Azken elkarrizketa

Edorta Jimenez

Edorta Jimenez

Idazlea

2007-11-30 - 11:30

 Erantzundako galderak

16

G. Eskerrik asko, Edorta, elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik, eta hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko galderak egin dituzuen guztioi. Trenean ekarri dudan zalantzaren arra akabatu didazue, lagunok. Ez dakizue zelan eskartzen dudan galdetu izana, eta hain ugari egin izana, gainera. Ez dakit zuzen ala oker erantzun dudan baina, hurrengoa arte. Nahiz dela Durangon, nahiz dela beste edonon, elkar ikusiko dugulakoan, egun ona izan, eta mila esker.

15

G. Euskal literatura. Nolako maila dago? Betiko galdera, baina egin beharrekoa, ez? Jose Mari

E. Ez dakit nolako mailan dagoen, ez naiz eta bese literaturen ezagule. Idazle berriak datoz, guk baino dotoreago idazten dutenak, kultuak eta sentiberak, eta inoiz baino emakumezko gehiago. Ez dut izenik eman nahi, baina beste erronka bat da, gu nagusioagoontzat, horiek dakarten literaturari literaturaren bidez erantzuna emateko. Eta garrantzizkoagoa dena, idazle berriok irakurle berriak ekarriko dituztela nago. Euskal literaturak sozializazioa behar du. Iragan ekainean Piamonteko Asti herrian izan nintzen: irakurraldiak, ardoa eta musika. Literatura hedonismoa ere bada, gozamena. Nik hau, Ea herrian ikusten dut gurean, hor udan egiten den Arestiren omenezko literatur-asteburuan. Larrabetzuko Literatura Eskolan ere nabaritzen da giro hori. Eta irakurleen txokoetan. Lehengoan Zaldiko Maldiko elkartean izan nintzen, eta asteon Asapala elkartearen solasaldian. Irakurtzea nahiz idaztea laket dugunok bideak zein diren igartzen goaz. Literaturaren osasuna irakurleen artean igartzen da. Ez da nahikoa liburu onak egitea. Sozializatu beharra dago. Eta honetan, adibide garrantzitsua emateko, literatura zaletasunaren aldetik, Durango gainditurik geratu da. Oraingo moduan, behintzat. Txapela kentzeko lana egiten dute, bai, baina bada garaia literaturak bere lekua aldarrika dezan. Geure esku dago. Geuk sortu behar ditugu ideiak, geuk ekimenak bideratu, geuk literatura eskuetan hartu. Musikariek ere, berdin. Ondo dago erostea, baina, zotz!, berreskura dezagun ilusioa. Lagun diezaiogun Gerediagari sortzaileoi leku emateko modua sortzen.

14

G. Zer aurkituko dugu Durangoko Azokan? Zeren bila joango zara zu? Gorka Etxeberria

E. Ni neu ez naiz ezer jakinaren bila joaten. Nahiago izaten dut ezustekoa. Arrazioa da, arean, berrietako batzuk eskuartean ditudala. Hala nola, Otamendiren poesia liburua, nire ustez itzulera pozgarri batek merezi duen lekua izan dezan opa diodan liburua. Aspaldion poetei begira nabil, egia, horretan jarduteko kemena baduten berriak urtero-urtero sortzen direla harriduraz ikusten dut eta. Poesia idatziko ez balitz, ez legoke etorkizunik.

13

G. Ba al dago ezer berririk esateko? Adierazteko? Kontatzeko? Aldarrikatzeko?... Armintza

E. Armintzatik idazten duzunez, itsaso beteko liburuak daude, oraindik, idazteko. Euskaraz behintzat. Armintzatik idazten duzunez, horra adibidea: Lemoizko zentralaren eskeletoa bisitatzen izan nintzen, iaz edo. Horretan egin litezkeen instalazioak! Aldarrikatzeko? Errepublika, adibidez. Edo gure artean diren inmigranteekin esklabutza aro berri bat hasi dutela, eta horretarako eskubiderik ez daukala inork, horixe aldarrikatu behar dela uste dut. Eta aldarrikatu, era berean, ez gaitzatela ume modura tratatu, egun batean "erabakia denon esku dago" esanez eta hurrengoan "AHTren gainean galdaketa egitea" beharrezkoa ez dela esanez. Aldarrika dezagun gure duintasuna. Sala dezagun T5k, esate baterako, portaera kolonilista duela, ez baitu euskaraz ezer esaten, eta portaera kolonialista dutela, ildo berean, hemengo erdal komunikabide asko. Kontatzeko asko dugu, baina tabuak ere ugari, lehenago idatzi dudan moduan.

12

G. Nola ikusten duzu Utikan! manifestuaren biharamuna? Torpedoak itsasontzia jo baina ez zuen ondoratu... Beste bat jaurti behar zaio? Matxura konpondu eta aurrera egin behar du? Ainara

E. Biharmuna, ba, horixe, biharamun luzea izaten ari dela, baina biharamun, azken batean. Nire aldetik ez daukat holako ontzirik hondoratzeko asmorik. Garrantzizkoena irakurleoi eman dizueguna da: kritiko izateko aukera, zueok ere. Horrexegatik idazten dugu www.bazka.info. Hortxe dago, egotekotan, torpedoa. Hor ageri diren datuek agirian llabur geratu ginen ala urrunegi joan ote ginen galderari erantzuteko balio ahalko dute. Nik neuk badaukat nire erantzuna.

11

G. 'Azeria eta lehoia' irakurtzeko gogoz nago. Zer ekarriko digu oraingoan Sebastian Zubiletakoak? Aritz (Lasarte)

E. Ez nuke jakingo nondik hasi. Bat, bere ibilbide iniziatikoaren amaiera; bi, Ingalatarrera eta hango zenbait kontu, football deritzon jokoa tartean; hiru; erotismoaren beste indar bat; lau, ihes egiten laguntzen diotenak zaldia, adimen urriko mutikoa eta neskato nerabea izatea; bost, emakumeen presentzia itsasoko piztia handi haietan, alegia, galeioetan. Sukar ustelaren urtea delakoari ez zerion arintasuna ere bakarrela uste dut. Irakurleon alde!

10

G. Literaturak psikotropikoa beharko lukeela izan irakurri dizugu. Bestelako psikotropikoetara ohituta gaudenok nola konbentzitu, droga alda dezagun? Taperware kolektiboa

E. Ez dira ezkontezinak. Bakoitzak bere lekua. Psikotropikoen erabila hedonista defenditzen dut eta, literatura irakurtzea hedonismoaren parte egiten dut. Ez dut konbentzitu nahi. Goizean argia, iluntzea kea, bitartean lana, lan egin beharra defenditu barik. Horditasunerako bideak bilatu eta topatu izanak gure psikiaren bilakaeran eragin erabakigarria izan du. Lengoiak, baita ere. Literaturak subjektibitateari eragiten dio, beste edozein psikotropikok legez. Ajean eta prezioetan dira elkarren ezberdinak.

9

G. XX.mendeko hamar idazle garrantzitsuenak zein dira zure ustez? Mikel (Iruņea)

E. Nireak: Sigmund Freud, Beckett, Anais Nin, Marquez, Bataille, Benjamin, Aresti, Conrad, Yourcenar, Mikel Lasa,...

8

G. Zela egiten diezu aurre nobela bat idazteak dakartzan bakardade uneei? Ander

E. Lehiotik sartzen den argia eskertuz. Ura edanez. Eguerdietan kalera irtenda jendea -langileak batik bat- tabernan direla ikusiz, eta horko giroarekin gozatuz eta, batez ere, hitzak eta esaldiak, lerroak eta orriak, armoniana datozean hartzen dudan pozak lagundurik.

7

G. Zein da libururik onena? Edo zeinekin geratu zara gustoen? Ane Gomez

E. Beti esaten da azkena dela. Honekin gustura geratu naiz, egia. Baina Urdaibaiko ipuin eta kondairak, horixe nire maiteena, inork gutxik ezagutzen duelako.

6

G. Politikoki ere posizionatu izan zara. Orain zer diozu? Mikel

E. Egia. Orain zer diodan? Irtenbidea bilatu behar zaiolari armen ildoari. Hitza zor zaigula, geuri, denoi. Argi dagoela E.H. nazio proiektua, lehenik eta behin, kulturala dela, eta hori garatzen ez den bitartean E.H. proiektu politikoak ez du gauzatzerik izango. Eta zenbatzea komeni dela, nork zer uste duen E.H.ren etorkizunaz, mozorroak kenduz. Faxismoa gorantz dator, Psoe horretan falangista ugari dago, indarrean dagoen Espainiaren ideia falangista dela, eta horixe dugula oztopo, eta horri aurre egiteko modua behar dela: eztabaida, bide berriak, desobedientzia zibila, informazioa. Eta politikari profesionalei testa egin, hala E.H.aren historia, nola Espainakoaz. Balio duten jakiteko. ETAren kondenarik egingo dudan, esan nahi duzu? Zerrenda luzea daukat, kondenak egiteko. Hori al da "herrio honi akzen mendean geratatu zioan okerrena"? (Ibarretxeren hitzak buruz).

5

G. Joxe Arregirekin Jainkoaz eztabaidan ikusi zaitugu berriki liburu batean, eta ezustea hartu dut: guztiz arrazional eta lojiko somatu zaitut, Ilustrazioaren seme, zientziaren fededun... Ez al da kontraesankorra izaera artistikoarekin? Jon Ander (Hendaia)

E. Ba, ez. Fisika, literateratura eta musika gai bakarra dira. Fisikak duen mistizismo kutsuak erakartzen nau, eta kristau, judu, islamdar eta halakoen Jainko Bakarrak izutu. Azken horren izenean egiten diren demasakoek, historian zehar horren bidez ezarri diguten uztarriak, horrek ekarri duen errepresiozko eta izuzko hezkuntzak, eta beste arrazio askok, nire iritziak plazaratu beharrekoak direla konbentzitu nau. Ateoa, alegia, askea. Ilustrazioaren semea? Historian izen diren heterodoxia bide askoren bidean ikusten dut nire burua.

4

G. Diotenez, Euskadin rock and rollak ez du dirurik ematen. Eta literaturak? Idaztetik bizi al zara? Amagoia

E. Ba, kasik idaztetik, eta zeharkako laguntzetatik: irakurraldiak, lantegiak, hitzaldiak eta abarrak eginez. Turismoaren arloan ere lan egiten dut, tarteka, helbide honetan: www.hegaluze.com. Begiratu.

3

G. Kaixo Edorta. Uste dut zeu zarela Euskal Herri 'beltzaren' kornistetako bat. Halakotzat daukazu zure burua? Ez al zaizu zaila egiten gure gizartean halako giroak aurkitzea? Ez al da gure ingurua hori baino 'garbiagoa'? Aitor Eguren

E. Ez daukat nire burua halakotzat. Aspaldion ez nabil giro horietan. Baina sinestu egidazu, Aitor, gure ingurua hori baino zikinagoa da. Tabuak badira, hala nola, ustelkeria, lagunkoikeria, iruzurra lan handietan, eta abar luzea. Nobela beltz onak egiteko adina gai, pertsonai eta beste zernahi.

2

G. Non dago Omar Nabarro? Arantxa

E. Nik neuk ere ez dakit. Saiatzen naiz, saiatzen naizenez, ni baitatik zerbait sor dezan uzten, baina poesia bera zer den ez dakidanez, agian horrexegatik, ez dator agerira. Publikoaren aurrean irakurtzeko olerki bi izan dira haren azken agerraldiak.

1

G. Azkeneko fusila izan al du Edortak bere eskuetan edo oraindik etortzeko dago? Josu

E. Ez dakit galdera ulertu dudan. Oraingo hau, Azeria eta lehioa, ez da izango, osasunez banabil, azkena.