Azken elkarrizketa

Patxi Zabaleta

Patxi Zabaleta

Nafarroa Bai

2007-07-27 - 12:00

 Erantzundako galderak

23

G. Eskerrik asko, Patxi, elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik. Ondo izan, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko nik ere gonbidapenarengatik, eta nahi duzuen arte.

22

G. Zeu ere Autonomia Estatuaren aurka egon zinen eta oso kritiko zinen lurralde zatiketarekin, ez egin orain betiko autonomistaren planta. Galder Martinez

E. Idazteko ohitura dugunok idatzita uzten ditugu gure iritziak eta irizpideak. Ni zer naizen eta zer izan naizen idatzita dago, eta ez naiz horretan eztabaidan orain 'txat' batean hasiko.

21

G. Nafarroa bai Iruņeko Udalean ANVrekin elkarlanean aritzeko asmoa al duzue alde biek? iruindarra

E. Nafarroa Baik Iruņeko Udalean alderdi guztiekin elkarrizketan eta bereziki oposizioan daudenekin lan egiteko asmoa du. Iruņeko Udaleko oposizioak gehiengoa duela ezin da ahaztu, Nafarroa Bairen zortzi, PSNren lau, eta ANVren bi zinegotziekin. Baina ez dira beti bat etortzen oposiziokoak, eta ez da beti hori gertatu Nafarroa Bairengatik.

20

G. Fraga Iribarne aipatu duzula, ez al duzu uste epaitu egin beharko luketela transizioan egindakoengatik. Ez al zenuen nazka sentitu bera ikustean. Argentinan etxean egongo zen, arrestopean. Leontxo

E. Uste dut epaitua izan behar zuela gauza askorengatik, eta uste dut bera dela Espainiako trantsizioa gaizki egin eta itxi izanaren adibiderik garbiena. Argentina ez dakit eredu ona den, baina hemengo trantsizioarekin oso kritikoa naiz, eta Jurramendiko, Gasteizko edo Joxe Arregiren adibideak aipatzeak ez gaitu asetzen.

19

G. Epe motzean ikusten al duzu posible ezker abertzale edo autodeterminista anitz eta zabal baten sorrera; ez alderdi baten baina bai mugimendu edo aliantza gisa (Batasuna, Aralar, Zutik, Ezker Gogoa, Ezker Batua, EAko sektore batzuk...)? Joxe Azpiazu

E. Ezker abertzale oso bat, galdetzen zaidan osagarri horiekin edo agian gehiagorekin, noizbait eraikiko dela ez dut zalantzarik. Eraikitze horrek erditze oinazeak eragiten dituela ere ongi nozitua naiz. Erditze hori galarazten edo oztopatzen duena indarkeriaren arazoa oraindik konpondu gabe egotea dela uste dut.

18

G. Kaixo Patxi: zer liburu ari zara irakurtzen egun hauetan? eta ari al zara nobela berririk idazten? Xabier Azkarate

E. Ez naiz nobela berri bat idazten ari, baizik eta nire azken nobelaren erdarazko itzulpena zuzentzen edo azken orrazkurak ematen, eta ipuin bilduma bat tajutzen, aspaldian egindako lan mordoarekin. Irakurri, berriz, azkenik, Jon Alonsoren lantxo bat, nahiz eta puro bat erretzea noizbehinka atsegin zaidan.

17

G. Irauli ildoa sortu da Aralarren "ezker polo subiranista" sortzeko eragiteko eta ezker ikuspegi eraldatzaile bat sustatzeko, ez pragmatiko edo elektoral hutsa. Nola ikusten duzu? Josu

E. Ildo politiko onargarria ezezik ekarpen oparoa egiten duen erkide edo militante multzoa dago Irauli ildoan. Ezkerreko lan metaketa, abertzalegoaren baitan egitea zeregin izugarri garrantzitsua da eta gainera etorkizun handikoa. Zeregin horrek nahitaez oinarri politiko sendoak eta erantzun politiko ausartak izan beharko ditu, eta horien artean zalantzarik gabe bide politiko soilen eta bakarren onarpena eta aldarrikapena.

16

G. Zer iruditzen zaizu Hegoaldeko lau herrialdeak bilduko lituzkeen autonomiaren proposamena? Miren Lopez

E. Ongietorriak autonomiaren defentsara hainbeste arbuiatu ondoren etorri berriak. Baina iritsi berriari dagokiona da entzutea, ikastea, eta lehendik daudenekin bat egitea. Euskal Herriko lurraldetasunari erantzun politiko eta demokratiko sakona eman nahi bazaio, gauden egoeratik edo tokitik abiatuta baino ez zaio emanen, errealismoak hori agintzen duelako. Horrek ezinbestekoa du Iparraldearen eta Nafarroaren erabaki esparru izatea onartzea, Euskal Erkidego Autonomoarena onartzea duen bezala

15

G. Sanferminetan piztuta izan al zenuen telefono politikoa? Hala bada, jo al zuen? Eta karrikan galdu izan bazenu... Mikel Etxaniz

E. Bai, piztuta neukan telefonoa, baina galdera baldin bada ea Purasek deitu zidan, erantzuna da ezezkoa. Uztailak 5ean bukatu genuen programaren oinarri politikoen eztabaida, eta geroztik 16ean deitu zidan hurrengo aldian.

14

G. 60 urte egin dituzu aurten. Betitik zabiltza politikan. Noiz arte, jakin badaiteke? Txomin

E. Batzuek nahi duten baino gutxiago, eta beste nork edo nork nahi lukeen baino gehiago jarraituko dut politikan. Edozein kasutan ere, politikan, abokatu eta idazle lanetan ari direnak ez omen dira inoiz jubilatzen, eta egia esan, harrituta geratu nintzen joan den otsailean Madrilera mahai inguru batera joan eta aurreko aldean, entzule moduan, Fraga Iribarne bera ikusi nuenean...

13

G. Badirudi PSN-rekin Gobernua osatzeko aukerak ahitu direla. Zein izango da Nafarroa Bai-ren jarrera edo lan-ildoa oposaketatik? Zein dira lehentasuna izango duten gaiak? Mikel Zabaleta Aramendia

E. Ez dugu etsiko osotara abuztuak 18raino, egun horretan bukatzen baita gobernu berria eraikitzeko epea. Bitarte horretan, gure eskaintzak mahai gainean dirau. Hala ere, oposizioan geratzen bagara, saiatuko gara gauzak beste modu batera nola egin litezkeen adierazten eta proposatzen, eta baita ere, legokeen gobernuari ahalik eta kontrolik zehatzena egiten. Lehentasuna izanen duten gaiak gure egitarauan edo programan dagoen moduan, politika sozialak izanen dira.

12

G. Zure ustez, hobeto al legoke gaur Euskal Herria, ETA inoiz existitu izan ez balitz? Eta honen harira, zein baldintzatan da zilegia herri batek borroka armatua erabiltzea? Eskerrik asko. juhda

E. ETAren sorrera arrazoi edo eragin politikoen ondorioa dela ezin da ukatu, eta ezta ere bertan sartu direnen arrazoia edo akuilatzen dituen indarra politikoa dela. Hori dena horrela izanik, gaur egun eta aspalditik ETAren jardunak ez dio mesede baizik kalte egiten Euskal Herriaren herri bezalako etorkizunari. Baina arazo larri honek eskatzen duen konponbideak ezin ditu ahaztu kaltetuak eta beraien artean presoak. Bestalde, uste dut Europaren azken 10-15 urtetako historiak adierazten duela munduko alderik aurreratua den honetan independentzia indarkeriarik gabe lor litekeen helburua dela, eta, beraz, indarkeriaren erabilera gero eta gehiago ez bakarrik zilegitasunik gabe, baizik eta baita ere zentzurik gabe gelditzen ari dela.

11

G. Azkenean ez bada hiruko gobernu progresista ateratzen Nafarroan, aldatu beharko dugu Espainiako Kongresuan ZPrekin daukagun jarrera. Uxue Barkosek aldatu beharko du orain arte ZPrekin eduki duen tonu leuna. Lur Amantegi

E. Zalantzarik gabe, Nafarroako gobernu aurrerakoia ez osatu izateak aldatu eginen lituzke etorkizunean alderdi sozialistarekiko harremanak.

10

G. Ilusio handia sartu du sozilistak eta Nafarroa Baikoek gobernua osatzeko aukera. Ez bada sortzen, ez al duzu aukerarik ikusten lau urte barru Nafarroa Bai ahulago ibiltzeko? Pello Arizkuren

E. Badirudi gobernu hori ez balitz osatuko errua gehien-gehienek alderdi sozialistarena dela emanen luketela. Eta badirudi, ondorioz, Nafarroa Bai oposizioan geratuz gero, hazi egingo litzatekeela. Baina, hala ere, gure eginbeharra da dauden aukera apurrak azkeneraino agortzea, eta ez etsitzea azkeneko eguneraino.

9

G. Nafarroa Bai-k pentsatu al du zer nolako harremana izan nahi du Baxe Nafarroarekin eta, izan nahi badu, nola eginen du? Ni neu

E. Nafarroa Baik aldarrikatzen du Hegoaldeko Nafarroa erabaki esparrua dela politikaren arloan eta baita ere Iparraldea, osorik, beste erabaki esparru bat bilakatu dela denboran zehar eta gaur egungo gizartearen izateari jarraituz. Erabaki ahalmena, herri bati dagokiona, batzuetan esparru ezberdinetan gauzatu behar dela ohartu eta onartu behar du abertzelegoak bideragarria egitearen alde. Hori da denbora berriek eta Nafarroa Baik ekarri dioten haize berria euskal politikagintzari, besteak beste.

8

G. Zer deritzozu UPN-k PP-rekin Iruņean egindako manifestazioa ikusita eta PSN-k horren aurrean egiten ari dena? Iņaki Idoate

E. Penagarria. Uste dut Nafarroako alderdi sozialistako zuzendaritza ez dela jabetu oraindik PPk hemen duen ordezkaritza, hau da UPN, eskuin muturreko kutsua duen talde politikoa dela. Baina, aitzitik, alderdi sozialistako hauteslegoa eta erkidegoa, edo militantzia, gero eta jabetuagoa da horretaz eta gero eta gertuago dago Nafarroa Bairengandik.

7

G. Hauteskundeak errepikatu eta ezker abertzale handiak hautagaiak legalki aurkezteko aukera izango balu, zenbat diputatu gutxiago aterako lituzke Nafarroa Baik? Ekaitz Tolosa

E. Inkestek diotenez, Nafarroa Baik hauteskundeak orain errepikatuko balira gora eginen luke, eta ezker abertzale ofizialari ez diote orain baino emaitza hoberik ematen. Inkestak inkestak dira eta izenlagunak adjetibo hutsak.

6

G. Kaixo Patxi: Euskararen alorrean noraino iristeko aukera egon da sozialistekin? Zonifikazioa kentzeraino? Lander Agirre

E. Adostutako baina izenpetu gabeko hitzarmenean dioenez eskakizunei (hau da demandari) erantzun behar zaio hizkuntzaren politikan. Horretarako beharrezko balitz 1986ko legea aldatuz. Hori zen hitzartutakoa, eta ez da gure eskakizun osoa, baina ezta ere haien jarrera. Gero, dinamikak esan beharko du hizkuntzaren arloan beti gertatzen den bezala.

5

G. Zorionak emaitzengatik. Non egon da giltza? Baztandik

E. Nafarroa Bairen erakarpena da ezberdinen arteko elkartasuna, edo agian, zeharkako 'tasuna'. Etorkizunak aniztasunean bizitzera behartuko gaitu eta eramanen gaitu, eta hortik ikasi behar dugu mezuak ematen eta arazoak konpontzen.

4

G. Miguel Sanz zigor bibliko bat da? Musikaria

E. Ez, Miguel Sanzekin azkeneko aldiz joan den asteartean hitz egin nuen Tuterako udaletxeko aretoan, txupinazoa bota zen unean. Eta txantxa bat egin nion esanez ea Santa Anaren ituna izenpetu nahi zuen, eta ezetz esan zidan, jakina.

3

G. Erabat eta guztiz itxita dago, zure ustez, sozialistekin gobernua osatzeko aukera? Tafallarra

E. Ez, oraindik. Abuztuak 18raino edo beste presidente bat aukeratzen duten arte Nafarroa Bairen enplazamendua mahai gainean egonen da. Gure eginbeharra da, eskaintza mantentzea, hori zelako hauteslegoak agindu ziguna.

2

G. Gero eta zabalduago dago Purasek sekula gobernu aurrerazalea egiteko asmorik izan ez duen susmoa? Zuk ere horrela uste duzu? Leire Urdanibia

E. Uste dut Purasek zalantza gehiegi izan duela, baina Nafarroako herritar askoren artean eta PSNko hauteslegoaren gehiengo baten artean oso postura tinkoa ari da azaltzen, eta hori da etorkizunaren gakoa.

1

G. Purasek ez zuen nahi edo ez diote utzi? Ander Perez

E. Purasek ez du tinkotasunik izan, baina Madrilgo agintariak izan dira orain arte atzeratu dutenak. Orain, hemengo jendea ari da tinko bultzatzen eta oraindik badago itxaropen izpi bat.