Azken elkarrizketa

Aser Lertxundi

Aser Lertxundi

Aralar-eko zerrendaburua Gipuzkoatik Espainiako Senaturako

2008-02-26 - 12:00

 Erantzundako galderak

21

G. Joan den maiatzean entzun zintuztegun esaten IU-EB eta Aralarren "genomak" %97ko bateragarritasuna zutela, alegia, koalizioa ez zela hauteskunde ikuspegian egina, guztiz aetrategikoa zela hain zuzen ere. Zer gertatu da orain, genomak aldatu egin al dira? Mikel

E. Elkarrekin lanean jarraitzeko aukera dagoen lekuetan, lanean darraigu. Bestalde, akordioetara iristea posible ez bada, ez da inolako tragediarik ematen eta berriro ere elkarlanerako tartea dagoenean prest gaude bat egiteko. Bai EB, ANV edo beste edozein alderdirekin.

20

G. Hauteskunde kanpaina honetan, egun batean 'Utzi Espainia seduzitzeari' kartelak erakutsi dituzue, eta hurrengo egunean Madrilerako trena hartu duzue. Ez al da kontraesana? Andoni

E. Lehen esan bezala, Madrilen onartzen diren hainbat legek gure egunerokotasunean eragina dute, ondorioz nahiz eta gure asmoa Euskal Herria seduzitzea izan, Madrilen ere lan egin behar dugu. Bertako erabakietan ezkerreko eta Euskal Herriko ikuspegia ipini behar dugu.

19

G. Galdera bat baino, erreflexio bat... zergatik ez duzue sakontzen, Aralar, EA, EB eta beste batzuen arteko elkarlana euskal ezkerraren ahotsa, NaBai-ren antzera, Madrilgo legebiltzarrean indarrez entzun dadin? Asier

E. Nahiz eta EAJ-k koalizio handiari ezezkoa eman, hiruron arteko elkarlana proposatu genuen eta EA eta EB-k eragozpenak izan zituzten hau aurrera eramateko.

18

G. Instituzioetan egiten duzuen lana gertutik jarraitzen dut: ustelkeria kasuen salaketa (Balenziaga eta zesantiak, adibidez); giza eskubideak; hizkuntza politika; Udaletan (nire inguruan), baina zergatik ez da jende gehiagorengana iritsi zuen proiektua? Diskurtsoa oso erakargarria da, baina zergatik kostatzen zaio jendeari zuenganako saltoa ematea? Ane Miren Lartzabal

E. Guk politika egiteko beste modu bat landu nahi dugu. Aipaturiko ustelkeria kasu horiek plazaratzea horren lekuko bat baino ez da. Ideiak landu eta proposatu, interes kolektiboak aintzat harturik akordioetara iritsi, herri mugimendu eta erakundeen arteko zubi lanak burutu... Bozka norberarena da, beraz, norberak ikusi behar zein gizarte nahi duen.

17

G. Konturatu naiz, telebistan ez zariela agertzen beste alderdi guztien zatien "beteak" esparruan baizik, zergatik ? Egia da ez dizuetela lagatzen telebistako eztabaidetan parte hartzea ? zergatik ? Felix

E. Badirudi guri lekua ematea oso desorosoa dela beste alderdi batzuentzat, ondorioz hainbat lekutan ateak itxi dizkigute.

16

G. Senatura joateko aukeratua izaten bazara, zein hizkuntzetan egingo dituzu zure hitzaldiak? zalantzakin

E. Lege proposamen ezberdinak bultzatuko ditugu Estatu Espainiarrak euskararekiko duen jarrera alda dezan. Lehen agerraldia euskaraz burutuko dut.

15

G. Zer esango zenioke martxoaren 9an Aralar bozkatu nahi duenari, baina abstentzionisten beldur etxean geratuko denari? Ez al du abstentzioak arrakasta lortuko, neurri batean, jendeak beldur diolako? Jokin Martinez

E. Irten armariotik motel, guk dagoeneko pausua eman dugu! Ausartu eta bozkatu Aralar!

14

G. Aupa Aser! Azken Portun bizi zara, eta Azken Portuko jaietako kamisetarekin ikusi zaitugu behin baino gehiagotan. Bertakoa bezalako jai batzordeen ekimen parte-hartzaile eta herrikoiak, ala Zarauzko Udala bezalakoek antolatzen dituzten festa elitista eta garestiak nahiago dituzu? Auzokoa

E. Aupa Azken Portu eta aupa bertako jaiak, onenak zeate!

13

G. Noizko abertzaleen batasuna? Beti geroko? Nor edo zer da oztopo? Galder

E. Badira hainbat ekimen dagoeneko, Iparraldean Euskal Herria Bai, Nafarroan Nafarroa Bai eta gure aldetik EAEn ere saiakera nabarmena burutu dugu helburu hau gauzatzeko. Ondo legoke Quebec-en antzera alderdi abertzaleek estatuko hauteskundeetara interes komunak defendatzeko elkartzea, nahiz eta bertako hauteskundeetan bakoitzak bere ikuspegiak defendatu.

12

G. Zuek uste dozue zeozer lortu/aldatu daitekela Espainiako senatutik? Ala, beste modu batez galdetuta, zer jadetsi daike alderdi independentista batek Espainiako senatuan? Mila esker Joxean Koret

E. Senatuaren funtzioen inguruan izugarrizko eztabaida dago estatu mailan. Gure ustez interes kolektiboak babesteko gune izan behar du, eta estatu mailan izaera nazional bereziak ditugunok beto eskubidea izan beharko genuke bertan.

11

G. Gasteizko gobernuaren AHTren aurka zaudete, baina NaBai Nafarroako AHT bultzatzen dabil. Zelan azaldu dezakezu hori? Eta badakit NaBain ez zaudetela zuek bakarrik, baina Aralarrek ez dauka berezko ahotsik horren aurrean? Ze jarrera izango duzue Madrilen AHTren inguruan, EAEn daukazuena ala Nafarroan daukazuena? Eskerrik asko Durango

E. Aralarrek garbi du AHT ez dela gure tren eredua. Bidaiariak eta merkantziak garraiatuko dituen trenbide sare sozial eta modernoaren alde jotzen dugu. Hau da Aralarrek Madrilen babestuko duena.

10

G. "Lurraldetasuna" lehentasuna da Aralarrentzat? Manu

E. Euskal Herria zazpi lurraldek osatzen dutela argi daukagu, era berean errealitatea da hiru erabaki esparrutan banatuta dagoela gaur egun eta pentsatzen dugu bakoitzak bere bide propioa egin behar duela helburu hori lortzeko.

9

G. Behin eta berriz esaten ari zarete independentismoaren ahots bakarra izango zaretela. Zer da Aralarrek planteatzen duena independentzia lortzeko? sergio

E. Uste dugu independentzia lortzeko lehenengo eta behin dugun errealitatetik abiatu behar dugula. Era berean, erabakitzeko eskubidearen alde gauden alderdien arteko elkarlana eta adostasuna bilatzea ezinbestekoa da. Elkarlan hori dagoen toki guztietan bultzatzea da Aralarren lan ildo eta helburuetako bat.

8

G. zein da zuen jarrera hutsik dauden etxebizitzak direla eta? martin pirata

E. Argi dago etxebizitza hutsena arazoa larria dela, bigarren etxebizitza luxuzko ondaretzat jo behar dugu zerga bidez zamatu. Aupa Martin!

7

G. 18/98, ilegalizazioak, torturak... su etena ezkeroztik 200 bat pertsona atxilotuak, ez dakit zenbat gartzelaratuak, ANV bezelako alderdi historikoa terroristatzat hartua, euskaldunon banakako eskubideak eta Euskal Herriaren nazio eskubideak frankismo garaiaren antzera, ezabatuak, suntsituak... Zer gehiago gertatu behar da Euskal Herrian ARALAR bezelako alderdiek hauteskundeen aurrean plante demokratiko bat egiteko? Ainhoa

E. Aralarretik pentsatzen dugu egoera horien aurrean ez aurkeztea baino eraginkorragoa dela aurkeztu eta bidegabekeria horren kontra erakundeetatik egitea.

6

G. Epa, Aser! Gasteiztarra naiz, aurreko hauteskundeetan zuei eman nizuen botoa. Baina ikusten dut ezinezkoa dela aralarrek araban ordezkariren bat lortzea. Zertarako balioko luke nire botoak aralarri emango banio? Eskerrik asko! mikel

E. Noizbait ez bagara ausartzen aldaketaren aldeko aurrerapausurik ematen ez da sekula aldaketarik izango. Beraz, jarraitu Aralar bozkatzen eta ingurukoak animatu!

5

G. Aipu mutil: Espainiako Senatuan bazeunde, eman al zenioke aldeko botoa esaldi hau jasoko lukeen mozioari?: "Terrorismoaren aurkako borroka segurtasun indarrek gure atxikimendu osoa edukiko dute". Nafarroa Baiko Barkosek horixe egin zuen Espainiako Kongresuan duela gutxi. Mirian Agirrezabal

E. Aralarrek giza eskubideeen aurrean egiten diren urraketa guztiak salatu ditu behin eta berriro. Bai ETAk egiten dituenak, baita Estatuko segurtasun indarrek egiten dituztenak, esate baterako azken atxiloketetan izan diren tortura salaketen aurrean. Ez nuke horrelakorik sinatuko.

4

G. Kaixo Asier: Zergatik ez duzue akordiorik egin Ezker Batuarekin? Kuota arazoagatik? Lander Agirre

E. Hauteskunde kanpainaren aurretik esan genuen arazoa ez zela kuotena bakarrik. Esate baterako, hauteskunde hauetan alderdiok estatu ereduari buruz dugun ikuspegiak ez datoz bat.

3

G. Senatura zerrenda gai izan aurretik, Zarauzko udalean zabiltza lanean, nahiz eta beste alderdietako hautatuek egin zuten bezela zuk EAEri zegokion zinegotzi postua ez duzun hartu, baino ezta utzi ere... Zergatik ez duzu hartu? Zergatik ez duzu bidea ematen EAEko zerrendako norbaitek hartu dezan? Batzuk bati eman zioten botua eta zu zaude bere ordez lanean.... zer diozu horretaz? Malen

E. Alderdien legearen aurka gaudela behin eta berriro esan dugu. Ez hori bakarrik, hori gainditzeko gure proposamenak ere egin ditugu. ANVri aurreko hauteskundeen bukaeran adierazi genion zer egingo genuen eta gure jarrera txalotu egin zuten prentsaurreko batean.

2

G. Zein izango da Aralarren ekarpena Madriletik prozesu subiranista indartzeko? Jon Irizar

E. Guk argi esan dugu Madrilen independetziaren aldarrikapena jarriko dugula mahai gainean, hala ere, uste dugu indar soberanisten arteko indar metaketa sustatzea ezinbestekoa dela. Bestalde, egunerokotasunean eragiten duten hainbat lege datoz Madriletik eta horretan ere ezkerreko eta Euskal Herriko ikuspegia jarriko dugu.

1

G. Zergaitik izan da posible Nafarroa Bai, Nafarroan , baina ez Euskal Herria Bai EAEn? Jonan

E. Argi dago ez bada posible izan ez el Aralarren ahalegin faltagatik. Beste interes batzuk lehenetsi dituzte alderdi batzuek. Guk apustu sendoa egin dugu horren alde eta erakutsi dugu gu indar erabakigarri garen tokietan, Nafarroan kasu, eskuzabaltasunez jokatuz posible izan dela.