Azken elkarrizketa

Rober Gutierrez

Rober Gutierrez

Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria

2007-06-19 - 12:00

Hilaren 14an hartu zuen Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Ziurtagiria kudeatzeko ardura. Orain arte Kontseiluak izan du ardura hori. 2000an sortu zuten ziurtagiria, eta gaur egun 1.500 eragilek daukate.

 Erantzundako galderak

17

G. Eskerrik asko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Mila esker parte hartu duzuen guztioi! Laster arte.

16

G. Jendeari gustatu zaio ziurtagiriaren logotipo berria? Neri bai. Bizia da. Nerea (Laudio)

E. Pozten naiz. Saiatu gara Ziurtagiriaren Elkartearen sorrerarekin batera irudia ere egokitzen. Laster hasiko gara kalean ikusten.

15

G. Ziurtagiria erdiesten dutenak, benetan beren betebeharrak betetzen dituztelakoz izaten ote da? Ikastoletatik ere tituluarekin ateratzen direnekin bezala ez ote da gertatuko? Zeren, jakin beharko baikenuke zenbat eta zenbat ikasle tituludun, 14 arte euskaraz ikasi ondoren, ulertu ere ulertzen ez duten gure hizkuntza lardaskatzeko ere gauza ez diren. Enpresa tiludunetan hori bera gerta ez dadin neurririk hartu al duzue? Garbi eta leial jokatu beharko luteke enpresak. Orain arteko esperientzia nolakoa izan da? Jon

E. Neurriak jartzen ditugu hori ez gertatzeko, baina egia da halakoak geratzen direla. Etengabeko hobekuntzaren bidez saiatzen ari gara konponbideak jartzen, eta kudeaketa zein ebaluazioaren irizpideak zorrozten. Ziurtagiriaren Elkarteak eskertuko luke halako iruzurrik antzemanez gero, jakinaraztea.

14

G. Iņaki Azkunari inoiz eskeini diozue Bilboko udalak Bai Euskarari Ziurtagiria izatea? Jose Mari

E. 7 urte hauetan ez dugu Ziurtagiria administrazioaren artean sustatu... baina, ideia apuntatuko dut...

13

G. Noizko 10.000 ziurtagiri? Joxe

E. Euskararen normalizazioak azkartze bat behar du eta horretarako erabaki garrantzitsuak hartu behar direlakoan nago. Elkarlanaren bitartez, berehala lor daiteke erronka.

12

G. Ze onura ekarri diote 1500 eragile hauek euskararen hedapenari ezagutzari motibazioari,erabilerari hitz batez euskararen sendotzeari ari natzaizue "ziutagiria"delakoak jaso dituztenei. Zergaitik izendatze hori ematen zaie heuren lana erakutsi gabe eta,ez emaitzak garatu ondoren ??. Ziurtagiri hori ken dakieke delakoei betebeharra dutena egiten ez dutelako. kepa

E. Zure galderaren lehenengo parteari dagokionez, esan Ziurtagiriaren bitartez lortzen ari garen inpaktaren adierazleak prestatzea dugula erronketako bat. Bigarren parteari dagokionez, Ziurtagiria mailakatua da. Ziurtagiriaren Elkartearen helburua da aurrerapena inzentibatzea. Ziurtagiriaren 2. eta 3. mailak ('zerbitzua euskaraz' eta 'zerbituza eta lana euskaraz') lortu aurretik, entitateak frogatu behar du maila hori duela. Lehen esan dudan bezala, 5 irizpide daude eta horiek kontuan hartzen ditugu horretarako. Irizpideak bete ezean, 'bidean' maila dagokio entitateari. Ebaluazioaren bitartez, urtero-urtero frogatu behar dute helburuak betetzen ari direla.

11

G. Udal batzuk aldatu direla-eta (Nafarroan UPN kanpora batzuetan, Gipuzkoan ANVkoak alkate...), zer itxaropen duzue? Ane Lopez

E. Udal hauei, orain arte egin dugun bezalaxe, elkarlana eskaini eta eskatuko diegu. Kontuan izan behar duzu, herrietan Bai Euskarari Ziurtagiria hedatzeko estrategia elkarlanean oinarritzen dela; lehenengo eta behin, bertako euskalgintzaren iritzia kontuan hartuz eta, ondoren, Udalarekin batera elkarlana sustatuz.

10

G. Euskaldun batek ze ikusi behar du Bai Euskarari Ziurtagiriaren atzean? Joxe (Gasteiz)

E. Gizarteak, oro har, entitate horretan burutzen ari diren ahalegina ikusi behar du. Euskaldunok, gainera, ondo jabetu behar gara entitate horrek duen mailarekin. Euskararen normalizazioa erdiesteko garatzen ari den neurriak zeintzuk diren. Hau da, Ziurtagiriaren bitartez, jakin dezakegu finkatutako irizpide batzuen arabera, entitate horretan zerbitzua euskaraz ematen duten, barne funtzionamendua euskaraz duten edo, bestela, horietara iristeko bidean dauden.

9

G. Kaixo: Diru publikoarekin eginiko web gune helebidun askotan euskara erdipurdiko tratua izaten du. Askotan, euskarazko bertsioan funtzionatzen ez duten orriak egoten dira web gune barruan. Beste akats ohikoa da bilatzaileetan gaztelaniaz soilik azaltzen diren tituluak, azalpenak eta hitz-klabeak (EHU-ren web gunea adibidez). Edo beste adibide batzuk: gaztelaniaz soilik agertzen diren planoak, gaztelaniaz soilik ematen diren oharrak, gaztelaniazko bertsoietara eramaten duten euskarazko estekak... puntu batzuetan ikusi da aurrerapenak eman direla baina beste batzuetan ez. Pentsatu ahal duzue web guneentzat ziurtagiri bat ematea? Adibidez, orri irisgarria ikusten ari garela adierazteko erabiltzen diren moduko ikonoak? Karmele Arrratibel

E. Bai Euskarari Ziurtagiria sektore guztietako entitateei zuzenduta dago. Emateko garaian, gure teknikariek 5 atal aztertzen dituzte: 1) Langileen hizkuntza gaitasuna, 2) Irudi korporatiboa eta hizkuntza paisaia, 3) Bezeroekiko harremanak, 4) Barne harremanak eta 5) Informatikaren arloa. Beraz, webguneak ere kontuan izaten ditugu enpresa bati dagokion maila erabaki behar dugunean.

8

G. Zer aurrekontu izango du Ziurtagiriaren Elkarteak? Nondik jasoko ditu laguntzak? Bestelako zer diru iturri izango ditu? Txomin

E. Ziurtagiriaren Elkarteak 300.000 euro inguruko aurrekontua izango du 2007an. Finantziazioak hiru iturri izango ditu: entitateek Ziurtagiriagatik ordaintzen dutena, bazkide laguntzaileen kuota eta Kontseilua.

7

G. Azpeitiko Udalak bere ziurtagiria sortu zuen (HEBE). Bai Euskarari bazegoen ordurako bertan. Zer iritzi duzu? Nahastea al da? Azpeitiar bat

E. Bai Euskarari Ziurtagiria Euskal Herri osorako proiektu bat da, euskararen normalizazioa Euskal Herri osoan garatu behar delako.

6

G. 400 langileko tailer batek Bai Euskarari Ziurtagiria badu, zenbat ordaindu behar du urtean? Jakes

E. www.baieuskarari.org webgunean Ziurtagiriari buruzko informazioa duzu. Prezioari dagokionez, urteko, 400 langileko tailer batek 77 euroko oinarria eta langileko 11,75 euro ordaindu beharko luke: 4.777 euro urtean.

5

G. Beste inon ba al dago ziurtagiria bezelako proiekturik? Mirari

E. Bretoiak eta okzitanoak Bai Euskarari Ziurtagirian oinarritutako proiektuak bideratzen ari dira. Gurekin harremanetan jarri ziren eta gure esperientziaren berri eman genien.

4

G. Zergatik ordaindu behar da ziurtagiria edukitzeagatik? Martin Apeztegia

E. Ziurtagiria kudeatzeak baditu hainbat gastu eta horiek estaltzeko dirua behar da. Ziurtagiria ez da beste ezertarako diru-iturri. Are gehiago, Kontseiluak aurreko 6 urteetan beste finantzabide batzuk bilatu eta lortu behar izan ditu proiektuarekin segitzeko. Entitateek ordaintzen duten dirua, ehuneko ehunean, Ziurtagirian inbertitzen da: kudeaketaz gain, Ziurtagiria duten entitateen promoziora ere bideratzen da.

3

G. Obsesionatuta al dago Jaurlairtza Kontseiluarekin? Aintzane Saniz de Heredia

E. Nire ustez, ez luke egon beharko. Gizarte garatuetan, gizarte eragile eta administrazioaren arteko harremana dialektikan oinarrituta dago. Kritika eta ekarpenetan oinarrituta, gizarteak aurrera egiten du. Gure kasuan, euskararen normalizazioan aurrera egitea da helburua eta horrela ulertu beharko luke administrazioak.

2

G. Zer gertatu da Jaurlaritzak antolatu nahi zuen ziurtagiriarekin? Lander Agirre

E. Argitaratu diren berrien arabera, ematen du bi esperientzia pilotu garatu behar dituela. Hala ere, Lanhitz programaren lehenengo fasearen balantzea ez dugu ezagutzen. Iazko abendurako HPSk aurreikusi zituen 1.800 bisiten emaitza ez dugu ezagutzen. Gure ustez, martxan dauden 1.500 esperientzia, hau da, Bai Euskarari Ziurtagiria duten 1.500 enpresen esperinetza aintzat hartu behar da.

1

G. Eusko Jaurlaritzak euskararen sustapenerako ziurtagiri berri bat sortuko zuela iragarri zuen igaro den urtean. Publikoki behin baino gehiagotan elkarlanerako deialdia luzatu diozue Jurlaritzari. Ze nolako erantzuna jaso duzue? Elkarlanerako aukerarik ba al dago Ziurtagiriaren afera honetan edo bi ziurtagiri lehian izango ditugu? Cristina

E. Bai, hala da. Elkarlanerako deia egin diegu behin baino gehiagotan. Ziurtagiriaren Elkartearen iritziz arlo sozioekonmikoa euskararen normalizaziorako arlo estrategikoa da eta, estrategikoa den neurrian, elkarrekin landu eta garatzekoa da. Ahalegin guztiak ondo koordinatu behar dira prozesu honetan parte hartzen duten guztien artean: enpresa eta kooperatiba elkarteak, sindikatuak, euskalgintza eta administrazioa. Bikoizketak saihestu behar dira. Eta kasu honetan, 7 urtez arrakasta handiz garatzen ari den Ziurtagiriaren proiektuak abiapuntua izan behar du.