Azken elkarrizketa

Joseba Errekalde

Joseba Errekalde

Harri Beltza hiesaren kontrako elkarteko lehendakaria

2007-11-27 - 12:30

Hisaren Aurkako Nazioarteko Eguna da datorren larunbata. Oro har, gaitz horrek gizartean duen oihartzuna apaldu bada ere, kezkatzeko moduko datuak zabaldu dituzte berriro egunotan. Hiesaren ingurukoez arituko da gurekin Errekalde.

 Erantzundako galderak

16

G. Eskerrik asko Joseba elkarrizketa honetan parte hartzeagatik. Ondo-ondo segi, eta beste bat arte. BERRIA.INFO

E. Plazera nire izan da, eta mila esker leku honegatik eta zuen laguntzagatik. Aio!

15

G. EAEn gauzak nahiko ondo egiten direla esan duzu. Eta Nafarroan? Eta Iparraldean? Bada diferentziarik administraziotik administraziora? Nafarroatik

E. Euskal Herrian hiru administrazio desberdin ditugunez, gauzak desderdin egiten dira. Nafarroako elkarteekin urteetan elkarlanean aritu izan gara, eta esan behar dut beraiek euren administrazioarekin guk EAEn baino oztopo gehiago izan dituztela. Iparraldekoekin, berriz, oso elkarlan txikia izan dugu, beraiek Frantziako elkarte batean sartuta daudelako, baina badakigu lan ona egiten dutela.

14

G. Aurtengo abenduaren 1a nola 'ospatuko' duzue? Zer azpimarratuko duzue? Galdezka

E. Ospatu... Urtero bezala, kalera aterako gara, bisibilitatea aldarrikatzera eta txapa pixka bat ematera. Garagardoren bat ere hartuko dut zure omenez.

13

G. Azken urteetan ez zarete 'bakarrik' sentitu HIESaren kontrako borrokan? Izan ere, ematen du gizarteak jada bizkarra eman diola arazo horri.... Aitor

E. Egia da urtetik urtera zailagoa egiten zaigula jendearen arreta gureganatzea. Gaixotasuna hilkorra izatetik kronifikatzera pasatu denetik, badirudi jendeak beldurra galdu diola, baina zinez esan dezaket seropositibo izatea ez dela pagotxa.

12

G. Zergaitik ez zaie heterosexualei buruan sartzen eurak ere kutsa daitezkeela? Ez ote da gizonezko-zuri-heterosexualen nagusigoaren beste adierazgarri bat? Unai

E. Ez dut uste. Gehiago lotzen dut errealitate hau hiesaren istorioaren hasieran erabili ziren kontzeptu faltsuen inguruan. Istorio honen hasieran hainbat kolektibotan jarri zen kutsaduraren pisu guztia -tartean, homosexualetan-, beraien errua izango balitz bezala. Denborak erakutsi digu birusa sexu harremanen bitartez zabaltzen dela gehienbat, eta ez duela diskriminatzen gizakiok egiten dugun bezala. Beraz, hasieran emandako pauso okerrak pisu handia hartu zuen eta oso zaila egiten zaigu egoera bideratzea. Horretaz gain, esan beharra dago guri ez zaigula gertatuko pentsatzen dugula, beti besteen etxean gertatuko dela.

11

G. Hiesa zenuela jakin zenuenean, nola erreakzionatu zenuen? (Badakit oso galdera pertsonala dela, baina inportantea iruitzen zait lekukotasun horiek ematea jendearengana iristeko) Kontxi

E. Kutsatu nintzela jakin nuenean, kolpe gogor bat jaso nuen, garai haietan GIBdun izateak heriotza segurura eramaten baitzuen. Nire bizitza proiektua bertan behera geratu zitzaidala sentitu nuen. Era berean, zer gertatzen zitzaidan beste norbaitekin konpartitzeko behar handia sentitu nuen.

10

G. Nork joan beharko luke HIESaren proba egitera? Kezka

E. Babestu gabeko (preserbatibo gabeko) harreman sexualak izan dituenak, odolez zikindutako xiringa bat erabili duenak, eta emakumea izanik haurdun gelditu nahi duenak.

9

G. Kaixo Joseba. Zure ustez instituzioek politika egokiak egiten al dituzte HIESaren inguruan? Hala ez bada, zer hutsune dituzte? Ainhoa

E. EAEn gauzak nahiko ondo egin dira, baina beti dago zer hobetua. Garrantzitsuena iruditzen zait beti badaukagula beraiekin elkarlanean politikak hobetzerik. Horretan gaude.

8

G. Egunon Joseba, jakin nahi nuke zure inguruan bazterketarik sentitu duzun HIESA duzula aitortzeagatik. Arlo horretan, jendeak ematen dizun tratuan, somatu duzu aldaketarik azken urteetan? Antton

E. Kaixo, Antton. Gauzak ez dira bakarrik nola diren, baizik eta nola bizi ditugun. Beraz, ez diot nire bizitzan bazterketari leku askorik uzten, baina beti ohartu izan naiz diskriminizazio jarrera batzuk bizi ditudala, eta pertsonalki gehien sentitzen dudan diskriminazio mota afektiboa da.

7

G. Konspirazioaren teoriak zabaldu dira hiesaren inguruan. Batzuek esaten dute hiesa industria farmazeutikoak 'asmatu' duela botikak saltzeko, eta, berez, gure bizimodu gogorrak eragindako sintoma anitzen batuketa dela. Sinesten dituzu halakoak? Amaia Zabaleta

E. Amaia, urte hauetan azalpen desberdin asko entzunak ditut, eta bakar batek ere ez dit nire bizitza aurrera eramaten laguntzen. Garrantzitsuena da nola ez kutsatu jakitea eta kutsatuta daudenei nola lagundu. Industri farmazeutikoaren inguruan asko hitz egin dezakegu, baina gaur egun haien eskuetan gaude.

6

G. Kaixo Joseba, zer moduz? Gaur egungo gazte eta gaztetxoek badute behar adinako informazioa hiesaren inguruan? Ezezkoan nago askotan. Iruditzen zait 'gure' garaian beldurragatik edo arreta gehiagoz hartzen genuela. Jakinminez

E. Arrazoi duzu. Beste erantzun batean esan dudan bezala, arrisku pertzepzioa jaitsi egin da, eta gure gazteek hiesaren istorioa ez dute ezagutzen. Nire esperientziagatik, esan dezaket urtero nerabeei hitzaldia ematen diedanean, haien ezjakintasuna handia dela, eta pena ematen dit haiek ez jakitea hiesak zer suposatu duen gure gizartean eta zer suposatzen jarraituko duen. Orokorrean sexu heziketaz nahikoa berde dabiltzala iruditzen zait.

5

G. GIB birusa edukitzea eta hiesarekin gaixotuta egotea gauza desberdina direla entzun izan dut. Horrela da? Zein da diferentzia? Mikel

E. Bai, arrazoi duzu. Pertsona bat GIB birusaz kutsatzen da. Horrek ez du esan nahi hiesa duenik. GIB birusa eduki dezakegu gorputzean urteetan, ohartu ere egin gabe, birus hori erdi lotan egongo balitz bezala, baina lanean legoke. Lan horrek aurrera egiten duenean, birusa zabaltzen doanean, iristen da une bat geure defentsen kopurua jaitsi egiten dela eta gaixotasun oportunistak azaltzen zaizkigula. Hor, medikuntzak neurketa bat egiten du eta, defentsen eta sortu diren gaixotasunen arabera, une batean hiesa edukitzera pasatzen da. Beraz, urteetan izan gintezke seropositiboak baina ez hiesadunak. Hiesadun izaterako, gaixotzera iritsi behar da.

4

G. Nola liteke gaixotasun horren inguruan izan den informazio guztiarekin oraindik ere jendea hiesarekin kutsatzea? Ez ote gara arduragabe hutsak? Ainitze

E. Ardura falta handia dago, baina afektatu bezala konturatzen naiz hiesaren istoriaren barruan aro desberdinak eman direla eta gaixotasun hilkor batetik kronifikatzera pasatu garela, eta honek mezua aldatu du gizartearekiko; arrisku pertzepzioa jaitsi egin da. Hala ere, gaur egungo gizartean informazio gehiegi jasotzen dugu eta ez dugu dena prozesatzeko gaitasunik, nire ustez. Horretaz gain, birusaren kutsadura gure harreman intimoenetan ematen da eta honek gai hau dena zailtzen du.

3

G. Harri Beltza elkartean zehazki zer lan egiten duzue? Gaur egun zer dago egiteko HIESaren arloan? Mari

E. Gure elkartean bi lan esparru nagusi ditugu. Bata, etxe barruan eskaintzen ditugun zerbitzuak GIB dutenentzat, eta, bestea, kanpora begira egiten ditugun hainbat lan. Etxe barruan, terapia indibidual eta taldekoak, drenaje linfatikoa, kafe positiboa, yoga, arnasketa, erlaxazioa eta abar. Kanpora begira, hedabideekin hitz egin, sarean lana egin beste taldeekin, hainbat ekitaldi antolatu... Gaur egun asko dago egiteko hiesaren aurrean. Batetik, prebentzioa landu beharra dago. Bestetik, GIBa dutenen egoerari aurre egiten lagundu, eta sortzen ari diren diskriminazioen aurrean salaketa egin.

2

G. Nahiko galdera teknikoak dira. Euskadin pertsona batek GIB-a duela konfirmatzeko ze froga egiten dira? ELISA, Western Blot edo/eta karga birala? Nora jo daiteke froga egitera? Froga azkarrak erabiltzen al dira? NOn Eskarrikasko, kristinamorales.lopetegi@gmail.com Kristina Morales Lopetegi

E. Ez dakit seguru zein den erkidegoan erabiltzen den teknika, baina badakit merkatuan dagoen frogarik onartuena erabiltzen dela. Guk gure elkartetik gomendatzen dugu froga egiteko leku seguru eta anonimoak behar ditugula, Gipuzkoan hau Osakidetzak Nafarroa etorbidean daukan egoitzan egiten da, pertsonal prestatuarekin eta laguntza jarraipen batekin. Entzuna daukat azkenaldi honetan frogaren emaitzaren denbora murrizten ari direla, baina beti dira seguruak.

1

G. 5 - 10 urte pasa arte gehiengoa ez omen da ohartzen ihesa duenik. Arduratzen hasteko zein sintomei begiratu beharko lioke bakoitzak? Joxe

E. Asintomatikoa da prozesua, ez dago sintoma finkorik. Denbora pasatu ondoren, pisua galtzen, sukar sintomak eta gaixotasun oportunistak azaltzen joaten dira poliki-poliki. Baina gizakiok ez gara sekula ohartzen kutsatu izanaz.