Azken elkarrizketa

Miguel Torre

Miguel Torre

EH Bai koalizioaren hautagaia 5. barrutitik

2007-06-07 - 11:00etan

 Erantzundako galderak

19

G. Gaurkoz hau izan da guztia. Eskerrik asko, Migel, eta beste bat arte. BERRIA.INFO

E. Milesker gure ideiak esplikatzeko aukera eman didazuelako. Eta gora Euskal Herria Bai !

18

G. Sarkozyrekin gauzek okerrera asko egingo dutela uste duzu? Mikel

E. Badirudi baietz. Baina noizbait pasatu beharko da ametsetatik errealitatera, eta segur naiz modu batetik edo bestetik lortuko dugula Euskal Herriaren ezagupena.

17

G. Zer moduzkoak dira koalizio barruan alderdien arteko harremanak, bereziki, AB eta Batasunaren artekoak? Mari

E. ABk eta Batasunak aspaldidanik harreman jarraituak dituzte haien artean. Eta orain koalizioa egiteko bilkura anitz pasatu ziren, eta hor ikusi genuen helburu amankomun inportanteak genituela, eta helburu horiek salbatu behar zirela, esistitzen den Iparralde bat salbatzeko.

16

G. Zergatik kostatzen da hainbeste Iparraldean abertzaleen mezua txertatzea? Zer irakurketa egiten duzue zailtasun historiko horretaz? Alazne

E. Alde batetik, jakin behar da Frantzian dugun jakobinismoa oso inportantea dela. Bestaldetik, Ipar Euskal Herriak ez du inolako aitorpen instituzionalik, beraz ez du mediorik bere nortasuna eta bere izaera garatzeko. Azkenean, saldo naturala negatiboa da, baina saldo osoa positiboa da, kanpotik etortzen direnen ondorioz. Eta hor problema handia dugu. Euskal Herria bilakatu da hirugarren eta laugarren adineko aberatsen eta ez aberatsen leku izugarria, haien erretreta pasatzeko. Eta ez da erraza jende horiei pasatzea guk ditugun ezberdintasunak.

15

G. Zer proposatzen du EH Baik etxebizitzaren aferarentzat? Etxe

E. SRU legeak udal bakoitzari inposatzen dio etxebizitzaren %20 sozialak izatea. Baina gehiengoak nahiago du isun bat pagatu, hori egin baino. Bestalde, harritzekoa da jakitea Angelun, adibidez, bigarren etxebizitzen tasa etxebizitza sozialen tasa baino askoz handiagoa dela. Etxebizitza behar duten 5etik 4ek etxebizitza sozialaren eskubidea badute. Gure koalizioak proposatzen duena da eraikitzen diren programa imobiliarioetatik, %50 edo 60 gordetzea etxebizitza sozialentzat. Bestaldetik, lurraren prezioaren presioa hain inportantea denez, udal bakoitzak lur erreserba bat egin behar du, segurtatzeko etxebizitza sozial horiek eraikiak izanen direla. Azkenean, ez badugu espekulazioa debekatzen edo koadro batean ezartzen, ezin izanen dugu erantzunik eman.

14

G. Hauteskunde garaia da Euskal Herri osoan, hilabete garrantzitsua alderdi abertzaleentzat... ETAren erabakia ulertzen duzu ? xantxo

E. Ulertzen dudana da bestaldean zegoen prozesuak porrot egin duela, eta su-etena zegoen garaian ezker abertzaleak sentitu duela ez bakarrik prozesuaren bidea porrotera etortzen zela, horrez gain Estatuek, beren ekintzekin (auziak, talde politiko demokratikoen ilegalizazioak, presoak ez hurbiltzea eta abar) porrot hori nahi zutela. Hori erran eta, ETAren erabakia berri txarra izan da.

13

G. Hegoaldetik ari natzaik,ze aukera daukazue zuen aldeko bozkak zenbat diren jakiteko. Zuek herritarrekin hartu emanak ukaiteko ze leku betetzen du euskarak ez soilik aipamenetan baita ere mitinetan,idatzizko propagandan etabar. kepa

E. Ez dakit zenbat bozka izanen diren. Igande arratsean jakinen dugu. Euskarari buruz, gure publizitate osoan, mitinetan eta jendeekin ibiltzen garenean, aitzinean dugun pertsonaren arabera erabiltzen dugu behar den hizkuntza. Plaketetan bi hizkuntzak erdiz erdi daude. Baina mezua pasarazi nahi badugu errateko Euskal Herriko hizkuntza euskara dela, mezu hori frantsesez pasarazi behar dugu, besteek badakitelako jadanik.

12

G. Zer da zure iritzia koalizioaren etorkizunari buruz, hauteskundeak pasatu eta? Mariana

E. Koalizioaren helburua izan da gure herriaren aitorpena. Hiru taldeen artean harremanak oso onak eta sakonak izan dira eta dira, ikusiz preseski lortu behar ditugun helburuak zatitzen gaituztenak baino inportanteagoak direla. Beraz, segur naiz, hauteskundeak pasatu eta, elkarrekin segituko dugula, gure herria eraikitzen.

11

G. Zein dira zure ustez egun Ipar Euskal Herriak dituen arazo nagusiak? Non jarri behar dira indarrak? Madalen

E. Euskal Herriaren arazo nagusia da bere errealiatearen ezeztatzea eta hemendik ateratzeko medioak ez izatea. Pentsatzen dut indarrak jarri behar direla bakoitzak bere eremuan (unibertsitatean, lanean, bizi sozialean) errealitate hori eraikitzeko.

10

G. Zer iritzi duzu ETAk su-etena eman zuenetik hautsi duen arteko hilabeteetan alderdi politikoek izan duten jokabideari buruz? Sabino

E. Nik dakidana bakarrik, ezker abertzaleko negoziatzaileek eginahalak egin dituztela prozesu horri erantzun egokia eta gure herriak behar zuenaren araberakoa emateko.

9

G. Estatu frantsesaren barne dauden estabaidak (etxebizitza, inmigrazioa, pentsioak) edo bertako estabaidak (2x2a, Laborarien ganbara, departamendua). Zein gailenduko da bozka emateko unean? IURGI VIDAL ARREGI

E. Pentsatzen dut Berdeak eta gutaz kanpo, besteak joanen direla bozkatzera interes frantsesak ikusirik, eta berriz izanen dela sasi-demokrazia bat. Frantziako Legebiltzarrera joateko, politikoek ez diote lehentasuna holako problemei ematen. Gure hautesbarrutian beharbada garraioen azpiegiturei (autobidea, AHT…) emanak izan zaizkien erantzunek eragina ukanen dute botoetan.

8

G. ETA.k su etena haustea kalte egingo dio EHbairi hauteskundetan ? Joxemari

E. ETAren su-etenaren haustea oso tristea izan da denentzat. Hemengo medio batzuk ari dira amalgama egiten ETAren su-etenarekin eta EH Bai koalizioarekin. Aldiz, erran behar da koalizioa dela molde on bat, ikusiz barnean direla EA, AB eta Batasuna, irudikatzeko zerbait demokratikoki egiten ahal dela, elkarrekin garenean oinarrizko problemei erantzuteko. Bestaldetik, koalizioak duen programa da onartzea hemen herri bat dugula, herri horrek behar duela instituzio berezi bat medioekin, eta horri buruz segituko dugu elkarrekin, bide demokratiko batean.

7

G. uste duzu,iparralderako departamentuaren aldeko aldarrikapena gauzatzea posible dela,estatu frantsesak gai honen aurrean daukan jarrera ikusita? eta bigarrenik, ze eragin dauka hego euskal herrian bizi dugun egoera aldrebestuak arestian aipaturikoa gauzatu ahal izateko? joseba

E. Euskal Herria Bai-k proposatzen duen programan baieztatzen dugu hemen herri bat badela, eta herri honek behar duela bere instituzio propioa, behar diren botereekin eta medioekin. Badakigu Frantziaren zentralismoak ez duela instituzio bat emanen, eta beraz, lortu behar ditugu medioak hori eskuratzeko. Eta medioak dira guk bakoitzak egiten dugun arlo guztietan aldarrikatzea hemen Euskal Herri bat dela eta, beraz, instituzioa behar dela. Segitu behar dugu eraikitzen orain arte eraiki ditugun gauzak: Herrikoa, Laborantza Ganbera… Guk aldarrikatzen duguna da instituzio propio bat. Departamendu baten eragina litzateke gure lurraldetasuna markatzea, adibidez. Baina behar dugun instituzioa muntatu behar da, preseski, lurralde horretan. Departamendu baten izateak ez du eraginik ekarriko, beharbada, besterik gabe joaten bada, ez baditugu medioak gure sozietatea antolatzeko eta gure nortasuna zabaltzeko eta baieztatzeko.

6

G. Noiz lortuko dute abertzaleek diputatu bat ? Joseph

E. Egiazko demokrazia izanen denean Frantzian eta Euskal Herriarentzat onarpen instituzionala izanen denean.

5

G. hautagai ez abertzale anitzek dio, Frantziak, hizkuntza minorizatuen karta izenpetzearen alde dela. Alta, epaileek, argi utzi zuten, Konstituzioa aldatu behar dela horretarako. Ez al da promesa elektoral hutsa? Nola egin euskara benetan bultzatzeko? eneritz

E. Hautagai ez abertzaleak ez dira hainbeste izan hizkuntza gutxituen agiria izenpetzearen alde. Guk pentsatzen dugu, horrez gain, oso borroka inportantea dela euskararen koofizialtasuna. Eta euskara benetan bultzatzeko, lehenik eta behin, inportanteena da mintzatzea, ikastea eta mobiliazizioarekin segitzea, bai kartaren izenpetzeko, bai koofizialtasuna lortzeko.

4

G. Uste duzu egokia litzatekeela Euskal Herria Bai hurrengo udal hauteskundeetan ere aurkeztea? Lourdes Agirre

E. Bistan da. Gure koalizioaren asmoa da iraunkorra bilakatzea, eta ikusiz udal hauteskundeak inportanteenak direla guk eramaten dugun programa hor baliatzeko, bai, elkarrekin izango gara.

3

G. Orain dela gutxi Frantziako presidentzialak izan dira. Nori eman zenion botoa zuk? Miren Lopez

E. Bigarren itzulian abstentzioari eman nion nire botoa.

2

G. EAJ zuen koalizitik kanpo geratu da. Nola baloratzen duzu jelkideen jokabidea? Jakes Amenabar

E. EAJk, programaren oinarria gurekin adostu eta, deliberatu zuen koaliziotik kanpo izatea. Eta, azken finean, horrek ez dio kalte anitz ekartzen koalizioari. Horrela pixka bat libreago gara gure programak dituen arlo sozialak pasarazteko.

1

G. Zein portzentaia izan liteke egokia EH Bairentzat Iparralde osoan? %10? %15? Lander Arizti

E. Ikusiz gure koalizioa dela Ipar Euskal Herriarentzat euskaldunen beharren araberako irtenbidea proposatzen duen bakarra, egokia litzateke %100 izatea ! Baina % 15era heltzen bagara, horrek erran nahi du gure mezuarekin ados izan dela gure herriaren parte handi bat.