Azken elkarrizketa

Andoni Etxebeste

Andoni Etxebeste

Burtsa aditua eta Kutxagest-eko zuzendaria

2008-01-28 - 11:30

 Erantzundako galderak

14

G. Eskerrik asko, Andoni, elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik. Beste bat arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrak irakurleei galderak egiteagatik eta BERRIA.INFOri ere bai aukera emateagatik. Nire eskaintza denoi nahi duzunerako.

13

G. Krisia badator, zure ustez zein de herritar arrunt batek izan behar duen jokabidea? Zer egin behar dugu aurreztuta daukagun diru apurrarekin? Herritar

E. Dirua irabazteko, lehen legea ez galtzea da. Eta bigarren legea, lehenengoa ez ahaztea. Lasaitasunarekin hartu behar da, beste krisiak ere izan direlako, eta azkenean pasatzen direlako. Lehen esan duguna: karterak ez mugitu.

12

G. Kaixo. Posible al da banku bateko langile batek Societe Genéralekoa bezalako iruzurra egitea? Xabier

E. Guri ere kostatu zaigu sinistea iruzur horren tamaina. Banketxeek kontrol neurri zorrotzak izaten dituzte hori gerta ez dadin, baina nahiz eta oso zaila izan, gertatu gerta daiteke.

11

G. Barkatu, beharbada galdera tontoa egingo dut-eta. Baina zer dira subprime hipotekak? Entzun eta entzun nabil eta ez dut ondorio argirik ateratzen. Estatu Batuetakoak aipatzen dira, baina hemen badago halakorik? Jakinminez

E. Subprimeren definizioa hau dela uste dut: hipoteka pisuaren %80a baino altuagoa denean eta hartzailearen sarreren %50a baino gehiago jaten duenean. AEBen hipotekak edonori ematen jardun dute azken urteetan, hipotekak horiek ez zirelako bankuarentzat; hirugarren bati saltzen zizkioten. Europan ez da horrelakorik gertatu; horrek ez du esan nahi maila bat ez dagoenik ala morositatea igoko ez denik.

10

G. 6 hilabetera ikusirik nola ikusten dituzu elektrikak?? arkaitz

E. Oso garesti zeuden elektrikak, mugimendu korporatiboen ondorioz. Orain zuzendu dute, baina gure ikuspegia energia sektorearentzako ez da positiboa, eta elektrikek badute zerikusia energia sektorearekin.

9

G. Egunon. Irudipena daukat azken urteetan bankuek bezero arruntei aholkatu dietela burtsan jokatzeko. Hortik nork atera du probetxua, bankuek eta kutxek eta ala bezeroek? Femin Arrazola

E. Azken urteetan burtsak gora jo du. Beraz, denak irabazle. Edozein kasutan, gure aholkua zera da: norberak izan dezala bere arrisku mailari dagokion kartera, non burtsak bere portzentaia izango duen beste aktiboak bezala, eta kartera hau ahalik eta gutxien mugitu, ez baitakigu zer gertatuko den. Bestela, betikoa gertatzen da. Burtsa gora doanean, denok ausardiaz jokatzen dugu eta behera doanean, koldar; justu egin behar denaren kontrakoa. Ondo eraikitako dagoen kartera, ahal den gutxien mugitu.

8

G. krisialdia noiz izango du bere puntu gordiñena?? Udan agian?? iñaki zubiza

E. Iazko udan antzeman egin zen krisialdia. Oraingo gauzarik okerrena da ez dakigula krisialdia noraino helduko den. Gauzak konpontzen hasiko dira benetako dimentsioa antzematen dugunean. Ekonomia zikloak behin gaina jo duenean, albiste txarrak azaltzen dira non-nahi (Soziete Generale, Suprime eta abar). Oraindik ere izango da besterik.

7

G. Berriak eskainitako aukera aprobetxatu eta galdera parea luzatu nahi nituzke: 1. Azken egunotan burtsak izan dituen gora-beherekin ikusi dugu AEBetan bizi duten finantza krisiak mundu mailan ere eragin nabarmena duela. Kaleko ekonomian, gutariko edonoren egunerokotasunean, zein ondorio izan ditzake makroekonomia astindu duen zurrunbilo horrek? 2. Krisiari aurre egin asmoz, AEBetako Erreserba Federalak %0,75 jaitsi ditu interes tipoak. Europako Banku Zentralak, berriz, bere horretan mantentzea erabaki du. Arazo berberaren aurrean zergatik hartu dituzte erabaki desberdinak? IMB

E. 1. Krisialdi finantzeroari buruz, esan behar bankuek arazoak dituztela merkatu interbankarioan finantzatzeko. Honek horrela segituz gero, kreditu iturriak murrizten joango dira partikularrarentzat. Krisialdi ekonomikoa okertu besterik ez dezake egin beste krisialdiak; espero dezagun langabezian eragin handirik ez izatea. 2. AEBetako bankuak Europakoak baino askoz egoera okerragoan daude, alde batetik. Bestetik, ekonomi indikatzaileek okerrerago egin dute han Europan baino. Azkenik, AEBetako Banku Zentralak hazkuntza ekonomikoa du helburu, KPIri eusteaz aparte. Europako Banku Zentralak KPIri %2an eustea bakarrik du helburu. Edozein kasutan, Europako Banku Zentralak interes tasak jaitsi beharko ditu lehenago beranduago baino.

6

G. Zein bilakaera espero daiteke burtsan, sektoreka, datozen hiru urteeetan. Baloreeen balioa gar egun baino altuagoa izango al da, edo aitzitik, txikiagoa? Yoseba

E. Epe motzera ez dago burtsan sartzeko presarik. Krisialdi finantzeroa eta krisialdi ekonomikoa zein tamainakoak diren ez dakigu oraindik. Merkatuak asko zuzendu ditu prezioak baina oraindik goiz da lur bat antzemateko. Hiru urteko epera, balioak normalena gorako egotea izango litzateke. Sektoreka, gure oraingo apustuak defentsiboak dira: farmazia, teknologia eta telekomunikazioak.

5

G. Kaixo Andoni. Urte asko daramatzat burtsako munduan eta iruditzen zait dagoeneko atzeraldi batean sartuak gaudela. Zer esanik ez Estatu Batuak. Urte honen amaieran IBEX35 indizea zein mailatan ikusiko dugu? Telefonica-ri ikusten al diozu oraindik goranzkorik? BBVA eta BSCH ez al daude "merke"? Attola

E. Burtsak bost urtean gora egin ondoren, gutxienez atzeraldi normala behar du. Urtebete edo bi urtez iraun dezake honek. Beraz, urte bukaeran hasieran baino beherago bukatuko du. Telefonica edozein kasutan burtsa baino gutxiago eroriko dela pentsatzen dugu. Akzio askok (BBVA, BSCH) merkea dirudien arren, merketasun hau iragandako etekinekin kalkulatuta dago. Etekin hauek errekor mailan ibili dira azken urteetan. Behera etortzen diren neurrian (eta etorriko dira), burtsa ez zaigu hain merkea irudituko.

4

G. 2007. urterako KPI-ren maila % 2 an aurreikusi zuten, baina %4.2 eman du. Zer egin lezake 2008.urtean ? Gehiago irtengo dela uste al duzu ? Ibon Lizundia

E. Epe erdira KPI behera ikusten dugu, ekonomiaren ahuleziagatik. Soldaten hazkuntza ez da handia izango, eta nahikoa da petrolioak eta beste 'commodity' batzuek prezioa mantentzea (gasa, burdina...), KPIa ez igotzeko.

3

G. "Hipoteken krisia" zenbaterainokoa da hemen? Laura Otaegi

E. Bi parametro ditu hipoteken krisiak. Batetik, prezioa. Bestetik, krisialdiaren luzera. Prezioek ez dute oso behera jo oraindik. Beraz, krisialdia luzeagoa izan daiteke.

2

G. Iepa! Nere kezka haundiena etxebizitzaren asuntoa izanik, ze eragin eduki dezake egoera honek Euriborrean eta etxebizitzen prezioan? Mila Esker Olatz

E. Euriborrean krisiak izaten duen eragina positiboa da, interes tasak jaitsi egiten direlako. Europako Banku Zentralak azkenean behera mugitu beharko ditu tipoak. Krisi inmobiliarioa ere badago, horrek etxebizitzen prezioak behera botatzen ditu, eta krisi ekonomikoa gehitzen badiogu horri, prezioek oraindik ere beherago etorri beharko lukete.

1

G. Nola eragiten dio burtsaren jardunak benetako ekonomiari? Atzeraelikatzea besterik ez diot antzematen, oinarririk gabekoa, sarri. Benetan balio du gehiago (ala gutxiago) aurrean dugun ogi puska batek, brutsaren egoera gorabehera, nahiz eta jan ondorene ragin bera egin guri? Rafa

E. Lehenengo kontsumitzaileen sentimenduari eragiten dio. Azkenean enpresariei ere bai. Lehen elementua izango litzateke kontsumoa, eta inbertsioa bigarrena, hauek ahuldu egiten direlako. Biak barne produktu gordina dira. Azkenean enpleguari ere eragiten dio negatiboki.