Azken elkarrizketa

Roberto Moreno

Roberto Moreno

Salhaketako ordezkaria

2007-10-05 - 12:00

 Erantzundako galderak

13

G. Roberto, eskerrik asko gurekin izan zarelako. Beste bat arte. BERRIA.INFO

E. Milesker zuei geure mezua zabaltzen laguntzeagatik, presoak kalean baleude eurek kontako lukete kartzelak ez duela ezertarako balio, beraz euren partetik be eskerrik asko.

12

G. kartzelak apurtu behar ahal dira? edo beharrezkoak dira? oier

E. Salhaketako leloa horixe da "espetxeak apurtu!!" Beraz horren alde nago erabat, beharrezkoa da gizartean ditugun arazoak konpontzea, eta espetxeetatik datorren guztia arazoak areagotzea da: Eskubideak urratuta, reinsidentzia, gaixoak, tratu txarrak eta tortura, heriotza...Beraz ESPETXEAK APURTU!! eta besarkada bero bat preso guzti guztiei!!!

11

G. Europako beste leku batzuetakoekin konparatuta nolakoak dira Euskal Herriko kartzelak? Eta Espainiakoak? Egoki izan daiteken kartzelarik ezagutzen duzu inon? Leire

E. Amaieratik hasiko naiz erantzuten. Nire ustez ez dago kartzela egokirik pertsona bat gizartaratzeko eta orduan gizartea be babesteko. Delituei aurre egiteko irtenbideak gizartean bertan sustatu behr dira. Horretarako gizarteak hausnarketa sakona egin behar du: ze delituek egiten digute kalte gehien, ze delitu ikertzen du poliziak , nortzuk doaz kartzelara, zergaitik? Beharrezkoa al da gizartearen arazoak konpontzeko estatuak ezartzen duen justizia sistema?? Beste justiziarik ez al dugu merezi?? Hego Euskal herriko kartzelak oso zaharrak dira, baldintza fisikoak oso eskasak, bitarteko gutxirekin eta preso pilaketa itzela....Ezinezkoa da eraginkorra den tratamendua egitea....Europa iparraldeko herrietan (Danimarka, Suedia ...) Bitarteko askoko eta tratamenduzko zentru itxiak dauzkate, preso gutxirentzako kartzelak eta beraz urrts garrantzitsua da ze itxialdiaz besteko eskubideak errespetatzen dira gehiago, baina horrelako oso gutxi dago, nire lagun bat Gabriel Alemaniako espetxe batean dago eta isolamenduzko erregimen suntzitzailea dago pairatzen, guztiz deshumanizantea....Eta hona itzuli nahi du...

10

G. Zergatik hainbeste suizidio presondegietan? Aitor

E. Preso gehienek pobreziatik datoz eta euren senitarte ingurua oso desestrukturatua izan ohi da, beraz ez daukate ia harremanik kanpokoekin. Gizarteak ez die galdetzen zergatik egin duen delitua ezta konponbiderik eskaitzen ere. Orduan kartzelan daudela biolentzia (kartzela oso inguru biolentoa da tratu txarrik ez gertatu arren) eta itxialdia baina ez dute pairatzen,. Gainera preso asko eta asko gaixorik dago eta arazo psikologiko zein psikiatrikoak dituztenak gutxienez presoen erdia denez....Erraza da ulertzea zergaitik horrenbeste suizidio, batzutan zoritxarrez ikusten duten irtenbide bakarra da.

9

G. Entzun dut gero eta gehiago direla segurtasun zerbitzu pribatuak kartzeletan. Egia al da? Ana Arroniz

E. Momentuz kartzelen kudeaketa esku publikoetan dago, beraz segurtasun pertsonalgoa funtzionarioak dira. Hala ere adingabeentzako zentru itxien kudeaketa estatu osoan ia kasu guztietan enpresa pribatuen esku dago (askotan elkarte zein ONG forma juridikoa daukate). Honek ondorio larria dakar: gizartearen kontrola askoz txikiagoa denez askoz gehiago urratzen dira adingabeen eskubideak... Gainera segurtasun zerbitzuak izan ezik kartzelen gainontzeko zerbitzu guztiak daude enpresa pribatuen esku (lan egiteko dauden tailer urriak, janaria, etabar). Zoritxarrez sistema ekonomikoak agintzen duena gero ta gehiago pribatizatzea da....

8

G. Nik ez ditut kartzelak maite. Baina zenbait arazori aurre egiteko (lapurretak, bortxaketak, genero erasoak...) zein beste irtenbiderik dago? Zalantzati

E. Egia esan ez da erraza hori azaltzea baina saiatuko naiz. Imajinatu lapurtu egin didatela (indarrik gabe, kotxetik kartera eroan didate adibidez). Nik gure dudana da nire dirua berreskuratzea, baina horretarako gizarteak ez dit biderik ematen ezta lapurra hartzen badute be ezin dut berarekin berba egin edo konpondu. Salaketa jarri behar dut, epaitegien aurrean aurkeztu abokatuarekin, epailearen aurrean deklaratu......Imajinatu zer den hori sexu erasoa jaso duzunean..... Esan nahi dudana honekin zera da, espetxe sistema (gehi polizia sitema eta sistema judiziala) erabat garestiak dira, preso bakoitzak egunero 150 bat euro kostatzen du.....Aldatu behar dugu burua, eta exijitu behar dugu arazoak benetan konpontzea delitua bilakatu aurretik eta ez diru guztia gastatu zapalkuntzan...Honekin presoen ehuneko 80a kalean egon beharko zen lanbideratze prozesuetan, buruko gaitzak tratatzen edo ta drogamenpekotasunari aurre egiten...Kartzeletan jarraitzen badute denontzako kaltegarriago... Eta odol delituentzako eta oso larriak izan daiteketen delituentzako (ehuneko 10a edo baino ez direnak) beste neurriak hartu behar dira jakiteko benetan delitu horien arrazoaik eta konponbide eraginkor bat bilatzeko gizartearentzako eta delinkuentearentzako (agian tratamendua kasu batzuetan urte ta urteetako itxialdia izan daiteke).

7

G. Egiten da bergizarteratze lanik espetxeetan? Antton

E. Ezta pentsatu ere. Datu batekin azalduko dizut, kartzelen aurrekontuetan ehuneko 90 segurtasun neurrietarako gastua da eta ehuneko hamarra tratamendurako (espetxe araudiak agintzen duen gizartaratze helmuga erdiesteko "banakako tratamendua") . kartzelen pertsonalgoa hartzen badugu kontutan prportzio berbera mantentzen da tratamenduzko pertsonalgoa (psikologo, gizarte langile, mediku eta abarrekoak) eta segurtasunezko pertsonalgoaren artean. Beraz gero ta preso gehiago dago (gero ta zigor lege gogorragoak) eta gero ta kartzela gehiago egiten dutenean zelan lortuko da ba gizarte normalizatutik kanpo daudenak (presoen ehuneko 90a pobreak baitira) gizartatratzea??? Ez al daude preso politikoak gizartaratuta jadanik euren inguruan?? Gizartaratze helburua benetako helburua ez da inondik inora.

6

G. Espetxera eraman dituzten arrazoiak kontuan hartu gabe, preso guztien eskubideen alde egiten duzue. Euskal Herrian, arrazoi politikoengatiko presoak asko dira. Estatuak "de facto" preso politikoen izaera berezi hori onartzen du bere jarduerarekin. Zein iritzi duzue preso politikoen egoeraren berezitasunaz? Irakurketa berezia egiten duzuen preso politikoek pairatzen duten errealitateaz? Gorribeltz (Orereta)

E. Zuk dinozuna argi dago: estatuak eman die preso politikoei estatus berezia, izan ere guztiak sailkatzen dituzte lehenengo graduan (eskubide gehien urratzen duen gradua) eta hortik irtetzerik ez daukate, gainera askoz be isolatuago daude (haiek bakarrik pabilio batean, batez be emakumeak). Baina beste aldetik gainontzeko presoek baino laguntza eta elkartasun gehiago daukate, gizartean euren aldeko elkarte eta talde asko baitago, abokatuak badauzkate... eta txalotzeko modukoa da hori, guk hori nahiko genuke preso arruntentzako be, senitartekoen elkarteak, abokatuak.....horrela apurtzen baita kartzelen iluntasun ta inpunitatea.... Geuk preso politikoekin oso harreman ona daukagu jakiteko ze gertatzen den kartzelan eta salatzeko be gehiegikeriak, baina batez be preso arruntekin egiten dugu lan askoz be elkarte ta gizarte talde gutxiago dagoelako euren alde.

5

G. Euskal Gobernuak askotan eskatu ditu kartzeletako konpetentziak. Horrek zerbait konponduko luke kartzeletako egoeran? Amaia Zabaleta

E. Nik uste dut behar beharrezkoa dela espetxeen gaineko eskuduntza Eusko Jaurlaritzak izatea. Izan ere erakunde hurbilagoak lirateke kartzelak, eta bidea emango lioke Eusko Jaurlaritzari bestelako zentruak egiteko, benetan tratamenduzko zentruak eta beste irtenbideak (drogazaleentzako zentruak, seme alabak dituzten amentzako unitateak, etbar). Bestaldetik Kataluņan gertatutakoa aztertu behar dugu (han eskuduntza badute baina hasierako hobekuntza batzuk salbu, funtsez espetxe sistema itxi berbera da...) .Hau da, zigor arloko legeria eta espetxe sistema osoa aldatu ezean oso zaila da delituei beste irtendideak bilatzea. Baina urratsez urrats uste dut dagoen legeria eta espetxe sistema izan arren benetako borondate politikorik badago gauza asko aldatu daiteke espetxe sisteman eskuduntza lortuz gero, eta indarrean jarri daitezke tratamenduzko programa eraginkorrak arlo guztietan presoak benetan gizartaratzeko gizartearen barne eta ez gizartetik at....

4

G. Zer iruditzen zaizue, Zumarragaren kasuan (Ibaiondo ikastetxea), Eusko Jaurlaritza egiten ari den lana? Antza denez, lan pedagogiko potentea egiten ari dira eta honi buruzko zuen iritzia jakitea gustatuko litzaidake. jon bilbo

E. Nahiko gertutik ezagutzen dut hor egiten ari den lana eta nire ustez txalotzeko modukoa da esfortzua. Hala eta guztiz ere indarrean dagoen adingabeentzako araudiarekin oso zaila da zogor hutsetik aldentzen den tratamenduak indarrean jartzea, horretarako botere publikoen arteko lana egin behar da eta gizartean delituak tratatzeko bestelako diskurtsoa zabaldu. Ez dauka zentsurik adibidez gero Diputazioek batere tratamendurik indarrean ez jartzea euren agindupean dauden adingabe problematikoekin.

3

G. Zertarako presondengiak? Lei

E. Oso galdera zaila da hori. Lehenik eta behin esan behar da gizarte guztietan eta kultura guztietan ez dagoela kartzelarik eta historian nahiko erakunde berriak direla. Nire esperientziatik esango dizut gizarte garatuetan agertu zirela kartzelak zigor fisikoak eta publikoak onartezinak bihurtu zirenean gizartearentzat eta nahiz eta lehenengo momentuko kartzeletan tratamendu desberdinak saiatu ziren, egi bakarra da kartzelak gaur egun gizarte garatuen estoldak direla. Honek zera esan gure du, gizartea ez denean gai arazo bati konponbidea emateko kartzela zigorra eta zuzenbide penala aplikatzen du pertsona horiek "delinkuenteak" gizartetik bereizteko...Horretarako balio du kartzelak batez ere.

2

G. Beste bi preso sozial hil ziren lehengo astean Euskal Herrian. Zer diozu? Mitx

E. Onartezina da publikoak diren erakundeetan (kartzeletan) horrenbesteko heriotz gertatzea. Egia da azken asteetakoak heriotz naturalak ei direla, baina kartzelatik irteten den informazioa guztiz iluna ta urria denez , senitartekoek autopsia egiteko eskatu eta ordaintzen ez badute ze nolako heriotzak izan diren jakiterik ez dago. Horregatik geuk eskatu genuen kartzeletan gertatzen diren heriotz kasu guztietan fiskalak ofizioz ikertzea. Bestaldetik presoen artean gaixo asko dago eta osasun eskubideak eta bitertekoak oso eskasak direnez kalean baino askoz pertsona gehiago ta gazteago hiltzen da espetxeetan, euren osasun eskubideak askotan urratuta baitaude.

1

G. Preso politikoekin harremanak dituzue ala bakarrik dira preso arruntekin? Eta nolakoak dira harreman hauek? Galder Gorosabel

E. Geuk presoei ez diegu "abizenik" jartzen, guretzat guztiak dira presoak eta Presoen aldeko elkartea garenez preso arrunt zein preso politikoekin dauzkagu harremanak. Hala ere egia da preso politikoek euren aldeko elkarte ta talde badituztela eta batez ere preso arruntekin egiten dugula lan, preso politikoek laguntzen gaituzte kartzelen barne gertatzen dana salatzen eta preso arruntei aholkuak ematen dizkiete askotan, beraz harremana eurekin oso ona da.