Azken elkarrizketa

Juan Ignacio Perez Iglesias

Juan Ignacio Perez Iglesias

EHU-ko errektorea

2007-10-24 - 11:30

 Erantzundako galderak

15

G. Eskerrik asko elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik. Hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko Berriari aukera hau eskaintzeagatik eta nahi duzunera arte, bai.

14

G. Entzuna daukat euskaldunberria zarela. Horrela bada, zorionak. Arkaitz Altuna

E. Bai, euskaldunberria naiz. Salamancatik ekarri ninduten 9 urterekin eta Salamancan, jakina, ez da euskaraz egiten; ez gehiegi behintzat. Unibertsitatera ikastera etorri nintzenean ikasi nuen (zorte handia eduki nuen hemen aurkitu nituen lagunen pazientziagatik). Seme-alabak euskaraz hezitu ditugu eta etxean euskaraz egiten dugu, eta nire inguruan diren lankide gehienak euskaldunak dira. Mila esker zoriontzeagatik, baina ez zait iruditzen zorionak emateko moduko kontua denik. Azken batean euskaldundu garenok (asko gara herri honetan) asko irabazi dugu.

13

G. Noiz amaituko dute irakasle kaleratuta daudenek Leioan pankartarekin? Jarraitzen dute 3 irakasleak eta daramatzate 15 urte atean. Argine Munarriz

E. Pankartarekin jarraitzen duten horietatik bik eduki dute beste bik baliatu duten aukera paregabe berbera. Legeak eskaini duen bidea ez dute hartu nahi izan.

12

G. Nola ikusiko zenuke UEUk Euskal Unibertsitatea (euskarazkoa, alegia) sortzea? Galder Aranbarri

E. Ez nuke ikusiko ez ondo eta ez gaizki. Hala ere, denborak frogatuko du unibertsitate hori ez dela beharrezkoa izango, EHUk beteko duelako horri eman nahi zaion zeregina. Hala ere, argi esan nahi dut, sortuko balitz ere, nik ez niokeela inolako eragozpenik jarriko. Alderantziz, gustura arituko nintzateke lankidetzan berarekin.

11

G. Bidezkoa iruditzen ala zaizu Unibertsitatean arduraldi partzialean lanean ari diren hainbat eta hainbat irakasleen egoera? Uste duzu benetan soldata horiekin bizi daitekeela? Soldatak ez dira inolaz ere proportzionalak. Jar dezagun adibide bat. Arduraldi osoan lanean ari den irakasle batek (bestelako ezer kontuan hartu gabe) 2000 € inguru irabazten ditu. Arduraldiaren 3/4 duenak 650 € inguru. Nola da posible horrelako desproportzioa eta bidegabekeria? Etxeko jendea zaintzen ez bada, azkenean joan egiten da, eta ez da harritzekoa. Miren

E. Arduraldi partzialei buruz mintzatzerakoan zehaztu behar da bieratako egoerak daudela. Batetik EHUtik kanpo lan egiten duten profesional asko daudela arduraldi partzialean. Horiek dira gehienak. Besteak dira zuk azaltzen duzun egoeraren modukoak. Azken hauei dagokienez, gure asmoa da horrelako egoerarik ez egotea, eta are gutxiago irakasleak elebidunak badira. Gure agintaldiaren hasieran baino gutxiago dira orain dauden arduraldi partzialeko irakasleak, ahalegin handia egin baitugu egoera horiek konpontzen. Bide beretik jarraitu nahi dugu eta horrelaxe dago aurreikusita onartzear dagon "Irakasle plantilla kudeatzeko plan gidarian". Beraz, arrazoizkoa iruditzen zait zure kexa eta egoera horiek konpontzeko bidean gaudela adierazi nahi dizut.

10

G. Irakasleen euskara maila nolabait kontrolatzen da?Baditugu zenbait irakasle euskaraz nahiko kaskar ibilita ere euskara hutsezko arloake mateaz arduratzen direnak... Andres Tejedor

E. Bai, kontrolatu egiten da, proba berezi bat egiten baitzaie edo agiri jakin bat eskatzen baitzaie lanpostu elebidunetara aurkezten diren guztiei. Horrek ez du esan nahi, baina, kasu guztietan maila bermatua dagoenik, salbuespenen bat edo beste egon daitekeelako. Arazo horrek agerian uzten du lehenago azaldu dudan kontu bat, alegia zenbait ezagutza arloetarako hautagai egokiak aurkitzea ez dela erraza.

9

G. Aupa Juan Ignacio, Bolognako modeloa martxan jartzera zoazte. Jakin nahiko nuke, jada ikasketak hasiak dituen bati horrek zer suposatuko dion. Hau da, hasitako karrera amaituko duen modelo zaharrean ala titulazio berrira pasatu beharko duen. Bi modeloak (zaharra eta berria) paraleloan joango dira, edo berria sartzean zaharra desagertuko da automatikoki? Mila esker Xabier Alberdi

E. Hori ez dago oraindik erabakita, alegia iragapena nola egingo den. Hala ere, gaurko ereduaren arabera hasi den ikasleak bukatu ahal izango du gaurko ereduaren arabera. Beste kontu bat da, ordea, ikasgaien arteko baliokidetzeak nola egingo diren (egingo baitira, noski)baina era batera zein bestera eginda, oraingo eredutik eredu berrira igaroteko bideak eskainiko dira.

8

G. Unibertsitatea "jakintzaren tenplua" baldin bada, eta jendartearen eredu eta abangoardia izateko bokazioa baldin badu, zergatik eta zertarako kontratatzen ditu unibertsitate honek segurtasun indarrak eta ezartzen ditu bideo-kamerak? Ez al dira kontrol sozialerako eta jazarpenerako bitarteko gisa erabiltzen? Eta beraz, zertan gauzatuko da iragarri den Segurtasun Protokoloa? Unibertsitaria

E. Guk ez dugu inolako asmorik "kontrol soziala" egiteko, nahiz seguraski nik hau esateak ez duen ezertarako balio. Baina "jakintzaren tenplu" honetan ondarea erasotzen da (milaka €tako kalteak sortzeraino inolako errepresiorik egin gabe, jendearen eskubide oinarrizkoenak eta duintasuna ere erasotzen dira (ikasle, AZPko eta irakasleak erasota izan dira) eta horren aurrean EHUk badu erantzukizun handia, askatasuna, eskubideak eta segurtasuna bermatu behar duelako. Horretarako ditu dituen baliabideak.

7

G. Nola da posible euskal unibertsitatean karrerako kurtsoetan gora egin eta une zehatz batzuetan gure ikasketak ezin euskaraz jarraitzea? Eider

E. Lehenago eman dudan arrazoiagatik. Azken lau urteotan (gure lantaldearen agintaldian), sortu ditugun irakasle lanpostu guztien %95 baino gehiago elebidunak izan dira, eta lanpostu asko sortu ditugu (200tik gora). Bada, horietako zenbait hutsik geratu dira, hautagairik aurkeztu ez delako edo hautagaien maila egokia ez zelako. Hala ere, eta zailtasunak zailtasun, euskarazko ikasgaien eskaintza geldi gabe goratzen da urtez urte, nahiz den igotzen guk nahi genukeen lastertasunarekin.

6

G. Kaixo, Jakin nahi nuke unibertsitateak zein erreztasun ematen dituen langileak diren ikasleentzako, inongo erreztasunik ematen badu. Nik egun osoz egiten dut lan, eta karrera bat ikasi nahi nuke. Hortarako aukerarik ba al dut? aitor

E. Gaur egun erraztasun gutxi, egia esan behar badizut. Etorkizunean, baliabide telematikoak erabiliz malgutu nahi genuke gure irakasteko sistema eta orduan posible egingo genituzke zurea bezalako asmoak.

5

G. Noizko beteko da Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketa osoak euskaraz ikasi ahal izateko eskubidea? ikaslea

E. Horretarako baldintzak betetzen direnean. Gaur egun enborrezko kredituen %85 inguru eskaintzen dira euskaraz eta hautazko kredituen eskaintza zabal samarra da, nahiz oso desorekatua den ezagutza arloaren arabera. Arazo larrienak ikasketa teknikoekin eta medikuntzako zati klinikoarekin dugu, eta hori horrela izateko arrazoiak argiak dira. Ez da borondate falta, ez eta baliabide falta ere. Lehiaketa publikora irakasle lanpostuak ateratzeko deialdia egiten dugunean, askotan ez da inor aurkezten injeniarientzako lanpostuak ateratzen ditugunean. Bestalde, gutxieneko kalitate maila bat eskatu behar dugu, ni ez bainago prest gaztelaniaz ematen duguna euskaraz ematen duguna baino kalitate apalagokoa izateko. Izan ere, datozen urteotan ez da sartuko unibertsitatera doktorea ez den irakaslerik lanpostu finko batean, eta horrek ondorio nabarmenak ditu. Kontu horiek guztiak, hala ere, aintzat hartuta daude onartu berri dugun Euskararen Plan Gidarian, eta gure egitasmoen arabera, gradu titulu guztiak euskaraz ikasi ahal izateko eskaintza egingo dugu lau urteko epean

4

G. Noizko Graduko Tituluen Unibertsitate erdi-presentziala edo on-line bidezkoa? Zaloa

E. Horretarako aukera desberdinak aztertzen ari gara, baina ezin diezazuket esan noizko egongo den. Nire ustez, EHUk bere eskaintza presentziala osatu beharko luke on-line eskaintza baten bidez, baina era horretara ezin izango lirateke esperimentalitate maila garaiko tiutluak eskaini.

3

G. Nire esperientzian, unibertsitateko irakasle askori ikerketa baino ez zaie axola eta pizgarri ereduak ere hortara bultzatzen ditu. Dozentzia, aldiz, ez zaie interesatzen eta jardun horri ahalik eta denbora gutxien eskaintzea da euren helburua. Nola bidera daiteke hori, diru publikoak ikasleen formakuntza behar bezala susta dezan ? Joseba

E. Nire ustez denetariko esperientziak daude unibertsitatean. Zuk azaldu duzun egoera hori gertatu egiten da, seguraski, baina aurkakoa ere, gure irakasle askok ez baitute ikerketarik egiten. Hala ere, egia da oreka bat bilatu behar dela ikerketari eta irakaskuntzari ematen zaion denbora eta ahaleginaren artean. Aurten indarrean sartu den soldata osagarriak jasotzeko prozeduraren arabera bai dozentzia eta bai ikerkuntza saritzen dira. Izan ere, dozentziagatik puntuen %50 lor daiteke eta %45a ikerkuntzagatik (beste %5a kudeaketagatik). Horrela jokatuz biak saritzen dira eta biak era orekatuan garatu beharko lirateke.

2

G. Lehenengo urtea dut unibertsitatean eta nahiko harrituta nago. Duela aste pare bat unibertsitatean nintzela poliziaren eskutik kolpatua izateko zorte txarra izan nuen. Kanpoan ikasten duen lagun batek esan dit polizia ez dela unibertsitatean inoiz sartzen, eta gurasoen arabera, frankismoan ere ez zen gauza ohikoa. Zergatik UPVn bai? Mikel

E. Polizia unibertsitatean sartzea ez da ohikoa eta ez da guri gustatzen zaigun zerbait. Gure esku dagoen neurrian oso salbuespeneko kasuetan deitu dugu (bide batez, kritika gogorrak jaso ditugu horregatik hainbat sektoreengandik). Hori bai, herritarren eskubideak eta askatasuna erasota izaten direnean (eta holako egoerak, tamalez, gertatu izan dira azken bolada honetan)edo pertsonei zein ondareari kalteak egiten zaizkienean ertzaintza deitu behar izan dugu, bestela ez. Beste kontu bat da, ordea, unibertsitate eraikinetatik hurbil diren gune publikoez ari bagara. Gune horietan gertatzen denaz EHUk ez du inolako eskumenik eta ezin du ezer egin. Iraganean, protestak eta mobilizazioak deitu direnean, beti saiatu izan gara ekimenen ezaugarriak eta neurriak adosten. Baina bide horretatik, zoritxarrez, ez dugu gauza handirik lortu.

1

G. Bologna Prozesua dela eta kritika handiak jaso ditu Unibertsitateak. Ba al duzue kontsulta bat egiteko asmorik? Edo zuzenean Europatik esaten dena inposatuko duzue? Irati

E. Ez, ez dugu kontsultarik egiteko asmorik. Unibertsitateak, batetik, baditu holako erabakiak hartzeko mekanismoak eta bideak. Gobernu Kontseiluan ordezkatuta daude unibertsitateko sektore eta sentsibilitate denak, eta organo horri dagokio erabaki funtsezkoak hartzea. Bestalde, EHU herri erakundea da eta herri erakunde denek legea bete behar dute, ezinbestean. Kontu honi dagokionez, beraz, legeak agintzen duena egiten dugu. Hori egingo ez balitz, harturiko erabakiek ez lukete baliorik izango. Baina edozein kasutan ere, Gobernu Kontseiluan erabakitzen dena aplikatzen da eta Gobernu Kontseiluak hartu dituen erabaki guztiak Bologna Prozesuaren aldekoak izan dira.