Azken elkarrizketa

Eneko Karrera

Eneko Karrera

EHNE-ko Gipuzkoako lehendakaria

2007-11-09 - 17:00etan

Mingain urdinaren gaitzaren agerpenak kezka piztu du baserritarren eta kontsumitzaileen artean. Zalantzak argitzeko prest gurekin izan da Eneko Karrera nekazari eta sindikalista.

 Erantzundako galderak

14

G. Eskerrik asko Eneko, mingain urdinaren gaitza dela-eta erabat lanpetuta ibili arren guretzako tarte bat hartzeagatik. Hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Agur eta beste bat arte, eta kontsumitzaileei esan kontsumitzen jarraitzeko bai esnea, bai haragia, eta baita arkumea ere, hori baita nekazaritzari laguntzeko biderik onena.

13

G. Bertako arrazak mantentzeak ba al du abantailarik? Kanpoko ardiak eta sartzeari ze kalte ikusten diozue baldin eta gehiago produzitzen badute? Mikel

E. Bertako ganadua beti ere hemengo eremuei egokituagoa dago. Klimaren aldetik, bertako aldapetara... horrek duen garrantzia guztiarekin hemengo larreen aprobetxamendurako eta kanpoko elikaduraren menpekotasuna ekidin ahal izateko. Beste alde batetik, beste arrazek ekoizpen altuagoa badute ere, menpekotasun handiagoa dute pentsuekin, eta, oro har, zaintzarekin.

12

G. Bilbon kokaturik dagoen hiltegiak, diru galera handiak izan arren ere, Eusko Jaurlaritzak mantentzen duela eta eskualdeko hiltegiei berriz, trabak jartzen dizkiela entzun dut. Zerbait argi dezakezu ? Ibon

E. Hiltegien inguruan, monopolio baterantz joateko politika bat diseinatua zuen Jaurlaritzak. Hori bultzatu ahal izateko, aldiz, zonaldeetan zeuden hiltegi txikiak deuseztea izan da bere apustua, bertako ganadua gehienbat hiltegi horietan hiltzen zelako. Eta hiltegi horien zerbitzua jarraitzen bazuen ezin zen monopolioaren helburua bete. Horregatik, hainbat traba ezarri zaizkie bai Durangoko hiltegiari, bai Oņatikoari, eta baita Tolosakoari ere. Azkenean, ordea, ez du lortu hori gauzatzea, bai baserritarrek, bai harakinek, eta kontsumitzaileek sendotu dituztelako hiltegi txikiak.

11

G. GAITZ HONEK GANADUAREN HANKETAN ERAGITEN AL DU? ALOŅA

E. Esaten dutenez, herrenak izaten ditu gaixotutako ganaduak.

10

G. Jendearen artean badago uste bat baserritarrak eta arrantzaleak beti kexuka eta 'negarrez' ari zaretela. Zer esango zenieke hori pentsatzen dutenei? Zirikatzailea

E. Neurri batean arrazoi du hori pentsaten duenak, baina kasu askotan, bai baserritarren eta bai arrantzaleen errealitatea ez delako ezagutzen gertatzen da.

9

G. Mingain urdinaren gaitzak badu zer ikusirik planetaren berotzearekin? Lurra

E. Ez dakit baduen eraginik. Hala ere, garbi dago eltxoei ez zaiela tenperatura hotza gustatzen, eta kasu honetan tenperaturak badu eragina. Nahiz eta neguan sartzera goazenez ez den urte sasoirik egokiena eltxoek indarra izateko. Txertorik eraginkorrena zortzi egunez izotza egitea litzateke.

8

G. Instituzioak (Gasteizko Gobernua, Diputazioa...) ematen ari diren erantzuna egokia al da? Antton Arana

E. Arlo horretan daukagun arazo handiena da gaixotasun berria dela hemen, eta denok ustekabean harrapatu gaituela. Alde horretatik, bai, administrazio ezberdinak motel ibili dira sektorean sortu diren kezka eta arazo guztien aurrean. Hamabost egun badira lehen arrastoak azaldu zirela, eta atzo eta gaur izan dira lehendabiziko bilerak sektorearekin.

7

G. Abeltzaintza eredu autonomo bat eskatzen duzuela ikusi dut gaurko Berrian. Posible al da mundu globalizatu honetan? Nola gauzatu beharko litzateke? Aitziber

E. Posible da nekazaritza autonomo bat egitea, eta gure kasuan, gainera, behar-beharrezkoa. Kontuan izanik prezio baxuekiko politika bat bultzatu dela mundu mailan, eta guk produktibitatearen gerra hori galduta daukagula, hemen baserriak txikiak baitira eremu menditsu batean bizi garelako. Garbi daukagu kantitatean baino kalitatean oinarritu behar dugula. Bestalde, produktibismoko karrera horretan diru publiko asko sartu izan da. Eta, ondoren, sortu diren eskandalu horiei guztiei aurre egiteko, beste horrenbeste. Aldiz, kalitatezko politika bat ingurugiroarekin orekan hasiera-hasieratik bultzatuko balitz, ez litzateke hainbeste diru publiko xahutu beharko.

6

G. Mingain urdinaren gaitzarekin hildako ganadua gero saltzen al da haragitan jateko? Kontsumitzaile bat

E. Berez ez dauka kontsumorako arazorik. Kontuan izan behar da hemen oso kasu gutxi atera zaizkigula, eta atera diren kasu guztietan abereak erretiratu egin direla batez ere aztertzeko gaixotasun horren bilakaera. Hemen oraindik gaixotasun berri bat da, eta azterketak zorrotzak egiten ari gara. Badaezpada, ez da saltzen.

5

G. Nola jakin daiteke, abereak (behi eta ardiak) gaitza duten? Zer egin daiteke prebentzio neurri bezala? beņat

E. Abereari sintomak mutur aldean azaltzen zaizkio: muturra eta mingaina handitu egiten zaie, zauriak agertzen, mingaina urdindu... Horiek dira sintoma agerikoak. Sukarra ere izaten dute. Prebentzioari dagokionez, eltxo batek zabaltzen duenez, eltxo horien aurkako neurriak hartzea eta repelenteak erabiltzea lirateke.

4

G. Ez al da susmagarria tarteka horrelako albisteak agertzea? Behi erroak, oilaskoak, orain ardiak.... Aitziber Lopez

E. Susmagarria ez dakit den. Baina azken urte hauetan bultzatu den politikak eragin handia du. Azken batean, politika intentsibo bat bultzatu da, eta horrek garbi utzi du behi eroak direla, oilaskoen dioxinak direla, eta abar, abereen osasunean eragin zuzena duela. Beste alde batetik, politika intentsiboak bultzatzen dira kanpora begirako ekoizpenak bultzatzeko eta esportazioak indartzeko. Azken batean, politika horiek bultzatzeak arrisku horiek ekartzen ditu.

3

G. Ez altzaizu iruditzen inportazioan baino, era irregularrean estatu barnean, ardiekin eta ahuntzekin egiten diren mugimenduetan, arrisku askoz ere gehiago dagoela?. Koldo

E. Kasu honetan ikusten duguna da batez ere ganadu mugimenduak daukala izugarrizko eragina. Alde horretatik, esan behar duguna da azken bolada honetan sumatu izan dugula mingain urdinaren eremu bezala azalduta zeuden guneetatik ganadua hiltzeko hona ekarri izan dela, horrek duen arrisku guztiarekin. Berez posible da hiltzeko animalia horiek batetik bestera mugitzea, baina gaur egun dagoen ganaduen mugikortasun horrengatik, normala baita ganadua mila kilometroko eremuan hara eta hona ibiltzea, gaixotasunak lehen baino azkarrago igarotzen dira herrialde batetik bestera.

2

G. Arratsaldeon Eneko. Behi eroak, ardikara, mingain urdina... nozitu a duzue epidemia horien eragina baserritarrek? Zertan? Mirari Altuna

E. Eragina nozitu dugu. Batez ere, eskandalu horiek guztiek kontsumoan eragiten dutelako. Errezeloa, mesfidantza sortzen dute kontsumitzailearengan, eta, ondorioz, galera ekonomikoak izaten ditugu. Beste alde batetik, baserritarrak egiten duen lan hori, hemen kalitatezko produktuetan oinarritzen den heinean, zalantzan jartzen da. Baserritarra gauzak ondo egiten ari ote den zalantzan jartzen da.

1

G. Kaixo Eneko. Egun hauetan gauza asko entzun eta irakurri dut mingain urdinari buruz, baina zalantzak ditut. Azalduko al zenidake gaixotasuna zer den eta zer kalte eragiten dituen? Eskerrikasko. Mari Jose

E. Gaixotasuna da behi azienda eta ardiei eragiten dien gaitz bat, abereen osasunean bakarrik eragiten duena. Inoiz ez da transmititzen berengandik ateratzen ditugun produktuetatik, hau da, esne edo haragitik. Sortzen dituen kalteak dira abereari berari lesioak eragiten dizkiola, eta hemen agertu den serotipoak batik bat ardiei eragiten die. Gaixotasuna harrapatzen dutenen %50 hiltzeraino. Behietan, berriz, serotipo honek ez du hainbesterainoko sintoma eta kalterik agertzen, kasu askotan antzeman ere egin gabe pasatzen du gaixotasuna behiak.