Azken elkarrizketa

Eneko Bidegain

Eneko Bidegain

Kazetari eta idazlea

2007-12-17 - 12:00etan

Iparretarrak erakunde armatuari buruzko liburua plazaratu berri du Eneko Bidegain kazetari eta idazleak. Ipar Euskal Herriko aktualitateaz aritzen den bloga ere badu BERRIA.INFOn, eta BERRIAren Baionako ordezkaritzako burua da.

 Erantzundako galderak

20

G. Eskerrik asko Eneko elkarrizketa digitalari erantzun diozulako. Beste bat arte. BERRIA.INFO

E. Milesker zuei denei.

19

G. EH Bai koalizioan sinesten duzu? Nik ikusten dutanez, iparraldeko abertzaleak ez dira gogoz, bihotzez elkartzen lehenik, bainan beharrez. Ez dea tristezia handia gure herria eta ideiak aitzinarazteko ardura dutenen partez? samuel

E. Zinez uste duzu ez direla gogoz ari? Abertzaleen arteko giroa duela zenbait urte baino hobea dela iruditzen zait. EH Bai-ek ez ditu desadostasunak ezabatzen, baina elkarlanak bere fruituak ematen dituela frogatua izan da.

18

G. Uste dut Filipe Bidart itzal handiko norbait izan dela Iparraldean. Gaur egun zer ekarpen egin diezaioke Euskal Herriari? Mattin

E. Bere zailtasun handiena da, Euskal Herritik ehunka kilometrotan bizi dela. Hori oztopoa da. Dena den, nahi badu segurik, eta Euskal Herrira itzuli bitartean, bere gogoetak egin ditzake, idatziz, liburu, blog edo nahi duen tresnen bidez. Aberasgarriak izanen dira, dudarik gabe.

17

G. Egunon. Nire galderak ez du ikustekorik liburuarekin. Baina bertso epaile zaren heinean, ados zara Gipuzkoako finaleko emaitzarekin? Leire

E. Atzo Ilunben nintzen ni ere. Lehenik, epaimahaiaren erabakia osoki errespetatzen dut. Askoz erosoago egon nintzen harmailetatik bertso saioa ikusten. Epaimahaia nuen parez pare, eta ez nuen batere han egoteko gogorik. Aspaldiko partez, holako final handi bat publikotik gozatzea, puntuatu beharrik ez izatea eta nahi bezainbat txalotu ahal izatea, plazer handia izan zen. Epaimahaia sei edo zazpi epailek osatzen dute, beraz sei edo zazpi gustu desberdin. Atzoko emaitza ez zen nik espero nuena. Baina saioko inpresio orokorra gauza bat da. Ez dakit epaitu banu, nire puntuazioen emaitza eta nire inpresio orokorra bateragarriak izanen ziren (gertatzen da…). Dena den, nahiz eta hurbilagotik aztertu beharko nukeen, harritu ninduen Iker Zubeldia zortzigarren postuan izateak. Nik uste hark ekarri zuela freskotasun gehien bertso saiora, espontaneitate gehien… Eta uste dut gehiago saritu behar zela haren ekarpena. Gogoeta luzea bada egiteko horren haritik…

16

G. Iparraldeko egoera ikusita, Batsunak eta EAk babestutako manifestazioa Abertzaleen Batasunak ez babestea deigarria egin zitzaidan. erantzunik baduzu, zuk? Iparraldetik

E. Egia da nahiko zaila dela ulertzeko, aldi berean zuk aipatu hiru alderdiak Euskal Herria Bai koalizioan daudenean. Baina lehen aipatu dudan bezala, uste dut Ipar Euskal Herriarentzako berezko instituzioaren aldarrikapenaren inguruko estrategiari buruzko desadostasunak daudela horren erdian.

15

G. Zer dela-eta idatzi duzu Iparretarrak-i buruzko liburua? Jakinminak,... mikel

E. Gatuzain argitaletxearen aspaldiko xedea zen horren egitea. Egitea proposatu zidatenean, onartu nuen, gaia interesgarria iruditzen baitzitzaidan.

14

G. Iparretarraken historia aztertu duzu. Aztertu duzu erakunde horretan emakumeek zer paper jokatzen zuten? Gizonen pare ziren, edo bestelakoak ziren beren egitekoak? Ikerne

E. Ez dut hori aztertu, ez. Baina emazte batzuk ere izan ziren klandestinitatean. Bat aipatzeagatik: Maddi Hegi. Kartzelatik ihes egin zuen, eta zenbait hilabetez klandestinitatean egon zen. Polizien kontrol batetik ihes egitean hil zen.

13

G. Gaur egun zentzurik baluke Iparretarrak mugimenduak? Arrazoinak balitaizke egin dituzten ekintzak bezalakoak gaur egiteko? Gizarteak onartuko luke militantismo bortizt bat? fredi

E. Ikusten da aurten IKren estiloko hainbat ekintza izan dela Iparraldean. Errebeindikapen agiririk gabe gelditu dira, ordea. Ez dakit ea arrazoirik baden ala ez, ea tresnarik baden ala ez, aldarrikapen batzuk edo salaketa batzuk bortizkeriarik gabe egin ahal izateko. Gauzak ez dira duela 20-25 urte bezala, dena den. IKren aldarrikapen nagusiak ez dira obratu. Baina IK sortu zenean baino anitzez tresna gehiago bada, gaur egun, lan egiteko. Funtsean, IKren isiltzearen arrazoietariko bat izan daiteke IK egin zutenak eta orduko abertzaleak, jazarpen mugimendu batetetik kudeaketa mugimendu batera pasatu direla. Edo beste gisa batez errateko: esparru anitzera zabaldu dela abertzaleen eta IK egin zutenen eragina.

12

G. Goresmenak zuri...zure azken obra ez dut oraino leitua baina oporrak hurbiltzen ari baitira egin gogo dut. Errazu Eneko, nola onets daiteke Berria-ko orrialde elektronikuetan leitzea "Ez daude Erantzunak mezu honetan"...Xifritzen naiz horrelakoak ikustean. Proposamena : " Mezu honek ez du (dauka) erantzunik" Ea zuk barnetik, zuzentarazten ahal duzun. Ez bide da sorginkeria, araiz. Eguberri atsegina opatzen dizut. Bi pott eta goraintzi etxekoei ere. LNA elena_touyarou@hotmail.com

E. Milesker Elena. Eta eguberri eta urte berri ona zuri ere. Zure gogoetaren berri emanen diet (pentsatzen dut irakurri dutela). Izan untsa.

11

G. IKren aldarrikapenetako bat izan da autonomia. Uste dut bere garaian orain Batasunaren inguruan biltzen den ezker abertzaleak ez zuela aldarrikapen hori onartzen. Orain, aldiz, ematen du berena egin dutela. IKkoek zein jarrera dute guzti horren inguruan? Sorgin

E. Denetarik izanen da. Baina gogoan dute duela zenbait urte zer harrera egin zioten autonomiaren aldarrikapenari, orain autonomia aldarrikatzen dutenek. Dena den, pozten dira autonomiaren aldarrikapena onartua delako.

10

G. Larunbatean Baionako manifestazioan izan nituan, Ipar Euskal Herriaren autonomiaren alde. 800 lagun izan ginela jarri huen heuk Berrian. Gehiago ez al ginen? (baietz esango nikek) Eta 800 asko al dira? ABk zergatik ez zuen babestu manifa? Motx

E. 800 ez nituen nik bakarrik zenbatu. Dena den, 800 ez da gutxi, kontuan harturik ez zegoela abertzale guzien arteko dinamika bateraturik manifestazio horren inguruan. Enbata astekariak argitaratu zuen duela aste pare bat ABren iritzia, manifestazio hori zela-eta. Iruditzen zait, duela urte bat arte Iparraldeko alderdi abertzaleak instituzio proiektu baten inguruan lanean ari zirenean eta Batera-ren dinamika hor zegoenean, Batasunak autonomiaren aldarrikapena bere aldetik ateratzea ez duela gustukoa izan ABk. Noiz eta nork erabaki behar du Batera-ren dinamika agortua dela eta beste fase batera pasa behar dela?

9

G. Kaixo Eneko, Zure IK-ko liburuko bidalketa ikusi dut internetean. Zorionak zuri eta zure lanako. Preziatu ta zuzen. Nire euskara lan egin behar dut - Sabaudian ez da erraz ! - baina gehiago liburu hau irakurriko dut. Laster arte, PL Pierre LASTERA

E. Milesker Pierre. Aspaldiko! Anitz pozten naiz euskara ikasi duzulako ordutik hona. Espero dut gustura irakurriko duzula, eta biba zu euskaraz irakurtzeko indarra egiteagatik!

8

G. Gaur egungo Iparraldeko gazteek zer pentsatzen eta sentitzen dute Iparretarraken inguruan? Zergatik ez du segidarik Hegoaldean ETAk izan duen bezala? Aintzane

E. Bizi eremua askoz txikiagoa da Ipar Euskal Herrian, baita abertzale kopurua ere. Militante "harrobi" handiagoa du, berez, ETAk. Hori izan daiteke azalpenetariko bat, xehetasunetan sartu gabe. Baina IKn ez da belaunaldi berritzerik gertatu. Duela 10-15 urteko gazteek beren dinamika propioak eraiki zituzten, eta dinamika abertzalea IKren eskuetatik kanpo gelditu zen.

7

G. Bertso txapelketetan epaile lanak egin izan dituzu eta Xalbador bertsolariaren biloba zara. Bertsotan bat-batean egin duzu nehoiz? Asier

E. Bertso eskolak oraindik ez ziren hasiak Ipar Euskal Herrian, Hendaian salbu. Bertso paperak egin izan ditut, nerabe nintzenean. Baina bat-bateko bertsoan ikasteko aukerarik ez nuen ukan. Urte batez, taldetxo bat hasi ginen, bertso-eskola izan zitekeen batean. Baina bizpahiru aldiz bildu ondoan, bakar batzuk baizik ez ginen gelditu, eta dena utzi genuen. Ez dut damurik, hala ere. Ez dut batere taula gainetik publiko baten aitzinean kantatzeko gogorik. Uste dut biziki gaizki pasako nukeela…

6

G. "Iparretarrak erakunde politiko armatu baten historia" du izenburua liburuak. Zure liburuan lekukotasuna eman duen Allande Sokarrosek dio "erakunde politiko" bat dela IK, eta ez "erakunde politiko armatu bat". Ados zaude? ekaitza

E. Izenburuan "politiko" hitza sartu nuen, erakunde horren izaera politikoaren garrantzia azpimarratzeko. Hala ere, ekintza armatuak egiten zituen heinean, erakunde armatua ere bazen.

5

G. Beharrezko ikusten al duzu Europaren ahotsa, Estatu frantsesaren tradiziozko hiru ezaugarri higiezinak ahultzeko? Hau da, berdintasuna, nazionalismoa eta autoritarismoa? Edo ezkortasuna da Ipar Euskal Herriko euskaldunei gelditzen zaizuen bakarra? Keoma

E. Ez dakit Europaren ahotsak zenbaterainoko eragina duen Frantziaren baitan, zuk aipatu gaietan. Baina eragin zerbait ukan dezake. Hala ere, ez dut uste, Europa ala ez Europa, Ipar Euskal Herriko euskaldunei gelditzen zaigun bakarra ezkortasuna denik. Baikor izateko arrazoiak ere badira, bai.

4

G. "Kazetari eta Idazlea", horrela dio elkarrrizketarako irgarkiak. Ala ere argazkilaritzaz zerbait badakizu... . Ofiziorako edo afiziorako? Gorka

E. Argazkia, afiziorako. Asko gustatzen zait argazkiak ateratzea. Nire zaletasunetariko bat. Eta plazer handia hartzen dut argazkiak ateratzean ere. Argazki tresnari "klik" egitean baino gehiago, zerbaiti argazkia ateratzeko, beste ikuspegi bat bilatzean

3

G. Horrelako gai arantzatsuetan gertatu ohi den bezala, presio asko izan omen duzu liburuaren edukiei dagokionez, eta zenbait jendek ez du elkarrizketetan parte hartu nahi izan, baldintza batzuk betetzen ez baziren. Nola bizi izan duzu egoera hori? Era honetako kazetaritza-politikoa egitea erraza da Euskal Herrian? Ainhoa

E. Gai zaila da, zuk diozun bezala. Eta ez dut ukatzen aipatu dituzun zailtasunak eta trabak ukan ditudala. Gibeltasunarekin, arazo horiek gainditu ditut, eta aterabideak aurkitu ere. Frustrazio batzuk eragin ditzake, baina esperientzia aberasgarria izan da. Egia da, Euskal Herrian kazetaritza politikoa egitea ez dela batere erraza, liburu honetaz haratago ere.

2

G. Agur beroa Eneko: lehenikan eta behin esker haundia euskara jagon eta garatzeagatikan burutzen duzun lanagatikan. On bidean, Baiona Euskal Autonomia Politikoaren hiriburu birtuala den heinean, ulergarria al da Gipuzkoan dagoen azpiegitura autonomikoaren antzerakoa eraikitzea Laburdian, Garazian eta Zuberoan? Frantziar Administrazioaren menpeko Araba den Biarnoa kanpo, ala barne? Esker aunitz. Andoni Errazkin Beratzadi

E. Milesker zure eskerrentzat, Andoni. Autonomiaren aldarrikapena aldarrikapen zaharra da. Frantziak zeharka, zapalkuntza gogor eta zuzena erabili gabe, mendeetan zehar (1789tik landa bereziki) euskal nortasuna ukatu eta gutxietsi du, bere jakobinismoaren bidez. Euskaldun izatearen ahalkea sarrarazi zuen euskal etxeetan. Horren aurrean, batzuek burua altxatu zuten, eta Frantziak zuen ukapen jarreraren aurrean, Euskal Herriak bere burua bere gain hartu behar zuela pentsatu zuten. Hots, frantsesa hizkuntza bakar gisa ikusten duen Frantzia zentralizatu batean, nekez espero daiteke euskal nortasunaren salbamendurik. Horregatik, Ipar Euskal Herriak giderrak bere esku har ditzan nahi dute abertzaleek. Arabaren eta Biarnoaren arteko konparaketa ez dut ongi ulertzen. Biarnoa ez da Euskal Herria. Hortik dator, Pirinio Atlantikoak departamendu gisa ez onartzearen arrazoia ere. Iparraldeko hiru euskal herrialdeak Biarnoarekin itoak bezala direlako.

1

G. Zergatik ezagutzen dugu hain gutxi Iparretarraken historia? Zergatik egon da horrelako interes politiko nabaria isilarazteko? Uste dut ez dela bakarrik Iparraldekoa delako, politikoki ere interesatzen ez zuelako. Uste berekoa zara? Joseba

E. Galdera interesgarria eta sakona egin duzu, Joseba. Erantzuna ez dut ezagutzen, ordea. Iparretarrak-en historia nahiko ongi ezagutzen da Ipar Euskal Herriko belaunaldi batean. Gutxiago, hain segur, Hegoldean. Iparraldekoa izatea arrazoietariko bat da, baina, arrazoi duzu, ez da bakarra. Begi bistakoa da, urte luzetan, ETAren eta IKren arteko desadostasunak, Hegoaldean IK gutxiesteko joera bat eragin zuela. Baina galdera horrek erantzun luzeago eta sakonagoa eskatzen du, ariketa zaila, minutu gutxitan egiteko.