Azken elkarrizketa

Aiert Larrarte

Aiert Larrarte

Torturaren Aurkako Taldeko kidea eta abokatua

2008-01-11 - 12:00

 Erantzundako galderak

18

G. Eskerrik asko Aiert elkarrizketa digitaletan parte hartzeagatik. Hurrena arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrikasko zuei. Uste baino lasaiago eta gustorago egon naiz zuekin. Eskerrikasko galderak bidali dituzuenoi ere. Gora bihotzak!!!

17

G. Zergaitik ez dituzue salatzen ETAk eragindako torturak? (bahiketak...) Joxe

E. Nazio Batuek Torturari buruz egiten duen definizioarekin egiten dugu lan: Funtzionari publiko batek, bere lanean, beste pertsona bati eragiten dion sufrimendu psikologiko zein fisikoa, informazioa lortzeko, inkulpazioak lortzeko edo zigortzeko. Hori da tortura gure ustez. Eta Nazio Batuen eritziz ere bai.

16

G. Ertzaintzak abian jarritako torturaren aurkako protokoloa ontzat ematen duzue? sergio

E. Ontzat ematen dugu, tortura gertatu dadin zaildu dezakeelako, baina ez du inondik ere desagertaratzen. Horretarako, beti diogun bezala, inkomunikazioarekin amaitu behar da.

15

G. Ba al zenuten esperantzarik Zapateroren Gobernuarekin tortura bukatuko zela? Arlo horretan izan da aldaketarik Aznarren Goberntuk Zapaterorenera? Andoni

E. Zapateroren gobernuak azkar erakutsi zuen Torturarekiko asmoa: Hauteskundeak irabazi eta gutxira, defentsa Ministroak tortura kasuen % 100a gezurrezkoak zirela esan zuen. Tamalez ez da ezer aldatu.

14

G. Pentsatzen dut torturtuak izan diren askorekin hitzegiteko aukera izan duzula. Zer esaten dute, torturatzaileei zerk bultzatzen diela gorroto itsu batek edo ondo planteatutako praktika hotza dela? Ixiar

E. Oso ondo aztertutako metodoak erabiltzen dituzte. Torturatzaile profesionalak ondo ikasiak eta prestatuak daude, maila guztietan. Prestakuntza berezi honi gorroto itsua gehitzen diotenak izango dira noski.

13

G. tortura gizateriaren aurkako krimena izanik delitua al da hau ahalbidetzea, iskutatzea edota gutxieztea hau jasan dutenak irainduz? anderhop

E. Bai. Delitu larria da. Tamalez pertsona gehiegi dago tartean nahastuta, eta botere handikoak dira gainera.

12

G. Zenbaterainoko garrantzia dauka agertu den lekukoak? Ainara Lopez

E. Publikoki beharko lukeena baino txikiagoa. Juridikoki ikusiko dugu, goizegi da jakiteko. Hala ere, gogoratu, Tortura ikerketak esan izan digutela Mikel Zabaltza eskuak lotuta igeri egiten saiatu zela Bidasoan, Gurutze Iantzi bihotzekoak jota hil zela, Xabier Kalparsorok bere buruaz beste egin zuela, Iratxe Sorzabalen elektrodo zauriak alergia batek eraginda zirela edo Unai Romanok bere burua nahita zauritu zuela.

11

G. Ez al da harrigarria Igor Porturen kasuan Donostiko Erresidentzira eramatea? Madrilen izan balitz jakingo genuke honen berri? Aintzane

E. Madrilen ingresatu izan balute, uste dut jakingo genukeela. Berandugo, baino jakingo genuke. Igor Portu larriki zaurituta Hospitalera eraman izanak, Torturatzaile ez profesionalek torturatu dutela adierazten digu. Ez du ohizko Torturatzaile taldeak torturatu.

10

G. Zergatik eramaten dituzte atxilotuak beti Madrilera? Alain Gebara

E. Gure ustez, Tortura salaketa egotekotan Madrilgo epaitegi batek ikertu dezan batetik, eta Euskal Herriko medikuek atxilotuak aztertu ez ditzaten bestetik.

9

G. Aizu, zergatik ohitura gara torturarekin bizitzen? Martin Lekuona

E. Egia da hori. Ohituegiak gaude. Urte asko eta tortura asko, ez dut beste erantzunik.

8

G. Kaixo: Zorionak egiten ari zareten lanagatik. Zer eskatzen diozue Eusko Jaurlaritzari? Leire Rios

E. Eskerrikasko Leire. Eusko Jaurlatzari eskatuko nioke: 1- Inkomunikazioarekin amaitzeko benetako konpromezua edukitzea. 2- Ertzaintzak ehundaka pertsona torturatu dituela publikoki onartzea. 3- Eragin dituen kalteak konpontzeko asmoa adieraztea.

7

G. Kaixo. Azalduko al didazu bi lerrotan zer den TAT? Laura Arratibel

E. Torturaren Aurkako Taldea, torturatuei laguntza profesional juridiko zein psikologikoa eskaintzen dien taldea da. Horretaz gain, tortura jasan duten milaka pertsona biltzen dituen erakundea da, tortura errotik erauzteko proposamenak eta lanketak egiten dituena

6

G. Ibarretxek esan du Eusko Jaurlaritzak ez duela iradoki Igor Portu torturatua izan dela. Zer iritzi duzu esandakoaz? Ibarretxek nahikoa egiten du al du zure ustez torturarekin amaitzeko? Mikel

E. Ez da adierazpenik desiragarriena. Ez die hurrengo tortura kasuei behar bezalako muga jartzen lagundu. Euskal Herri guztiak dakiena ez da esatera ausartu, berak jakingo du zergatik.

5

G. Eusko Jaurlaritzak AI eta NBEko Torturaren Aurkako arduradunak Espainiar gobernuari eskatutako neurriak hartzeko galdegin dio Madrili. Ertzaintzak betetzen al ditu gaur gaurkoz neurri hauek? juhda

E. Gaur gaurkoz neurri batzuk betetzen ditu, baino garrantzitsuena ez. Ertzaintza ez da oraindik atxiloketa inkomunikatua inoiz gehiago ez erabiltzera publikoki eta formalki konprometitu.

4

G. zer egin daiteke legalki ertzantzaren partetik tratu txarrak jasan badituzu denuntzia eta parte medikoa azaltzeaz gain, zeinek kontrolatzen ditu? Mattin

E. EKAko erakundeek kontrolatzen dute Ertzaintza, edo kontrolatu beharko luke behintzat. Salaketa judiziala, eta honi jarraiki ireki beharko litzateken barne ikerketaz aparte, salaketa publikoa egingo nuke nik. Alderdi publikoa askotan alderdi juridikoa baino eraginkorragoa da. Adibideak sobran ditugu.

3

G. Zergatik ez da inoiz izan espainiar torturatzaileen artean damutu denik? Italiako kazetari batek zioen lehengoan saiatu beharko litzatekela bat lortzea, hitzegin araztea. Hau eta hau egiten genuen, honek eta besteak agintzen gintuzten, han eta hemen irakasten eta formatzen gintuzten, .... Bestalde torturari buruzko liburuak argitaratu, dokumentariak ... Azkenaldian torturatutako batek zioen ez zuela soinu berezirik gogoratzen baina usaiak bai, torturatzaileen koloniak eta desodoranteak. temato

E. Damutu denik egongo da, guk ez dugu berririk. Zaila iruditzen zait ez damutzea bera, egindakoak aitortzea baizik, damutu ez direnak eta aitortu nahi ez dutenak inpunitatez jokatzen jarraitu dezaketen bitartean. Nahiz eta kolonia eta desodoranteak erabiltzen jarraitu.

2

G. ZERGAITIK JARTZEN DIRA HAIN URDURI EUSKAL POLITIKARI ETA TERTULIANO BATZUK TORTURA HITZA AIPATZEN DENEAN? ZERTXOBAIT DAKITELAKO? ZERTAZ?ZENBAT DAKITE TORTURARI BURUZ? ETA EITB-N EZ DUTE CANAL BIZKAIAKO TORTUREN BIDEOA EMITITZEN? BITZIA BENETAN.EDO SUSMAGARRIA AGIAN. KEPA GANDIAGA

E. Eurei galdetu beharko zaie. Euskal Herrian torturaz ez dakienak nahi ez duelako da. Nire ustez galdera da: Zer egingo det nik Torturatzen dan egoera honetan? Zer harreman mota mantendu nahi det Torturatzen duen administrazio batekin? Torturatzen dela onartzea ez al da nire teilatuari harrika aritzea?

1

G. Tortura kasu lazgarri hauen aurrean, nazioarteari begira zer egiteko asmoa duzue? Joxe

E. Gainontzeko kasuekin egiten dugun berbera. Ahalik eta informazio gehien ahalik eta azkarren bideratu. Harreman iraunkorra dugu nazioarteko erakunde eta talde ezberdinekin, eta sinesgarritasun osoa aitotzen digute.