E. Gure alderdia Euskadiren independentzia lortzeko jaio zen, eta, beraz, zure galderari erantzunez, bai. Edozein kasutan, hitz egin beharko genuke independentzia kontzeptuaz, eta bati baino gehiagori galdetuko nioke inpendentista izateak Europako Batasunetik irteteko jarrera esan nahi duen. Ikusten den bezala, gauzak ez dira horren errazak, eta etiketak horren erraz jartzea ez da, agian, jarrerarik eraikitzaileena. Gainera, beti esaten dudan bezala, harrokeririk gabe EAJk eta bere sortzaile Sabino Aranak dute abertzaletasunaren coppyright-a eta nik ez diot beste inori ametitzen abertzale karneten banatzaile ofiziorik. Ezta, noski, gure alderdiari ere.

12

G. Egun on Markel. Gipuzkoan energia berrerabilgarrien portzentaia %5-aren inguruan kokatua dago momentu hauetan. Nafarroan %50 baino handiago dela kontutan hartuta, Gipuzkoan egitekoa handia da hurrengo legealdian. PNV aldundiko buru bezala mantenduko balitz, 2011rako energia garbiak ze portzentairaino igotzeko konpromezua hartuko du zure alderdiak? Julen

E. Energia berriztagarrien aldeko apustua barru-barruan daukat. Ni guztiz bat nator Al Gorek egiten duen azterketarekin eta CO-2ren igortzea kontrolatu behar dela esaten dutenekin. Baina Gipuzkoak ez du Nafarroak duen espaziorik, ezta orografiarik ere. Aipatzea besterik ez dago eoliko berriak eraikitzeko planek gurean izaten dituzten kontrako jarrerak. Edozein kasutan, energia berriztagarrien apustua datorren legealdian gure lehentasunetako bat izango da.

11

G. Zeintzuk dira zure asmoak euskara eta euskal kulturarekiko? Lorea

E. Euskararen normalizazioaren ikuspegitik gure helburu nagusia da euskal gizartean elebitasun erreala iristea. Horretarako, lehen aipatu dudan bezala, erabileraren apustua da gure erronka nagusia. Euskal kulturaren ikuspegitik, kultur produktuen sorkuntza, ekoizpena eta hedapena dira helburu nagusiak, eta horretarako euskal kulturgintzak duen azpiegitura indartu egin behar dugu, bai enpresen eta baita komunikabideen ikuspegitik ere. Ikuspegi horretatik, Internetek gero eta garrantzi handiagoa izango du hedapenaren politiketan.

10

G. Imaz eta Egibarren arteko ika-mikek zein eragin izango dute EAJrengan? Hausturarik gerta daiteke? Ane Miren

E. Alderdi politikoaren baitan eztabaida egotea aberasgarria da. Niri kontrako eredua iruditzen zait kezkagarri eta arbuiagarria. Askotan PPren edo ezker abertzalearen baitan eztabaidarentzat lekurik ez dagoela iruditzen zait, eta hori politikaren eta demokraziaren ikuspegitik eskenategirik ilunena dugu.

9

G. Gure ondore arkeologikoa babesteko erakunde desberdinak daude baina batan eta besteen arteko eztabaidak dauden bitartean "arrixkuak" handitzen ari dira. Nola pentsatzen duzu hain urgentea den Praileaitz eta bere ingurua babestea? Praileaitzen laguna

E. Orain arte egin den bezala, Praileaitzen dagoen ondarea babesten jarraituko dugu, inongo zalantzarik gabe.

8

G. 1.- Zure alderdiak kudeatuko duen Administrazioak noiz eskainiko ditu zerbitzu guztiak euskaraz? Eta noiz lan egingo du euskaraz? 2.- Administrazioak aurrekontuaren zer portzentaia erabiliko du euskararen normalizaziorako? 3.- Zer aldaketa egingo ditu corpus juridikoan? Udalak euskararen aldeko arautegi edo ordenantzarik ezarriko du, edo daudenak hobetuko ditu? Kontseilua

E. Euskararen normalizazioaren ikuspegitik Gipuzkoako Foru Aldundiak egin dituen urratsak oso garrantzitsuak dira. Hemendik aurrera, bistan da, ahalegin horrekin jarraitu egingo dugu. Gure ikuspegitik euskararen normalizazioak une honetan duen erronka nagusia erabilerarena da. Kalean, enpresetan, aisialdian eta, noski, baita administrazioan ere. Asko dago egiteko baina egin diren aurrerapausoak onartzea ezinbestekoa iruditzen zait, era berean.

7

G. Ustelkeria kasu ugari argitaratu da azken boladan EAJren inguruan. Zein neurri hartuko ditu halakorik berriz gerta ez dadin? Fiskalitate neurriek dirutza handia ez jasotzea eragin du. Gipuzkoak aurre egin al diezaioke dituen erronkei fiskalitate politika horiekin? Ez al duzu uste asko duenak gehiago ordaindu behar duela? Patxi

E. Bi arazo desberdinen inguruan ari gara. Alde batetik, gipuzkoarren dirua lapurtu duenen kontra izan beharreko jarrera dago, eta hori guk barren-barrenean dugu. Azken muturreraino argitu behar dira ardurak eta, erortzen dena erortzen dela, ardura guztiak kitatu behar dira, bai arlo administratiboan, bai politikoan eta baita judizialean ere. Beste arazoa, zergen bilketaren ingurukoa da. Arlo horretan euskal Ogasunak orohar eta bereziki gipuzkoarrak lan bikaina egin dute orain arte eta azken urteetako errekaudazioak gero eta handiagoak dira. Asko egongo da hobetzeko baina emaitza horiek hor daude.

6

G. Zuk ere, Josu Jon bezala, Mariano Rajoy- rekin tratua edo paktua egingo zenuke? Andoni Etxaniz

E. Ez zait iruditzen inor baztertzea jarrera egokia denik. Nik ez dut baztertzen eta ez diot hitzik ukatzen ez PPri eta ezta ezker abertzaleari ere. Egia da Mariano Raxoirekin une honetan adostasunetara iristeko ez dugula aukerarik, nagusiki bake prozesuaren kontrako jarrera duelako eta gure herriaren erabakitzeko eskubidea errespetatzen ez duelako. Baina elkarrizketa ez zaio inori ukatu behar.

5

G. zer esango zenieke hauteskunde gauean PNV-ren garaipena ospatzeko independentziaren banderak astintzen duten horiei?erreferendun batean aukera horren alde botoa eskatuko zenukete? jaime alzugarai

E. EAJk une honetan duen apustu funtsezkoa Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea aurrera ateratzea da. Horretarako onartu genuen 2004ko abenduaren 30ean Estatutu Politiko Berria, eta horretarako bultzatuko dugu legealdi honetan normalizazio politikoaren ikuspegitik funtsezkoa izango den herri kontsulta. Etiketak alde batera utzita, hori da gure herriaren eskubideak defenditzeko biderik egokiena, nire ustez.

4

G. Zergatik nahi duzue AHT gauzatzea, honen alde arrazoi objetibo bakar bat ere eman ez duzuenean? eta ekarriko duen ondorio sozial,ekonomiko eta ekologikoak ikusiri.Zergatik burutu duzue plan guztia ahalik eta ixilen eta eskatu den informazioa eskutatzen edo ahalik eta beranduen ematen(informazioa ematea ez da www.yvasca.com, hori propangada da)?. Zelako interes ekonomikoa dituzue? Iņaki

E. Guk euskal Y-aren aldeko apustua egiten dugu hiru arrazoi nagusirengatik: 1. Europarekin herri bezala konexio egokia edukitzeko aukera eskaintzen digulako. 2. Euskal hiriburuen arteko lotura errazten duelako nabarmen. Beraz, Euskal Herriaren barne egituraketa sendotzen duelako. 3. Garraio publikoaren apustua egiten dugulako, bai errepideetako kongestioa gainditzeko eta baita ingurumenarekiko errespetu egokiagoa izateko ere.

3

G. Betidanik izan naiz Alderdiko botantea eta nere emaztea HB-koa. Semeak ere HB-koak ditut. Haien eskubidea boto emateko orduan ez dira errespetatzen eta hori ez zait zilegi iruditzen. Tentazioa daukat nuloa edo zuriz botatzeko. Zuri botatzen badizut, zerbait egingo duzu nire senideen botoak errespeta daitezen? Merezi al du Alderdiari botatzea? Josu Gomaio

E. Guk betidanik izan dugu Alderdi Politikoen Legearen kontrako jarrera irmoa. Ilegalizazioaren ardura nork duen ez naiz hasiko orain azaltzen. Niri ere ez zait iruditzen zilegi herri honen zati garrantzitsu batek ordezkaritzarik ez izatea. Hala ere, gure helburu nagusia bake eta normalizazio prozesua martxan ipintzea da, eta prozesu honen bidez gatazka armatu eta gatazka politikoaren espresio gaiztoenei konponbidea ematen saiatu behar dugu. Egia da ilegalizazioa herri honen elkarbizitzaren eta demokraziaren kontrako erasoa larria dela baina hauteskunde hauek ETAren itzala ere badute, eta EAJ dugu euskal gatazkari irtenbidea emateko alternatiba eta eredu argiena duena, nire ustez.

2

G. Euskadik (=Euskal Herriak?) Espainia kautibatu behar duela dio Imazek. Konbentzi nazazu mesedez EAJk tresna baliagarria izaten jarraitzen duela Europaren barruan Espainiaren edo Italiaren pareko egitura eta nortasun politikoa izango duen Herri bat osatzeko.Eskerrik asko aldez aurretik, eta zorte on kanpainan. Ibon

E. Gure alderdiak, Euskal Herriak inguruan dituen herriekin izan behar duen hartu-emana errespetuan oinarritzen du. Lehenik eta behin, herri bezala onartu, ezagutu eta errespetatu egin behar gaituzte. Hortik aurrera etorriko dira hartu-emanetan sakontzeak. Beraz, jaio ginenetik izan dugun helburuari eusten diogu; alegia, gure herriaren soberania osoa, kasu honetan Europaren ikuspegitik Europako gainontzeko estatuek duten estatus bera dugu helburu. Horrek ez du esan nahi Espainiarekin nahiz Frantziarekin enfrentamendua betiko mantentzea helburua dugunik, eta hor txertatzen dira gure alderdiko presidentearen hitzak.

1

G. Ez al da, guztien partetik, autokritika publiko gutxiegi egiten? Zertan zara kritikoa, adibidez, EAJ-k orain arte hogeitaka urtetan bultzatutako politikei dagokionean? andres

E. Arazoa konpontzeko autokritika ezinbestekoa da. Nire ikuspegitik, euskal politikariok orohar eta baita EAJkook ere, autokritika sakona egin beharra dugu gizartearekin orain arte izan dugun hartu-emanaren ikuspegitik. Nire ustez, hemendik aurrera gizartearen parte-hartzea bultzatu behar dugu, eta horrela egingo dugu, Gipuzkoarentzat funtsezkoak diren arlo guztietan.