Azken elkarrizketa

Aitor Mendiluze

Aitor Mendiluze

Bertsolaria, Gipuzkoako txapelduna

2007-12-20 - 18:30

 Erantzundako galderak

22

G. Gaurko BERRIAn kritika egiten dio irtzigile batek Ilunbeko finalean izan ziren gai makabroen gainean. Ez zaizu zuri ere iruditzen House doktorea nagusitu zela Ilunben? Markina

E. Egia da hamarreko txikiko gaietan batez ere oso nabarmena izan zela heriotzaren presentzia, eta geu ere oholtzan harritu egin ginen. Baina bakarkako gaietakoa ez nuke esango hainbesterainokoa izan zenik.

21

G. Nola ikusten du Gipuzkoako txapeldunak Nafarroako bertsolaritza eta, bereziki, Nafarroako txapelketa? Ah! eta zorionak!!! Estitxu

E. Nafarroako Txapelketa ondo ikusten dut orokorrean, egoera jakin bati erantzuten diolako. Agian, erronka berriei erantzuteko unea etorriko zaio, eta lortuko duela espero dut. Ah, eta mila esker.

20

G. Zorionak, ez txapelarengatik bakarrik daramazun ibilbideagatik baizik. Konta iezaguzu zure ibilbidean izandako zenbait mugarri.... Antropos

E. Eskolarteko txapelketek suposatu zuten lehen saltoa. Horien ondoren, lehen txapelketa handian txapela jazteak plazara atea zabaldu zidala iruditzen zait, eta hori konfirmatu dute ondoren etorri diren finalek ere. Hala ere, nire ibilbidean ezer garrantzitsua izan bada, saio bakoitzarekiko eta bertso bakoitzarekiko jarrera izan dela uste dut, beti ahal den onena ematen saiatzeko gogo hori. Uste dut hori dela nire ibilbidea definitzen duen ezaugarrietako bat.

19

G. Azken finalek bertso kalitatea galdu gabe ikuskizunetik asko irabazi dute. Ez dut kritikatuko. Horietan bizitako emozioa itzela izan da. Baina saio arruntetara joan, kultur etxeetara, frontoietara... eta finalean mugitzen den jende gazte hori dena desagertu egiten da, kostatzen da saio arruntetara jendea hurbiltzea. Txapelketaren bueltan eraikitzen ari ote gara bertsolaritza? Zergatik ez du erakartzen jendea saio arrunt batek? Lore Aizkorreta

E. Ez gara txapelketaren bueltan eraikitzen ari, baina egia da txapelketak mugarri edo inflexio puntuak izaten direla eta zale guztiek egon nahi dute han. Hala ere, urtean zeharreko saioetan entzule kopurua gora doan sentsazioa dugu bertsolariok, eta baita orokorrean saio kopurua ere. Garbi eduki behar da saio bakoitza entzule kopuru batentzat antolatzen dela, eta kopuru hori lortzen den edo ez da baloratu beharrekoa.

18

G. Aitor, zorionak merezitako txapelagatik, bertsokeragatik eta ondokoa ez egiteagatik: (Bapateko!) bertsolaritza txapelketa. Gipuzkoako finala. Kartzelako gaia, 3 bertso neurri eta doinu librean. Bi minutu eta 50 segunduko isilunea hasi da. Ez al da gehiegi ? Hori ez al da nolabait penalizatu edo mugatu behar ? Joseba

E. Denbora horretan istorio bat asmatu, hiru ataletan zatitu, atal bakoitza bertso formara mugatu eta kantatzea, ez zaizu bat-batekoa iruditzen? Beste gauza bat da tarte horrek zenbatekoa izan behar duen entzuleen pertzepzioari dagokionez. Luzeegia denean, entzuleek adierazten dute, eta bertsolariak somatu. Baina ez da nahita egiten den zerbait. Penalizatzea edo mugatzea, ez da gure zeregina, entzuleak urduritu aurretik kantatzen hastea baizik.

17

G. Zorionak Aitor! Finalisten artean emakume bakar bat ere ez egotea deigarria egin zait. Asko dira bertso eskoletara hurbiltzen diren neska gazteak, maila polita lortzen dutenak, txapelketak irabaztea ere bai... Zu eskoletan gazte jendearekin zabiltzala, zer falta zaigu emakumeak ere elite horretan kontsolidatzeko? Zer ari gara gaizki egiten? Gaitz guztiak gizartearen egiturari leporatu behar zaizkio? Jon

E. Nik ez dut uste ezer falta denik. Ia multzo horretan dabiltzan emakumeak badaude, eta gero eta gehiago izango dira, noski. Finalean ez egotea kasualitatea izan da. Maila horretan lehiatuta, ez gara gizon eta emakumeak, bertsolariak baizik. Hala ere, hurrengo finalean emakumeen presentzia izatea litekeena da, eta hala espero dugu.

16

G. kaixo mendiluze! zorionak lehendabizi... ondo? kartzelako gaiarekin duda bat dut: badakit fikziotik kantatu zenuela, rol bat jokatuz. Baina zergatik hartzen (tratatzen) duzu horrela gizone askorekin ibiltzen den emakumea? ainara

E. Besterik gabe, ez nuen epaitzera jo, baina neure beldurra justifikatzeko moduko harreman bat irudikatu nahi nuen. Ez dakit erabat asmatu nuen, baina ez neukan inor gutxiesteko asmorik. Formulazioko akatsa onartzen dut, hala ere.

15

G. Berrian leitu nuen Xabier Silveira eta Estitxu Arozena kexu zirela Gipuzkoako Txapelketaren ereduaz, eta batez ere sobera paratu duzuela bertsolariek, zartakoa etor zitekeela. Espektatiba haundiegiak ez al ditu sortu zuentzat? Eta presioa? Bestak eta ikuskizunak orekarik badute? 2009an Euskal Herriko txapeldun ikusiko zaitugu? Aukerarik ikusten duzu? Josu Baleztena

E. Txapelketa hitzak berak definitzen du, eta finalean lehia eta emozioa egotea denontzat ona dela uste dut. Hala ere, ez dut uste hori festarekin kontrajarrita dagoenik, bertsolarien lehia izan daitekeelako zaleentzat festa bat ere. Presioari dagokionez, inork ez gaitu ezertara behartzen, geuk ezartzen diogu geure buruari. 2009rako gehiegi falta da oraindik.

14

G. Oiartzuarraren kartzelako ariketako berrikuntzak hi ere jokoz kanpo harrapatu al hintuen? Ze eritzi daukak epaileek puntuazio gehien eman izana saio horri? Bertsoa ala ausardia puntuatu zien? Zorionak eta mila esker egoitz

E. Zerbait aipatu zigun aurretik Jonek, baina onartzen dut arraroa egin zitzaidala, hala ere. Epaileek zer puntuatu zuten ez dakit, baina eskertzen diet epelkerian ez erortzea, ausarta izan behar delako berrikuntza baten aurrean horrelako jarrera bat hartzeko.

13

G. Zorionak Aitor. Ez al zaizu iruditzen Jon Maiak puntuazio hobea merezi zuela? Leire Rios

E. Saio ona egin zuela iruditzen zait, eta ez nintzatekeen batere harrituko buruz burukoan sartu balitz. Hortik aurrera epaitzeko guri iritzia da gutxien jarraitu behar dena, oholtzatik saioa ez delako behar bezala jarraitzen.

12

G. Kaixo eta zorionak!! Zer iruditu zaizu Jon Martin egiņikoa kartzelako lanean? Zeresan asko ekirri du eta ekarriko du, aro berri baten hasieran ote da bertsolaritza? Agur eta eskerrikasko. iker

E. Nire ustez, ahalegin handi bat egin zuen Jon Martinek bere zigilua uzteko eta ekarpen bat egiteko. Alde horretatik, zoriontzea merezi du. Ekarpen moduan, aukera bat gehiago eskaintzen duela uste dut eta, beraz, bakoitzaren esku geratzen da bide horretatik jarraitzea edo ez.

11

G. Zorionak Aitor. Ez zitzaidan asko gustatu lehen kartzelan neska haren gainean egin zenuen deskribapena. Oso kontserbadorea izan zen. Ulertzen dut bapatean ari zaretela, pentsatzeko astirik gabe, baina alderdi hori zaindu beharra daukazue... Mikel Plazaola

E. Jorratu nahi nuen gaia jorratzeko, oso profil jakineko emakume bat irudikatu nahi nuen, eta ez dut uste horregatik emakumeak gutxiesten ditudanik. Hala ere, egia da 'paketearen' esaldi hura gordin samarra zela, eta neu ere hiru bertsoen ondoren eseri nintzenean, konturatu nintzen.

10

G. Ezer baino lehen zorionak. Pozgarria da zu bezalako bertsolari bat berriz ere txapelarekin ikustea. 1995ean ere irabazi zenuen txapela, orduko hartan 20 urte besterik ez zenituen. Zer sentimendu sortu zizun orain 12 urteko txapelak eta zer igandekoak? Eskerrik asko. Sorabilla

E. Orain 12 urte hasiberriarentzat bultzada handi bat izan zen, eta 12 urte beranduago bitartean egindakoaren konfirmazio bat izan daiteke. Eta, noski, aurrera jarraitzeko animo handi bat ere bai.

9

G. Ondo ikusten al dizutu bertsolari batzuk animatzera joaten diren zaletu taldeak? Ateratzen duten builagatik ari naiz. Ainitze Gonzalez

E. Buila ateratzea ez da txarra, baina atera behar den momentuetan. Bertsolaria pentsatzen ari denean, errespetatu egin behar da. Bertsoen ondorengo builak lehen ere ematen ziren, eta zerbaiten seinale izango dira, noski.

8

G. Andoni Egaņa garaitezina al da? Itziar Perez

E. Ez, ez dut uste. Hori bai, garaitzen asmatu behar. Saiatu faltan ez da geratuko.

7

G. Zorionak Aitor. Ba ote dauka zentzurik azken finalean, biak bakarrik zinetela, puntuka hasteak? Imanol Landaberri

E. Bai, dudarik gabe. Ni txapelketan puntutan aritzearen aldekoa naiz. Nire ustez, finalistek puntutan aritzeko gai izan behar dute, gero saioz saio aritu beharko dutelako. Eta, gainera, oso ariketa bizia eta gustagarria dela iruditzen zait.

6

G. Zorionak Aitor, merezimendu osoz irbazi zenuen txapela eta. Hurrengo Gipuzkoako txapelketan parte hartzea pentsatzen duzu? Arantza III

E. Ez hartzerik ez dut pentsatzen, behintzat. Gero momentuan bertan ikusiko da nola gauden eta zenbateko gogoa daukagun. Txapelketara joatekotan, gogoarekin joan behar da.

5

G. Illunbe zezen-plazan inork ez zian korridetako jergarik erabili. Nahita? Adar

E. Ez, besterik gabe, kasualitatea izan daiteke. Hala ere, izan ziren aipamen puntualak.

4

G. Nola da posible Gipuzkoako txapeldunordea errepeskan pasatu izana final-laurdenetara? Ainhoa

E. Txapelketa eta orokorrean bertsolaritza ez delako matematika. Lehen saioan hain ondo aritzen ez denak, handik aurrera bere onenak eman ditzake eta alderantziz, eta eskerrak hala den.

3

G. Askotan bigarren mailako bertsolaritzat hartu izan zaituztenaren inpresioa dut, agian, beste batzuk baino ortodoxoagoak izan zarelako. Irabazi berri duzun bigarren txapelak, eta orain bi urte Euskal Herriko Txapelketan egindako paperak bertsolaritzaren elitekoa zarela konfirmatzeko balio du? Aintzane

E. Hori plazak eta entzuleek esan behar dute. Ni bertsolari sentitzen naiz. Elitekoa edo ez ez dago gure esku, baina maila onean aritzeko gai naizela sentitzen dut.

2

G. Bertsolari batzuek besteek baino gehiago markatua, baina guztiek dute euren bertsokera. Euren mundu ikuskera edo izakera bertsotara islatua. Zein uste duzu dela zure bertsokeraren ezaugarri nagusia? Mitxel

E. Saio eta ariketa guztietara ondo moldatzen naizela uste dut, eta ez naizela askok uste duten bezain serioa.

1

G. Ikusten al duzu zure burua Euskal Herriko txapelduna? Larreazpi

E. Oraingoz, Gipuzkoakoa ikusita, nahikoa dut. Denborak esango du.